Hasiera »
Eneko Fernandezen bloga - HasiHeziHaziBerria
Eneko Fernandez
Hazi berria has dadin hezi egin behar da. Erein, landatu eta uzta elkar banatu. Bizitza "hitzrudiz" osatuta dago. Horretan laguntzeko denetarik apur bat eta apur bat denetarik. Aniztasuna.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Joan Nieva(e)k Eneko Fernandezen bloga bidalketan
- Txibierroak uluka 43: Feminismo beltza, Daurmith twitera eta mozorro sexistak – Arrosa(e)k Mozorro sexistarik ez!!! bidalketan
- leize(e)k KOMUNERA JOAN NAITEKE? bidalketan
- leize(e)k Goizero, akaso, egun(h)EROkotasuna bidalketan
- leize(e)k “Iraultza txikiak” zure esku daude… bidalketan
Artxiboak
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
6.Astekoastakeria saria
2014-03-23 // Astekoastakeria // Iruzkinik ez
Gure belarriak bakarrik aditzen ditu esaten diren hitzak, gure begiak bakarrik irakurtzen ditu idazten diren hitzak, baina Mikel Laboak zihoen bezala “Zer dio isiltzen denak isiltzen denean?”. Zeintzuk dira garrantzitsuagoak, esaten direnak ala isiltzen direnak?
Hitzak silabez osatuta daude, silaba hauek letrez osatuta daude. Ba al du garrantzirik silaba soil batek? Alde batetik, Sopela edo Sopelana, “na” silabak buruhauste handiak eragin ditu udaletxean, Euskaltzaindian eta oro har, Sopelako jendartean. “Na”, ezer ez. Bestetik, hitz inportanteak bihurtu diren silabak ditugu; bai edo ez. Nahiz eta, testuinguru baten faltan, ezertan geratzen diren.
Iñaki Azkuna. Bizitzari eta heriotzari erabateko errespetua zor diogu, momentu triste eta latz hauetan senitartekoei eta lagunei nire doluminak. Baina Iñaki Azkunaren adierazpen eta erabaki asko astakeriak izan direlakoan nago.
Pertsonak, hitzak bezalaxe, agertuko dira eta desagertuko dira. Bilbok, Iñaki barik, aurrera egingo duen bezala, asteek eta astakeriek ere aurrera egingo dute.
Hona hemen seigarren #astekoastakeria saria irabazteko hautagaiak:
Lehenengoa, Ignacio Gonzalez, Madrilgo presidentea, eta bere adierazpenak: “Martxoaren 22ko Duintasunaren aldeko martxak greziar naziekin alderatu ditu”. Willy Toledok primeran erantzun zion: Martxan zebilela gogorarazi zuen Ignacio Gonzalez presidentea dela, baina hauteskunderik irabazi barik. Naziak bilatzeko ez dela oso urrun joan behar eta bere partidu barruan eta zerrendetan bilatuz gero, erraz asko topatuko dituela argitu zuen. Gure katuak buztana luze, nork berak bezala besteak uste.
Bigarrena, Mariano Rajoy, Espainiako presidentea, eta bere adierazpenak: “Independentziak Katalunia txirotuko luke eta eurotik atera”. Pertsonai hau Espainiako herriak, behintzat, presidente izateko hautatu zuen, ez, ordea, igarle gisa. Gainera, imajinatzen dut Katalunian jende askok kontrakoa pentsatuko duela eta horrexegatik txirotasunetik ateratzeko modua independentzia izan daitekeela uste dute, alegia, independentziak lurraldea aberastu egingo duela. Inork ez daki zer gertatuko den, baina Kataluniak Espainiak zer eskaintzen dion badaki, beraz, zergatik ez probatu beste bide batzuk? Aholkutxo bat, igarle hipotesiak alde batera utzi eta zure herrialdearen hobe beharrez lan egin ezazu, datuek adierazten dutenez, Espainia gero eta txiroagoa da, eta gero eta, desberdintasun sozial handiagoak ditu.
Hirugarrena, Francisco Martinez, Estatuko Segurtasun idazkariak , eta bere baieztapenak: “Ur espainoletan ez zen inor ito”. Alde batetik, Espainiara bizitza hobe baten bila zihoazen 15 pertsona hil direla baino, zuretzako inportantzia handiagoa du zehaztea non ito diren, lastima. Non daude zure giza baloreak? Morala? Bestetik, pertsona horiek itsasoan noraezean zeudela, laguntza jaso beharrean sufrimendua eta arriskua areagotuz pilotak bota zizkieten. Azkenik, urak ez lukeela jaberik izan beharko pentsatzen dut, are gehiago, denon artean banatu beharreko natur baliabidea da.
Laugarrena, Carlos Urquijo, Gobernu espainolaren EAEko ordezkaria eta Udalbilltzari euskal herritartasuna bultzatuko duen lan ildoa abiatuko duelako egindako mehatxuak. Mehatxatzea, indarkeria mota bat da eta ez da oso demokratikoa. Herritarrei nortasun bat ukatzea eta inposatzea ere ez da oso demokratikoa. Gainera, euskaldun askok, jadanik, beraien borondatez, Euskal Nortasun Agiria poltsikoetan daramate eta garrantzitsuago, sentimenduan.
