Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
Crimson Peak (Gailur Gorrimina)
Atalak: Beldurrezkoa
Allerdale Hall
Diotenez, gidoia da –gidoiaren koherentzia, erran nahi baita– puntu ahulenetarik Italiako genero-zineman. Eta Gailur gorriminari igartzen zaizkion eraginen artean Italiako gotikoa eta gialloa –Antonio Margheriti, Mario Bava, Dario Argento– daudenez, ez naiz erabat oker ibiliko, film honen puntu ahulena gidoia –kontatzen digun istorioa, alegia– dela erraten badut.
Edith Cushing (Mia Wasikowska) –erreparatu diozue pertsonaiaren deituraren omenaldi zoliari?–, idazlea eta Buffaloko (AEB) enpresaburu dirudun baten alaba bakarra, Ingalaterrara esposatuko da, AEBra eta, bertzeak bertze, haren aitarengana finantzazio eske etorritako baronet batekin, Thomas Sharperekin (Tom Hiddleston). Baronetak eta haren arrebak, arrebarekin bizi baita Allerdale Hall-en, auto-parodiaraino –ene, amaren potret hori!– gotikoa den etxetzar batean, ez du, ordea, asmo onik bere emazte berriarendako; etxeak berak ere misterio batzuk altxatzen ditu –ttonttor baten gainean, mundutik aparte eta beti lainopean dagoen etxe izugarri zahar bati dagokion bezalaxe–.
“Mamuak existitzen dira, hori badakit”; Edithen solasak dira, film osoan adituko ditugun lehendabizikoak, baina iduri luke Guillermo del Tororen lan honetan mamuak hor daudela soilik Edithek ikus ditzan –eta ikusleari susto merke bat edo bertze emateko–, ez baitute –oro har– funtzio handirik betetzen narrazioan.
Mamuak existitzen dira
Edithek berak mamuei buruzko liburu bat idatzi du; tira, ez preseski mamuei buruzko liburu bat, mamuak dituen narrazio bat baizik, mamuak iraganaren metafora bertzerik ez baitira –idazleak berak zehazten duen bezala–. Filmean, iraganaren lehen metafora, Edithen amaren mamua alegia, etorkizunaz mintzatzera etorriko da, inkoherentzia nabarmenaz –ikus lehen paragrafoa–: “kasu eman gailur gorriminean”. Asmo oneko mamua da, ikusten den bezala, hil ondotik ere alabaren ongizateaz arduratzen dena; beraz, ulertu behar dugu Edithi etortzekoak diren arriskuei buruzko abisua eman bidenabarkoan, susto ikaragarriak ere ematen badizkio, mamuen ohiturak atxikitzeagatik jokatzen duela halaxe, ezen ez berezko gaiztakeriarengatik.
Zer da asots hori?
Del Tororen filma, Edithen liburua bezala, mamuak dituen amodiozko eta misteriozko istorioa da. Arthur Conan Doyleren izena ere aipatzen da, eta bada detektibe lanetan ibiliko den oftalmologo bat –Conan Doyle bera oftalmologoa zela gogorarazten zaigu pasarte batean–. Baina Sharpe anaia-arrebek gordetzen duten sekretuari dagokionez, bada, zer nahi duzue erratea, Edithek deskubritzen duenerako –mamu baten laguntzari esker (!!)–, aspaldi zuen zinema aretoan Edith bera zela sekretu horren jakitun ez zen bakarra. Ez da Conan Doyleren izena alferrik hartu behar: Sherlock Holmesen narrazioetan detektibea irakurlea baino aise zorrotzagoa izaten da; Crimson Peak-en, berriz, protagonista ikuslea baino hagitzez motelagoa da gauzak ulertzen.
Aipatu bezala, amodiozko istorioa ere bada gure Gailur gorrimin hau: filmeko pasarte batean, Thomas Sharpek gogor kritikatuko du Edithek bere liburuan sarturiko maitasunezko afera: har dezala ikusleak pasarte hori metakritika gisa. Thomas Sharperen garapenari esker –garapen sinestezinari esker, bide batez erranda–, akaberan filmak deblauki gainditzen du moñoñokeria irri-emangarriaren muga.
Edithen senarraren arreba: kontuz, beti, koinatarekin
Et pourtant…, merezi du Crimson Peak ikustea? Bada, bai, begietarako besta bat delako: dekoratuak xarmantki eginak daudelako, mamuen itxura benetan zaindua, eta, batez ere –Edgar Allan Poe maite dutenendako–, Allerdale Hall kolore gorrimineko buztinean hondoratzen ari delako. Pena, hain giro gotiko eta dekadenteko filma martxan jartzeko, hain istorio eskasa asmatu behar izana.
Izenburua: Crimson Peak
Zuzendaria: Guillermo del Toro
Gidoilariak: Guillermo del Toro & Matthew Robins
Aktoreak: Mia Wasikowska, Jessica Chastain, Tom Hiddleston, Charlie Hunnam
Herrialdea: AEB
Urtea: 2015