Douce France (I)
2010ean Srdjan Spasojevic-en A Serbian film ailegatu baino lehen, Frantziako bi filmek piztu zuten polemika aitzineko urteetan. Lehendabizikoa, Julien Maury-ren eta Alexandre Bustillo-ren À l’intérieur (2008) izan zen; bigarrena, Pascal Laugier-en Martyrs (2009). Bietan erakusten zen bortizkeria gehiegizkoa omen zen, grafikoegia eta, zenbaiten ustez, justifikaziorik gabea. Edonola den ere, bi film horiek halako ospea eskuratu bazuten ere, ez dira, Frantziari eta beldurrezko zinemari dagokienez, adibide bakarrak. Azken bolada honetan, genero horretako film sorta ederra eskaintzen baitu zinema frantsesak urtero-urtero. Eta, beharbada, Alexandre Aja-ren Haute tension (2003) filmak, hau da, lerrootara ekarri behar dugun hirugarren filmak jarri zuen abian joera hori. Uholde bat izan gabe, olaturik ere osatzera iritsi gabe, bai baita non aukeratua gaurko filmografia frantsesdunean: Fabrice du Welz-en Calvaire (2004) edo Xavier Gens-en Frontière(s) (2007) filmetatik hasi eta Hélène Cattet-en eta Bruno Forzani-ren Amer (2009) edo Antoine Blossier-en Proie (2010) lanetara.
Badira, halere, gaurkorako aukeraturiko hiru filmak biltzen dituzten hari batzuk. Hirurek, hasteko, lehen mailako filmak izan nahi dute. Lehen mailakoak, kalitateari dagokionez; eta lehen mailakoak, zuzendariek ez baitute ez parodiarik, ez omenaldirik, ez bigarren gradurik egin nahi izan. Zuzendarien eraginak eta iturriak agerian diren arren, hiru film horiek ez dira zinemazalearendako eginiko erreferentzia bilduma bat; zuzeneko filmak dira hirurak: ikusleari izua, nazka edo ezinegona sorrarazi nahi dizkiote, eta bakar batean ere ez dago tentsioa arinduko duen umorerik, ezta mainstream-era moldatzeko ahaleginik ere. Bi filmekin bederen (Haute tension-ekin eta À l’intérieur-ekin) gozatu eginen dute jeneroa maite dutenek. Hirugarrenarekin, nire ustez hoberena den arren (edo, akaso, hoberena delako), gozatu ez da hitz egokiena.
Film txar anitz akaberak salbatzen dituen bezala, akaberak hondatzen du Haute tension. Merkea, absurdoa eta irri-emangarria izateaz gainera, ulergaitz bihurtzen ditu aitzineko minutuetan ikusiriko gauza ugari. Beraz, filmaz behar bezala gozatzekotan, atzentzen saiatu beharko du ikusleak bukaeran proposatzen zaigun azalpena.
Haute tension-eko hasmentako minutuetan, bi neska ikusiko ditugu, Alex (Maïwenn Le Besco) eta Marie (Cécile de France), herrira joaten, lehendabizikoaren etxera, hain zuzen ere artasoro artean galdutako etxe bakarti batera, ikasteko behar duten lasaitasunaren bila. Lehen gauean, ordea, gizon bat hara joan eta Alexen familia osoa –aita, ama, anaia txikia– hilen du odol hotzean, inolako azalpenik eman gabe. Hura bahitu eta alde eginen du, Mariek orpoz orpo segitzen diola. Alexandre Ajaren lan honetako planteamendua, aitor dezagun, ez da sobera originala, eta ehunka filmetan dugu ikusia: zibilizaziotik itzuri natura ustez aratzera egindako bidaia infernurako bidaia bihurtzen da azkenean. Tobe Hooper-en The Texas Chainsaw Massacre filmak, konparaziorako, ez du bertzerik kontatzen.
Haute tension-eko indarra bertze nonbait dago. Bortizkeria erakusteko manera gordinean, gorea lantzeko zuzeneko moduan, ikuslea harrapatu eta sofan iltzatua atxikitzeko gauza den film bat egiteko borondatean. Bai eta, batzuetan, istorioko osagai guztiak eszena bakar batean biltzeko gaitasunean: momentu gogoangarri batean, Mariek, ezkutaleku duen armairu baten barnetik, hiltzailea ikusiko du bere lagunaren ama bizar-nabala batekin akabatzen. Film osoa hortxe dago: biolentzia lehor eta gupidagabea, odola, eta pertsonaia nagusia armairutik atera ezinik: pena da, zinez, akaberan hondatu izana eszena horretan hain ederki laburbildutakoa.
Frantzian kaleraturiko DVDak dakarren elkarrizketa luze batean, Mauryk eta Bustillok Haute tension aipatzen dute beren filma egiteko tenorean izandako eraginen artean. Baina bi zuzendariek are urrunago eraman zuten Ajaren filmaren ezaugarri batzuk.