Garailearen izena esan aurretik beste astakeria bat aipatu gura nuke:
-Espainiako gobernuak oinarrizko zerbitzuetan murrizketak agintzen dituen bitartean, 833.000€ gastatu ditu “Telediario”-ko plato berrian.
Eta amaitzeko, #astekoastakeria sariaren irabazlea esateko momentua, danborren hotsa …
Francisco Martinez eta bere ur espainola.
Zorionak! Baina ura eta itsasoa guztion ondarea da, eta gainera, gogoratu ur gainean ezin dela mugarik edo marrarik marraztu. Ura, bizitzak salbatzeko baliabidea, ez heriotza topatzeko.
5.astekoastakeria saria
2014-03-16 // Astekoastakeria // Iruzkinik ez
Hitzak aurrean, hitzak atzean, hitzak ezkerrean, hitzak eskuman, hitzak gainean eta hitzak azpian. Hitzez inguraturik gaude, zaporedun hitzez. Batzuetan hitz horiek garratzak izan daitezke, mingotsak, gozoak eta baita gaziak ere.
Zein da zure hitzen zaporea? Ba al dute iraungitze-datarik?
Egunerokotasunean asegaitza den gosea asetzeko gai dira hitzak, baina kontuz hitz pozoitsu eta alferrikakoekin.
Ba al dakigu egunero zenbat hitz erabiltzen ditugun?
Aste honetan milaka hitz aditu ditugu eta horien artean noski, astakeriak ere izan ditugu. Hona hemen #astekoastakeria saria irabazteko aste honetako hautagaiak:
Lehenengoa, Francisco Perez, Iruñeko apezpikua, eta bere adierazpenak: “Droga eta sexua bezalako jainkorik” ez gurtzeko eskatu zien gazteei. Imajinatzen dut sexua eta droga jainkotzat izendatzen dituela edonon daudelako, baina bitxia egiten zait erlijio monoteista bateko kide batek bi jainko berri izendatzea, ez dut uste oso koherentea denik. Dena den, droga orokorrean osasunerako kaltegarria izan daitekeelakoan nago, beraz, zentzu horretan ados egon naiteke bere adierazpenarekin, baina sexua aipatzen duenean ez. Izan ere, bakoitzak nahi duenarekin nahi dituen harremanak izateko eskubidea du, hori askatasuna eta berdintasuna da. Denok gurtu beharreko jainkoak; askatasuna eta berdintasuna.
Bigarrena, Iñigo Urkullu, Euskal Autonomi Erkidegoko lehendakaria eta bere adierazpenak: Gaixotasun larriak dituzten presoak eta 70 urtetik gora dituztenak hurbiltzeko eskaerak egin izana hauteskundeekin lotu ditu eta eszenifikazioa izan daitekeela salatu du. Guztia elektoralki interpretatzen duenak soilik egin dezake horrelako adierazpenak. Iraingarria da Urkulluk lotzea presoen urratsa hauteskunde lehiaketarekin. Zorionez pertsona guztiek buruan hauteskundeak irabaztea baino gehiago daukate. Gainera, hainbat urteetan Giza Eskubideak urratuta izan dituztenak beraien egoera konpontzeko emandako urratsa ezin da antzerki bat izan. Horrelako adierazpenak egiteko hobe zenuke arduratsu jokatzea eta zure “diskrezioarekin” lanean jarraitzea.
Gure katuak buztana luze, nork berak bezela besteak uste
Hirugarrena, Jose Manuel Garcia-Margallo, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministroa eta bere adierazpenak: “Katalunia independiente bat Europar Batasunetik kanporatuta izango litzateke mendeetan barrena” . Zaila da igartzea datorren astean izango dugun eguraldia, baina ministro honek badaki mendeetan barrena Kataluniako etorkizuna zein izango den. Aztia izango ote da?
Laugarrena, Pedro Morenes Defentsako Ministroa. Espainiako aireko armadak Erriberako tiro eremuan “Ekaitza” izeneko ariketak egin dituela eta; “gastu sozialtzat” jo ditu Pedro Morenesek. Gastu bat baino, diru xahuketa bat dela esango nuke. Izan ere nolako onura sozialak ditu airetik bonbak jaurtitzeak eta Bardeako naturguneko lurrak izorratzeak? Barkatuko didazue, baina nik ez ditut aurkitzen. Beharrezkoagoak eta sozialagoak dira hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak, gutxieneko errentak, etxebizitza … gastuak. Horiek bai inbertsio soziala direla.
Irabazlearen izena esan aurretik aste honetan irakurri eta ikusi izan ditugun beste mota batzuetako astakeri batzuk aipatu nahiko nituzke:
1-) Madrilek diru laguntza ukatu die “ETAren inguruko” biktimei, besteak beste Lasa eta Zabalaren senideei.
2-) AHT aurrekontua 4.178 milioikoa zen, momentuz %50 eginda ez dagoenean 4.615 milioi gastatu dira eta urtero mantenu kostuak itzelak izango omen dira: urtero 120.000 € kilometroko.
