Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
Girl on the Third Floor
Atalak: Beldurrezkoa
Uste dut tirita bat behar dudala.
Travis Stevens-en Hirugarren solairuko neska filmaren gauza harrigarrienetako bat da ez dugula benetan ezagutzen nor den hirugarren solairuko neska. Nik, behinik behin, bi hautagai ditut buruan, eta filma ikusi ondotik baten istorioa ez zait batere argi gelditu. Orobat, ez zait batere argi gelditu zergatik sailkatu beharko genukeen film hau beldurraren generoan.
Hasmentan, Don Koch (C. M. Punk, aktore bihurtutako borroka libreko borrokalari ohia) ikusten dugu zakurrak lagunduta erosi berri duen etxera sartzen. Hobeki erranda, emazteak erosi berri duen etxera sartzen, ideia Donena izan bada ere, etxe horretan berritik hasteko aukera izanen dutelakoan eta abar. Kontua da emaztea etorri bitartean, Don etxea konpontzera joan dela. Hurrengo orduan ez da gertatuko Property Brothers-en kapitulu bat ikusi duena harrituko duen deus: etxea erreformatzen hastearekin sorpresa bat bertzearen gibeletik aurkituko du Donek: tutu zaharrak, sekretuak altxatzen dituzten paretak… Problema bakarra C. M. Punk ez dela munduko aktorerik onena, eta zenbait momentutan zinez eskertuko genukeen Jonathan eta Drew biki sinpatikoak agertu izan balira filmari mugimendu pixka bat emateko.
Pisuak erakusten dituzten bizkien ordez, bertze pertsonaia batzuk ezagutuko ditugu Donek erreforma egin bitartean: Donen emaztea, Liz (Trieste Kelly Dunn) –bikote horretan dirua irabazten duena da, eta haurdun dago–, etxe ondoko eliza protestanteko artzaina (Karen Woditsch) –zeinaren funtzioa aholku topikoak eta azalpenak ematea baita, gauza handirik azaltzen ez badu ere–, ostatu bateko jabea (Marshall Bean) –zeinaren funtzioa etxearen inguruko komentario ustez asaldagarriak egitea baita, inor asaldatzen ez badute ere–, eta Doni laguntzera etorriko den Milo laguna (Travis Delgado) –zeinaren funtzioa izanen baita, gizon beltza denez, eraila izaten lehendabizikoa izatea; edo, beharbada, lehendabizikoa da hiltzen zeren ordurako, kasik ordubete igarota, tenorea baitzen filmean gauza beldurgarriren bat gerta zedin eta hari tokatu behar–.
Uuuu, mamua naiz, uuuu!
Hori guzia baino inportanteagoa: Donen eta etxearen iraganari buruzko gauza batzuk ikasten ditugu. Doni dagokionez, senar eta herritar eredugarria dela ikasten dugu: alkoholiko ohia, emaztea engainatzera jarria, bere bezeroei iruzurra egin zien eta hamabortz urteko kartzelaldia jasotzetik doi-doi libratu zen. Horregatik nahi izan du etxe erosi berrian zerotik hasi, nahiz eta Sarah (Sarah Brooks) auzokide gazte erakargarriak bisita egiten diolarik ikusten dugu gauza batzuk bederen ez direla sobera aldatu. Eta etxeari dagokionez, duela ehun urte prostituzio-etxe bat izan zela kontatzen zaigu, eta emazteki batzuk hil zirela han. Orain ehun urte gertatu baina gizonen axolagabekeriagatik argitu gabe gelditu ziren erailketa haiek direla eta, orain etxeak mendekua hartzen du etortzen diren gizonen kontra.
Neurri handi batean, generoen arteko harremanak dira filmaren gaia, eta pelikulak feminista izateko aspirazioa ere badu: arestian aipatua dugu Donen maskulinitate toxikoa. Filmak, orobat, argi uzten du etxea Liz-ek erosi duela, eta Liz dela etxe horretara aldatuta harremana salbatzeko eginahalak egiten ari dena, ilusio handirik ez badu ere: “Nire senarra putakume hutsa da” erranen dio artzainari; eta hark zera erantzun, “gauza bera aditu behar izan dut emazteki anitzen ahotik”. Milok, segur aski film osoko pertsonaia gustagarriena izanda ere, “bro-code” erantzuten dio Doni, hark Liz emazteari gauza bat ez kontatzeko eskatzen diolarik. Eta burdel izandako etxeko mamu batek azalduko duen bezala: arrakasta handia izan nuen gizonen artean, baina inor ez zen nire desagerpenarekin asaldatu, inork ez zuen galderarik egin.
Hurbildu zaitez lasai, mailu hau lagun batendako da.
Girl on the Third Floor filmak aspaldi honetan bertze film anitzek egin duten akatsa egin du: pentsatu du gai inportante bat lantzea –arin lantzea– aski dela filma ona izan dadin. Eta bai, ikuslea aski goiz ohartzen da Don alfa ar nazkagarria dela, baina etxea etxe sorgindua denez eta filma beldurrezko filma denez, ikusleak –ikusle honek, bederen–misterio pixka bat ikusi nahi luke, beldurra sortzen duten gauzak, ezinegona eragiten duten gertakariak. Edo, akabera ikusita, istorio koherente bat ere eskertuko luke. Hori guzia falta du Hirugarren solairuko neskak. Travis Stevensen filma aspergarria da, eta istorioak ez du funtzionatzen. Anaia bikiek hobeki saltzen dituzte etxeak, sorginduak izan ala ez.
Zuzendaria: Travis Stevens.
Gidoilariak: Greg Newman & Trent Haaga.
Aktoreak: C. M. Punk, Trieste Kelly Dunn, Karen Woditsch, Sarah Brooks, Travis Delgado, Marshall Bean.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2019.