Istorioa ezin sinpleagoa, eta, Haute tension-en bezala, akabera arte ikusleak ez ditu pantailan gertatzen ari denaren arrazoiak (honetan, halere, bertze hartan baino sinesgarriagoak dira). Haurdun zegoelarik, senarra hil zitzaion Sarah-ri, biok errepidean izandako istripu batean. Bertze autoko gidariak ere bizia galdu zuen ezbeharrean. Orain, ospitalera erditzera joateko bezperan, Gabon gaua bakarrik igaro behar du Sarahk Paris inguruko bere etxean. Emazteki misteriotsu bat, ordea, haren etxera sartuko da, eskuan tamaina ederreko aizturrak dituela, zesarea heterodoxo bat egiteko asmoz. Hortik aurrera, bien arteko borroka latza ikusiko dugu, gorpu mukuru galanta eta odol arrasto ikaragarria gibelean utziko dituena (arrazoi bat edo bertze dela, zenbait pertsonaia azalduko dira Sarahren etxean: ama, lantokiko nagusia, polizia…; soineko beltzeko emaztekiak guziak garbituko ditu). Beraz, film ia-ia osoak gertaleku bakarra du (Sarahren etxea), eta bi aktorek, Alysson Paradis-ek –Sarah– eta Béatrice Dalle-k –soineko beltzeko emakumea– daramate istorioaren zama handiena gore besta itogarri honetan. Biek ederki egiten dute beren papera, baina Dallerena da, dudarik gabe, izugarriena eta, gainera, filma zinema fantastikora hurbiltzen duena, momentu anitzetan ez baitakigu sobera ongi benetako gizakia den eta iraganetik (edo auskalo nondik) agertutako mamua.
Haute tension-en bezala, À l’intérieur-en ere zuzendariek ez dute denbora gehiegi erabiltzen pertsonaiak aurkezten. Motibo nagusia azaldutakoan, infernura garamatzate zuzen-zuzenean: hogeigarren minuturako tentsioa piztu, eta filma bukatu arte ez dute itzaliko. Eta oroimenean gelditzen diren horietarik da etorriko den hil edo biziko borrokari hasiera ematen dion eszena: Sarah ohatzean lo dagoelarik, logelara sartu zaio zer den, mamua edo emaztekia, ez dakigun gizaki hori. Aizturrak daramatza eskuan. Hurrengo planoan, aiztur horiek ikusiko ditugu, Sarahren sabel gainetik labaintzen, zilborreraino iritsi arte. Bertan emandako ziztadaren minak aterako du Sarah loaren erresumatik, eta orduantxe hasiko da bien arteko norgehiagoka bortitz eta odoltsua. Akabera, egon zaitezte jakinaren gainean, ez da zoriontsua izanen.
Ikus Haute Tension filmeko trailerra:
Ikus A l’interieur filmeko trailerra:
(Oharra: testu hau Nabarra aldizkariaren azken alea agertu zen).
4 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Livide « Santi Leone - [...] bide berritik jo dutela Livide –beren bigarren filma– egiteko tenorean. Lehendabizikoan (À l’intérieur, dagoeneko komentatua blog honetan), istorioa hasi…
Aupa Santi! Ez naiz sekula zinema-fantastikoaren zale sutsu izan (ezjakintasunagatik ziurrenik), baina egia aitortuko badizut, zure lehen post hau irakurrita, iruditzen zait hemendik aurrera, batzuk ikusten hasiko naizela. Ongi etorri ARGIAko blogen komunitatera!
Esker mila ongietorriagatik. Eta zure erantzunagatik, orain arte jende gehienak hau erran baitit: testua interesgarria zen, baina filmak ikusi, ezta pentsatu ere! Beraz, animatzen bazara, primeran!
Zorionak, Santi, blogarengatik. Hiru kontu: 1. Apur bat harritu nau artikulu honetan Gaspar Noé-ren Irréversible filma aipatu ez izana. 2. Testuak jorratzen dituen zinemagintzaren estetika nondik datorren azaltzea ondo legoke: Antonin Arthauden krudelkerian antzerkia, Georges Batailleren okerrenaren, gaizkiaren eta gehiegikeriaren estetika..( http://goiena.net/blogak/kixmi/tximino-azefaloa ). 3. Ondo legoke blog hau estekekin hornitzea, filmetarako torrent-ak, azpidatziak… Noski, Santik ez baditu artikuluetan jarri nahi, lege arrazoiengatik, erantzunetan jar genitzakeen, irakurleon artean.
Esker mila zuri iruzkinagatik. Arrazoina duzu Gaspar Noéren kontuan, baina ez dut Irréversible ikusi (halere, ikusi beharrekoen zerrendan dago, eta zure iruzkinaren ondoren, lehentasuna dauka). Artaud eta Bataille daude zinema horren estetikaren gibelean, eta hurrengo postean komentatuko dudan filmaren zuzendariak, Pascal Laugierrek, Bataille izena aipatu zuen behin baino gehiagotan bere lana justifikatzeko. Beraz, bai, horretan ere zuk arrazoin.
Azken puntuari dagokionez, ni klasikoa naiz: DVDak erosi egiten ditut, karatulak gustuko ditut, eta 2 (edo 3) diskoko edizio berezia ikustea eta Pavloven zakurraren antzera listua isurtzen hastea dena bat izaten da nire kasuan. Erran nahi dut ez ditudala erabiltzen zuk aipatzen dituzun tresnak, eta, hortaz, neketan aipatzen ahalko nituzke blogean. Baina irakurleen artean jartzen badituzue estekak, bada, ederki iduritzen zait.