Eta bukatzeko, aste honetako #astekoastakeria sariaren bosgarren irabazlea esateko momentua, danborren hotsa …
Pedro Morenes eta bere gastu sozialen ikuspuntua. Beldurgarria.
Zorionak! Baina militarrek egin dezakezuen gastu sozialik onena gastu militarrik ez izatea da. Hezkuntzak, osasunak, etxebizitzak, gutxieneko errentak, gizarte zerbitzuak asko eskertuko lukete.
Sarraskien iluntasuna
2014-03-11 // Martxoak 11 // Iruzkinik ez
2003ko martxoaren 20ean Ameriketako Estatu Batuak, munduko herrialderik armatuena, suntsipen handiko armak zituztelakoan Irak inbaditu zuen. Sarraski horretarako, nahiz eta Espainiako gizartearen zati handi bat aurka egon, Espainiako gobernuak babesa eskaini zion. Eraso horretan ehun mila pertsona baino gehiago hil ziren, ba al daki norbaitek benetan hori zer den? Ezinezkoa da imajinatzea.
2004ko martxoaren 11n Madrilen beste sarraski bat gertatu zen. Espainiak XXI. mendean pairatu izan duen erasorik larriena. Honen aurrean adierazpen oso ezberdinak egon ziren. Adibidez, Espainiako Gobernua gezurretan aritu zen, esate baterako, Angel Acebesek, Barne Ministroak, esaten zuen “Atentatuaren arduraduna ETA da” edo Mariano Rajoyk aipatzen zuen “sinetsita nago ETA izan zela”. Eusko Jaurlaritzari ere kostatu egin zitzaion denboratxo bat ETAren ardura zalantzan jartzea, lehen orduan Juan Jose Ibarretxek, Lehendakariak, ETAri leporatu baitzion errua. Ezker Abertzaleak, ordea, Arnaldo Otegiren hitzetan: “Ezker Abertzaleak ez du ezta hipotesi gisa ere jotzen ETA gaur Madrilen gertatutakoaren erantzule izatea”.
Hamar urte eta gero egia esan zuena kartzelan dago. Gezurretan aritu zirenak, berriz, askatasun aberats batez gozatzen daude; Angel Acebes Bankian lanean egon ondoren Iberdrolan aholkulari gisa eta Mariano Rajoy Espainiako presidente, besteak beste. Hamar urte eta gero Baltasar Garzonek ere baieztatu du: “Moncloaren agindua ETA izan zela esatea zen”. Beraz, non dago botere banaketa?
Gurean ere sarraskiak egon ziren. Euskal Herrian, gezurren, gorrotoaren eta indarkeri polizialaren ondorioz, ahaztuak dituzten, biktimak egon ziren; Angel Berrueta eta Kontxi Santxiz. Nonbait nolabait erakundeek ahaztuta dituztenak, baina EH-k ez. Horrexegatik justizia, egia eta bakea aldarrikatzen jarraituko dugu.
Ondorioz, gezurren, gorrotoen eta inbasioen kalteak errugabeek pairatzen dituzten bitartean gutxiengo bat aberasten da. Behingoz bukatu daitezela.
Iluna izan zen martxoaren 11ko gertakariaren aurrekaria, iluna izan zen martxoaren 11n gertatutakoa eta iluna izan zen ondoren gertatutakoa. ERRESPETUA.
Lerro xume hautetatik sarraskiak bukatu daitezela eta biktima guztiek tratu eta laguntza berdinak izan dezatela eskatu nahi dut.
Bukatzeko, umeei gezurrak ez esateko irakasten zaie, ezta? Non dago orduan hurkoaren sufrimenduaren errekonozimendua ? Umeak gorroto barik jaiotzen dira.
4. Astekoastakeria saria
2014-03-09 // Astekoastakeria // Iruzkinik ez
Hitzek esanahia dute eta testuinguru zehatz batean kokatuz gero oihartzuna izango dute. Askotan, hitzak muzin egiten saiatzen dira, iheskorrak izaten saiatzen dira, baina hartzaile batekin topo eginez gero eragina izango dute. Orduan, hitzak ziztagarriak, hitzak mingarriak, hitzak beldurgarriak eta hitzak garrantzitsuak izan daitezke, eta, testuinguruaren arabera hitzek oihartzunaren amildegia sorrarazi ditzakete.
Gurean, aste honetan ere astakeriak aditu ditugu zenbait pertsonen ahotik, zehatzago, zenbait gizonen ahotik, gainera, beraiek inoiz bizi izango duten egoera batez gaizki esaka, hain zuzen ere, abortuaz astakeriaka.
Hona hemen aste honetako hautagaiak eta beraien adierazpen enpatikoak:
-Lehenengoa, Mario Izeta, Bilboko apaizpikua eta bere adierazpenak: “Bortxatua izan den emakume baten tragedia ez da abortuarekin konponduko”. Tamalez arrazoia daukazu. Egoera hori ez da konponduko eta bizi osorako tragedia bat izango da, baina agian tragedia horrek dakarren ondoriotariko bat arindu dezake. Abortua ez da bortxaketaren konponbidea. Emakumeak bortxatzen dituzten pertsonekin eta jarrera matxistekin bukatzeak horrelako tragedien amaiera ekar dezakete.
