Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
Executive koala
Atalak: Beldurrezkoa, Suspentsea
Executive koala
Neoculto liburu argitaratu berrian, Ángel Salak dio kultuko filmak sortzea dela Japoniako zenbait zuzendariren espezialitatea, atzerriko merkatuari begira betiere. Haiengandik zer film mota (eta zer xelebrekeria klase) espero dugun, huraxe ematen digute film-egile batzuek. Salak bi izen aipatzen ditu: Yoshihiro Nishimura eta Noburo Iguchi. Minoru Kawasakiren izena, ordea, ez da haren zerrendan ageri, ezta –nik dakidala– liburu osoan ere. Alta, Kawasakiren filmek kultuko bihurtzeko bokazio begi-bistako eta sendoa dute. Are gehiago, haren lana komentatzen ari direlarik, film kritikari batek baino gehiagok erran du WTF terminoa naski Kawasakiren filmak deskribatzeko asmatua izan zela. Izan ere, film xelebrerik eskas ez duen herrialde batean (Hitoshi Matsumotoren Big Man Japan-etik –2007– hasi eta Takashi Miikeren Zebra Man-eraino –2004–, Katsuhito Ishii, Shunichiro Miki eta Aniki hirukotearen Funky Forest –2005– atzendu gabe), haren filmografia zinez eta benetan xelebrea da.
Kawasakik eginiko tituluen artean hauexek ditugu: The calamari wrestler (2004) –borrokalari profesionala ere baden txipiroi alimaleko baten istorioa–, Kabuto-Ô Bîtoru (2005) –aitzineko esaldian, “txipiroi” jartzen duen tokian, para dezala “kakalardo” irakurleak–, The rug cop (2006) –gaizkileak bere ileordea jaurtiz harrapatzen dituen polizia baten istorioa– edo Every one but Japan sinks (2006) –tituluak, nonbait, nahiko ongi deskribatzen du filmaren edukia–. Eta, jakina, Executive koala (2005). Guziak diru gutirekin eginak, eta guziak, erran bezala, bitxi samarrak.
Koalari begiak pizten zaizkiolarik, kasu!
Executive koalako istorioa nahiko topikoa da: Keiichi Tamura exekutiboaren neska-laguna erail dute, eta Tamura bera da susmagarri nagusia. Are gehiago, hiru urte dira haren emaztea ere desagertu zela, eta batek baino gehiagok uste du berak hil eta desagerrarazi zuela. Filmean, Tamuraren etsipena ikusiko dugu, haren amets eroen lekuko izanen gara, eta haren iragan tragikoaren berri izanen dugu. Dena nahiko normala eta, dena errateko, franko aspergarria litzateke, xehetasun ttiki batengatik ez balitz: Keiichi Tamura koala erraldoia da. Tira, plano anitzetan maskararen gibelaldeko kremailera aski agerikoa da, baina bistan da hori nahita egin duela Kawasakik, alegia zuzendariak ez duela eginahalik egin Executive koala lau –tira, bi– sosekin egindako filma dela disimulatzeko.
“Piztia bat zara ohatzean”
Dena baita merkea Executive koalan, baita umorea ere: amodioa egindakoan, neska-lagunak zera erranen dio Tamurari, “piztia bat bezala portatu zara”; eta polizia batek gogoeta hau eskainiko dio lankide bati: “justizia ez da ez beltza ez zuria; grisa da, koala baten ilajea bezala”; eta, umore besta honi akabera emateko, psikiatrak honela kontsolatuko du gure Tamura: “ez zaude eroa, zu koala normal bat zara”. Eta abar.
Kawasakiren filma hasieran aipaturiko WTF-efektuan oinarritzen da; erran nahi baita, ikusleak ezin dio irudiak ikusteari utzi, bere buruari “baina ze arraio ari naiz ikusten” galdegiten dion bitartean. Halere, nik erranen nuke hasierako sorpresak, protagonista bi metroko koala trajedun bat dela ikusteak eragiten duen sorpresak, ez duela luze irauten. Bertzelako ustekabeak badira, halere: Tamuraren nagusia eta enpresako presidentea untxi zuria da –erraldoia bera ere, belarriei esker koala bera baino altuagoa–; Tamurak maiz bisitatzen duen dendako saltzailea igela da; bertze memento batean, filmeko taldea filmatzen ikusiko dugu, ariketa metazinematografiko batean-edo; eta, animalia trajedunak kalean ibiltzeak inor harritzen ez duen mundu batean, neska batek, bat-batean, “hara, igel bat, eta koala bat” erranen du ozenki, zur eta lur, filma josteta postmodernoa bertzerik ez dela azpimarratu nahiko balu bezala, eta bere konbentzioak edozein unetan hankaz goiti jartzea jolasaren parte dela.
Koala, psikiatra eta enpresako nagusia
Bere xelebrekeria, ustekabe, josteta eta txiste merke guziak gorabehera, Executive koala luzexko egin zitzaidan, ordu eta erdiko iraupena bertzerik ez badu ere. Gainera, tranpa egiten du: DVDko karatulan, Tamura ikusten dugu, begiak sutan eta aizkora bat eskuan, gore-zaleendako promesa. Agindu hori, ordea, ez da betetzen. Tamurak bere ametsetan baizik ez du aizkora erabiltzen, eta ez dira horiek filmeko pasarterik hoberenak. DVDko karatulak slasher bat eskaintzen du –absurdoa nahi bada, baina slasher bat–, baina horren ordez bertze zerbait ematen du.
Erosketak egiten
Edonola ere, inork dena ikusia duela uste badu, orduan film hau eskuratu beharko luke. Filma ez da txarra (edo, nahiago bada, batzuetan hain da txarra, ona baita), aktoreek ongi egiten dute beren lana, eta emaitzak, oro har, badu bere xarma. Akaberan, segur aski, balizko ikusle horrek ez du sobera argi izanen zer demontre ikusi berri duen. Baina naski horixe zen Kawasakiren helburua.