Kontzientzia ala infernua
Hasiera » Nirea, zurea eta gurea askatzeko - Kontzientzia ala infernua

Donostia nafarra da berria

2023-03-25  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Berrian jakin dugu Alemaniako bidai agentzia batzuek Nafarroa promozionatzeko kartel bat atera dutela, Donostiako badia ederraren argazkiarekin. Nork ez luke nahi horrelako paisaiarik bere lurretan!

Kartelak, aintzinako Erresuma Nafarrari egiten dio erreferentzia. Gertakariaren berri ematen duen Julen Otaegi Leonetek zera idazten du: “… Nafarroako turismoaren iragarkietan. Beste nonbaiteko irudiarekin, ordea: Donostiaren irudi orokor batekin.”

Uste dugu alemaniar horiek jakitun izango direla behinola Donostia Nafarroako Erresumaren hiri garrantzitsua zela. Antso VI. Jakitunak Forua eman zion 1181ean, eta irudiaren erdi-erdian zegoen, Urgull gainean, Motako gaztelua. Kartelak adierazten duena zuzena da, beraz, Donostia ez baitzen “beste nonbaiteko” garai haietan. 1200eko konkistaren buruan bereganatu zuen Gaztelak, Gasteizeko 9 hilabeteko setioaren prozesu berean.

Orain “beste nonbaiteko” garen zailagoa da erantzuten, errealitateak hori islatzen baitu: Espainiako komunitate desberdinetakoak garela. Baina eta, zer dio gure gogoak? Ontzat ematen ote dugu bortxaz, gure borondate eta legeen kontra kendu digutena? Guretzat, bat gara. Bertoko, eta ez beste nonbaiteko. 

Txibiteri ez zaio kartela gustatu; normala, berak ordezkatzen duen espainiartasunarendako: nola bat eginda ipini lur “baskoak” Nafarroarekin! Berarekin bat egingo ote du Urkulluk?

Gustura hartu ditugu Alemaniako berri freskoak, gertakari zahar berrituak, politikoki bat ginen garaikoak. Uste baitugu, euskaldunok, nor izango bagara, batuta eta inoren menpe egon gabe izango garela.

Dekolonizatu EH

2023-03-07  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Aurreko astean Bergarako Olaso Dorrean izan nintzen, sinboloez jabetzearen gaineko hitzaldi batean.

Sinboloen atzean kontakizun bat dago, eta bistan da: bistan dauzkagun sinboloek –armarri, bandera, monolito, kale-izen…–, inperioari komeni zaion kontakizuna kontatzen dute.

Herri zapalduen kontakizunik ez zaio komeni inperioari: bere zimentuak arrakalatzen ditu. Herri zapalduak berriz, ezinbesteko du bere kontakizun propioa, duintasunez aurrera egingo badu. Dekolonizatu beharra dauka.

Non ginen euskaldunok, konkista prozesuan? Inperioarekin, ala Herri erresistente? Bada, bietan. Nafarroatik konkistaz erauziak izan ondoren, euskaldun askok hartu zuen parte Espainiaren proiektu inperialean. Amerikan batzuk, eta Nafarroan bertan, bestek. Nafarroaren baitan berriz, konkistatzaileekin beaumondarrak, eta erresistentzian agramondarrak.

Guk ez, baina inperioko Herri zapaldu gehienek berreskuratu dute independentzia, eta beren bidea eta kontakizuna egiten ari dira. Gurera etortzean, min ematen die inperioaren sinboloek, Iralarenak kasu. Garbi daukate konkistaren afera.

Eta guk? Badakigu Belateko kainoiek edo eta San Martzialeko ospakizunak, min egiten dietela Nafarroa Garaikoei? Badakigu konkistatuak izan garela? Bagabiltza gure kontakizuna eraikitzen?

Zorionez, argi printza batzuk badira Antzuolan –armarria–, Arrasaten –kalea– eta Oñatin –bandera–, emandako eraldaketetan, esaterako.

