Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
La noche del virgen (Birjinaren gaua) – Donostiako Beldurrezko Astearen gaineko oharrak
Atalak: Gore-a
Bai, hauxe da birjina
La noche del virgen (Birjinaren gaua) laneko sarrerak nahiko ongi laburbiltzen du film horrek duen problema nagusia. Urtero Urtezahar gauean, hamabiak jo eta urte berria hasi baino lehenago, Espainiako telebistak Madrilgo Sol plazatik egiten duen saioaren parodia da filmeko lehen minutuak hartzen dituen sekuentzia; pantailan, Anne Igartibururekin eta Ramon Garciarekin antzik ez duten bi aktore (Rocio Suarez eta Ignatius Farray), Anne Igartiburu eta Ramon Garcia direla erraten, eta bi aurkezleen ohiko makulu linguistikoei eta mania estetikoei irri egiten. Arrunt ongi funtzionatzen du sekuentziak: parodia ona da, filmari tonua ematen dio, eta etortzekoa den istorioa girotu ez ezik denbora jakin batean ere kokatzen du. Baina, halere, une batetik aitzinat, filmaren aurkezpena eta hasmentako girotze lana aski ongi egina egonda ere sekuentziak segitzen duela ohartuta, ikuslea –eta lerro hauetan “ikuslea” aipatzen den aldioro, irakurleak uler beza “ni naizen ikusle hau”– zera hasten da pentsatzen, hau bai sarrera luzea, noiz artio atera behar diote zukua txiste honi?
Eta hor, hasmentan, ez da deus gertatzen txistea luzeegia bada ere, zeren, tira, azken batean hasmenta baita, eta parodia xarmanki egina, eta publikoa fresko-fresko oraindik, irri egiteko eta ongi pasatzeko irrikan. Baina geroago ere eskema behin eta berriz errepikatuko da: alegia, filmeko pieza gehienak, narrazioan duten funtzioa ederki betea dutelarik ere, neurrigabe luzatzen dira, nekagarri bihurtzeraino.
Nico, misterioak deskubritzen, moztutako eszenetan behar zukeen pasarte batean
117 minutukoa da Roberto San Sebastianek sinatutako lan hau. Kontatzen duen istorioarekin, film labur luze bat egin zitekeen, edo film luze labur bat. Horren ordez, film luze luzea egin dute, eta emaitza ere horrelakoxea da, luze-luzea, hainbertze, ezen pelikula problema handirik gabe ailegatzen baita luzea aspergarriaren sinonimo bihurtzen den eremu horretara.
Birjinaren sufrimendua
Birjina izatetik gelditu nahi duen baina horretarako okerreko emaztekiarekin joan den gizajo baten istorio honetan, funtzioaren eta neurriaren arteko oreka faltaren problema horretaz aparte, bada –nire uste arrunt apalean– bertze akats bat: erritmoa. Filmaren erdiko partean, ez da gauza handirik gertatzen. Tira, gauza batzuk gertatzen dira –tonu aldaketa bat, adibidez: tarteka, iduri luke filmak bere burua serio hartu nahi lukeela, baina ez dakit hori sobera mesedegarria den istoriorako–, eta irri egiteko aukerak badira, baina, bat-batean, mantso-mantso egiten du aitzinat kontakizunak. Eta, batez ere, demasako gorearen promes egin du film baterako –eta horren promes egiten dute filmaren sinopsiak eta trailerrak, eta horren promes egin zuen Donostiako Antzoki Zaharreko zuzendariaren eta aktore nagusiaren aurkezpen ganberroak–, demasako zera hori ailegatzen denerako beranduegi da.
Pena da, benetan merezi duten irudiak eta ideia zoroak badira film honetan, eta akabera aldera ikusten diren gehiegikeria batzuk Takashi Miikeren adinakoak dira. Baina susmoa dut Nicori (Javier Bodalo) –protagonistari– bezala gertatzen zaiola ikusleari ere: hura Urtezaharreko bestara joan zen bezala, publikoa ere ongi pasatzeko asmoz joan da filma ikustera, baina saria hondarrean iristen delarik –birjina izatetik uzteko aukera, haren kasuan; odola, goitika eta bertzelako gorputz isurkariak ikusteko mementoa, ikuslearenean– nekatuegia dago, eta pentsamendu bakarra du buruan: handik –emazteki haren etxetik edo zinema aretotik– eskapo egitea, bere bizitzarekin segitzeko. Pasarte batean, Medeak (Miriam Martin) –hala baitu izena Nico etxera eraman duen emaztekiak–, aizturrak sartuko dizkio izter batean gure mutiko birjina gizajoari: filmari ere aizturrak sartu izan balizkiote, akaso emaitza hobea izanen zatekeen.
Zuzendaria: Roberto San Sebastian
Gidoilaria: Guillermo Guerrero
Aktoreak: Javier Bodalo, Miriam Martín, Victor Amilibia, Javi Alaiza, Javi Cañon, Ignatius Farray, Julene Lekunberri, Mikel Martin, Rocio Suarez.
Herrialdea: Euskal Herria
Urtea: 2016