El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak)
Larunbatean, urriak 26, hasi zen aurtengo Donostiako Beldur Astea. Edo, hobeki erranda, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astea, larunbatean beldur guti pasatu baitzuten Antzoki Zaharrean bildutakoek.
Sitgesetik sari bat zekarrela eman zion hasiera El Hoyo (Zuloa) filmak asteari. Vincenzo Natali-ren Cube (Kuboa, 1997) aipatu didate han-hemenka Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendu eta Donostiara ekarri duen filmaren eragin nagusi gisa. Formari dagokionez hala bada ere, edukiaz den bezainbatean nik Bong Joon-ho-ren Snowpiercer (Elur zulatzailea, 2014) lanaren itzala sumatu nahi izan dut, bai eta Richard Fleischerren Soylent Green (1973) klasikoarena ere, korearraren filma azken honen bertsioa den heinean bederen. Bong Joon-Horen eta Fleischerren distopietan, gainpopulazioa da gai nagusia, baina horrek elikaduran –zer jaten duten pribilegiatuek eta zer deus ez daukatenek– ekartzen dituen ondorioek ere badute pisua bi filmetan, 1973koari izenburua emateraino.
El Hoyoko distopian, elikadura da gai nagusia, elikadura banatzeko manera bidegabe eta desorekatua hain zuzen ere. Kartzela itxura duen eraikin batean, presoak –dei diezaiegun horrela– binaka bizi dira bata bertzearen gainean dauden hainbat pisutan. Gela bakoitzaren erdian, zulo handi bat; hortik, zulo horretarik, karga-jasotzaile bat jausten da egunero, goi mailako sukalde batean prestaturiko platerez betea, eta minutu batzuez gelditzen da pisu bakoitzean. Gaurgero mekanika argi dago naski: lehen pisuetakoek nahi adina jaten ahal dute; azkeneko pisuetakoek, berriz, goitikoek utzitako hondarrak, edo deus ez. Bikoteak hilero mugitzen dituzte solairuz, baina ezin da jakin egokituko zaien solairua dutena baino hobea –altuagoa, alegia– izanen ote den, edo kaskarragoa. Zenbat solairu dauden? Hori ez dugu hemen kontatuko, baina zaputz handirik egin gabe erraten ahal da pertsonaia batek gutienez 150 badirela kalkulatzen duela.
Hortik abiatuta, filmak dilema etikoak aurkezten dizkigu –beheitiko solairu bateko preso batek bizikidea hil eta jaten badu, bere ardura pertsonal hutsa da erabaki hori, eta sistemak behartu du hori egitera, biziraunen badu?–, eta iraultzari eta iraultzerako beharko litzatekeen elkartasunari buruzko gogoeta interesgarriak egiten ditu. Pena da, ur sakonetan murgildu ondotik, iduri duela zuzendariak edo bi gidoilariek edo hirurek ez dutela aterabidea aurkitzen jakin; ez, bederen, lerro hauek idazten ari naizen hau gogobeteko zuen aterabidea. Izan ere, hondarreko bortz minutuek-edo itsustu egiten dute bertzenaz generoko lan ederra den film hau. Aktoreen lana bikaina baita, eta istorioak berehala harrapatzen baitu ikuslearen arreta. Film ona, ikustea merezi duena, baina akabera sasi-itxaropentsua eman nahian hondarreko minutuetan dezepzionatzen duena.
Antzoki Zaharrean, zuzendaria, gidoilaria eta filmeko zenbait aktore izan genituen. Zuzendaria berezkoa zuen euskaraz mintzatu zitzaigun, eta aktore gehienak zer edo zer –ikasia zekarten esaldiren bat– erran zuten euskaraz. Aspaldiko partez, euskara izan zen nagusia film baten aurkezpenean. Horretan ere, txalo bero bat Galder Gaztelu-Urrutiari eta harekin etorritakoei.
Zuzendaria: Galder Gaztelu-Urrutia
Gidoilariak: David Desola & Pedro Rivero
Aktoreak: Ivan Massagué, Emilio Buale, Zorion Eguileor, Alexandra Masangkay, Antonia San Juan.
Herrialdea: Espainia
Urtea: 2019
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks