Pasa den larunbatean ospatu zuten aberri eguna Katalunian, “pandemia izugarri baten erdi-erdian, eta mugimendu independentistaren barruan dagoen zatiketa agerian utziz”, ETBko albistegiek nabarmendu bezala. “Parte-hartzaileek, gainera, kristalezko botilak eta edalontziak jaurti dizkiete poliziei, bizilagunen loa aztoratu dute, eta Diada egin den plaza zerri-zerri eginda utzi. Plastikozko zorroak, tabako paketeak, gernu-arrastoak… eta deabruari dei egiten dioten izar sataniko horien pintadak. Magufo-akelarre beldurgarria izan da”. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, prentsa-ohar baten bidez jakinarazi du ez dela unerik onena Diadak egiteko. “Orain ez, beste lehentasun batzuk daude”.