Amerikako konkistak eragindako minak leuntzen ere gure ekarpena egin behar dugu, beti ere geure kontakizun propioaren baitan. Euskaldun askok bai, baina euskaldunok hartu al genuen parte? Gure estatuaren proiektua al zen? Gu, Espainia al ginen (gara) ba? Ala, Espainiak (eta Frantziak) menpean hartuta gaude?

Horrela gaude. Asko daukagu ikasteko geurekotu diren ahaldundutako amerikarrengandik. Jabetuko al gara, kontakizun propioaren beharraz!

Nafarroa, gaur

2022-10-20  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Nafarroa, izena da. Lurraldetasunari dagokionez, izenak Nafarroa Garaian eta Nafarroa Beherean eutsi dio soilik, azkenengo kendu zizkiguten lurraldeetan hain zuzen ere.
Izenaren atzean baina, izana dago. Egun garena, nortasuna, identitatea, iraganak moldatu du. Orduko lorpenek, akatsek, ezinek… moldatu dute gure oraina; gure potentziala eta baita gure mugak ere konfiguratu ditu iraganak.
Iragana ezagutzeari esker du orainak zentzua, norabidea, etorkizunera proiektatzeko ahalmena. Iragana ahaztu duenak noraeza bizi du. Gogora ekarri bestela amnesia ala Alzheimerra pairatzen dutenak; inoren menpe bizitzea dakar: inor izatea, nor baino.
Euskal Herrian ere inoren menpe bizi gara, eta amnesia zantzuak baditugula esango nuke. “Nafarroa Euskadi da” esan izan dugu, adibidez. Noraeza ulertzekoa da, izan ere, menperatzaileek lan handia egiten dute gure iragana, gure historia, ezkutatzen. Lehen militarki hartu gintuzten menpean, baina badakite benetako garaipena, behin betirakoa, guk memoria galdutakoan erdietsiko dutela.
Etorkizuna marrazteko iragana ezagutzea ezinbestekoa bada, ba al dakigu ezer gure iraganaz? Zorionez, ikerlari zenbaitek eta Nabarraldek besteak beste egindako lanari esker, gure iragana ezagutu dezakegu. Zer da kontakizunak esan nahi diguna?
Hasteko, Nafarroa geuk sortu genuen, halabeharrez, erasoen aurrean, geure habitateko bizi moldeak defendatzeko. Gainera, geure neurrira propio egin genuen: euskal gizarteak natural bizi zituen Nafarroako legeak, beren ohituretan oinarrituak baitziren, eta ez botere absolutista batek ezarriak. Eta ezin dugu ahaztu Europan, errekonozitutako estatua izan zela: egitura politiko gorena.
Iragan hau ezagutzean, osotasun baten parte garela ulertzen dugu, eta horrek naziotasun kontzientzia ematen digu. Politikoki zer lortzeko gai izan garen jakiteak auto-estimua altxatu egiten digu; euskaldunok, beharra ikusten dugunean eta batzen garenean, proiektu handiak aurrera eramateko gaitasuna daukagu.
Aurretik kontatutakoak, iraganeko lorpenak dira. Penak ere baditugu, eta bakarrean laburbildu ditzakegu: gure borondate eta legeen kontra kultura/estatu inbasoreek zatika eta biolentoki desegin digute egitura politiko gorena. Hemen kokatzen dira Amaiurgo gertakariak ere, beste hainbatekin batera: nortasunaren defentsan.
Memoria historikoak erakusten digu, “Zazpiak bat” baino, zazpitan banatutako bat garela, ala hiru administraziotan, ala bi estatutan banatutako komunitate bat. Errealitate gordin honek mugak ezartzen dizkigu egun. Gure ahuldadea da, eta adierazten digu nekez lortuko dugula batasun eta independentziarik egungo administrazioetatik.
Gure egoera hau bortxaz eraitsia izan dela jakiteak, motibazioa ematen digu egoera injustuari irtenbideak bilatzeko, izan ginen hura berreskuratzeko.
Zer da beraz, Nafarroa, gaur? Euskaldunoi kendu diguten babes-sistema da Nafarroa. Kendu diguten egitura politiko gorena; kendu diguten estatua da Nafarroa.
Etorkizunean kultura osasuntsu gisa bizi nahi badugu, zentzuz berreraiki beharrekoa.

