Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
Amer / Blackaria, edo giallo-a frantsesez mintzo delarik
Atalak: Beldurrezkoa, Egile-zinema, Giallo-a, Gore-a
Amer
Lehen begiratuan, arras antzekoak dira Amer eta Blackaria filmak. Bietan, bina zuzendari ditugu proiektuaren gibelean (Hélène Cattet eta Bruno Forzani lehendabizikoaren kasuan; François Gaillard eta Christophe Robin bigarrenaren kasuan), eta biak dira, bertze deus baino gehiago, zinema jakin baten omenez egindako estilo-ariketak: bata zein bertzea ulertu eta behar bezala gozatzekotan, ikusleak Italiako genero-zinema ezagutu (eta maite) beharko luke, bi filmetan erreferentzien jokoa baita gozamen iturri nagusia (edo nagusietarik, bederen). Hortik aitzinat, halere, bi lanen arteko desberdintasunak hasten dira: kalitatean, omendutako generoetan (Amer-en, film gotikoak, spaghetti-westernak eta giallo-a dira jomugan jarritako generoak; Blackaria-n, berriz, giallo-ra mugatu dute omenaldia), aurrekontuan (hutsaren hurrengoa Blackaria-n; oparoagoa Amer-en) eta emaitzen kalitatean (Amer film ona da, bertan aipatzen diren filmak ezagutu gabe ere gustagarria izan daitekeena; Blackaria, berriz, kaskarxeagoa da, eta bakarrik generoarekiko darion maitasunak salbatzen du).
Children shouldn’t play with dead things
Hiru atalek osatzen dute Amer, Anna protagonistaren bizitzako hiru fasek: lehen atalean, haurtzaroan ikusiko dugu; nerabezaroan, bigarrenean; eta heldutasuna da hirugarren fasea. Atal bakoitzean, aktore bat ikusiko dugu Annaren papera betetzen: Cassandra Forêt, Charlotte Eugène Guibeaud eta Marie Bos, hurrenez hurren. Pertsonaia da, beraz, filmari osotasuna ematen diona, eta harekin batera, gai nagusia: sexua eta erotismoa.
Lehen atalean, Annaren erreakzioa ikusiko dugu aitatxiren heriotzaren aitzinean, etxe bakarti batean. Haren inguruan, amatxi beldurgarria ikusiko dugu, ama ez sobera maitekorra, eta aita (?) indiferentea. Haurraren nahia, ororen gainetik, aitatxiren gorpuak esku artean duen urrezko erloju zaharraz jabetzea da, eta, horren kontura, tentsio handiko pasarte batzuk izanen ditugu. Lehen atal hau, nire ustez, hiruretarik hoberena da, eta, hein handi batean, Mario Bava-ren I tre volti della paura (1963) filmeko La goccia d’acqua kapituluaren remake-a dugu, remake fin eta estilizatua (nahiz eta ez den hori lehen atalean dugun omenaldi bakarra: Anna gelan aitatxiren gorpuarekin bakarrik dagoeneko eszenak erraz ekartzen ditu gogora Bavaren beraren La ragazza che sapevva tropo (1963) filmeko hasierako une batzuk).
Etxe bakarti horiek
Bigarren atalean, Anna eta haren ama (Bianca Maria d’Amato) elkarrekin herrian barna pasieran ikusiko ditugu, ile-apaindegirako bidean. Film osoan bezala, atal honetan ere ez dago ia-ia elkarrizketarik: bigarren honetan, dena dago pertsonaien jarreren bidez iradokia, eta dena haien begiraden gainean eraikia. Batetik, Annaren eta haren amaren arteko lehia isila dugu (nerabearen edertasun berri gazte axolagabea, eta gainbehera hasitako amaren gorputz oraindik erakargarria), eta, bertzetik Annaren eta herriko gizon gazte zein zaharren arteko begiradak. Bigarren atal hau (laburrena izanda ere, aspergarriena segur aski), spaghetti-western bat da, edo, hobeki erranda, spaghetti-western-aren estiloa bertzelako alor batera daraman ariketa-estiloa: lehen plano hurbil-hurbilak, kamerari eusten dioten behakoak, pertsonaien artean elkarri botatako erronka isilak, bortizkeria hasi baino lehenagoko tentsio-une amaigabeak… Godard-ek inoiz Italiako westernari omenaldirik egin izan balio, horrela eginen ziokeen naski.