-Bigarrena, Javier De Andres, Arabako diputatu nagusia eta bere adierazpenak: “Adingabeko batentzat errazagoa da abortatzea tabakoa erostea baino”. Alde batetik, zeharo poztuko nintzateke abortatzea hain erraza izango balitz, horrek, adieraziko bailuke abortua libre eta dohainik izango litzatekeela. Bestetik, denon osasunaren alde, hobe lukete tabakoa inoren eskura ez egotea, batez ere, adingabekoengandik.
-Hirugarrena, Jose Ignacio Munilla, Donostiako gotzaina eta bere adierazpenak: “Abortua dagoen bitartean ez da bakerik izango”. Mehatxa oinarri gisa duen zehar galdera baten aurrean al gaude?
Elizak duen botere guztiarekin bakearen alde askoz lan gehiago egin dezakeelakoan nago. Akaso mundu honek bakea ezagutu al du? Ezin da bakerik egon ezezko batek, indarrez baliatuta, bere esanahia galtzen duenean. Ezin da bakerik egon pertsona batek beste pertsona baten bizitzan orban beltz bat sortarazten duenean. Emakumeen eskubideak errespetatzen ez duen sistema patriarkal batean gaude, emakumeari bere gorputzarekiko erabakien eskubideak deuseztatzen dizkiona, hain zuzen ere. Horra hor abortuaren debekua eta horrek batzuentzako sortu dezakeen infernua, alegia, bake eza.
-Laugarrena, Jorge Fernandez, Barne ministroa eta bere adierazpenak: “Tamalgarria da erradikalak Bilboko manifestazioa kutsatu izana”. Bilbo, eta oro har, mundua kutsatzen duten bakarrak Bilboko Guggenheim Museoan bildu ziren enpresaburuen enpresak eta bertaratu ziren politikarien politikak dira. Kutsadura oso gai serioa da, mundua suntsitzen eta pertsonak akabatzen ari dira.
Egia da ahalegin handiak egin dituztela eta denek garaikurra merezi dutela, baina bakarra izan daiteke garailea. Izena aipatu aurretik aholkutxo bat: norberak besteenaz hitz egin beharrean, hobe luke barnera begiratzea.
Azkenik, ailegatu da #astekoastakeria sariaren irabazlearen izena esateko momentua … danborren hotsa …
Garako kazetaria den Oihane Larretxeak proposatutako hautagaia: Jose Ignacio Munilla eta bere bakea. Mila esker, Oihane.
Zorionak! Gizona izateko badirudi ederto ezagutzen duzula abortatzea zer den. Nire uste apalean mundu honek ez du bakea ezagutzen.
Seme-alabak maitasunaren hazia izan behar dira eta emakumeak bere borondatez erabaki beharko luke.
Bere gorputza, bere erabakia, bere hitza eta bere bizitza.
Zirkuak
2014-03-05 // Komunikabideak // Iruzkinik ez
Hau zirku bat al da? Zerbait ikuskigarria dela adierazteko sarri erabiltzen den hitz metaforikoa. Beraz, mundua zirkuz osaturik omen dago. Orotariko zirkuak; Zirku atseginak. Zirku desatseginak. Zirku goibelak. Zirku alaiak. Zirku mediatikoak. Zirku isilak. Zirku zaratatsuak. Zirku antolatuak. Zirku inprobisatuak. Zirku gatazkatsuak. Zirku baketsuak.
Zirku batzuetara sartzeko sarrera ordaindu behar da, borondatez, barre egitera edo zerbait harrigarria ikusteko eta entzuteko joaten zaren horietara, beste batzuetarako, ordea, ez. Ohartu gabe norberak bere burua zirku baten erdian kokatuta ikusten du.
Zirku bakoitzak ezaugarri propioak ditu eta arrakasta izateko helburua betetzeko ikuskizun bakoitzak erabakitzen du zer egin eta nola egin, ondoren ikuslegoak epaituko du.
Asteartea eta arratsaldeko 6ak dira, etxeko egongelan eseri egiten zara eta orduan “kutxa ergela” edo “kutxa azkarra” moduan ezagutzen dugun tresna piztea erabakitzen duzu gaurkotasunari buruzko iritziak entzuteko. Hamaika kateen artean Euskal Herriko telebista publikoa ikustea erabakitzen duzu.
Euskaraz, Maddalen Iriarteren eskutik Euskal Herriko eta munduko gaurkotasunaren analisia egitea helburu duen “Azpimarra” programa daukazu. Espainolez, Klaudio Landaren eskutik “Sin Ir Más Lejos” programa.
Biek gonbidatu ezberdinez eta anitzez baliatuta aktualitateari buruzko iritziak plazaratzea dute helburu. Baina bien artean badago alde nabarmena, Azpimarran kostatuko zaizkizu oihuak, irainak eta errespetu faltak antzematea, bestean, berriz, nahiko ohikoa da. Espainola euskara baino oldarkorragoa al da?
