Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
Glass (Kristala)
Atalak: Zientzia-fikzioa
Urdina, horia, berdea
Une batean, M. Night Shyamalan-en film berrian Filadelfiako eraikin altuena ikusten dugu egunkari batean; mirari bat da, dio lerro-buruak, edo horrelako zer edo zer. Irakurtzeko astirik ez duenak ere mirari solasa ikusiko du: marvel. Akaberan, eraikin horretan, Washingtongo ordezkariek omenaldi bat egin behar diote norbaiti. Ez naiz oroitzen nori edo zergatik; gogoan dut, ordea, filmeko albistegian telebista batean ageri den lerro-burua: D. C. Reps… Bere aitzineko bi filmetako superheroiak juntatu ditu Shyamalanek Glassen: Unbreakable (2000) filmeko Elijah Price (Samuel L. Jackson) –kristalezko hezurrak zituen bilaua– eta David Dunn (Bruce Willis) –hain zuzen ere hautsezina den heroia–, batetik, eta, bertzetik, Split (2016) pelikulako Kevin Wendell Crumb (James McAvoy) –24 nortasun zituen pertsonaia, bai eta komiki egile baten deitura ere–.
Izen aliteratiboki marvelarra duen arren, David Dunnek Batman ekartzen du gogora filmaren hasmentan –eta akaso ez da kasualitatea bere lehen etsaia Superman kolpeak ematen dituen ergel bat izatea–: begiak estali baina sudurra eta ahoa libre uzten dituen xira ilun eta luzea, isilean agertzeko joera, ilunpetan egoteko tema, mutil gazte bat –semea: gehiago Dick, Damian baino– laguntzaile izatea. Baina Batman –DCko filmetako behin eta berriz errepikatzen den txiste batek azpimarratzen duen bezala– ez da superheroi bat, gauenara mozorroa janzten duen tipo aberats bat baizik. Edo bai, Juan Gómez-Juradoren eta Arturo González-Camposen Batman mola más que tú (Batman zu baino coolagoa da) liburu gomendagarriaren arabera, superheroia da; edo, bai bederen mozorro beldurgarria eta tramankulu teknologikoak erabiltzen dituen gizon arrunt bat baino aise gehiago. Eta horra filmeko gai bat: superheroiak ote dira Price, Dunn eta Crumb? Edo, bertzerik gabe, gaitasun bereziak dituzte? Erran nahi baita, gaitasun beharbada harrigarriak, baina inola ere ez superheroi izendapenik justifikatuko luketenak. Hain justu ere, horixe ari da ikertzen Ellie Staple doktorea (Sarah Paulson).
Nire irudipena izan daiteke, baina norbait haserre dagoela erranen nuke.
Joker izen liteke Elijah Price, hezur hauskorreko pertsonaia: badu eromen puntu bat, badu Jokerren dotorezia eszentrikoa, badu manipulatzeko eta broma hilgarriak egiteko plazera. Joker izan liteke, gurpildun aulki horretan bertze pertsonaia bat gogora ekarriko ez balu, hain justu ere hirugarren aktoreak, James McAvoyk, bertze film batzuetan gorpuztu duen pertsonaia. Dei diezaiogun X. Edo Xavier. Irudi horren bidez, Shyamalanek konjuratu egiten du X-men-eko film zein komikietako gai nagusietarik bat: mutanteen kontrako herra, superheroien aurkako mesfidantza, Bolivar Trask-en Zentineletarik Lydia Nance-ren gorroto kanpainetaraino, Diferentea denak eragiten duen izua. Azken buruan, gorroto edo mesfidantza horren azpian, diferentea dena isilarazteko edo, beharrezkoa balitz, desagerrarazteko gogoa dago. Shymalanen filmean, horixe da Ellie Stapleren ikerketaren helburua: hiru protagonistei ikusarazi behar die ez direla bereziak, ez direla superheroiak, eroak direla, izatekotan, baina berak sendatzen ahal dituela.
Pertsonaia sinesgaitzak gogoetagai serioa dituen film honetan, dena sinesgarriago egiten du aktoreen lanak: guziak –Jackson, Willis, McAvoy, Paulson– bikain daude, nor bere erregistroan. Istorioa erritmo bizi-bizikoa izan gabe, ez da inoiz aspertzeko astirik. Eta hori ere eskertzekoa da bi ordutik goiti irauten duen lan batean.
Bihurrikeria bat egitea pentsatu dut…
Superheroien komikien munduari omenaldi ederra da Glass. Eta, Elijah Pricek pasarte batean egoki zehazten digun bezala, ez da pertsonaiek beren trebetasunak erakuts ditzaten balio duen ale berezia, jatorrien kontakizuna da. Film honetan dagoen borrokarik funtsezkoena ez da Bruce Willisen pertsonaiaren eta James McAvoyrenaren arteko borrokaldi fisiko ikusgarria, pertsonaia bakoitzak iraganean –haurtzaroan– izandako sufrimendua gainditzekoa eta gaur egun onartuak izatekoa baizik. Munduan superheroiak badirela da filmak helarazten digun lehen mezua. Mezu positiboa, beraz, baikorra. Badu, halere, bigarren mezu bat. Bigarrena hain positiboa ote den erabakitzea ikusleen esku utziko dut.
Ez naiz ni M. Night Shyamalanen fan bereziki amorratua. Mundu guziak bezala, The Sixth Sense (1999) ikusi nuen. The Village (2004) eta The visit (2015), berriz, ez nituen ikusi; bietarik bigarrena ikusteko asmoa badut halere, ez, ordea, lehena. Unbreakable zoragarria iduritu zitzaidan, baina Split-ek hotz utzi ninduen. Gauzak horrela, nire zalantzak banituela joan nintzen Glass ikustera. Baina iduritzen zait oraingoan film puska egin duela zuzendariak.
Hori bai, beharbada ni bezala tristuraz beteko zaituen film puska.
Zuzendaria: M. Night Shyamalan
Gidoilaria: M.Night Shyamalan
Aktoreak: Bruce Willis, Samuel L. Jackson, James McAvoy, Sarah Paulson, Anya Taylor-Joy, Spencer Treat Clark, Charlayne Woodard.
Herrialdea: AEB
Urtea: 2019