Tusk
Telesaileko kapitulu batean, simpsondarrak Kanadara joan ziren. Muga zeharkatu bezain fite, bere burua pareta guzien kontra jotzen hasi zen Homer, “lasai, hemen osasun sistema doan baita” oihuka. Kanadaren gaineko txiste bat omen zen hura, eta Kanadaren gaineko txisteek osatzen dute hein handi batean Kevin Smith-en Tusk filmaren hezurdura komikoa: broma kanadarrak dira pelikulak beretako “komedia” izendapena aldarrikatzeko duen oinarria. Txistekin batera, egia da Guy Lapointe detektibearen figura ere badugula, Smithen filma komediatzat joko nahiko bagenu.
Nolanahi ere, gustu kontua da naski, baina niri, estatubatuarra ez izanik, broma kanadarrak euskarri komiko ahula iduritu zaizkit, eta Guy Lapointe detektibea –gain-karakterizaturiko Johnny Depp batek gain-antzeztua– jasanezina eta, filmaren tonuari dagokionez, erabat lekuz kanpo; tonua baita Tusk-en problema nagusietarik, nagusia ez bada: lehen 60 minutuetan halako oreka bat lortzen badu ere komediaren eta beldurraren artean, oreka hori zakarrontzira botatzen du Deppen pertsonaiaren alferrikako histrionismoak, harira batere heldu ez denak.
Wallace (Justin Long –Jeepers Creepers-eko protagonistetarik bat–) dugu istorio honetako pertsonaia nagusia, ofizioz podcast-egilea, berak bere burua definituko lukeen bezala; Teddy (Haley Joel Osment –bai, The Sixth Sense-ko mutilari ilea atera zaio nonahi–) lagunarekin batera, irratirik gabeko irratsaio bat egiten du Interneten, izenetik beretik irri-emangarria den saioa (The Not-see Party du izena –The Nazi Party bezala, edo ia-ia, ahoskatzen dena–), irriak beti norbaiten desgraziaren kontura eta jende xelebrearen bizkar egiten badira ere. Izan ere, friki bat elkarrizketatzera (hau da, gizajo bati aurpegira barre egitera) joanen da Kanadara Wallace. Patua zer den, ez da elkarrizketa hori egitea posible izanen, eta bidaia justifikatuko duen istorio baten bila ari delarik, iragarki bitxi batekin eginen du topo gure podcast-egileak. Bertan, Howard Howe (Michael Parks, Red State-n ere ikusi genuena) izeneko batek bere bizitza osoko abendura miresgarriak kontatzea proposatzen du, abentura horien berri izan nahiko lukeen nornahiri. Howe, jakina, etxe bakarti batean bizi da, zibilizaziotik urrun, eta haren asmoa ez da mugatzen ipuinak kontatzera…
Tom Six-en The Human Centipede ikusi duenari ezaguna eginen zaio hortik aitzinakoa: afera da Howard Howek mortsak nahiago dituela, ehunzangoak baino. Wallace mortsa bihurtu nahiko du, eta horretarako, mortsa itxurako jantzi bat egina du (josia auskalo nondik ateratako larruazal puskekin –Wallace ez da haren lehendabiziko biktima–), baina traje horretan sartu ahal izateko, aldaketa batzuk nahitaezkoak izanen dira: mortsa forma berrian, Wallacek ez du zangoen beharrik izanen –ez, behinik behin, belaunetik beheiti–; hobe besoak enborrari itsatsita baldin badaude; eta, jakina, mortsa baten letaginak –izenburuko tusks– biktimaren ahoan txertatu behar dira –hortz batzuk, hortaz, sobera daude–.
Tusk, beraz, Giza-ehunzangoa bezala, ebakuntza heterodoxoen lurraldean sartuko da deblauki, baina ez da horregatik zehazki film gore bat. Istorioa zein den irakurrita, iduri luke Tom Sixen fantasia kirurgikoaren parodia bat, baina ez da preseski hori ere. Giza-ehunzangoa-n bazen umorea, baina traman ongi txertatua zegoen umorea, erraietatik ateratzen zen umore beltz baino beltzagoa. Kevin Smithen lan honetan, berriz, umorea eta gorea bide banatan dabiltza. Howard Howek sorturiko mortsa bezala, Tusk ere neurri batean munstro bat da: hainbat jatorritako puskekin –umorea, gorea, suspensea, drama, mad doctor baten figura– ehundutako soineko arraroa du jantzia. Eta nahasketa horrek ez du ikuslea asetzen.
Halere, bere bertuteak baditu: Howard Howeren etxea dekoratu zaindua da, eta xarmantki girotzen du istorioa. Justin Long aktorearen lana azpimarratzekoa da, bai eta Wallaceren neska-lagunaren papera egiten duen Genesis Rodriguezena ere; eta, ororen gainetik, Michael Parksena. Azken honek gorazarre anitz jaso zituen Red State-n, Smithen aitzineko filmean, egin zuen paperagatik: niri, egia erran, ez zitzaidan sobera gustatu film hartan nola antzezten zuen, esajeratuegia iduritu baitzitzaidan; komentatzen ari naizen honetan, ordea, zoragarri aritu da, nire ustez.
Pena da, beraz, zenbait aktoreren lan ona gorabehera –ez, ordea, guziena: ikus bigarren paragrafoa–, filma borobila ez izatea. Akaberak ere ez du laguntzen. Zuzendariari adituta, irri-emangarria da; niri, zer nahi duzu erratea, sentimentala eta ergela iduritu zitzaidan.
Iruzkin honetan, behin eta berriz The Human Centipede pelikularekin alderatu dut Tusk. Alta, honen iturria naski bertze nonbait dago. Eszena batean, Guy Lapointe detektibeak erabiltzen duen trikimailu baten kontura, pertsonaiek The Big Lebowski aipatuko dute –trikimailu horren ideia pelikula horretatik atera duela aitortuko du Lapointek–. Filmeko erreferentzia finena iduritu zait, Tusk-en gaineko metakomentario bat izan bailiteke; alegia, beharbada Smithek berak Lebowski Handia ikusi bitartean izan zuen Tusk egiteko ideia: Coen anaien laneko pasarte batean, Jeffrey Lebowski Lenin-en esaldi famatu bat gogoratu nahi eta ezinean dabil –It’s like Lenin said…–eta Donnyk, Lenin eta Lennon ezin bereiziz –iduritsu ahoskatzen baitira, The Not-see Party eta The Nazi Party bezala–, berehala galdegiten du, lagundu nahian: “I’m the walrus?”.
Izenburua: Tusk
Zuzendaria: Kevin Smith
Gidoilaria: Kevin Smith
Aktoreak: Michael Parks, Justin Long, Genesis Rodriguez, Haley Joel Osment, Johnny Depp
Herrialdea: AEB
Urtea: 2014
Ados nago filme honen kritikarekin orohar. Pelikularen inkonsistentziaz gain bere alde gore eta desatseginak aipatuko nituzke ahulezia modura, ez dut uste istorioari ekarpenik egiten diotenik.
Kevin Smithek Tusk egiteko ideia ez zuen The Big Lebowski ikusi bitartean izan. Bere podcasta egiten ari zelarik bururatu zitzaion eta Twitter erabili zuen jendeak (bere jarraitzaileek) filma egitea nahi zuen ala ez kontsultatzeko:
http://en.wikipedia.org/wiki/Tusk_%282014_film%29#Production