Bi programen helburuetariko bat audientzia altua izatea da, baina zer gertatuko litzateke eztabaidatzeko moduak trukatuko balituzte, hau da, “Azpimarran” irainak, errespetu faltak eta oihuak entzungo bagenitu eta “Sin Ir Más Lejos”-en ez?
Zer esaten da? Nola esaten da? Zeuk aukeratu.
3. Astekoastakeria saria
2014-03-02 // Astekoastakeria // Iruzkinik ez
Igorleak hitzak erabiltzen ditu bere mezua testuinguru batean hartzaile bati helarazteko. Mezuak, beraz, kanpoko hitzak bihurtzen dira, publikoak eta agerikoak. Ondorioz, igorleak bere barnetik kanporatzen dituen hitzak hartzailearengana ailegatzen diren momentuan kanpoko hitzak bilakatzen dira, baina zer gertatzen da hitz pribatuekin, hau da, barneko hitzekin?
Sarri, kanpoko hitzen artean amildegi bat dagoen bitartean barneko hitzen eta kanpoko hitzen artean zulo beltz bat egon daiteke.
Baina zer esan eta idatzi duzu? Nola esan eta idatzi duzu? Zertarako esan eta idatzi duzu?
Honenbestez, zer entzun eta irakurri duzu? Nola entzun eta irakurri duzu? Zertarako entzun eta irakurri duzu?
Aste honetan ere #astekoastakeria sarian hautagaiak aurkezteko momentua heldu da. Hona hemen proposamenak eta beraien hitz ikaragarriak:
-Lehenengoa, Carlos Iturgaitz, Alderdi Popularreko eurodiputatua eta bere adierazpenak: “ETA-ren egiaztatzaileak atxilotuak eta kanporatuak izan beharko lirateke”. Gezurretan aritzea eta bakearen aldeko lana egiten duten pertsonak mehatxatzea ez da oso etikoa. Alde batetik, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak ez dira ETAko kideak. Ondorioz, zure hitzak delitua izan daitezke. Bestetik, armagabetze prozesua bermatzen eta ziurtatzen dutenak atxilotzeak prozesu hori gelditzea suposatuko luke. Beraz, nire ustez, beraien ahaleginak eta lana eskertu beharko zenituzke. Gainera, kontuan hartzekoa da, pertsona askok estatu horretatik kanpo hobeto biziko direlakoan daudela.
-Bigarrena, Andres Martinez, Villarrobledoko Alderdi Popularren enplegu zerbitzuko zinegotzia eta bere adierazpenak: “Adopzioan eman edo prostituta izan zaitez”. Herriak hautatu zintuen herri horretako enplegu zerbitzuko zinegotzia izateko, hortaz, enplegu bila hurbiltzen zaizkizunak, gutxienez, errespetuzko harrera bat merezi dute. Nik ez dakit zer den zure semea edo alaba adopzioan ematea, baina zinez latza izan beharko da. Nik ez dakit zer den prostituta izatea, baina ziur nago lan eske, zure laguntza bila, hurbildu zen emakumearentzat beste lan batzuk daudela.
-Hirugarrena, Maria Dolores de Cospedal, Alderdi Popularraren idazkari orokorra eta bere adierazpenak: “Politikaren eskergabetasuna eta gogortasuna” salatu zuen. Argi eta garbi, altruismo eredu baten aurrean gaude. Horregatik, 2011. urtean politikan aritzeagatik lau soldata izan zituen, guztira 205.000 euro irabaziz. Gogorra izan behar da diru publikoarekin aberastea. Are gehiago, politika eskergabetasun hau pertsona askok eskertuko lukete.
Irabazlearen izena aipatu aurretik, Barne ministerioak Maitasunaren birjinari eskaini zion poliziaren goreneko urrezko domina aipatu nahiko nuke. No comment, Spain is different.
Eta amaitzeko, #astekoastakaria sariaren hirugarren irabazlea aipatzeko momentua, danborren hotsa …
Andres Martinez eta bere enpatia falta.
Zorionak! Enplegu zerbitzuko zinegotzia izanik lanbideekiko errespetua ez zenuke galdu behar. Gainera, sufritzen dagoena ahal den neurrian lagundu beharko zenukeelakoan nago.
2. Astekoastakeria saria
2014-02-23 // Astekoastakeria // Iruzkinik ez
Hitzak bateratuz esaldiak sortzen ditugu. Esaldi horiek entzuten ditugu. Esaldi horiek irakurtzen ditugu. Gizakia trebea da hitzak erabiltzen. Hitzak politak dira. Hitzak beharrezkoak dira. Hitzak pizgarriak dira. Hitzek komunikazioa ahalbidetzen dute. Hitzek maitemindu dezakete. Hitzek gorrotatu dezakete. Hitzek tristatu dezakete. Hitzek ez dute min fisikokorik eragiten, baina hitzen atzetik dauden ideiak latzak izan daitezke.
Zorionez edo zoritxarrez, aste honetan ere, hitzez osaturiko esaldiek astakeriak sortu dituzte eta guk horiek aditzeko astia izan dugu, baina nork izango du #astekoastakeria sariaren bigarren edizioa irabazteko ohorea? Zerk dardarazi du gure tinpanoa? Zerk harritu ditu gure begiak aste honetan?
