nazioartea

Pasaportea askatasunerantz

Eskumuturrekoak, Texaseko mugan, lurrean botata. / Andrees Latif REUTERS

Latinoamerikako ehundaka eta ehundaka migrantek Estatu Batuetarantz bidaiatzen dute egunero, bizi-baldintza txarretatik ihesi eta aukera berrien bila, baina gehienetan Mexiko eta AEBren arteko mugan ametsak zapuztu egiten dira. Orain, migranteen arteko desberdintasunak areagotzen ari dira, koloreetako eskumutur batzuen bidez hauek kategorietan banatuz. Azken finean, ordaindu dutenaren arabera erabakitzen dute zer gertatuko den migrante bakoitzarekin.

Eskumuturreko horiek “Entrada” edo “Llegada” hitza daramate eta kolorearen bidez, kartelek badakite migrante bakoitzak zenbat ordaindu duen bidaia hori egiteko, eta abantailak izan ditzakete bidean, edo ostera, bahituak edo erailiak izan daitezke. Orain hasi berri den praktika hau lurrean botata kolore askotako pultserak aurkitu dituztelako ezagutu da, mugaren alde estatubatuarrean, konkretuki Río Bravon, baina Mexikoko Tamaulipas estatuarekin mugatzen duen zonaldean gertatzen da bakarrik, bertako talde kriminalek erabiltzen duten praktika delako.

Eskumuturrekoak, Texaseko mugan, lurrean botata. / Andrees Latif REUTERS

Migratzaileek eskumuturrean edo orkatilan eramaten dute zinta hau, bai helduek eta baita haurrek ere, inor ez da hontaz libre ateratzen. XXI. mendean ematen diren migrazio mugimendu gehienetan gertatzen den moduan, eta baita aurretik ere, dirua faktore garrantzitsua da eta muga gehienetan aurkitu ditzakegu honela jokatzen duten talde antolatuak, baita Afrikatik gurera etortzen diren horiekin ere. Askok bizi osoko aurrezkiak erabiltzen dituzte Kanariar irletara baldintza kaxkarretan bidaiatu ahal izateko ontzi-bidaia ordaintzeko.

Mugako agente bat haur bati eskumuturrekoa kentzen. / REUTERS

Reuters agentziarekin hitz egin zuen kriminal anonimo baten hitzetan, “eskumuturreko hauek jartzen ari gara jakiteko zeinek ordaindu duen mugatik pasatzeko, errorezko hilketarik egon ez dadin”, kartelek kontrolatutako lurrak igarotzen dituztelako.  Horien bidez, kartelek eta pertsonekin trafikatzen duten taldeek estatus desberdinetan banatzen dituzte migratzaileak, argi eta garbi geratzen da talde hauek duten antolaketa, sofistikazioa eta boterea eta migratzaileek dituzten oztopo eta zailtasun guztiez gain, bai jatorrian eta baita helmugan ere bizi duten diskriminazioa haien klase sozialagatik.

Eta hori ez da bizi duten zorigaitzik okerrena… Zer aurkitzen dute behin muga igarotzea lortzen dutenean? Zein talde daude beste aldean? Hori… hurrengorako.

 

 

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.