Ainara Berges
Tristura, etsipena eta dolua dira argazki hau ikusterakoan burutik pasatzen zaizkigun lehen sentimenduak. Argazkian pertsona ugari ikus daitezkeen arren, esku artean txelo bat heltzen duen emakumea da argazki honetako protagonista nagusia. Zurbil eta aurpegi itxuragabetuarekin ezerezera begira dago, bere barneko sua itzali balitz bezalaxe. Esku artean txeloa arma bat balitz bezala heltzen du, borrokarako prest egongo balitz bezalaxe, aurkari indartsuenari ere aurre egiteko prest.
Atzealdeko pertsonen aurpegiak zirriborrotsu dauden arren, ikus daiteke guztiek sentimendu bera partekatzen dutela: atsekabea. Burumakur eta geldirik, gertaturikoa asimilatzeko saiakerak egiten ari dira. Haien inguruan, lurrean kokaturiko kandelek gauaren iluntasuna argiztatzen dute. Gau itxia da dagoeneko Guatemalan. Kandelez gainera, lurra mezu eta lore-sortez josirik dago.
Hitz galdu, lore fresko eta argi anonimo horiek elkarrekin negar egiten dute, Guatemala Hiriko Konstituzio plazan bilduriko atsekabetuekin batera. 40 neskatoren heriotza dela eta ari dira negarrez. Heriotza horien aurka protestan ari dira, injustizia gauren iluntasunean salatzen. Bertan bilduriko orkestra eta kandelen argien bidez, 40 neskatila errugabe hauen arimentzako justizia eske ari dira. Neskek bizia galdu ostean, salaketa da atsekabetu hauen esku dagoen kontsolamendu bakarra.
Argazkia: Esteban Biba, EFE
Leave a Reply