Hona hemen aste honetako hautagaiak eta beraien adierazpen harrigarriak:
-Lehenengoa, Yolanda Barcina, Nafarroako presidentea, eta bere adierazpenak: “Goikoetxeak bezero ohiei mesedezko tratua (prebarikazioa)? Testuingurutik aterata dago, gizatasuna izan zen (kontu humanitarioa zen)”. Aholkutxo bat: gizatasuna ez da testuingurutik atera behar. Osterantzean, benetako beharrizanak dituztenei laguntzea nola deituko diogu, Yolanda Barcina? Egoera eta ekintza bakoitzak badu izendatzeko hitz bat eta zuk aipatzen dituzun mesede motak, uste dut, badakizula nola izendatzen diren.
-Bigarrena, Juan Jose Imbroda, Melillako presidentea, eta bere adierazpenak: “Mugan Guardia Zibilak ezin badu istiluen aurkako materiala erabili ongi etorrirako azafatak jartzea besterik ez dugu”. Argi eta garbi, matxismoaren eta indarkeri polizialaren apologiaren aurrean gaude. Antza denez, presidente honek berdintasuna eta Giza Eskubideak ahaztu egin ditu. Ni ziur nago azafatek pertsona horiei behar bezalako ongi etorria eskainiko zietela. Izan ere, mundu hobe baten izenean, pertsonak hiltzen dituen materialaren ordez, janariarekin eta arroparekin ongi etorria emango baitzieten. Hori bai gizatasunezkoa izango litzatekeela!
Berdin zait nor egon behar den mugan harrera egiteko, baina Guardia Zibila, presidentea edo azafaten artean, zalantza izpirik gabe, azafatak aukeratuko nituzke.
Zergatik pertsona batzuk mugetan arazoak dituzte eta beste batzuk ez? Non dago berdintasuna? Eta gizatasuna?
–Hirugarren hautagaia, Alfonso Merlos kazetaria eta bere adierazpenak: “Etorkinak ez dira tiroengatik izututa hiltzen, eurak bakarrik itotzen dira”. Alde batetik, adierazpen askatasunaren eta osasunaren izenean batzuk isilik egon beharko liratekeelakoan nago. Bestetik, gizatasunaren izenean itsasoan, noraezean, daudenak lagundu egin behar ditugu. Gainera, arriskuan dagoena ez laguntzea delitua da. Beraz, tirokatu eta hiltzeko aukerak areagotu beharrean hobe flotagailuak bota izan balituzte, burua salbatzeko aukera izan zezaketen.
Zer nolako harrera merezi dute Alemaniara lan bila doazen Espainolak? Edo Ameriketara joan ziren euskaldunak?
Eta Ceutan gertatutakoa Frantziako mugan gertatu izan balitz?
Eta jekeak edo futbolariak izango balira mugatik pasatu nahi dutenak?
Eta non dago Giza Eskubideen tratatua? Eta nazioarteko legaltasuna?
Ceuta ez al dago Afrika kontinentean?
Ez al da itsasoa denon ondarea?
Bizitza hobe baten bila doazen pertsonak ez dute heriotzarik bere bidean topatu behar.
Irabazlearen izena esan aurretik, Infanta Cristina eta bere ezjakintasunarentzako aipamen berezia egin beharrean nago: “Ez dakit” “ez dut gogoratzen”. Sokrates lasai egon daiteke baduelako nork ordezkatuko duen. “Ezer ez dakiela baino ez daki”.
Bukatzeko, nork izango du bigarren #astekoastakeria saria irabazteko ohorea? Nork izango du Iñaki Azkuna jaunaren urratsak jarraitzeko tenorea? Danborren hotsa …
Juan Jose Imbroda eta ongi etorriak
Zorionak Juan Jose! Eta benetako gizatasuna, ongi etorria!
MUGATIK
2014-02-19 // Kultura // Iruzkinik ez
Mugen arteko borroka, bidai sakonaren metafora.
Otsailaren 17an, Amets Arzallus bertsolariak eta Joxan Goikoetxea musikariak Bilboko Arriaga antzokian “Mugatik” ikuskizuna estreinatu zuten. Ehun pertsona inguru gerturatu ziren “Literatura eta musika euskaraz” zikloaz gozatzeko asmoz.
Ikuskizun honetan bertsolariak bertsolaritzaren bat-batekotasunaren mugak alde batera utzi zituen eta idatzitako irakurketara eta bertso idatzietara ihesi egin zuen Joxan Goikoetxearen musikaz lagunduta. Irakurketa. Bertso idatziak. Musika.
Gai malenkoniatsuak. Injustizien salaketa. Metaforak. Iheslarien, nomaden, errefuxiatuen, etorkinen bizitza bidaian murgildu zen antzokia. Pertsonei buruzko hausnarketa bidai batean murgildu zuten ikuslegoa, mugarik gabeko bidai sakon batera edo mugaz jositako bidai sakon batera gonbidatu zituzten bertaratutakoak.
Mugak edonon. Mugak inon. Mugatik mugara. Alde batean edo bestean. Bi protagonistak muga fisikoez, muga imaginarioez eta muga horiek gainditzen dituzten jendearen istorioez aritu ziren. Mugaren zein aldeetan zaude zain? Mugaren zein aldeetan nago zain?
