Gizartea, Politika

Koloretako guardasolaren azpian

1969ko ekainaren 28a. Estatu Batuetako New York hiriko Grewich Village auzoan taberna bat dago, Stonewall Inn izenekoa. Lokal hau, inguruko beste lokal eta tabernak bezala, LGTBI+ kolektiboaren aldeko puntu historikoa bihurtuko zen.

60ko hamarkadan homofobiaren aurkako taldeak eta elkarteak agertzen hasi ziren, kolektibo desberdinak haien eskubideen aldeko protestak egiten hasi ziren mundu osoan zehar, batez ere AEBko zonalde batzuetan. Homosexualek, transexualek, prostitutek, drag queenek, eta beste zenbait kolektibok oso leku gutxitan zuten modu librean ibiltzeko aukera. Haietako batzuk New York hiri gero eta modernoago bateko hainbat taberna ziren, haien artean Stonewall Inn.

Poliziak garai hartan sarekadak egiten zituen behin eta berriro tabernetan, jakinda kolektibo horien artean ohiko lekuak zirela. Stonewall Innen laster galdu zuten sarekadak egiteko kontrola, protestak areagotu egin ziren eta bizilagunak antolatzen hasi ziren poliziaren sarekadei aurre egin ahal izateko. Garai hartan, 60ko hamarkadaren amaieran, aste batzuetan zehar auzoko bizilagunek LGTBI+ kolektiboaren eskubideen aldeko protestak egin zituzten talde aktibistetan antolatuta.

Ez zen soilik pertsona homosexualen eskubideen eta askatasunaren aldeko mugimendu bat izan. Garai hartan marginatuta eta, nolabait, gizartearen eta sistemaren  eraginez pobretuta zeuden talde eta kolektiboen eskubide eta askatasunen aldeko mugimenduak izan ziren. Prostitutak (bai emakume eta baita gizonak ere), transexualak, drag queenak, gay eta lesbianak, sexu genero estereotipoetatik kanpokoak, gazte txiroak… horiek guztiek gizartean integrazioa bilatzen zuten, gizartearen parte izatea eta beste edonork bezala aske izatea besterik ez zuten bilatzen.

LGTB+ kolektiboaren ospakizuna (agian ez da modu egokiena egun hau izendatzeko, askok ospakizuna baino gehiago protesta dela nabarmentzen dutelako behin eta berriz), Stonewall Inn tabernan suertatutako istilu handi batzuen eraginez, ekainaren 28an ospatzen da munduan barrena, kolektiboen eskubideen eta askatasunaren aldeko egun esanguratsua. Egun hori, kolektiboa inguratzen duten debate, lege eta eskubideak azpimarratu eta aldarrikatzeko eguna da. Baita ere munduko leku askotan ospakizun gisa Harrotasunaren Eguneko desfile famatuaz disfrutatzeko.

Badirudi, hala ere, 50 urte ez direla nahikoa izan zenbait indar politikorentzat ulertzeko zein den egun honen helburua. Badirudi askok oraindik ez dutela oso argi zer den egun honetan aldarrikatzen dena, protagonismoa eraman nahi izan dute LGTBI+ kolektiboaren aurka egunero “gezi pozoituak” botatzen dituztenekin, alegia, kolektiboa “jende gaixotzat” eta “sendatu beharrekoak” dituzten horiekin, itunak egiten dituzten bitartean. Egin duten ridikulua handitzeko, Harrotasunaren Egunean lehenengo ilaran jartzeko ausardia izan dute alderdiaren kolore eta ikurrez inguratuta.

Hori gutxi balitz bezala, LGTBI+ kolektiboak haien aurka egin dutenean (zentzu osoz), biktimarena egitea izan da okurritu zaien irtenbidea, kolektiboaren partaideei “faszista” bezalako hitz ederrak eskainiz. Zorionez, nagusiki, LGTBI+ kolektiboari ez zaio historia ahazten, ezta ere zergatik hasi zen borroka, zerren aurka eta zerren defentsan hasi ziren aldarrikapenak. Eta besteak… bueno, besteak koloretako guardasolaren azpian disimulatzen saiatu dira, baina beti bezala, marguldu egin zaie guardasola. Haiena ez da koloretakoa… Laranja da.

Argazkia: Oscar del Pozo (AFP)

Un participante durante el desfile del Orgullo por las calles de Madrid.

 

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.