Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
Joker
Atalak: Drama
Why so serious?
Martin Scorseseren ahotik ikasi dugu Marveleko filmak ez direla zinema. DCkoak? Ezta ere, segur aski. Uste izatekoa baita superheroiei buruzko filmak zituela jomugan, oro har, ez bakarrik Marvelekoak, baina goi mailan dabilen bat ez da alferrikako xehetasun horietan galduko. Beharbada horregatik erabaki zuen Jokerreko ekoizlea ez izatea. Nolanahi ere, Todd Phillips-ek zuzenduriko filmean, akabera artio ez dugu DCko logorik ikusiko (nahiz eta The Lego Batman Movieko hasmentako boz ilun eta zakarrak erran zigun film inportante guziak logoekin hasten direla, benetan logo luze eta dramatikoekin). Zeren, mind you, hau ez baita superheroien film bat; generoaren mugak gainditzen dituen film horietarik dugu Joker, Scorseseren beraren eragina duena, gainera; hortaz, generozaleak bakarrik ez publiko zabalago baten arreta ere merezi du. Baita sari serio bat ere.
Superheroien filmak –bai eta Joker ere– aldez aurretik existitzen den unibertso literario batetik eratorritako produktuak dira. Nire ustez, galdemodu irekia da film horiekin gehiago gozatzen ote ditugun –edo, Scorsese bagina, sufritzen– filmek gibelean dituzten komikiak ezagututa edo ezagutu gabe. 2006ko X-men: The Last Stand (Brett Ratner) hobeki baloratuko genuke Joss Whedon eta John Cassaday-ren Astonishing Men eta Chris Claremont-en Fenix ilunaren istorioak irakurri baditugu, edo artelan independente gisa hartu eta preziatu beharko genituzke film horiek, komikiek zer eskaintzen zuten alde batera utzita? Doom Patrol telesaila ikusteko, komenigarria da Grant Morrison-en lanak ezagutzea, edo berdin da? Segur aski, filmei behar duten gutieneko autonomia aitortuta ere, neurri batean jatorrizko unibertsoa errespetatu beharko lukete. Hala nago ni, bederen.
Detective Comics-eko 33. alean, 1939ko azarokoan, kontatu ziguten estreinako aldiz nola hil zituzten Bruce Wayneren gurasoak. Jokerrekin deus ikustekorik ez zuen ebasle bat izan zen, karrika mehar eta ilun batean, familia zinematik etxera zihoalarik. 1940ko udaberrian agertu zen Joker lehendabiziko aldiz, Batman izeneko aldizkariko lehen alean; ale hartan, bidenabar, Bruceren gurasoen hilketaren berriz errepikatu zuten, hitzez hitz eta binetaz bineta. Batman izanen zenaren gurasoak Jokerrek hil zituelakoa, oker ez banabil, Tim Burtonek asmatu zuen. Xehetasun horiek gorabehera, harrigarria egiten da oraingo Joker honetan protagonista Thomas Wayneren adinetik hurbilago dagoela, Brucerenetik baino. 1974an sortu zen Joaquin Phoenix, eta 45 urteren bueltan ibiliko da hark gorpuzturiko pertsonaia. Filmean, Bruce haurra da oraindik, 10 urtekoa edo; handitzen denerako, beraz, Batmanen kontra borrokan aritzea baino gehiago jubilazioa izanen du buruan Jokerrek.
Domino?
Gidoilariek, halere, ez dute komiki bakar bat ere oinarritako hartu Jokerren origin story hau egiteko. Hori baita Phillipsen lan hau, pertsonaia baten jatorriaren istorio bat. Filmak Arthur Fleck protagonistaren erabateko desesperaziorainoko bide malkartsua kontatzen digu. Irria eginarazi nahi duen edo, aukeran, irribarre xume bat eskertuko lukeen pertsonaia izanda, dituen problema psikiatrioek bideak moztuko dizkiote ingurukoengana ailegatzeko egiten dituen eginahal guzietan. Edo, pelikularen ikuspuntutik manera hurbilago batean adierazte aldera: gizarteak aniztasun funtzionala duten lagunekiko duen enpatia faltak zoritxarra, etsipena eta mina bertzerik ez dio ekarriko Flecki, eta horrek bere burua aingura moral guzietarik askatzera eramanen du, ezagutzen dugun hiltzailea bihurtzeraino. Guziek traizionatu, mindu eta –fisikoki edo moralki– jipoitu baitute oraindik Joker ez den Arthur Fleck: metroan, nahi gabe eraso sexista bat geldiarazi ondotik, heteropatriarkatuaren hiru seme osasuntsuren arreta bereganatuko du; telebistan burla krudela eginen diote; lantokian, ustezko lagunak traizionatu eginen du; eta aniztasun funtzionalak ematen dion itxura eta izaera bereziek galaraziko diote harreman afektibo eta sexualak izatea. Pasarte errepikakorren bat bada ere, Joker izanen denaren bilakaera sinesgarria da eta, aitor dezagun deblauki, Phoenixek ederki betetzen du bere papera; Robert de Niro txiki uzten du, elkarrekin agertzen diren eszena guzietan. De Niro naski filmaren alde scorsesetarra indartzera bada ere, pelikulak ezin die –nahita edo nahi gabe, auskalo– zenbaitetan bertzelako erreferentzia batzuei ihes egin. Arthurrek amarekin duen harremanak ezinbertzean gogora ekartzen du Gotham telesailean Oswald Cobblepot –goitizenez Pinguinoa– pertsonaiak amarekin duena, eta hain zuzen ere De Niroren pertsonaiak Arthurri telebistan egiten dion lehen elkarrizketan ikusten den nabarmenen Jokerren eta Pinguinoaren arteko antzekotasun hori.
