Cockneys vs Zombies
Beldurra, gorea eta umorea uztartzea ez da kontu berria: zuzendariak behin baino gehiagotan saiatu dira konbinazio zail hori lortzen beldurrezko zinemaren historian. Beharbada, 80ko hamarkada izan zen bereziki ona ikuspuntu horretatik; 70eko hamarkadako film batzuen bortizkeria lehorraren ondoren, 80etan ikararekin batera irri-algarak sorrarazten zituzten film batzuk ikusteko aukera izan genuen: Sam Raimi-ren Evil Dead (1981), Stuart Gordon-en Re-animator (1985) edo Peter Jackson-en Bad Taste (1987). Azken bolada honetan joera hori bueltan dela erran liteke, ez baitira guti izua eta komedia nahasteko eginahala egin duten pelikulak (nahiz eta zeregin horretan norainoko arrakasta izan duten bertze kontu bat den): Edgar Wright-en Shaun of the dead (2004), Christopher Smith-en Severance (2006), Tommy Wirkola-ren Dead Snow (2009) Elie Craig-en Tucker and Dale vs Evil (2010), edo Alejandro Brugués-en Juan de los Muertos (2011). Matthias Hoene-ren Cockneys vs Zombies ere talde horretan sartu behar dugu.
Aurten ere ez naiz Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astean izan; urtero bezala joan gogo nuen, baina, azkenean, ez da posible izan (urtero bezala hori ere). Horregatik, egunero, Berria-n irakurtzen nuen Beñat Eizagirreren kritikak, gero eta etsipen handiagoz, halere: hari sinestera, ez da film onik izan aurtengo Astean. Ez dakit zenbat bider erabili duen hitza, baina erranen nuke “lotsa” izan dela haren zutabeetan gehien agertu den solasa. Ez dakit, bada: ongi da kritikoa izatea (are hobeki zure lana kritika egitea baldin bada), baina arestian aipatu filmek beldurra eta umorea uztartzen dituzten bezalaxe, ongi legoke filmak iruzkintzen dituenak zentzu kritikoa eta generoarekiko maitasuna uztartuko balitu.
Edonola ere, Donostiara joan ez naizen arren, beharrik DVDak eskuar ditudan nire frustrazio zinez handia arintzeko. Horri esker, aurtengo film bat bederen ikusi ahal izan dut. Publikoaren Saria eskuratu zuen filma hain zuzen ere, Cockneys vs Zombies. Tamalez, ez Donostiako Antzoki Zaharrean, ezta urriaren 28an ere: etxean, ordenagailuaren aitzinean, urriaren 29an. Zoritxarrez, Britainia Handiko ohitura txar bati jarraiki, nire DVDak ez zekarren azpititulurik; eta ingeles pixka bat badakidan arren, tituluan cockney hitza ageri dela ikusita, ikusle honek behin baino gehiagotan eskertuko zukeen azpidatziren bat ekarri izan balu. Beraz, hau irakurtzean, har beza kontuan irakurleak segur aski filmeko txisterik hoberenak ez ditudala ulertu.
Filma ikusi baino lehen, Berriako iruzkina irakurri nuen. Nonbait, filma, komedia den arren, zonbi-filmak atsegin dituztenei baizik ez zaie gustatuko (are gehiago, “beste zinema mota bat nahiago dutenentzat […] aspergarria eta luzeegia suerta daiteke” dio Eizagirrek; jakina, eta bertze musika mota nahiago dutenentzat, bada, Mozart tortura izan daiteke, baina tira). Horrela erranda, iduri luke hori txarra dela. Are gehiago, Eizagirrek zuzendariari leporatzen dio bortizkeria Miikek edo Tarantinok bezala erabili ez izana. Ez dakit, bada. Miikeren filmetako gordinkeriak ez du deus ikustekorik Tarantinoren pelikuletakoekin; eta, horrela jarrita, Reservoir Dogsekoak ere deus guti ikusteko du Pulp Fictionekoarekin. Baina bai, Matthias Hoene ez da ez Miike ez Tarantino, nor was meant to be, T. S. Elioten lerro batekin errateko. Hor, nire ustez, kritikaria irristatu da, eta okerreko erreferentziak ekarri.
