Bi film ikusi ditut oso denbora gutxian Donostiako zinemaldian
Takashi Miike Audition filmari esker ezagutu genuen, 1999. urtean. Plural horrek badu maiestatikotik –nik bederen orduan izan nuen Miikeren berri estreinako aldiz–, baina plural normala ere izan daiteke, susmoa baitut ez direla guti Miike beldurrezko filmen bidez ezagutu dutenak. Goitian aipatutakoaren ondotik One missed call 2003an, eta, 2006an, Masters of Horror sailari egin zion ekarpena, Imprint, etorri ziren. Izuaren maisuen arteko sailkapena gorabehera, Miike famatua da, bertzeak bertze, kasik genero guziak ukitu dituelako, haurrendako filmak-edo barne.
Nolanahi den ere, genero batekin idenfikatzekotan, beharbada Japoniako gangsterrak edo yakuza protagonistak dituen generoarekin idenfikatu beharko genuke. Zuzenean VHS edota DVD formatuan argitaratzekoak ziren film batzuk egin ondotik, yakuzari buruzko film bat izan zen zinema aretoetara ailegatu zen haren lehen filma, Shinjuku Triad Society, 1995ekoa, trilogia baten lehen atala izan zena. Miikeren bertze trilogiak ere, Dead or Alive izenekoak, yakuza-kideak ditu pertsonaia nagusitako, eta yakuzari buruzkoa da Ichi the Killer (2001) sonatua ere.
Genero guziak ukitu izana ez da Miikeren famaren iturri bakarra. Ikuslea asaldatzen eta deseroso sentiarazten duten irudiak sortzeagatik ere bada ospetsua gure zuzendaria. Kondairak dio Ichi the Killerreko estreinaldian ikusleei aretora sartu aitzin goitika egiteko poltsak banatu zitzaiela badaezpada ere. Nik neronek ikusi nuen hiru lagunek nola alde egiten zuten Auditioneko hondarreko hogei minutuan, tortura eszena gogorrak ezin jasanez.
Aspaldi honetan, berriz, pixka bat bridatu du gehiegikerietarako lehenagoko joera hura. Miikeren filmak ez dira oraindik normalak eta naski ez dira inoiz izanen, baina publiko zabalago batek ikus ditzake estomakako edukiak kanporatzeko beldurrik izan gabe. Samurai film dotore batzuk egin ditu –13 Assassins (2010), Harakiri (2011), Blade of the Immortal (2017); film klasikoen remakeak, lehen biak–, bai eta erdipurdiko bertze batzuk ere, hala nola manga batean oinarrituriko Terra Formars (2016).
Donostian ikusteko aukera izan genuen filmean, First Love izenekoan, yakuzaren lurraldera itzuli da. Eta aspaldiko yakuza filmetan bezala, Txinako triadek Japonian duten pisua mintzagai dugu film honetan ere. Urrun dago, halere, aitzineko filmetako nihilismoa; urrun, orobat, ikuslea begiak pantailatik kentzera behartzen zuen bortizkeria neurririk gabea. Donostiako filmean bortizkeria izan bada, baina irria bilatzen du ikusle konplizearengan (bilatu ez ezik, aurkitu ere aukitzen du); are gehiago, bukaera ez dakit zoriontsua baina bai bederen itxaropentsua ematen digu filmak. Ez da film txarra, ezta film aspergarria ere. Baina bistan da, azken bolada honetan ohikoa den bezala, Miike komertzialago bat dugula esku artean.
Diao Yinan-ek 2014an Urrezko Hartza irabazi zuen Berlingo Zinemaldian Black Coal, Thin Ice filmagatik. Aurten Donostiara ekarri duen filmean, The Wild Goose Lake izenekoan, antzeko gaiak landu ditu: Txinako bigarren mailako hiriak, pertsonaia xumeen miseriak, gaizkile txikiak. Filma ez da gaizki hasten; kriminal batzuen arteko lehia ederki erakusten digu zuzendariak flash back baten bidez. Gerora, ordea, iduri luke zuzendaria oroitu dela, kontxo, auteur bat dela, eta, beraz, pelikulan bere egiletzaren arrastoa utzi behar duela. Horrela baizik ezin dira ulertu pasarte luzeetan ikusleak sufritu behar dituen isilune luzeak eta pertsonaia hieratikoak. Bada felazio bat harira heldu ez dena –tira, nire adinera ailegatuta bozkario handiz hartzen dut sexuarekin zer ikusteko duen zernahi, baina film batean, ez dakit, bada, koherentzia pixka bat eskatzen dut– eta borroka eszena bat Miikek hobeki filmatuko zuena.
Pena. Erdipurdiko gaizkile batzuk erdipurdiko motoetan elkarrekin borrokan ikusi nituelarik, filmari buruko itxaropen handia piztu zitzaidan. Bat-batean, halere, amildegitik erroiztu zen. Zuzendariak film noir bat egin izan balu, ongi funtzionatuko zukeelakoan nago. Horren ordez, zinemaldietan erakusteko film noir bat egin nahi izan du. Emaitzak, ni bederen, ez ninduen gogobete.
Zuzendaria: Takashi Miike.
Gidoilaria: Masa Nakamura.
Aktoreak: Becky, Sakurako Konishi, Masataka Kubota, Jun Murakami, Shôta Sometani.
Herrialdea: Japonia.
Urtea: 2019.
Zuzendaria: Diao Yinan.
Gidoilariak: Diao Yinan.
Aktoreak: Ge Hu, Lun-Mei Kwei, Fan Liao, Regina Wan
Herrialdea: Txina, Frantzia.
Urtea: 2019.
Aupa Santi, poztu naiz zure berri izatean. Aipatu duzun bigarren pelikula ikusi nuen eta ahaztu ere azkar ahaztu nuen. Ongi izan!