The Green Inferno (Infernu Berdea)
The Green Inferno-ko kredituen akaberan, Italian 70eko eta 80ko hamarkadetan egindako kanibal azpigeneroko film guzien zerrenda eskaintzen digu Eli Rothek: Sergio Martino-ren La montagna del dio cannibale (1978), Ruggero Deodato-ren Cannibal Holocaust (1980), eta Umberto Lenzi-ren Mangiati vivi! (1980) edo Cannibal Ferox (1981), bertzeak bertze. Filma bera, bertzalde, Deodatori dago eskainia –Per Ruggero irakurtzen dugu pelikulan parte hartutako guzien izenak ikusi ondotik–.
Italiako zinema gustuko badut ere, kanibalen azpigeneroak ez nau inoiz gehiegi erakarri, eta, hortaz, aitortu behar dut –lotsatuta aitortu ere– goitiko zerrendatik ez dudala film bakar bat ere ikusi. Dena den, nork bere gustua du, eta The Green Inferno ikusita, Rothen ariketa ez zait iduritzen Quentin Tarantinok western all’italiana-rekin egin duena baina meritu edo zilegitasun gutiagokoa. Bakoitza bere mailan, jakina.
Filmaren lehen erdian, ekologismoa kezka omen duten unibertsitario talde bat ezagutuko dugu: “omen” diot, zere iduri bailuke taldean sartu direla zernahi arrazoirengatik –ligatzeko, coola izateko, bertxioak lortzeko–, ekologismoagatik izan ezik.
Taldea Peruko oihanera joanen da, martxan dagoen deforestazioa salatu eta galarazteko, eta, bidenabarkoan, “mendebaldeko zibilizazioarekin” kontakturik izan ez duen tribu bat salbatzeko asmoz. Helburua erdietsita –tira, mintzatzeko manera bat da, gero jakinen baitugu gauzak ez direla hain sinpleak izan–, bueltako bidaian haien hegazkinak istripu bat izan eta, ondorioz, Amazonian eroriko da. Denak ez du zertan txarra izan: istripuari esker, gure ekologistek berehala izanen dute salbatu berri duten tribua ezagutzeko parada. Enkontruak, halere, ez die zorionik ekarriko, fite ohartuko baitira franko berezia dela tribu horren gustu gastronomikoa, bai eta errezetak prestatzeko modua krudel samarra ere. Hortik aitzinat zer pasatzen den jakin nahi duenak ikus dezala filma, baina ez da zaila imajinatzen. Izenburua zer berdea zen? Infernua? A, ados.
Infernu berdeak hiru geruza ditu: lehenik eta behin, film gore gogorra da, Hostel-eko zuzendariarengandik espero izateko zen bezala –tarteka umore saiakera batzuk badira ere–. Dena den, lehen “sakrifizioa” da asaldagarriena; hura ikusita, gero etortzekoa dena neketan ailegatzen ahal da haren mailara. Filma, bigarrenik, komentarioa politikoa ere bada –eta DVDk dakarren elkarrizketan, halaxe azpimarratzen du hainbat aldiz Eli Rothek berak–: ekologiaren aitzakian sare sozialetan ospea lortu nahi duten aberaskume gisa aurkezten zaizkigu protagonistak. Azkenik, Justine –Lorenza Izzo– pertsonaia nagusiaren bidaia iniziatikoa da The Green Inferno, egiazko ekologista bihurtzerainokoa. Halere, errespetatzeko moduko ekologista bilakatzeko –as opposed to emozio merkeak bilatzen dituen aberaskume ergela–, Amazoniako tribu batek zure lagunak nola txikitzen dituen ikusi bitartean borreroengan batzen gaituen funtsezko gizatasuna igartzeko gauza izatea beharrezkoa baldin bada, orduan, bada, zer nahi duzue erratea, iduritzen zait Eli Rothek langa altuxko paratu duela.
Hori nolanahi den ere, The Green Inferno nahiko film interesgarria da, zer publiko mota bilatzen duen argi daukana, eta, kanibalak protagonista dituen azpigenero horren esparru mugatu samarrean, ikuslea ez aspertzea lortzen duena. Estomaka sendokoa bazara, ez duzu gaizki pasatuko –tira, bai, gaizki pasatuko duzu, baina ulertzen duzue zer erran nahi dudan–. Halere, badaezpada ere, ez ezazu ikusi afaldu bitartean.
Zuzendaria: Eli Roth
Gidoilariak: Eli Roth & Antonio Amoedo
Aktoreak: Lorenza Izzo, Ariel Levy, Aaron Burns, Kirby Bliss Blanton, Madga Apanowicz, Nicolás Martínez, Daryl Sabara, Sky Ferreira, Ignacia Allamand, Ramón Llao
Herrialdea: AEB
Urtea: 2013
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks