Milaka eta milaka aldiz ikusi dut, nik behintzat, argazki hau. Aurreko batean egin genuen moduan, argazkiaren atzean dauden istorioa eta mitoak apurtzera gatoz gaurkoan. Urteetan zehar askok irudia erromantizatu dute, eta (nik barne) sinistu egin dugu kontatzen zuten istorioa: bikote maitemindua, gerraren amaiera ospatzen in fraganti harrapatua (edo antzerakoak kontatzen zizkiguten, nik behintzat ideia hori nuen barneratuta).
Ba… ez du benetako istorioarekin zer ikusi handirik, egia esan. Egia den gauza bakarra testuingurua da: II. Mundu Gerra amaituta atera zela argazkia, jendea kaleetan “ospatzen” zebilela. Zeintzuk dira, orduan, argazkiaren protagonistak? Eta, zein da benetako istorioa?
Irudi mitiko honen protagonistak George Mendosa eta Greta Friedman ziren, soldadu estatubatuarra eta bertako erizaina, hurrenez hurren. Argazkia New Yorkeko Times Square kale mitikoaren erdian atera zen. Argazkilariak garai hartan ez zuen irudia harrapatu besterik egin, baina denbora pasata egia kontatu zuen: “Soldadua, kalean korrika zijoala, bere bidetik gurutzatu zen lehenengo emakumea hartu eta muxua eman zion. Korrika nijoan, argazki perfektuen bila, baina ez nuen ezer onik aurkitzen. Buelta eman eta azkar-azkar ikusi nuen soldaduak zerbait zuria hartzen zuela besotan, eta pentsatu gabe klik egin nuen”.
Oraindik, 70 urte baino gehiago pasata, batzuek uste dute Greta Friedman ez zela argazkiko erizaina, historian zehar askok identifikatu nahi izan dutelako bere burua argazki horretako protagonistekin, gutxienez 11 gizonek soldaduaren kasuan eta 4 emakumek erizainaren kasuan. Hala ere, 2016an hil zen emakume honek bere bizitzan zehar beti defendatu du bera zela argazkiko emakumea, eta… mundu guztiak zeinu erromantikoa ikusi zuen tokian hark honela eman izan du momentu hartako testigantza: “Gizona indartsua zela sentitu nuen, indarrez eusten ninduen. Ez nago oso seguru ‘muxu’ horrekin.”
Batez ere azken urteotan, eta eraso sexualen eta zeinu sexisten aurrean azken urteotan sortzen ari den kontzientziarekin batera, kritika eta eztabaida handia egon da historikoki gerraren amaieraren emozioaren eredu bihurtu zen argazki honekin, askok “eszena erromantikoa” baino, “eraso sexualtzat” eman zutelako lehen momentutik argazkiaren atzean zegoen unea, nahiz eta Friedmanek aitortu “ulertzen zuela jendearen ikuspuntua baina berak ez zuela eraso sexual bat bezela bizi, momentu hartan soldaduari ospatzeko izan zuen bihozkada baizik”.
Eta irudian ikusten dugunaz gain, benetako istorioa ezagutu eta emakumearen testigantza izanda, ez al da nahikoa muxu erromantikoa baino, eraso gisa identifikatzeko? Bakoitzak interpretatu dezala.
Argazkia: Alfred Einstaedt
Leave a Reply