Orain, nire aburuz, norberak bere barne bidaia egin dezan, ikuskizunean planteatu zituzten hausnarketarik interesgarrienak nire komentarioekin batera plazaratuko dizkizuet:
-Nortzuk dira baztertuengandik baztertutakoak? Euskaldunengandik ijitoak? Non ote dago kasu askotan euskaldunon ustezko abegikortasuna?
-Non da herria? Non da deserria?
-Alde batetik bestera doan jendea maite dut galderak sortzen dizkigutelako. Erantzunik gabeko galderak?
-Europako herri batean beti bizi izan den agure bat bost herrialde ezberdinetan bizi izan da. Mugak aldatu dira, mugak aldatzen dira eta mugak aldatuko dira.
-Nork jartzen du munduaren zabaltasuna auzitan? Mapek jartzen omen dute zabaltasuna auzitan.
-Txoriak eta txanponak dira libre dabiltzan bakarrak.
-Euskal Herriko hegoaldearen eta iparraldearen artean ez al dago Bidasoak ezartzen duena baino distantzia handiagoa?
-Estatu bat nahi dugu miseria honen erdian.
-Espainiaren eta Frantziaren menpe egonda euskalduna izaten jarraituko dut. Palestina berdin.
-Hitzek pasaporte barik bidaiatzen dute, ez al digu pistarik ematen?
-Aktualitatea: kontatzen dena baino ez da kontatzen. Eta kontatzen ez dena?
-Nelson Mandela hil zen egunean Bilboko kaleetan senegaldar bat hil zela irakurri al zenuen albisteetan?
-Aktualitatea tricher bat da, tricher hitzak frantsesez tranpa egitea esan nahi du.
-Ez al ditugu irensten albiste “prefabrikatuak”?
-10 milioi ume gosez hiltzen dira, inork ba al daki zer den hori?
-Sistema espekulatiboa
-Lur honi guk eman diogu hitza. Pertsonek egiten dituzte herriak.
Ihesi nator. Ihesi zoaz. Ihesi goaz. Ihesi doaz. Sentimenduetatik ihes. Oroitzapenetatik ihes. Ekintzetatik ihes. Beldurretatik ihes. Giza arriskuetatik ihesi. Arrisku naturaletatik ihesi. Latza. Arrotza. Batzuetan fisikoki eta beste batzuetan psikikoki. Batzuetan behartuta eta beste batzuetan borondatez.
Eta zu, nora zoaz?
ASTEKOASTAKERIA
2014-02-14 // Astekoastakeria // Iruzkinik ez
Hitzek ideiak sortzen dituzte eta ideiek hitzak. Gizaki ez diren animali batzuk ez dute horrelako aukerarik eta soinuka komunikatzen dira, hala nola, otsoek ulu-ulu egiten dute, behiek marru, oilarrek kukurruku, txoriek txio-txio, txerriek kurrin-kurrin, ardiek bee eta astoek arrantza. Bien bitartean, ordea, gizaki diren beste animali batzuk astakeriaka aritzen dira.
Gaur ostirala da, aste honetan ere astia izan dugu hainbat astakeria entzuteko eta irakurtzeko. Gure begiek eta belarriek behartzen gaituzte. Ahalegin handiak ikusi eta entzun ditugu lehenengo #astekoastakeria saria irabazteko, norgehiagoka estua bizi izan dugu. Beraz, irrikan egongo zaudetenez, hona hemen aste honetako hautagaiak eta beraien adierazpen txundigarriak:
-Lehenengoa, Roberto Jimenez, Nafarroako “sozialisten” burua, eta bere adierazpenak: “Nafarroan PSOE ni naiz”. Argi eta garbi, gizakiaren norberekeriaren eredua, antza denez, partiduaren zinegotzi, parlamentari, aholkulari, politikari, boto-emaile eta oinarri guztia ahaztu du. Egoera berriak sortu ote dion estresa erruduna izango al da? gizajoa.
-Bigarrena, Davinia Saorín, Calasparrako PPko zinegotzia, eta bere adierazpenak: “Abortatzea gizaki bat hiltzea da, terrorista izatea”. Lehenengo ñabardura, bizitza gizatiarra jaio ostean suertatzen da. Jaio arte, enbrioia edo fetua bizitza gizatiarraren proiektuak dira. Bigarrena, abortatzea haurdunaldia etetea da, ez hiltzea. Gogoratu, norberaren gorputza norberaren erabakia. Nor zara zu beste pertsona bati bere gorputzarekin zer egin behar duen esateko? Eta hirugarrena, haurdunaldia gelditzen duen pertsonari terrorista deitzea, irain izugarria da. Izua horrelako adierazpenek eta ideiek sortzen dute.