Naziometroa, emantzipazio estrategiaren neurri?

2021-05-07  //  estatugintza, feminismoa, partaidetza  //  Iruzkinik ez

[Aitziber Zugarramurdi, Helena Xurio, Igor Biribai eta Iñaki Idigoras]

Munduan preziatua den wolframioa Bergarako laboratorioan aurkitu zuten Elhuyar Etxenike anaiek, 1783an. Metalik indartsuena da wolframioa, fusio, haustura eta korrosioari erresistentziarik handiena diena. Metafora aproposa, Telesforo Monzon abertzale bergararra zenaren etxean, bere ondarea kudeatzen duen fundazioak TM eLab deritzon ‘Euskal Herrigintza Laborategia’ eratzeko, helburu zehatzarekin: euskal estatua berreskuratzeko estrategiak lantzea.

Laborategietan instrumentuak behar dituzte ikerlariek, non diren neurtzeko; terrenoa ezagutzeko. TM eLab-en instrumentu propioa garatu dute independentzia nahiaren neurketak egiteko. Naziometroa du izena, eta EHU-ko ‘Parte Hartuz’ ikerlari taldearekin egindakoa da. Batzorde zientifiko batek egiten du inkestaren analisia, eta Naziometroaren zehaztasun zientifikoa bermatzea du xede. Jakina baita neurketak berak, baldintzatu egiten dituela emaitzak. Ikerlarien eskarmentu, intuizio eta interpretazio eta proiekzio gaitasunen araberakoa izango da esperimentuaren emaitza.

Goazen inkestaren planteamendura: Euskal Estatua, berreskuratzekotan, ‘autodeterminazio erreferendum’ baten bidez egingo dugula iradokitzen digu. Batzorde zientifikoak ez du beste biderik proiektatu. Emaitzen titularra, honokoa: ‘Autodeterminazio erreferendum adostu eta ofizial baten kontestuan nagusi dira Euskal Estatuaren alde agertzen direnak (%42)’. Paris eta Madrilen baimena izateari deritzote ‘adostu eta ofizial’. Zientifikook zilegizko autoritatetzat dituzte Paris eta Madril, zer eta independentzia kausarako! Laborategiak kutsatua dirudi.

Datuetan badira bi esanguratsu, laborategia bakarrik ez, gizartea bera ere kutsatuta gaudela adierazten dutenak. Kolonizatuak, alegia. Lehena da, erreferenduma ‘adostua eta ofiziala’ ez denean, independentziaren alde jende gutxiago gaudela. Sumisioa bistarazten du: norbere desirak eta beharrak asetzeko, inoren baimen beharra. Mendekuaren beldurra ere bai, agian. Ez daukagu berdinen arteko erlazio bat. Botere harremana asimetrikoa da, eta menpeko, gu. Ezer berririk ez: egoera ez da demokratikoa, biolentoa baizik. Kuartelekin gogorarazten digute.

Bigarrena %37aren datu ezkutua da. Horrenbesteko proportzioan daude Euskal Herrian, etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidearen alde EZ direnak: hamarretik lau, ia. Irudikatzen duzu, laborategiko probetatxoan euskal lurretan bizi garen denok sartu, eta likido gris honen neurria nolakoa den?

Nola, 18 urtetik gorako milioi bat pertsona, eskubide baten alde EZ, XXI. mendeko Euskal Herrian? Milioi bat! Zein maila kultural eta politiko daukate? Zein maila gizatiar, eskubide baten alde ez egoteko? Zein ideologia? Bistan da, kimika desberdinekoak direla, eta beren funtzioa betetzen dutela gure askapenaren kausan: inhibidoreak dira.

