Zertarako estatu bat?
2015eko Aberri Egunaren harira.
Ona izan behar da estatu bat izatea. Ona izan behar da estatua izatea, jadanik, estatua direnek ez diotelako uko egiten estatus horri. Ona izan behar da estatua izatea, behin estatua lortu dutenek ez dutelako atzera bueltarik egiten eta ez dutelako dependentzia egoerara itzuli nahi. Ona izan behar da estatua izatea, estaturik gabeko nazioek, munduko edozein txokotan, hori desiratzen dutelako. Ona izan behar da estatua izatea, estatuek hori ukatzen digutelako. Ona izan behar da estatua izatea, norberaren interesak eta eskubideak hobeto defendatzeko era eta modua delako. Estatua izatea, burujabe izatea da, independentea izatea alegia.
Nazio baten ezaugarriak (hizkuntza, kultura, historia…) betetzen ditu Euskal Herriak, soilik, garrantzitsuena falta zaio, estatua izatea. Baina zertarako estatu bat?
-Estatu bat, herri honi izena ematen dion hizkuntza benetan normalizatuta egoteko, horretarako beharrezkoak diren egiturak, jarrerak, legeak eta medioak eskaintzeko.
-Estatu bat, ustezko berdintasunetik benetako berdintasunera igarotzeko, horretarako beharrezkoa den feminismoa gizartean txertatzeko eta sexismoarekin amaitzeko.
-Estatu bat, gizarte justuago bat izateko. Gehien dutenek gehiago ordaindu dezaten, eta gutxien dutenek gehiago jasotzea. Horretarako zerga-bilketa berria eta laguntza-sozialak bermatuta izatea.
-Estatu bat, gure hezkuntza eredua propioa izateko, gure etorkizuna landatzeko. Horretarako gure hezkuntza legeak eta ez ehunka kilometroetara bururatutakoak.
-Estatu bat, diru publikoaren gastuaren kontrola, xahutu barik eta pribilegioekin bukatuko duena. Horretarako gardentasunaz baliatuko da.
-Estatu bat, oinarrizko sektoreetan murrizketak debekatuko dituena. Horretarako beharrezkoa den diru guztia eskainiz.
-Estatu bat, herritarron partaidetza aktiboa bultzatuko duena. Horretarako demokrazia-zuzena ezarriko lukeena.
-Estatu bat, hitzez baino ekintzen bitartez natura errespetatuko duena. Esate baterako, animaliak tratu txarrak izaten dituzten ikuskizunak debekatzeko.
-Estatu bat, kirolean ordezkatuko gaituen selekzioa bizitzeko.
-Estatu bat, iruzurra eta ustelkeriarekin, benetan, bukatzeko. Horretarako beharrezkoak diren neurriak, zigorrak, baldintzak eta legeak ezartzeko.
-Estatu bat, eredu sozial solidarioago bat izateko.
-Estatu bat, langabeziarekin bukatuko duena.
-Estatu bat, kapitalaren gainetik pertsonak ardatz izango dituena.
-Estatu bat, non hiru botereen (legegilea, eragilea eta judiziala) banaketa bermatuta egongo den.
Azken finean, lege propioak sortuko dituen estatu bat.
Askok honi guztiari utopia deitzen diote, nik, ordea, estatua deitzen diot.
Ez dut uste estatu bat gizarte justuago bat lortzeko herraminta aproposa denik, justu kontrakoa. Hala gustatu zait zure idazteko era, besarkada bat!
Argi dago estatu bat izateak ez dizula berdintasuna edo justizia ziurtatzen eta hori begibistakoa da. Hala ere, estatu bat gobernatzen duen gobernu baten eskutik etor liteke gizarte justuago bat, beti ere, gizartearen erantzunkizuna baztertu barik, baina nik uste dut estatua herramienta izan daitekeela
Dena den, eskerrik asko zure iruzkinagatik eta iritziagatik, bene-benetan. Kritika eraikitzaileak eta errespetuz idatzitakoak ondo etorriak dira.
Hurren arte 😉