Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
Arrival (Etorrera)
Atalak: Zientzia-fikzioa
Zer ari dira erraten estralurtar ostia horiek? Ez dut tutik ere ulertzen
Ez naiz, aitor dezadan lehenbailehen, Denis Villeneuveren jarraitzaile fina. Enemy ikusi nuen bere garaian, eta hotz utzi ninduen. Oker ez banabil, filmak itxura berdin-berdina zuten bi pertsonaia zituen mintzagai, eta, gero, akaberan, armiarma erraldoi bat ateratzen zen nonbaitetik. Tira. Halere, baliteke nirea izatea problema, Kieslowskiren La double vie de Véronique (Véroniqueren bizi bikoitza) ere ez baitzitzaidan bereziki gustatu –antzekotasun erabatekoez den bezainbatean, akaso bikiak nahiago ditut mendi zurituen artean galdutako hoteletako pasabideetan edo insidiosoki sorgindutako etxeetako korridoreetan–.
Alferrikako sarrera hori idatzi dut irakurleak uler dezan nire kritika hau segur aski nire aurreiritzi ulertezinen ondorioa dela, zeren han-hemenka irakurri ditudan iruzkin gehien-gehienak –salbuespenak salbuespen– positiboak baitira –ez dira guti Etorrera urteko filma izendatzen dutenak–.
Estralurtarrak etorri dira lurrera. Hamabi espaziontzi hain zuzen ere, eta, behingoagatik, bakarra joan da AEBra; gainerako guziak, munduan barna bilatu dute lur hartzeko tokia –edo, hobeki errana, lur gainean flotatzen gelditzeko tokia–: Britainia Handia, Txina, Sudan… Guk, nolanahi ere, Estatu Batuetakoa ezagutuko dugu: han, militarrek hizkuntzalari baten –Louise Banks (Amy Adams)– eta zientzialari baten –Ian Donnelly (Jeremy Renner – kosta egin zitzaidan ezagutzea antiojoekin baina arku eta gezirik gabe)– laguntza eskatu dute, heptapodoen –irudimena garaile, hala bataiatu baitituzte bisitariak, zazpi zango edo garro dituztelako– hizkuntza dezifratu eta zer nahi duten jakin ahal izateko. Eta, astiro-astiro, Banksen eginahalei esker, komunikazioa gertatuko da. Ez, ordea, zalantzarik edo anbiguetaterik gabea. Zertara etorri zarete? da argitu beharreko galdemodua; ekarri arma, ulertu die Banksek galaxiatik ailegatutako txibia erraldoiei –edo, nahiago baduzue, izaki lovecraftiar cthulhutiarrei–. Ekarri arma, nahiz eta sobera argi ez dagoen arma erran nahi duten, edo tresna, edo baliabidea, edo gaitasuna, edo, zer arraio, makina-erreminta. Eta ekarri, nork nori? Haiek dakarkigute arma, edo arma eske etorri dira –edo, pauso bat haratago, Imanol Muruaren liburua irakurtzeko asmoz bilatu dute gure planetara daraman bidea–?.
Dezifra ezank hori
Espaziontzira joan diren lehen aldian, Banks eta Donnelly, hizkuntzalaria eta zientzialaria, Sapir-Whorf hipotesiaz mintzatu dira: hipotesi horren arabera, hizkuntzak gure pentsamoldea determinatzen du, erran du Donnellyk, eta bertze hizkuntza bat ikasteak gure burmuina berkonfiratzen ahal du. Hain zuzen ere, horixe gertatuko zaio Amy Adamsen pertsonaiari: estralurtarren hizkuntza ulertu ahala –eta hizkuntza horretan adierazten den denbora-kontzeptu diferentea barneratu ahala–, berak ere denbora estralurtarrek bezala ikusteko gaitasuna garatuko du; horrek ondorio onak izanen ditu gure planetarako, eta ez hain pozgarriak Banksen bizi pertsonalerako.
Merezi du filmaren lehen zatiak: espaziontzien irudi hipnotikoak, haiekin kontaktuan sartu baino lehenagoko erritmo neurtua, dekoratu biluztua… Gero, ez dakit, bada. Batetik, ageriko mezua: itxura mehatxukorreko baina asmo oneko etorki…, zera, estralurtarrak, gizateriari bat egiten lagunduko diotenak; eta, bertzetik, hizkuntzalariaren tragedia pertsonala eta hura onartzeko manera otzana –zure bizian zerbait aldatzeko aukera bazenu, zer edo zer aldatuko zenuke? Arrapostua, nonbait, ezetz da–. Arlo publikoan, onpuskismo –zilegi bekit hitza– aldera lerratzen da filma –eta ohiko eskema manikeo batzuetan erortzen da: Txina gaiztoa, AEB ona–, eta arlo pribatuan, melodrama aldera.
Istorioa, geroago kontatu didatenez, Ted Chiang-en ipuin batean dago oinarritua; irakurri ez dudan ipuin batean, hain zuzen ere –eta irakurri izan banu, ez nukeen aitortuko, zernahi egiteko prest bainago “niri liburua gehiago gustatu zitzaidan” topikoetan topikoena den horretan erori baino lehen–; beraz, ezin ditut konparatu. Halere, filmean badira osagaiak narrazio ona egiteko. Egokitzapen hau zinema bikaina ote den bertze kontu bat da. Arrival ez da, nolanahi ere, film txarra –erran nahi baita, zinemara joan nahi izatera, hori baino aise film txarragoak baditugu aukeran–. Baina, nire uste aski apalean, film bikaina ere ez.
Zuzendaria: Denis Villeneuve
Gidoilaria: Eric Heisserer (Ted Chiangen narrazio batean oinarritua)
Aktoreak: Amy Adams, Jeremy Renner, Forest Whitaker, Tzi Ma
Herrialdea: AEB
Urtea: 2016