Musika hori, ez dakit bada
Jokerrek gorazarre egiten dio –edo egin nahi izan dio– iraultzari. Gothameko egoera penagarria da pelikulako lehen segundoetarik mahai gainean paratzen zaigun gaia, eta behin baino gehiagotan azpimarratzen da hiriko aberatsek eta boteredunek zer-nolako mespretxuarekin tratatzen dituzten herritar arruntak. “Pailazoak” deituko die Thomas Waynek, behin Nicolas Sarkozy la racaille-z mintzatu zen bezala. “Zu bezalako jendea ez zaie axola”, erranen dio udal zerbitzu sozialetako psikologoak Arthurri; “eta, egia errateko, ni bezalako jendea ere ez zaie axola”. Galdera da hori nahikoa ote den biak, Arthur eta psikologoa, barku berean sartzeko. Joker akaberan sortuko den mugimendu iraultzailearen sinbolo bilakatuko da. Bilakaera hori, alta bada, aski problematikoa da. Jendeak prentsak sortu nahi izan duen munstroa hartu eta heroi bihurtu du, Jokerren motibazioak zein diren ezagutu ere gabe. Susmoa dut Jokerren amorruaren jatorriak eta haren helburuek, eta dendetan telebistak eta bideoak ebasten ari diren horienek kasualitatez eta istant batez baizik ez dutela bat egin. Karriketan pailazo maskarak jantzita oihuka ari direnek zer nahi duten ez zaigu erraten, baina beharbada bi egun lehenago autobus batean irri-ajataka ikusi izan balute, zakar isiltzeko erranen zioten, edo ez zuketen zafratzeko problema handirik izan. Gothameko egoera jasanezina delako altxatu direnen eta bere diferentziari errespetu pittin bat eskatu bertzerik egiten ez zuenaren arteko bat egitea gaizki-ulertu batean dago oinarritua, eta aski hauskorra iduri du. Baina, tira, Jim Gordon komisarioa parafraseatuz, ez dakit hau den behar dugun iraultza, baina segur aski merezi duguna da.
Hori Robert de Niro da. Martin Scorseserkin film batzuk egin ditu.
Film tranpatia ere bada Todd Phillipsen hau. Ikuslearen sinpatia, bistan da, Jokerrekin –edo, tira, Arthur Fleckekin bederen–. Arthurren umilazioaren ondorioz merezi dutenen heriotza bortitza argi erakusten zaigu; bada, berriz, bertze hilketa bat sekretuan, pantailatik kanpo, gertatzen dena, segur aski ikuslea deseroso senti ez dadin.
Akabera txiste bat da. Jokerrek berarekin solasean ari den erizainari erraten dio ezin diola kontatu, ulertuko ez duelako. Nik ezin dut komentatu, akabera zapuztea litzatekeelako eta, bertzalde, nik neronek ulertu ote nuen seguru ez naizelako. Ulertzen ez dudan bertze gauza bat da Jokerrek piztu duen interes masiboa. Astegun zuri batean, filma jatorrizko bertsioan emanda ere betea zegoen areto batean ikusi nuen filma. Susmoa dut Scorsesek uste baino gogaide dituela mundu honetan, eta, anitzek, superheroien film bat ikustekotan, superheroien mugak gainditzen dituen film bat ikusi behar dutela. Horrek genero zinemari kalte edo mesede egiten dion bertze kontu bat da.
Zuzendaria: Todd Phillips
Gidoilariak: Todd Phillips & Scott Silver
Aktoreak: Joaquin Phoenix, Zazie Beetz, Robert de Niro, Frances Conroy
Herrialdea: AEB
Urtea: 2019