The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna)
Skywalkerren igoera ona, txarra edo erdipurdikoa ote den erabaki aitzin, beharbada komeniko litzateke ebaztea Izarretako Gerrako VII., VIII. eta IX. episodioek trilogia bat osatzen duten, saga martxan paratu zuten lehen hiru filmek edo George Lucasek zuzendutako prekuelek osatzen zuten bezala, edo elkarrekin harreman desorosoa duten bi piezako tramankulu arraroa ote dugun esku artean. J. J. Abramsek zuzendutako filmak –VII. atala eta orain zinema aretoetan dagoena– lirateke bi pieza horietarik bat, eta bigarrena, Rian Johnsonen gidaritzapean egindakoa. Ni behinik behin bigarren tesiaren aldekoa naiz.
VII. episodioan, The Force Awakens –Indarra itzarri da– izenekoan, Abrams bi gauza egiten saiatu zen, nire ustez: alde batetik, jatorrizko trilogiarekiko nostalgia elikatzen –filmeko hainbat irudi adin jakin bateko zaleari IV. episodioko irudiak gogora ekartzeko moduan ziren eginak; erabateko protagonistak izan gabe, Leia Organak, Han Solok edo Chewaccak aski pisu handia zuten istorioan–; bertze alde batetik, jatorrizko trilogiako abenturak eta pertsonaiak belaunaldi berriendako egokitzen: horrela, pertsonaia berri gehienak pertsonaia zaharren berdintsuak dira, kasik baliokideak izateraino: Kylo Ren / Darth Vader, Rey / Luke Skywalker, BB-8 / R2-D2, Poe Dameron / Han Solo, Snoke / Enperadorea; eta Errepublikaren aldeko pilotoek berriz ere Heriotzaren Izarra suntsitzeko manera aurkitu beharko dute, Death Starrek orain Starkiller izena badu ere eta aise handiagoa bada ere. Pertsonaia berri gazteagoak sortzearekin batera, generoari dagokionez moldatzeko eginahal batzuk ere egin zituen zuzendariak VII. episodio horretan: Leia gorabehara, gizonen arteko afera izan da orain artio Izarretako Gerra; orain, Rey pertsonaia Luke Skywalkerren oinorderko eta Jedien itxaropen berria bihurtuz saiatu zen desoreka hori konpontzen. Hori noraino den nahikoa edo asegarria ez dut nik erranen.
Abramsek zuzendutako lehen atal horrek aski ongi funtzionatu zuen niretako. Nostalgiak, bistan dena, baditu bere mugak, baina iduritzen zait The Force Awakens filmean nahiko ongi txertatua dagoela. Pertsonaia berrien kontra ere ez dut deus: Reyrekin bete-betean asmatu dutela uste dut (bai pertsonaiarekin, bai aktorearekin, Daisy Ridleyrekin). Kylo Ren ez da Darth Vader adinakoa, baina, gure buruari galdegin beharko genioke ba ote den Darth Vader adinakoa denik; aktorea, Adam Driver, ez dut bereziki gustuko –kasketa bat egiten ari den nerabe baten itxura hartzen diot–, baina irakurri ditudan iruzkinetan gorazarre egiten diote kritikari guziek. Kontatzen den istorioa eta istorioa nola kontatzen den ere ongi iduritu zitzaidan. Zineman ederki pasatu nuen, eta ongi pasatu dut orain filma berriz DVDn ikustean.
The Last Jedi filmean, VIII. atalean alegia, Rian Johnsonek ikusleen eta zaleen itxaropenak irauli nahi izan omen zituen. Reyk Luke Skywalker aurkitua zuen VII. atalaren akaberan, baina Johnsonen honetan Skywalkerrek uko eginen dio Reyri entrenatzeari; Kylo Renek Rey salbatuko du Snoke liderraren gaiztakeriatik –Jediaren itzulerako pasarte bat omentzen duen eszena batean–, baina Darth Vader ez bezala, Ren ez da alde argitsura itzuliko; Errepublikaren aldekoek laguntza eskatuko diete unibertso osoan Lehen Ordena gorroto duten guziei, baina, akabera epiko batek hala eskatuko balu ere, inor ez da haien laguntzera etorriko; aitzineko filmean Reyren nortasunaren inguruan bueltaka ibili arren, Kylo Renen bidez Johnsonek erranen digu horrek ez duela inportarik, Reyk ez duela bertzelako deiturarik behar Rey izateko. Zale anitzek ez zuten hori guztia gustuko izan, eta hala adierazi zuten sare sozialetan, ozenki samar.
Rian Johnsonek ekarri zuen pertsonaia berri bat ere, Rose Tico (Kelly Marie Tran), begitan hartu zuten ez gutik (apunta nazazue gorrotatzaile zerrenda horretan, faborez). Ez da harritzekoa, nire ustez, saga osoko esaldi tontoenetarik ahoskatzen baititu, eta digresio alferrikakoena –Canto Bight casino planetara eramaten gaituena– protagonizatzen baitu. Han, kapitalismoari buruzko eskatu ez dugun lezio bat ematen digu, bai eta animalien eskubideen gaineko lezio bat ere, lezio praktiko bat hain zuzen: kaioletan zeuden animaliak askatuta, baina esklabo lana egiten zuten haurrak kartzelan utzita.