Larruzko eskularruak eta bizar-nabala: Amer edo Dario Argento?
Hirugarren atalean, Anna bere haurtzaroko etxera bueltatuko da, garai hartako traumak-edo gainditu nahian. Bertan, ordea, espero ez zuen akabera aurkituko du. Hirugarren atalean, giallo-aren lurraldean gaude: maskara jantzia daraman nortasun ezezaguneko hiltzailea, larruzko esku-larru beltzak, ihesak arbolen artean, bizar-nabalak… Sergio Martino-ren film batzuk etortzen dira gogora, hala nola Lo strano vizio della signora Wardh (1971) edo I corpi presentano tracce di violenza carnale (1973).
Interneten irakurri ditudan iruzkin guzietan, kritikariek diote Amer giallo bat dela, edo giallo-ari egindako omenaldi bat. Nire iduriko, ikuspuntu hori aski mugatua da. Nik erranen nuke Amer Italiako genero-zinemari egindako omenaldia dela: zinema gotikoari, lehen atalean; western all’italiana-ri, bigarrenean; eta, bai, giallo-ari, baina bakarrik hirugarren atalean. Eta, auskalo kasualitate hutsa den, baina aipaturiko generoen hurrenkera kronologikoa bat dator Annaren eboluzioarekin: zinema gotikoa (50eko hamarkada eta 60ko hamarkadaren hasiera), spaghetti-a (60ko hamarkada) eta giallo-a (60ko hamarkadaren akabera eta 70eko hamarkada). Edonola ere, Amer film ederra eta ausarta da, genero-zinemaren bideetarik abiatuta egile-zinema bihurtzera ailegatzen baita.
Blackaria
Blackaria-k, berriz, bai, Blackaria-k soilik giallo-ari egiten dio erreferentzia, eta, logikoa den bezala, Amer baino aise odoltsuagoa da. Sos gutirekin eginiko film amateurra, Blackaria-ko aktore batzuen lana franko penagarria da (ez, ordea, bi protagonistena) eta elkarrizketa batzuk zinez negargarriak dira. Gidoia ez da inoizko sendoena (baina, tira, Italiako genero-zineman ere gidoia ez zen inoiz indargunea), eta zenbait pasarte barregarri samarrak dira (momenturen batean, lotsa-emangarritasunaren muga ere zeharkatzen dute zuzendariek). Halere, Blackaria film atsegina izanen da zinema italiarra maite dutenendako.
Istorioak eskatzen ez duen biluztasuna ere bada, giallo on guzietan bezala
Angela obsesionatua dago Anna Marie ondoko bizilagunarekin, honekin amets erotikoak izateraino. Anna Marie eraila agertzen denean, Angela ere arriskupean sentituko da. Hasiera, beraz, zuzen-zuzenean Lucio Fulci-ren Una lucertola con la pelle di donna (1971) hartua dago. Ondoren, Dario Argento-ren Profondo rosso (1975) filmetik ateratako hiltzaile bat ezagutuko dugu, eta haren hilketetan bertze film batzuen eragina ikusiko dugu: adibidez, Mario Bava-ren Sei donne per l’assassino (1964) laneko pasarte bati omenaldia egiten zaio (bainuontziko plano batean), edo Dario Argentoren L’uccello dalle piume di cristallo (1970) filmari (igogailuko hilketaren eszenan).
Blackaria Amer baino aise goreagoa da
Blackaria-n bada hilketan ikertzen ari den detektibea, baina giallo on guzietan bezala, ikerketak ez du inporta handirik. Hiltzailea eta hilketen eszenografia dira inportanteena film honetan. Eta bai, akaberan bada ikusitako guzia lotzen saiatzen den azalpen bat, baina nahiko irri-emangarria da. Neurri handi batean, pasarte solteek osatutako filma da Blackaria, edo horrela preziatzen ahal da hobekien: une oro giallo-aren estiloa eta estetika harrapatzeko eta islatzeko egindako eginahalarengatik merezi du film honek. Film xumea da eta, bistan da, ez da maisulana. Baina baditu bere momentuak, eta Bava, Argento, Fulci edo Martinoren filmak gustuko dituztenek gustura ikusiko dute. Gainerakoak gaztigatuak zaudete: hobe bertze zerbait bilatzen baduzue.