Cockneys vs Zombies film irri-emangarria da, eta nik ez daukat hain argi bakarrik zonbizaleei gustatuko zaiela. Izan ere, deus baino gehiago, komedia baita film hau. Zonbiak ez dira sobera beldurgarriak (ezta sobera ongi makillatuak ere), eta pelikula osoan ez da susto bat bera ere. Edgar Wright-en Shaun of the dead filmean, adibidez, baziren ikara batzuk, eta zonbiek izua sorrarazten zuten. Hura bai zonbizalearendako filma. Baina Cockneys vs Zombies, ez nahitaez, edo ez bakarrik zonbizaleendako. Mizkina ez den ia-ia edozein ikuslek gozatuko du pretentsio handirik gabeko film honekin.
Halere, Interneteko zenbait iruzkinetan Edgar Wright-en itzala luzea bada ere, Shaun of the dead ere ez da, nire ustez, erreferentzia egokia Cockneys vs Zombies azaltzeko. Alde batetik, iduritzen zait zenbait puntutan hurbilago dagoela James Watkins-en Eden Lake (2008) edo Joe Cornish-en Attack the block (2011) filmetarik (nahiz eta ez bataren ez bertzearen mailara ailegatu): hiru filmetan klase-borroka eta zenbait auzotan gertatzen bazterkeria baitira, zeharka bada ere, agertzen zaizkigun azpi-gaiak. Eta, bertzetik, neurri batean 80ko hamarkadako aipaturiko klasiko horiei begira egindako filma delako.
Istorioa nahiko sinplea da: Londreseko East End-en, lagun batzuekin batera, bi anaia saiatuko dira banku batean lapurtzen, aitatxiren zaharren egoitza bota ez dezaten. Dirua ebasten ari direla, zonbi epidemia bat hedatuko da auzoan. Puntu horretatik aitzinat, bi istorio paralelo izanen ditugu: alde batetik, gazteen odisea zaharren egoitzara iristeko; bertzetik, agureen erresistentzia zonbiz inguraturiko (eta gotorleku bihurturiko) etxean.
Filmak erritmo bizi-bizia du, txiste barregarriak (batzuk merke samarrak, baina baten bat franko maltzurra), gorea, eszena gogoangarriren bat eta pertsonaia zoragarri batzuk (ez guziak, baten bat astun samarra baita, baina, adibidez, “Mental” Mickey-k film osoa justifikatzen du). Ez da maisulana. Ez da film borobila. Azken hamabortz-hogei minutuak sobera ditu, lekuz kanpo baitago eta sinesgaitza baita azken bataila, eta, ondoren, sentimendu oneko film melenga bihurtzen baita. Bi anaien aitatxiren diskurtso hanpatua guztiz erredundantea da, aitzineko minutuetan ederki ulertua genuen mezu bat azaleratu eta inolako beharrik gabe azpimarratu bertzerik ez baitu egiten. Zenbaitek erran duten bezala, segur aski ez zuen Publikoaren Saria merezi.
https://www.youtube.com/watch?v=H0hap9XRg6o
Bikaina izan gabe, bere lehen orduan Cockneys vs Zombies film ona da, zonbizaleendako ez ezik, milinak ez diren komediazaleendako ere egokia. Azken zatia, ordea, onberegia, begi-bistakoegia, gehiegizkoa. Edonola ere, filmak merezi du: eta ez, ez da Miike, ezta Tarantino ere, baina genero film duina da. Bertzelako pretentsiorik gabe. Baina horretaz ohartzeko, generoa (pixka bat) maite izan behar da.
Aupa Santi!
Eskerrik asko gomendioengatik. “Cockney vs zombies” hau ez dut ikusia, baina begiratua emanen diot, umorea eta gorea (edo beldurra) uztartzen dituzten filmak gustuko baititut normalean (“Juan de los muertos” izan ezik, hori ez dut gehiegi maite, kritika bikainak jaso zituen arren).
Berriki ikusi dudan beste bat “The cabin in the woods” da (Espainian zinema aretoetan estreinatu gabea, zuzenean DVD formatuan kaleratuko dute aurki). AEBetan dezenteko arrakasta lortu zuen eta Joss Whedon famatua ibili zen ekoizle lanetan.
Nik jatorrizko bertsioan ikusi nuen, azpititulurik gabe, eta zuk bezala, txisteren bat edo beste eskapatu zitzaidala uste dudan arren, horrore eta gorearen generoari egindako omenaldi interesgarria iruditu zitzaidan. Klixe guztiak banan-banan aztertzen ditu, eta zoro xamarra izanda ere (batez ere bukaera), gomendagarria dela uste dut.