Izan ere, nortzuk dira eskubideen alde historikoki azaldu ez direnak? Inperialistak, kapitalistak,  matxistak, faxistak… posesibo egozentristak, denak: ‘NI naiz jaun eta -besteen- JABE’ pentsatzen dutenak. Boterekeriatik ikusita, (besteen) eskubideak arriskutsu dira: besteen bizkarren gainean eraikitako norbere status quoa auzitan ipintzen baitute. Nola utziko dio honelako (subjektu) batek bere status quoaren inguruan ‘azpiko’ (objektu) batek erabakitzen? Horrelako aukerarik buruan sartu ere ez zaio egiten (besteen) ‘jabe’ dela sinisten duenari. Bada, askotxo dira, probintzitan zatikatutako Euskal Herriaren puskak BERE direnaren ideia daukatenak. Frantziar eta espainiar ikuspuntu edo ideologiatik, bistan da. Guk erreakzionatzea ekidin nahi duten inhibidore kimikoak, kolonoak dira ideologikoki.

Ba ote dauka zentzurik horrelako espezimenek, BEREn jabetzako objektutzat gauzkatenek, gure erabaki batean -beraiekiko independentziarenean, hain justu- parte hartzeak? Inkestaren planteamentua eta analisia egin dutenendako bai, antza. Eskarmentu gutxikoa ote da batzorde zientifikoa independentzia gaietan? Inkontzienteki kolonizatua, hauek ere, besteok bezala? Zientzialariak ere ez baitaude birusetik salbu.

Bada hori, tratu txarrak jasotzen dituen emakumearen gizonarekiko independentzia erabakia, lehenik beronekin adostu behar duela nola egin, hau baita bere eta ofizialtasunaren jabe. Eta balizko erabakiaren norabidea arriskutsua ez gertatzeko -gizonari, bistan da-, gizonak berak ere erabakian parte hartuko duela (kolonoen bidez): biek bozkatuko dutela emakumearen independentzia. Eta emakumeak, irabazteko, bi bozkaren %51 beharko dituela: harrapazan! Botere harreman asimetriko bat, zilegi ez den menperakuntza bat, demokraziaren sinbolo bihurtu den bozketa baten -parte-hartzaile, bai- bidez zurituz. Estrategia, bada. Zeinena, baina?

Gurea ez. Hobe luke emakume horrek, menperakuntzaz ohartzen denean, ahalduntzen hastea. Gizon bortitzari bizkar eman, agian beste eragile batzuekin elkartu, bere lanketa pertsonalerako gunea eratu… giro toxikotik kanpo, autoestimu eta boterea lantzeko. Burujabe eta aske denean erabakiko du gizon harekin zein harreman izan. Emakumea gara gu. Demokraziaren ‘festa’ deiturikoetan nekez kenduko ditugu menperatzaileak gainetik. Egoera, bere jatorrian, demokratikoa ez delako, %100 gure esku ez dagoelako. ‘Gu’ kontzeptua bera distortsionatuta agertzen zaigulako, erroldatu guztiak batzen baitutu Naziometroaren errelatoan.

Ikusitakoak ikusita, Naziometroak -ala ez-, zergatik ez euskal herritar, elkarte, alderdi, sindikatu, eskola, ikastola, unibertsitate, erakunde, komunikabide eta abarren kolonizazio maila ideologikoa neurtu? Zenbat berri arrotz? Hau da, zenbateraino gaude gu geu gristuta? Zenbaterainokoa da gure inhibidore rola? Beronen alderantzizkoa izango da independentziarako daukagun prestutasun psikologikoa, heldutasun maila.

Deulofeu katalan kimikariak Historiaren matematikak aztertu zituen. Bere kalkuluen arabera, hamarkada honetan irekiko zaigu urrezko aukera bat. Zortzi urte ditugu loturak askatu eta askapen prozesua osotzeko. Kimikariek gehien preziatutako elementua probetatxora isurtzen hasiak gara honez gero: katalizatzailea. Inhibidorearen kontrako rola jokatzen du honek, prozesua abiaraziz. Energia preso (potentzial) daukaten harresiak higatzen ditu, eraiste neurtu batean, energia emeki-emeki askatu eta bide naturala segi dezan, norbere zatiak fusionatuz, lotura toxikoak deseginez, eta harreman nutritiboak bilatuz. Kontzientzia da katalizatzaile. Argi emanazio bat izanen da emantzipazioa.

