A Girl Walks Home Alone At Night (Neska bat etxera doa bakarrik, gauez)
“Begiak biltzen ditudanero, kolore biziz margoturiko altzairuzko amiamokoak ikusten ditut lurrean pikoka […]. Eta eremu arrea, ostertzerainoko lekaro soila”; horrela hasten da Iñigo Aranbarriren Zulo bat uretan nobelako 10. kapitulua, eta horrela hasten ahalko litzateke A Girl Walks Home Alone At Night (Neska bat etxera doa bakarrik, gauez) Ana Lily Amirpour zuzendari estatubatuar-irandarraren lehen filmaren iruzkina; hartan bezala, honetan ere ikusten baititugu metalezko zikoinak lurra zulatzen basamortu biluzian, eta Aranbarriren kapitulu hark bezala, film honek ere irauten baitu ikuslearen oroimenean. Diferentzia bakarra: Amirpourren lanean ez dugu kolore bizirik ikusiko, A Girl Walks… zuri-beltz zoragarrian baitago filmatua.
Irango alegiazko mamu hiri batean kokatua, Bad Cityn, egunero gauez etxera doan neska ez da, akaso izenburuak nahasgarriki iradoki nahi duen bezala, figura hauskorra; izenburuko neska ez dago inolaz ere arriskuan, bera da –Walter White parafrasatzea zilegi bazait– arriskua. Hau banpiro filma bada ere, etxera gauez eta bakarrik doan neska ez da inongo banpiroren biktima izan, bera baita banpiroa –eta haren papera egiten duen Sheila Vand aktoreak film gutitan ikusten den presentzia indartsuaz eta asaldagarriaz betetzen du pantaila–: aingeru mendekatzaile baten gisa, Said proxeneta eta droga trafikatzaile super matxoa –Dominic Rains aktorea– irendu eginen du gure banpiroak, sinbolikoki bada ere, eta, geroxeago, prostituta bat gaizki tratatu duen gizon bati ere eraso eginen dio.
Pasarte batean, patinete batean ikusiko dugu banpiroa, txadorra hedaturik –Drakularen kapa balitz bezala– eta Nouvelle Vagueko film batetik aterea iduri duen tixert marrakaria agerian: bakarrik pasarte horregatik balitz ere mereziko luke film hau ikustea. Ustez emaztekiaren sumisioaren sinboloa, film honetan, txadorra da, hain zuzen ere, neska banpiroaren presentzia beldurgarriaren indartzailea. Pop kulturak lagunduta, eta Sheila Vanden karismari esker, espantu handirik egin gabe, boterea darion pertsonaia bat eraiki du Amirpourrek.
Ez da hori A Girl Walks… filmak duen bertute bakarra: bi maitaleren arteko munduko eszena malenkoniatsuena ere badugu, eta soinu banda zoragarria, eta David Lynch gogora ekarriko duen trabesti baten dantza, eta James Dean oroitarazten digun aktore bat –Arash Marandi– … DVDak dakarren making-ofean, zuzendariak spaghetti western-a aipatzen du eragin bezala, bai eta Wong Kar-wai-ren In the mood for love ere. Twitterren pelikulak duen kontuak “Iranian vampire western” gisa definitzen duen filma. Eta bai, badu westernetik, eta badu genero banpirikotik, eta gauza anitzetan –hizkuntzan, adibidez, persieraz baitago filmatua– film irandarra da, AEBn bizi diren irandarrek egina betiere. Baina, eragin edo osagai horietarik guzietarik abiatuta, Neska bat etxera doa…, batez ere, etengabe eskemak iraultzen dituen film eder bezain hipnotikoa da.
Txio batean, zuzendaria kexatzen zen filmak zinema aretoetan arrakasta guti izan duelako. Bertze arrazoi bat da gure barneko esnobak pelikula hau maita dezan.
PD: Filma euskarazko azpitituluekin ikusi nahi baduzu, hona lotura: http://azpitituluak.com/euskaraz/1447197694
Zuzendaria: Ana Lily Amirpour
Gidoilaria: Ana Lily Amirpour
Aktoreak: Sheila Vand, Arash Marandi, Marshall Manesh, Mozhan Marnò, Dominic Rains.
Herrialdea: AEB
Urtea: 2014
mmmmm, filma ikusteko irrika bizia sortu zait…