Aupa, Ion:
Esker mila zuri idazteagatik! Nik ere ez nuen sobera gustuko izan “Juan de los Muertos” (eta hori ere jatorrizko bertsioan ikusi nuen: Kubako gaztelania ez dela hain erraza deskubritu nuen) “The cabin in the woods” itxaron zerrendan daukat, ikusteko tartetxo bat noiz harrapatuko zain
Iepa Santi. Blog interesgarria zurea, segi horrela. Film arraroek narrazioek dakarten legitimitatea merezi dute. Historia berridaztea beharrezkoa da horretarako.
Ilusio handiz joaten naiz beti zinemara, baita Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astera ere, baina aurtengoan ez dut gehiegi disfrutatu. Ez dut kasik nere gustoko filmik ikusi. Pozten naiz Cockneys vs Zombies gustatu zaizulako. Zoritxarrez niri ez zidan batere graziarik egin. Lehenbailehen amaitu zedin nahi nuen. Umore zakarregia zeukan, nire iritziz. Kosta egin zitzaidan pelikulan sartzea. Ez zitzaidan batere sinesgarria iruditzen eta horregatik ezin izan nuen berataz gozatu. Barrerik ezin izan nuen egin. Beti esan izan ohi dut pelikula guztiek zerbait interesgarria eskain dezaketela, baina horrelako pelikulek aspergura sortzen didate.
Gehien gustatu zitzaizkidan filmak Sinister klasikoa eta Resolution minimalista izan ziren.
Takashi Miikeren Ace Attorney ere ikusi ahal izan zen, baina ez nuen ikusteko aukerarik izan. DVD-an kaleratu berri dute. Hauetako egun batean animatuko naiz ikustera. Gomendatuko al zenidake azken aldian ikusi duzun film interesgarriren bat generoarekin bakeak egin ditzadan? Cockneys vs Zombies bezelako filmeek generoan esperantza galtzea dakarte (nire kasuan behintzat). Eskerrik asko.
Aupa, Beñat
Eskerrik asko zuri zure iruzkinagatik. Nik ere gustura irakurtzen dut zure zutabea, eta plazer iturri izaten da gehienetan. Aurtengo Beldurrezko asteari buruzko iruzkinetan, ordea, genero-zinemaren kontrako halako aurreiritzi bat sumatu uste izan nuen, eta hortik nire kritika, beharbada egokia edo justua izan ez zena. Hala bazen, barkatu.
Nik filmak, gehienetan, DVD-an ikusten ditut; beraz, oraindik ez dut ez Sinister ez Resolution ikusi, baina biak irrikaz ikusteko nago, eta Miikerena zer erranik ez. Gomendio bat? Apika aitzineko iruzkin batean Ion Orzaizek aipatzen zuen The Cabin in the woods; eta, azken bolada honetan, Sion Sono japoniarraren film pare bat ikusi dut (Cold Fish eta Guilty of Romance) nahiko interesgarriak iduritu zaizkidanak, baina ez dira berri-berriak.
Edonola ere, nork bere manera dauka fantasien gatibu izateko, eta imajinatzen dut guziak (edo ia guziak) zilegi direla. Berriz ere eskerrik asko zuri.
Ez da ezer pasatzen, Santi. Ez dago ezer barkatu beharrik. Ez naiz inoiz izan beldurrezko eta gorearen generoaren zale amorratua (horretan asmatu zenuen), agian film gehientsuenak errepikakorrak eta konbentzionalak iruditzen zaizkidalako. Apenas interesik gabekoak, alegia. Agian gehiegi eskatzen diet Cockneys vs Zombies bezalako filmeei, baina ezin dut ebitatu. Esplotaziozko filmek logura sortzen didate. Planet Terror eta Death Proof-en kasua adierazgarria da. Planet Terror aspergarria eta hutsala iruditzen zaidan bitartean Tarantinorenak liluratu egiten nau. Konbentzioak eten egiten ditu, eta jolastu egiten du ikuslearen pazientziarekin. Horrek, noski, ezinegona sortzen du zaleengan, baina niri, aldiz, asko gustatzen zait ez baitakit zer etorriko den jarraian. Etenaldiei eta itxuran garrantzirik ez duten ekintzei garrantzia ematen die.
Sion Sono ez dut apenas ezagutzen. Suicide Club bakarrik ikusi dut, eta ez zitzaidan askorik gustatu. Ez naiz askorik gogoratzen, egia esan. Berriz ikusi beharko nuke iritzi sendo bat plazaratu ahal izateko. Eta The Cabin in the Woods ez dut ikusi. Apuntatu ditut zure gomendioak. Eskerrik asko zuri. Zure blogari esker asko ikastea espero dut.