Euskararen eguna, Nafarroarena

2020-12-03  //  estatugintza, euskara, haserre  //  Iruzkinik ez

Ikusi al dituzu Eroskiren esne kaxak? Bi modelo behintzat baditu: CAV-erako bata, honen mapa, Trebiñuko zulo eta guzti, eta ‘EUSKADI’ hitzarekin. CFN-rako bestea, bere mapa eta ‘NAVARRA’rekin. Ez dut uste esne txarrarekin egindako bereizketa denik, baina ez digu euskaldunoi onik egiten.

(gehiago…)

Eskubide penalak

2020-10-21  //  emozioz, estatugintza, euskara, feminismoa, humanismoa, intentzioa  //  Iruzkinik ez

Eskubide penalak

Anariren ‘Zure aurrekari penalak’ eta Pettiren ‘Manipulazio estrategiak’ itzelezko bi diska dira. Bata bestearekin kateatuz, saiakera honetan eskubideak, aurrekari penalak dituzten manipulazio estrategiak ez ote diren iradokitzen dut, beharrei dagokien lekua itzultzeko.

Eskutik doaz eskuburdin eta eskubidea. Batak ekarri zuen bestea. Gaztelako erresuma, Espainia izango zen inperioa eratzen ari zen, bostehun urte badirela. Amerika zein Nafarroa(ren beste zati bat) konkista bidez bereganatzen, jatorrizko herritarrak menpean hartuta.

Antza denez, bazen inperioaren baitan kontzientzia lasai ez zeukanik, errudun sentitzen zenik. Salamancako Unibertsitateko Francisco de Vitoria fraide domingotarra, kasu. Esklaboak animaliak bailira eskuburdinekin lotuta zerabiltzatela jakitean hozka egin bide zion moral kristauak. Bere hausnarketekin, espainiarren Amerikako ekintzen zilegitasuna ezbaian ipini zuen. Egungo nazioarteko zuzenbidearen oinarriak ezarri zituen, eta horrela aitortzen dio NBEk Genevako kongresu gelari bere izena emanez.

Zuzenbideak eskubideez dihardu. Orduko esklabutza seinalatzen zuten eskuburdinen oinordeko ez al dira egungo eskubideak? Ez al ditu eskubide aldarrikatzeak egungo botere gabetuak seinalatzen? Biek ala biek, eskuburdin zein eskubide, ez al dute kontzeptu bera -menpekotasuna- adierazten? Ez al da bigarrena, lehenengoaren aro modernorako bertsio leundua? Desiragarri egindakoa?

Gure beharrak asetzeko gai ez garenean, edo ardura hartu nahi ez dugunean, aldarrikatzen ditugu eskubideak. Horrela gabiltzan itxura hartzen diot kale, hedabide zein sare sozialetan erreparatzean: konzentrazio, manifa, komunikatu, agerraldi, pegatina, pintaketa, eskaera, exijentzia… adieraz penak, aldarrika penak fin batean. Zilegiak eta menpekotasunetik.

Botere gabeziak eramaten gaitu eskubideen aldarrika penetan makurtzera. Nekez ikusiko dugu botereduna eskubideen aldarrika penetan. Eskubideak aitortzen dion hori lortzeko boterea badaukalako, gai delako bere beharrak bere kasa asetzeko. Botererik gabekoon kontua dira beraz eskubideak. Menperatzaile katolikoen erruduntasun sentimentuak eragindako errukiz asmatutako kontzeptu zuritzailea direlakoan nago. Aurrekari penalak dituzten, eta egun ere menpeko egiteko balio duten manipulazio estrategiak, beraz.

