nazioartea

Mugaren ertzean, ahazturaren amildegian

Wojtek Radwanski - AFP

Tentsioak gora egin du Bielorrusia eta Poloniaren arteko mugan. Izan ere, migratzaileek muga zeharkatzeko egiten dituzten saiakera masiboek ez dute etenik. Bien bitartean, Errusiako eta Bielorrusiako armadek aireko lehorreratze maniobrak hasi dituzte Bielorrusiako Grodno probintziako entrenamendu-zelai batean, Poloniako mugari itsatsita. Gero eta herrialde gehiago ari dira gatazkan inplikatzen, baina zoritxarrez ez dira ahalegintzen ari aukera bakar baten zain dauden pertsona guztiei irtenbidea eskaintzeko.

Leonid Shcheglov – AFP

Milaka dira Bielorrusiako mugako basoetan, Europako ateak zabalduko dizkien bidea topatu nahian, esperoan dauden migratzaileak. Kanpadenda txikietan ezkutatuta, mugako zuhaitzen artean, gauetan tenperaturak zero azpitik jaisten dira. Natura ezkutu dutela, Irakeko eta Siriako milaka familia kurdu daude haien aukera noiz iritsiko zain. Beste asko bidaia arriskutsuari ekiteko prestatzen dira, egunero bidaia-agentzien atarietako ilara luzeetan etorkizun oparo batekin amesten duten bitartean. Momentuz, Poloniaren eta Bielorrusiaren arteko mugako liskarra hasi zenetik, gutxienez, bederatzi pertsona hil dira, baina zeinek daki basoaren hoztasunak biktima gehiago ezkutatzen ote dituen.

Ramil Nasibulin -AFP

Apirila inguruan hasi zen jario txiki batekin hasi zen dena. Schengen bisaren beharrik gabe Eurogunera iristeko modu berri bat gero eta ezagunagoa egin zen harik eta, beti gertatzen den bezala, migrazioa berriro negozio bihurtu zen arte. Pertsonen jarioa nabarmen handitu da, batez ere azken bi hilabeteetan. Migratzaileak Bielorrusiako hiriburura iritsitakoan sartzen dira trafikatzaileak jokoan, migratzaileak mugako hesiraino hurbilduz. Beste aldean, ia 20.000 agente poloniar dituzte zain, Armadak lagunduta.

Bielorrusiako lurretan migratzaileak pilatzen jarraitu daitezela ekiditeko, Turkiak, Siriako, Yemengo eta Irakeko herritarrei Minskera hegan egitea debekatu die. Horrek Bielorrusiak milaka migratzaile garraiatzeko erabili duen ibilbide nagusietako bat itxi dezakeela uste da, Europar Batasuneko mugak krisialdi humanitarioa areagotzea ekiditeko. Era berean, Irakek Bielorrusiarekiko zuzeneko hegaldiak ere bertan behera utzi ditu.

Poloniako Defentsa Ministerioa – Reuters

Krisia amaitzetik urrun dago. Oraindik milaka pertsona daude Bielorrusian pilaturik, eta beste hainbeste etsita daude lehenbailehen hara iristeko. Politikariak eta agintariak elkar ahoz erasotzera mugatzen diren bitartean, migratzaileek, bestelako babesik gabe, egoerari eta bidean topatutako trabei aurre egin behar diete; izan ere, prentsak, osasun-langileek eta boluntarioek debekatuta dute bazterketa-eremura sartzea.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.