Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
The Innocents (Errugabeak)
Atalak: Beldurrezkoa, Drama
Hau beldurra! Ez, broma da.
Txioka aritzeko balio duen sare sozial batean hainbat komentario ikusiak nituen, hala nola “ortzirale honetan estreinatu duten filmik trinko eta asaldagarriena”, edo “dagoeneko aurtengo nire beldurrezko film gogokoena”, eta –behin baino gehiagotan– bertze izenondo batzuekin batera espeluznante solasa agertzen zitzaidan –erdarazko txioez ari naiz–, Elhuyarrek “ikaragarri” gisa bihurtzen duena euskarara. Itzulpena ezin hobeki heldu zait, gure hizkuntzan ikaragarriari bertze izenondo bat gehitzen ahal baitiogu, eta horrela erraten ahal dut The Innocents bai ikaragarria dela, baina ikaragarri luzea eta ikaragarri aspergarria. Eskil Vogt-en film honetan beldurrak ikara guti sortzen baitu.
Lehen irudietan, familia bat badoa etxe berrira, eta bi planotan filmeko bi protagonista nagusiak, edo nagusietarik, aurkezten dizkigute, biak autoan doan neskato baten ikuspuntutik ikusiak: batetik, etxe merkeen urbanizazioa, eraikin garai eta despertsonalizatuez osatua eta, bertzetik, neskatoaren ahizpa autista, antza min fisikorik sentitzen ez duena edo mina sentitu arren adierazteko gauza ez dena.
Zer, aspertuak? Ba, ikusleak…
Auzo berrian, neskatoak, bakarrik lehendabizi eta ahizparekin batera geroago, bertze bi haur ezagutuko ditu, ezaugarri komun batzuk dituztenak: etxeko egoera konplikatua dute eta botere telepatiko eta telekinesikoak erabiltzeko gauza dira. Eta hara non aurkituko duten ahizpa autistak ere horrelako botereak badituela. Nerabeak superbotereekin, beraz. Deus berririk ez, The New Mutants (Josh Boone, 2020) ikusi baduzue –diferentzia bakarra litzateke Booneren filmak, pasarte batzuetan, beldurra ematen duela–. Are gehiago, botere horiek hobeki funtzionatzen dute baldin eta nerabeak telepatikoki elkarri lotzen badira. Berriz ere, deus berririk ez, Katsuhiro Otomo-ren Akira manga irakurri baduzue. Eta Otomoren aipua ez dut alferrik egin, Errugabeak-en akabera aldera ikusten ditugun irudi batzuek –haurrak etxeetako balkoietan “gaizkileari” begira– japoniarraren bertze lan bat ekartzen baitute gogora, Domu (Haur baten ametsak) hain zuzen ere. Tira, egia errateko, film osoak badu Domu-ren antza –berriz ere, diferentzia bakarra litzateke Otomorena aski interesgarria dela–: bietan, ametsekin edo botere bereziekin zer ikusteko duten hilketak gertatzen dira eraikin erraldoiko urbanizazio batean.
Gaixxxxtoa naiz! Pentsamendu txarrak izaten ari naiz! Kar, kar, kar!
Errugabeak, teorian, umeen krudelkeriari buruzko filma da. Edo, gurasoek iparorratz moral bat eman ezean, haurren inuzentzia nola bihur daitekeen ankerkeria edo gaiztakeria hutsa. Izan ere, hiru haur boteredunetarik, etxean tratu txarrak jasotzen dituena izanen da gure istorioko “gaiztoa”. Hori kontatzeko, Eskil Vogt estilo hotza hautatu edo, hotza baino gehiago, distantea. Baina ez dakit haurrak behin eta berriz gauza bertsuak egiten erakustea aski den ikuslearen interesa pizteko. Honena, behinik behin, ez du piztea lortu. Bertzalde, filma beldurrezko istorio bat gisa saltzen bada, orduan uneren batean beldur pixka bat eman beharko luke. Umeen amoraltasuna ez baita nahikoa: ni eszena batekin asaldatu nintzen –katuarekin; utz dezagun horrela, espoilerrik ez egiteko–; gero, seko aspertu nintzen. Erritmo ezin motelagoak ere ez du anitz laguntzen.
Mutanteei buruz zer edo zer irakurri duen edonork badaki bat gutienez gaiztoa izaten dela. De Uskyldige filmean (hala du izena norvegieraz, jatorrizko hizkuntzan alegia) ere bada Magneto ttiki bat, mutante onarekin borroka latzak izanen dituena: biek serio demonio begiratzen diote elkarri, ukabilak estutu bitartean. Hori izigarria ez bada, ez dakit zer den. Nolanahi ere, filmak ikusgarritasunean galdu duena, efektu berezietan aurreztu dute egileek. Denak du bere alde ona.
Zuzendaria: Eskil Vogt
Gidoilaria: Eskil Vogt
Aktoreak: Rakel Lenora Fløttum, Alva Brynsmo Ramstad, Sam Ashraf, Mina Yasmin Bremseth, Ellen Dorrit Petersen.
Herrialdea: Norvegia, Suedia, Danimarka, Finlandia, Frantzia, Erresuma Batua.
Urtea: 2021