Natura

Errautsetatik birsortzen

Brais Lorezon - EFE

Suak Galiziako lurrak bortizki eraso ditu aste honen hasieran. Sute-kate maltzur honen emaitza tamalgarria: errautsetan bihurturiko 35.000 hektarea baino gehiago. Duela egun pare batzuk bere berdetasunarengatik eredugarriak ziren lurrak soineko beltz lotsagarri batekin estali ditu maltzurkeriak. Tamalez, denbora asko, gehiegi, beharko da lur hauen freskuraz berriro gozatu ahal izateko.

Lehen uneetako beldurrak atzean utzi ostean, orain gertatutakoa onartzeko unea da. Goitik behera erretako zuhaitzen artean dabil Moces inguruko biztanle hau bere txakurraren konpainiarekin. Ibiltariaren jantzien kolore biziak eta asfaltatutako bidearen kolore zuria kenduta, argazkian agertzen den gainontzeko guztia errauts beltzen azpian ezkutaturik geratu da.

Primerako izango litzateke denbora astebete atzera egiteko aukera izatea. Horrela, paisai hau osatzen zuten landare, hosto eta animaliez gozatzea posible izango litzateke berriz, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Tamalez, erre usainak argazkiaren errealitatera itzularazten gaitu. Suntsituriko pasai honen mezua, ordea, argia da: gizakiaren maltzurtasuna existitzen den bitartean ama-lurrak sufritzen jarraituko du.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.