Kontua da, espainiarrak Amerika eta Nafarroa konkistatzen ari zirela 1512.aren bueltan. Beste kontinentekoen sufrikarioak mugitu zuen Vitoriaren kontzientzia. Ez dakit jakingo ote zuen, gurasoak euskaldunak izanda, Fernando Katolikoak penintsulan bertan konkistatu zituen bere anai arrebek bazutela sutsuki defendatzen zuten zera preziatu bat: herritarren mendetako elkarbizitza ohituretatik eratorritako Konstituzio propio bat, izan ere. Askatasunean mendez mende osatutakoa. Ahozko tradiziotik Foru Orokorrean idatziz jaso zutena, 1238.ean. Nafar estatuko ordezkariek, erregea aukeratzen zutenean, Foruei zin egitera behartzen zuten: nagusi baino, Foruaren araberako bizikidetasunaren defentsaren buru izendatzen zutela adierazteko.

Lagun Marianek esan zidan, Foru Orokorra osotasunean irakurrita, arreta deitu ziola ‘eskubide’ hitza behin ere ez agertzeak. Forua pragmatikoa da: eskubidea aitortu baino, herritarren beharra nola ase zehazten du, baliabide komunalak erabiliz, sarri. Alegia, gure gosea asetzeko, jateko eskubidearen aitortza baino, janaria lortzeko lurra behar dugula. Eta hala bermatzen zitzaigula.

Gure beharrak asetzeko, geure neurri eta erara antolatutako egiturak behar ditugu, menpekotasunik gabeak. Eskubideek estali egiten dituzte duin bizirauteko beharrak. Beharrez gabe, eskubideez ari gara. Beharrez jabetu gabe, eskubideak aldarrikatzen. Nori, baina? Vatikanoak askatasun espiritualik emango ez digun bezala, NBEk ez digu askatasun politikorik emango. Beraien estatusa babesteko instituzioak direlako, eta ez dutelako han beste inor nahi.

Askatuko bagara, geure boterean behar dugu fedea. Geuk sentitu behar dugu. Kolonizatuta daukagun buruaz jabetu behar dugu, ekintzak beharrak asetzera zentzuz bideratzeko. Jabetzeko, baina, ohartu egin behar dugu lehenik, eta onartu ondoren, kolonizatuta gaudela. Boterekeriaz okupatuta daukaten gure etxeaz jabetzen garenean izango gara aske. Mendetako menpekotasun penak atzean utzi eta gure komunitatearen behar eta desirak ase betetzeko. Bizi irauteko.

Katolizismoak goraipatutako errukiaren erroak boterekeriak errutako erruduntasunean daude. Amerikako konkistak eragin minetik Salamancako hausnarketara, eta handik berriro Amerikara, NBEn eskubideak aitortuz. Inperiotik, inperioen zilegiztatzera. Zerua eskaintzea bezain merkea ez al da aitortza? Ez al du -protestaz haratagoko- ekintza ekiditen? Eskubideen zerumugak utopia dirudi, errealitate baino: ‘ondo legokeena’.

Beharra baina, lurrean bertan daukagu, etxean, gorputzean, buruan: okupatua gutxi ez, eta zatikatua ere badaukagu eta. NBEren atea jo aurretik, geure nazio batuaren erakundea berreskuratu beharra daukagu: Nor izan. Aldarrika penez inor baino, guk geuk eginez. Gu geu izanez.

Ez egina da ezina. Egitearen erregai, gogoa. Gogoaren pizgarri, zentzuetatik gogora ekarria. Zentzuz, gogoz eta ekinez. Nor bere bizi legez.

Espezie inbasoreak

2020-07-03  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkin bat

Borobila da Amalurra. Barruan sua, kanpoan airea, eta azaleko ur eta lurrek osotzen dute lau burudun ekosistema.

