Ainara Berges
Brasilgo inauteriak mundu osoan ezagunak direla esan beharrik ez dago. Dantzak, kolore biziak eta musikak Rio de Janeiro bezalako hiriak hartuko dituzte otsailaren 25tik aurrera. Udarako tenperatura altuek eta jai giroak erakarrita, milaka pertsona hurbilduko dira egun horietan Brasilgo inauteri famatuez gozatzeko asmoz.
Jaiak eta festak, ordea, aurpegi ilunago bat ezkutatzen dute. Aurpegi serioago horren erretratua eskaintzen du gaurko argazkiak, hain zuzen ere. Irudian ikusten duguna ez da Brasilgo inauteriak aipatzen direnean burura etortzen zaigun irudi tipikoa. Gainera, soldadua argazkiaren unean eguzkiaren aurrean kokatu denez, badirudi inauterien kolore biziak itzaliak izan direla eta Brasil itzaletan gelditu dela presentzia militarraren eraginez. Otsailaren 25ean hasiko diren inauterietan segurtasuna eta ordena bermaturik egon daitezen, soldadu honek Rio de Jaineiroko Ipanemako hondartza patruilatzen du. Egun horietan zehar 9.000 soldadu inguruk Rio de Janeiroko leku jendetsuenak patruilatuko dituzte bisitarien segurtasuna bermatzeko.
Brasilgo inauteriek lau eguneko iraupena dute eta hautserre-egunaren bezperan amaitzen dira. Jai hauek ospatzeko milaka desfile eta ekitaldi antolatzen dira, nahiz eta gehienak sanba izeneko dantza ezagunarekin loturik dauden. Ekitaldi jendetsu horiek ospatzeko Sambodromoa bezalako eraikinak sortu dira. Sambodromoa Oscar Niemeyer arkitektoaren lana da eta 70.000 pertsonentzako lekua du, bertara hurbiltzen den guztiak musika onaz eta sanbaz gozatzeko aukera izan dezan.
Sergio Moraes, Reuters
Leave a Reply