Jediaren igoeran, IX. atalean, J. J. Abramsek denbora luzea ematen du Johnsonen bide heterodoxoak zuzentzen eta VII. atalean berak ezarritako bidearekin bat egiten. Reyk bere entrenamendua izanen du, Lukeren eskutik ez, hil baitzen VIII. atalaren akaberan, Leiaren eskutik baizik. Rose Tico hirugarren mailako pertsonaia bihurtuta ikusiko dugu (txalo bero bat Abramsendako, publikoa zutik paratuta). Oraingoan bai, unibertsoak erantzun eginen dio errebeldeen deiari. Reyren nortasuna obsesio bilakatuko da berriz ere: ezagutu bezain fite, mundu guziak galdeginen dio nola duen deitura; Poeri, berriz, Poe eta Finni Finn deitzen diete guziek, eta haien abizenek, ezagutzen dudan arrazoiren batengatik, ez dute inoren jakin-mina pizten. Istorioa ere klasikoa da: enegarren aldiz, ahulgune txiki bat duen etsai erraldoi baten kontra egin beharko dute borroka gure protagonistek. Heriotzaren Izarra, alegia, berriz ere.
Nik ez nuen Rian Johnsonen filma gorroto izan. Txarra iduritu zitzaidan, lekuz kanpoko umorea zuelako eta inora ez zihoazen digresio absurdoak egiten zituelako. Zaleek espero dutenari kontra egitea ez da nahitaez txarra, ezta, emaitzak erakutsi zuen bezala, nahitaez ona ere. Abramsen The Rise of Skywalker oraindik txarragoa iduritu zait. Nostalgiak ez du ongi funtzionatzen honetan –Lando Calrissian ikusteak ispiluan begiratzen dudanean izaten dudan sentsazioa berritu dit; alegia, gogoan dudan irudi idealizatuak ez du bat egiten aitzinean ikusten dudan gizon gizendu eta zahartuarekin–, hildakoen agerpen batzuk irri-emangarri samarrak gertatu zaizkit, eta, batez ere, gidoia zuloz eta inkoherentziaz betea dago, azalpen batzuk filmatu ahala asmatu zituztela iduri izateraino. Gauza anitz gertatzen dira, baina ez dakigu zehazki zergatik. Zer nahi du enperadoreak? Rey hiltzea? Reyk hiltzea? Rey enperadore berria izatea? Berak enperadore gaztetua izan? Nik oraindik ez dakit. Une batean, lehendabizi Rey eta gero Finn txalupa hauskor batean joan dira, olatu izugarrien artean arrisku handia hartuz, Heriotzaren Izarraren hondakinetaraino; handik hamar minutura, berriz, Milurteko Belatza joan zaie, hegaldan, itsaso beldurgarri horren arriskuaren gainetik alegia. Bertze une batean, Lehen Ordenak Kijimi planeta desegin dute, baina, nola ihes egin zuen inork azaldu gabe, planeta horretan bizi zen Poeren lagun bat bizirik ikusiko dugu handik gutira. Eta abar. Eta abar.
Star Warseko hondarreko episodioen artean dagoen lehiak –elika dezagun iraganeko nostalgia, dio Abramsek; ez, lurpera dezagun saga zaharra, dio Johnsonek– arrunt emaitza eskasa ekarri du ondorio gisa. VIII. atalean jarraitzaileei antza ezinbertzekoa zuten bazka ukatzetik IX. atalean jarraitzaileei dena eman nahi izatera pasatu gara, baina ez bata ez bertea ez dira izan, ikusle honen ikuspuntutik bederen, gogobetetzeko modukoak. Aitzinekoak egindakoaren gainean eraikin beharrean, elkarri zuzentzen ibili dira sagako azken bi zuzendariak. Norabide falta hori nabarmena da. Pena da, gauza anitzetan asmatu badute ere, eta filmek irudi benetan ederrak badituzte ere, segur asko saga osoko ahulenetarik baitira.
Zuzendaria: J. J. Abrams
Gidoilaria: Chris Terrio & J. J. Abrams
Aktoreak: Carrie Fisher, Daisy Ridley, Adam Driver, Harrison Ford, Mark Hamill, John Boyega, Oscar Isaac, Domhnall Gleeson, Richard E. Grant, Billy Dee Williams
Herrialdea: AEB
Urtea: 2019
Orokorrean ados nago diozunarekin, baina nire ustez azkeneko atal honetako akatsik handiena muxuaren eszena da. Askoz egokiagoa izango zen eszena bere horretan uztea, muxua eman gabe, ikusle bakoitzaren esku uztea besarkada horren esanahia. Ni egon nintzen zine aretoan, zurrumurru galanta zabaldu zen behintzat eszena honekin….
Eta amaitzeko, bukaerako “Happy Family” eszena hori?? Disney Etxeak bere sinadura jarri behar zuen, nola ez.
Ah, eta Millennium Falcon-ari “Milurteko Belatza” esatea izugarri gustatu zait!