Bizitza sortu da bertan, milaka eratan, espezietan, oreka sineskaitzean. Espezie horietako bakoitzak bere lekua egin du ekosistema batean ala bestean. Lekua egin ez duena, ez da bizi. Hil zen ala akabatu zuten. Ekosistemak, bizi beharrak gidatutako prozesuaren produktu dira. Hartueman justuan oinarritutako ekonomiaren sistema dira: justizia ekologikoa, orekaren fruitu. Eremu batean batutako espezieen babesleku dira ekosistemak, biziraupenerako berme. Bateragarri ez diren espezieak ekosistema desberdinetan bereiziz, aniztasuna ahalbidetzen da, biodibertsitatea posible eginez. Ekosistema bakoitza bere eremuan da.

Berdin gertatzen da kulturekin ere: hizkera eta mundu ikuskera propioak zituzten gizakiak geografikoki kokatu ziren, bakoitza bere eremuan. Ondorengoak dira inbasio eta konkistak, esku-sartze eta bortxaketak, kultura inposaketak. Milaka kultura erahil eta ehundaka dira arriskuan. Gure euskararena tarteko. Hizkuntza eta beronen inguruan mendez mende eratu dugun kultura (foruak, batzarrak, auzolana…) arriskuan dira. Lauburudunon kultura eri da, berriro. Behinolako babesleku Nafar Estatua galdurik, ekosistema propiorik gabe.

Panpako mustukak eta Asiako liztorrak, beste hainbaten artean, gure ekosistemendako espezie inbasore bezala jo dituzte adituek, ekologista zein zientzilari. Ekosistemaren balioa eta beronen arriskuaren jakitun, espezie inbasoreen kontrako politikak aldarrikatu dituzte. Eta neurri batean, instituzioek esku hartu ere bai. Naturaltasunez ikusten ditugu neurriok. Logikoa baita, bertokoa zainduta, mundu mailako biodibertsitatea babestea. Munduarentzat da on.

Kulturen esparruan baina, ondo ikusiko al genuke kultura erdaldun nagusiak espezie inbasoretzat jotzea? geurea babesteko, munduko aniztasunerako, espainiar eta frantsesaren kontra egitea? Aipatze soilak hautsak harrotuko lituzke. Berehala esango ligukete aniztasuna zein guay den, elkarbizitza, bizikidetasuna, aldebikotasuna… dena eremu berean. Baina inori ez zaio okurritzen, aniztasuna aldarri, grizzly hartz talde bat Piriniotara ekartzerik. Grizzlyak bere eremuak dauzka, eta hartz arreak, bereak, nekez uzten diogun arren. Horrela, munduan bi hartz motak ditugu, besteren artean. Aniztasuna eremuetan babesten da, elkar zapaldu gabe, inor desagerpenera kondenatu gabe. Denek elkar bizitzeko eremua Amalurra da, bakoitza bere txokoan.

Arlo kulturalean, espainiera eta frantsesa osasuntsu dira estatu (ekosistema) propioen babespean. Harreman justurik posible al da gure lurretan erderen eta euskararen artean? Ba ote dago orekarik? Bistan da ezetz. Nola elkar biziko gara liztorrekin? Gurea dena ahotik kentzen digute. Ezin dugu euskaraz ere egin. Ahuleziak jota daukagu gure erlea, euskal kultura. Galduko bada, humanitateak galduko du aniztasunean. Arazoa beraz, gurea eta internazionala ere bada.

UNESCO da mundu mailako ondarea zaintzeko elkarte internazionala. Bere zeregina da bake iraunkorraren bila, kultura desberdinak sustatu eta duintzea. Bere bisioan onartzen du dibertsitate kulturalaren aurkako erasoak badaudela. Badauka ondare inmateriala gordetzeko arduratzen den lan-taldea ere. Ez dugu baina bere laguntzarik. Zerk egiten du kale? Bada, bertako partaide estatuak direla, eta zapaldutako herriok botererik gabe gaudela. Nekez espero genezake ezer inbasoreek ezarritako instituzioetatik. Etxekoez ere.

