Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
Vendetta dal futuro
Atalak: Zientzia-fikzioa
Alemaniako kartela: Paco
Film harrigarriak –film harrigarriki txarrak, zenbaitetan– ikustea gustuko duenarendako, Italia hondorik ez duen meategia da. Hainbat hamarkadatan ez zen alferrik industria zinematografiko indartsua izan, Europako indartsuenetarik segur aski, urtero ehunka titulu argitaratzeko gauza zena. Genero batzuk asmatzeaz gainera, hala nola peplum-a edo giallo-a, tradizio aski luzea zuen bertze bat, western-a, hartu eta arau berriak eman zizkion. Zientzia fikzioan ere ez da lan originalik falta; adibidez, Mario Bava-ren Terrore nello spazio (1965) inspirazio iturria izan zen Ridley Scottendako Alien (1979) filmerako. 80ko hamarkadan, halere, inspirazio iturria izan beharrean, inspirazio bila ibiltzen ziren zuzendari italiarrek munduan arrakasta izandako zientzia fikzioko pelikuletan, eta AEBko sona handiko film guziek beren kopia izan zuten Italian: Mad Max, Alien, Blade Runner, Star Wars, Terminator, The Warriors…
Kopia diot, zeren helburua horixe baitzen, film hura ikusteko pagatzera zihoan publikoari sinetsaraztea ikusi behar zuten filmak loturaren bat bazuela jatorrizko ereduarekin; are gehiago, karteleko demaseko irudiek baten bat filma jatorrizkoaren egiazko sekuela zela pentsatzera eramanen balute, bada, hainbat hobe. Maiz, irudimena, batez ere, karteletan erabiltzen baitzen; filmean berean, eskuar zituzten baliabide gutiekin ahal zutena egiten zuten Luigi Cozzi, Enzo G. Castellari edo Joe d’Amato bezalako zuzendariek. Edo lerro hauetan komentatu behar dugun filmeko zuzendariak, Sergio Martinok.
-Zer ari zarete? -Gauzak egiten? -Gauza matxiruloak? -Bai, gauza matxiruloak.
Vendetta dal futuro ez da Martinok filmatu zuen zientzia fikzioko lan bakarra –2019. Dopo la caduta di New York (1983) ere hor dugu–, baina garai bertsuko bertze zuzendari anitz bezala, hainbat generotan ibili zen: gialloan –I corpi presentano tracce di violenza carnale (1973)–, poliziottescoan –La polizia accusa: il servizio segreto uccide (1975)– eta abarretan. Nolanahi ere, garaian garaikoa egin behar, eta 80ko hamarkadan zientzia fikzioa zen modako generoa.
Hau Terminatorren ere agertzen zen.
Etorkizuneko mendekua-ren eredua James Cameronen 1984ko Terminator da. Martinoren filmean ere ziborg bat (Daniel Greene) politikari ekologista bat erailtzera etorri da. Ez da, halere, etorkizunetik etorri, eta, hortaz, izenburuko futuroa zer ari den izenburuan egiten da filmak erantzun gabe utziko dituen galdera guzietarik lehena. Bigarren kontua da etorkizunetik etorri ez den ziborgak Paco duela izena, Paco Queruak zehazkiago izateko, eta, jakina, hortik aitzinat zaila da filma seriotan hartzea. Enfin, afera da politikari ekologistari kolpe hilgarria emateko zorian zegoelarik, Pacok bere gizatasun galduaren arrastoren bat sumatu eta bizia barkatzea erabaki zuela. Eta horrela, robota edo gizakia ote den duda bladerunnerriarra argitu nahian, gure Paco Arizona aldera abiatu da, gaiztoak segika doazkiola. Arizonan ez du deus eginen bertze nonbait egin ez zezakeena, baina basamortuan barna ibiliko da auto zahar herdoildu batean, eta horrek, ezinbertzean, Mad Max (1979) ekarriko digu gogora.
Arizonako ostatu malapartatu batean Linda izeneko emazteki bat (Janet Agren) ezagutuko du –eta guk sinetsi nahi dugu Linda Hamiltonen omenez paratu diotela Linda pertsonaia horri, baina auskalo–, eta bertze abentura batzuen artean, Blade Runnerreko Pris, alegia Daryl Hannahk antzeztu zuen replikantearen itxura duen ziborg baten bisita izanen du. Ziborg hori nork igorri duen ere ez dakigu, baina ez gara orain gidoiarekin milinga jarriko. A, eta besoan zauririk izan ez arren, eszena batean besoaren larru-azala urratuko du, barnean kableak eta burdinak dituela ikusi ditzagun.
Zera, hemen bero egiten du gero!
Aktore txar samarrak, elkarrizketa irri-emangarriak, egoera absurdoak, inkoherentziak nonahi, eta halere filmak badu bere xarma. Bakarrik badago, ikuslea handik eta hemendik ebatsiriko erreferentziak aletzen dibertitzen ahal da, eta lagunekin badago, bada, gauza bera, baina lagun artean. Bertzalde, beti izaten da sorpresaren bat. Pasarte batean, gure Pacok gogoratzen du istripu bat izan zuela, eta gero iluntasuna etorri zela, eta gero bat-batean itzarri zela robot bihurtuta. Niri horrek Robocop dakarkit gogora, baina Martinoren Paco 1986koa da, eta Robocop 1987koa. Ez dakit Paul Verhoevenek film hau ikusi ote zuen, eta bilatu arren, Interneten ez dut deus aurkitu. Auskalo. Lehenago erran dudan bezala, ez litzateke Italiako B edo Z serieko filmak AEBko zuzendariendako inspirazio iturri diren lehen aldia.
Zuzendaria: Sergio Martino.
Gidoilariak: Sergio Martino, Elisa Briganti, Saul Sasha & John Crowther.
Aktoreak: Daniel Greene, Janet Agren, George Eastman, John Saxon.
Herrialdea: Italia.
Urtea: 1986.