Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak)
Gemma. Hogeitaka urteko irakaslea, dinamikoa, dibertigarria, baikorra. Tom. Hogeitaka urteko lorezaina, Gemma bezala, dinamikoa, dibertigarria, baikorra. Garaia orain da; lekua, Irlanda. Gemma eta Tom etxebizitza bila dabiltza, eta oraindik ez dakiten arren, fite aurkituko dute betiko izanen den –baina beharbada ez amestu duten– bizilekua. Toki berezi batean. In the twilight zone.
Zera, ez, ez naiz Rod Serling, eta etxea, Yonder urbanizazioan aurkituko dute. Etxe guziak berdinak –berdeak, diskretuak, txukunak– eta zeruko hodei perfektuak dituen urbanizazioan, hain zuzen ere. Baina urbanizazio horrek Twilight Zoneko atal batetik aterea iduri du, Black Mirrorren galbahetik pasatu den Twilight Zoneko atal batetik hain zuzen ere. Zeren ez baita karrika berdinetan simetria perfektuan antolaturiko etxadi horretarik ateratzeko manerarik. Eginahal guziak eginda ere, beti atean 9 bat duen etxera itzultzen dira Gemma (Imogen Poots) eta Tom (Jesse Eisenberg). Etxe horren aitzinean, etxeak saltzen dituen enpresak elikagaiez beteriko kutxak utziko dizkie; bai eta haur bat daraman kutxa bat ere. Dena dute, beraz, egiazko familia bat osatzeko: etxea, zer jana, zaindu beharreko ume bat.
Egoera horrek ematen dio abiapuntua zientzia fikzioko film minimalista honi; horren gainean, sistemak gure bizitza hondatuz bere burua erreproduzitzeko dituen trikimailuen inguruko alegoria bat osatu du Lorcan Finnegan zuzendariak. Bai, gauza txarrak ere baditu filmak: nago une jakin batzuetan erritmoa ez ote den mantsoegia, eta egia da hasmentan ikusten ditugun irudiek argiegi iragartzen dizkigutela geroago gertatuko diren zenbait gauza. Baina ez noizbehinkako geldotasunak ez zaputz ttiki horrek ez dute traba handirik egiten film honen edertasunaz eta inteligentziaz gozatzeko.
Fantasiazko eta beldurrezko film batzuetan gauza arrotzek, naturaz gaindikoek edo bertzerik gabe ezohikoek, zulatu egiten dute egunerokotasunaren ehuna. Vivarium honetan, egunerokotasun bihurtzen dira gertakari ezohikoak. Sortzen den egoera sinesgarria egiten izugarri laguntzen du aktore guzien lanak, bai bi protagonista nagusienak –Imogen Poots eta Jesse Eisenberg– bai gainerakoenak, hala nola Martin etxe saltzailearena egiten duenarenak –Jonathan Aris– edo semea gorpuzten duten bi aktoreenak –Senan Jennings eta Eanna Hardwicke–.
Donostiako publikoak ez dio puntuazio handirik eman Lorcan Finneganen lan honi, eta, berriz, puntu gehiago eman dizkie hau baino aise kaskarragoak diren pelikula batzuei –Little Monsters-i, konparazio baterako–. Nik aurten Donostiako Beldur Astean ikusi dudan hoberena ez bada, bai bederen hoberenetarik dela erranen nuke. Poztuko nintzateke azaroaren 1ean, Asteko hondar egunean alegia, blogeroek beren saria emanen baliote. Gertatzen dena gertatzen dela ere, nik, abenduan aurtengo film gogokoenen zerrenda egiten badut, Vivariumerako toki bat altxatuko dut dudarik gabe.
Zuzendaria: Lorcan Finnegan
Gidoilariak: Garret Stanley (Garret Stanleyren eta Lorcan Finneganen istorio batean oinarrituta)
Aktoreak: Imogen Poots, Jesse Eisenberg, Jonathan Aris, Eanna Hardwicke, Senan Jennings
Herrialdea: AEB
Urtea: 2019
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa - […] Finnegan-en Vivarium (2019) komentatu nuen blog honetan, eta orduan filmak The Twilight Zone ekartzen zidala gogora […]
Oso ados zure iruzkinarekin, Santi. Nire nustez, Donostiako aurtengo Astean orain arte ikusitako hoberena. Egia da hasierako irudiek iragartzen digutela hondarrean ZER gertatuko den, baina zuzendariak ederki erakusten digu NOLA bideratzen den. Horretarako ezinbestekoak dira ongi eraiitako gidoia eta aipatzen duzun aktoreen lan bikaina.