Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
Francesca
Atalak: Giallo-a
Esku-larruak
Italiako egile zinema maite dutenek i bokala dute kasik aukera bakarra: Fellini, Pasolini, Antonioni… Garai bertsuko genero zinema italarria gogoko dutenek, berriz, bokal gehiago dituzte aukeran –Argento, Bava, Leone–, betiere i-ari uko egin gabe –Corbucci–, eta hainbat genero: gotikoa, spaghetti–westerna, poliziesco-a, beldurrezkoa eta, jakina, giallo-a. Italiako genero zinemak eragina izan zuen eta badu oraindik bertze hainbat herrialdetako zinematografian, AEBetik Hego Korearaino, Alemania atzendu gabe. Azpimarratzekoa da, halere, garai batean behe mailakoa zen zinema mota batek ez dakit goi mailakoak baina bai bederen cool eta kultukoak diren zenbait zuzendarirengan –Tarantino horren fragagarri– piztu duen interesa.
Gialloa da, beharbada, kasu nabarmenena, zenbait zuzendari tematuak baitabiltza haren osagai funtsezkoenak hartu eta horiekin film kasik esperimentalak egiten: hortxe ditugu, konparaziorako, Hélène Cattet eta Bruno Forzaniren Amer (2009) eta L’étrange couleur des larmes de ton corps (2013). Alegia, jatorrizko gialloak ez bezala, publiko popularra baino gehiago ikusle zinemazaleak helburu dituen filmak dira genero hari begira azken urte hauetan sortzen ari diren pelikula batzuk.
Arma zuriak
Godardek zioen emazteki bat eta pistola bat direla pelikula bat egiteko behar diren osagai bakarrak. Nik ez dakit hala den, baina iduri luke Luciano eta Nicolás Onetti anaiak sinetsita daudela giallo bat egiteko behar diren gauza bakarrak direla esku-larru batzuk, zenbait hilketa –guti goiti-beheiti– irudimentsu, pasarte oniriko-fetixistak, koloreen erabilera estrainio bat eta argitu beharrik ez duen trama makabro bat –a, eta, bistan dena, arma zurien bilduma eder bat–. Emaitzak Francesca du izena, eta Argentinan sortu baina Italian filmaturiko gialloa da.
Eta panpina bat
Luciano Onettik zuzendutako lana giallo arkeologikoa da: zuzendariak eginahal guziak egin baititu pelikulak 70eko hamarkadako Italian egindako film baten itxura izan dezan: autoak, idazmakinak, telefonoak, kolore higatuak, italierazko bikoizketa akastuna… Eta giallo antologiko baten elementu guziak paratu ditu lehen planoan: hiltzailearen esku-larru gorriak, trama korapilatsua –duela hamabortz urte, Francesca izeneko neskatiko bat desagertu zen; akaso argitu gabeko desagerpen hari daude lotuak orain gertatzen ari diren hilketa makabroak–. Francesca, alta, ez da ate egokiena gialloaren mundura sartzeko; izan ere, film honekin generoa aldez aurretik ezagutzen duten zaleek gozatuko dute, inork gozatzekotan. Zeren, fideltasun handiz 70eko hamarkadako genero jakin bat berreraiki nahi izan duten film honetan gauza bat atzendu baitzaie zuzendari-gidoilariei: ikuslea –baita ikusle hasiberria ere– harrapatuko duen istorio bat asmatzea.
Lerro hauek idazten ari naizen bitartean, oraindik ez dakit –badaitort– zehazki nor den filmeko hiltzailea, eta are gutiago zer dela-eta ari zen jendea erailtzen. Baina gustatu zait maite dudan zinema italiar mota horren giroa aurkitzea, bai eta tarteka erreferentzia batzuk –hala nola Dario Argentoren Profondo rosso (1975) edo Massimo Dallmanoren Cosa avete fatto a Solange? (1972)– ezagutzea ere. Halere, zenbaitetan nekagarria egiten da irudi eta keinu orotan zuzendariaren aldarrikapena aditzea –“Hau giallo bat da! Hau giallo bat da!”–: bai, ederki, ulertu dugu; orain, konta iezaguzu zerbait.
https://www.youtube.com/watch?v=r_J7wFrQTOE
Francesca zaleendako bitxikeria bat, eta haiendako ere izan dezakeen balioa franko mugatua da, nire ustez. Hurrengo filmean trama interesgarri bat sortzen asmatuko balute zuzendariak eta gidoilariek, bada, auskalo. Momentuz, gialloa ezagutu nahi lukeen edonork hobe luke jatorrizko iturrietara jo; eta gero, astia eta gogoa balitu, ikus dezala Francesca.
Zuzendaria: Luciano Onetti
Gidoilaria: Luciano Onetti & Nicolás Onetti
Aktoreak: Luis Emilio Rodríguez, Gustavo Dalessandro, Raul Gederlini, Silvia Grippaldi, Evangelina Goitia
Herrialdea: Italia, Argentina
Urtea: 2015