-Hirugarren hautagaia, Iñaki Azkuna, Bilboko alkate “abertzalea” eta bere adierazpenak: “Ez ditut alkate frankisten koadroak kenduko, historia errespetatu behar da”. Lehenengo ñabardura, udaletxean alkate frankisten koadroak izatea ez da historia errespetatzea, diktadore baten erregimen totalitarioa goraipatzea baizik. Imajinatzen al duzu Berlineko udaletxean horrelako egoerarik? Non dauka Iñakik frankismoak eragindako milaka hildakoei, zaurituei, desagertuei eta kartzelaratu guztiei errespetua? Horietako asko, gainera, EAJ-koak. Bigarrena, Iñakiren arabera ere nazismoak eragindakoa edo bonba atomikoak edo kolonialismoak eragindako sarraskiak errespetatu beharko ditugu, ezta? Iñaki, entzun mesedez, historia ez da zertan errespetatu behar, ezagutu egin behar da, zertarako? iraganeko akatsak ez errepikatzeko eta zuzentzeko, esate baterako, Bilbon hasi zaitezke ikur frankistak kentzen, jeneralen izenak dituzten kaleen izenak aldatzen … Dena den, ez ahaztu historia manipulatuta dagoela.
Eta bukatzeko, garailea esateko ordua, nork izango du lehenengo #astekoastakaria saria irabazteko ohorea? Danborren hotsa …
Iñaki AzkUNA, Iñaki AzkGRANDE, Iñaki AzkLibre eta bere errespetua.
Zorionak Iñaki! Gora errespetua! Eta besteei, ez etsi, eutsi! Saria irabazteko aukera gehiago izango dituzuela.
OROIMENAREN ORAINA
2014-02-09 // Kultura // Iruzkinik ez
Otsailaren 8an, Gernikako Jai Alai pilotalekua bete egin zen Ibilaldia Elkarteak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxeak elkarlanean antolatutako Benito Lertxundiren kontzertuaz gozatzeko. Sarrerak agortu ziren.
Abeslari ezagun gipuzkoarrak Euskal Herriko toki eta adin ezberdinetako hainbat musikariekin batera “Oroimenaren oraina” izeneko kontzertu dotorea eskaini zuen. Bi ordu eta erdi luze iraun zituen emanaldiak. Denbora tarte horretan, Benito Lertxundiren ahots grabeaz, Olatz Zugastiren eta Intza Unanueren ahots leunaz eta hainbat musika tresna ezberdinez, hala nola, pianoaz, biolontxeloaz, arpaz, perkusiozko tresnaz, gitarraz … sortutako doinu eta abesti goxoez gozatzeko aukera izan zuten. Eszenatokia kolorez aldatzen ziren sei euritetakoz eta hamar pantailaz apaindurik zegoen, bertan paisaiak: basoak, itsasoa … efektu erakargarri bat lortuz islatzen zirelarik.
Gaueko bederatzietan publikoaren txalo artean artistak oholtzara heldu zirenean kontzertua hasi zen. Beharrezkoa eta eskertzen den puntualtasuna.
Kontzertua oso ondo eta lasai zihoan aurrera, eta abesti bakoitzaren ostean ohikoa den txalo zaparradak entzun ziren, baina agurrak eta gero unerik beroenak eta hunkigarrienak ailegatu ziren
Artista guztiak oholtzaren erdian elkartu eta agurtzen hasi ziren. Publikoak jesarrita txalotu zituzten, baina espero zitekeen “beste bat” oihukatu beharrean, zenbait pertsonak abestien izenak eskatzen hasi ziren: “Bizkaia maite”, ” Herribehera” … horrek publikoaren algarak eragin zituen eta Benitok, umoretsu, “sarrera batekin bi kontzertu nahi duzue” erantzun zuen.
Gau hotzari aurre eginez, pilotalekuko giroa berotuz joan zen. “Probintzianismo kutreak” gaindituz, gipuzkoarrak publikoaren laguntzarekin “Bizkaia maite” eta “Ez zara inoiz bakarrik joango” ,besteak beste, abestu zituen artisten eta publikoaren artean armonia paregabea sortuz.
Baina momenturik beroenak, hunkigarrienak eta ederrenak bukaerarako gordeta zeuden. Benito Lertxundik mikrofonoa hartu zuen eta: “Azken 50 urteetan herri honen lorpenik handiena ikastolak sortzea izan da. Diktadore bati, hatzaparretatik, hezkuntza kendu eta hezkuntza propio bat izatea handia izan zen”. Hori lortzea denon artean posible izan zela azpimarratu zuen, “denon artean sortu ziren ikastolak”. Argi eta garbi, herri hau batzen denean onena emateko gai da.
Diskurtso hau omentzeko, Olatz Zugastik ikastolei eskeinitako “Bizirik gaudelako” abestia Intza Unanuek bere ahots leunarekin kantatu zuen entzulegoaren bihotza xamurtuz; “GU GARA ITURRI ZAHARREKO UR BERRIA”.
Beste momentu bero, hunkigarri, berezi eta aipagarri bat, Benitok, joandako adiskideak gogoarazteko “Xalbadorren heriotza” abestu zuenean izan zen.
Eta bukatzeko, falta ezin zitekeen abestia: “Zenbat gera”. Publikoak, asetuta, zutik agurtu zituen artista guztiak.
Plazer bat izan duk, Benito eta kontzertu hau posible izatea egin duzuen guztiak!
EUSKARAREN BIHOZFERA