Ezohiko gertaerek gure arreta bereganatzeko zailtasun gutxi izan ohi dute. Egoeraren berezitasunak geure barnean kuriositatearen botoia sakatzeko indar nahiko du, geure jakin-mina bat-batean piztuz.
Argazkiak dira ezohiko gertaeren lagunik fidelenak, gertakariak frogatzeko modurik erraxena baitira. Argazkirik gabe zaila izango litzateke San Luiseko ( AEB) lurrean zabaldu den zulo erraldoi honen handitasuna irudikatzea. Ertzetik hurbil polizia batek zuloaren barnealdera begira dabil, gertatutakoa sinetsi ezinean edo zulo barnean azalpenen bat topatuko duelakoan.
Zoritxarrez, hurrengo irudia maizago errepikatzen den irudia da, nahiz eta honelako irudien txundigarritasuna galdu ez. Itsaso zabalaren erdian 147 etorkin pilaturik zeuzkan txalupan baten erreskatea da honakoa Txaluparen barnetik Libiako kostazain batek erreskate lana zuzentzen du, etorkinen bidai zorigabeari lehen-bailen amaiera emateko.
Kaosaren erdian badira, ordea, irudiari zentzua ematen diotenak ere. Eraitsitako eraikin eta etxeen artean zaila da pentsatzea haurrek haien solastokia topatuko dutela. Baina, irudiak erakusten duen moduan, hondamendi guzti honen artean kokaturiko txirrista bat nahikoa izan daiteke. Haren inguruan Siriako ume ugari biltzen dira, txirristara igotzeko haien txandaren zain, suntsitua izan den herritik une batez ihes egiteko.
Gerrez gainera, grebek ere ezohiko egoerak sor ditzakete. Hauxe da Atenas inguruko auzoek azken bi asteetan zehar bizi duten egoera. Garbiketako arduradunen grebak zabor tontorrez eta jasanezinak diren usainez bete ditu hiriburuko kaleak. Zabor pilatuak eragindako usaina murrizten saiatzeko, langile batek zabor multzoak produktu batekin zipriztintzen ditu. Baina, nahiz eta usain txarrak murriztu, zabor multzoak ez dira gauetik egunera Atenaseko kaleetatik desagertuko.
Leave a Reply