Hil ala bizikoa dugun honetan bizirautea nahi badugu, nola aktibatu gure sistema immunologikoa? Nola defendatu liztorrengandik? Erasoa militarra zenean, Nafar Estatua eratu eta ehundik gora gazteluk saretutako defentsa sistema antolatu genuen. Mende batzuetarako balio izan zuen, baina zoritxarrez men egin zion erasotzaileen oldarrari, eta dozena erdi inguru besterik ez daude zutik. Erasoa kultural eta politikoa den honetan, nola babestu? Nola biziraun?

Euskaraldia eta gisako ariketak ez dira nahiko. Heldu diezaiogun afera internazionalari: gogoratu dezagun Europan nor ginen, nola antolatuak geunden, nola egurra jaso eta jasoten dugun… eta berreraiki dezagun suntsitutako ekosistema, Nafar Estatua izan zen hura eraberrituz. Horrela antolatu ahalko ditugu bizirauteko babes neurri kultural eta politikoak.

Amalurra borobila da. Oro biltzeko eta babesteko gaitasuna dauka. Ez daigun humatitateak euskara, gure mundu ikuskera propioa, gal. Euskaldunona da ardura. Iraganean ere egin dugu. Ekidin dezagun munduko kultura hilen zerrenda beltzean sartzea. Ez dezagun ahalbidetu humanitatearen aniztasun bizia gure lepotik murriztea. Gure lurrek, eta munduak, euskaraz entzun dezaten. Euskara bizi dezagun.

Gogoaren haritik

2020-07-03  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Bittor Kapanagak ‘Euskera, erro eta gara’ liburuan dioskun bezala, GO, IZ eta AR fonemak izatasun kontzeptua adierazteko erabiltzen zituzten gure arbasoek. Bere ustez, hiru giza multzoren biltzeak eratu zuen gureganaino iritsi den euskera. Hau da, kontzeptu bera adierazteko hiru erro ditugu.

Zenbat hitz eder sortzen diren hiru multzo horietatik: GOIZ, IZAR, ARIZ… eta GOGO. Azken hau fonema beraren errepikapen soil bat dugu: GO-GO. Badirudi, denbora aurrera joan ahala, aitzin euskaldun multzo bat ohartu zela bazela beste izatasun bat, aurrekoaren gainean eraikia.

Lehen soinua, GO, naturaren izatasuna izendatzeko sortuko zuten. Sentitzen zuten oro hartzen zuen bere baitan. Baita gabea iristen zenean iluntasunak ekarritako hutsa ere. Oraindik aitzin euskalduna ez zen gai bere burua naturatik bereizteko. Bat zen dena, gizaldi luzez.

Gizaldien poderioz eta gertatzen zenari arreta eskeini ahala, GO handi horren tankerako beste izate bat aurkitu bide zuten aitzin euskaldun horiek. Beren burua aurkitu eta ezagutu zuten: beren materia eta beren hutsarekin. Beren haserre, tristura, poztasun eta beldurrekin. Aurkikuntza berriari GOGO izena ipintzea deliberatu zuten. Izatasun identifikatu berri bat, izatasun handiaren baitan: aitzin euskalduna, naturaren baitan.

Ustea da orduan ez zutela idazten. Keinuak eta soinuak zituzten komunikabide. Nola baina soinuei kontzeptuak lotu? Nola kontzeptu berriak soinukatu? Komunikatzeko beharra zen gara bide. Oinarrizko hizkuntza aberastu beharra. Aurkikuntza berria burmuinean egosi, eta nola albokoari esplikatu? Ahots korda honezkero bazen GO ahozkatzeko gai. Fonema bakarra. Berori errepikatuz komunikatu zuen aitzin euskaldun aitzindariak aurkitu berria: GOGO. Bere burmuina garatu zuen agindua errepikatzeko, beharraren poderioz. Beharra, gara bide.

Bi kontzeptu ahoskatu ahal zituen: Natura, eta gizakia. Gizakia natura da, aro berri batekoa. Oinarrizko naturaren bigarren generazio bat, GOGO, lehen generazioan, GO, bizi behar duena. Ez al da ederra?

Naturak ziklo errepikakorrak ditu: Ura erori, bidea urratu, itsasoratu, lurrundu, hegan egin, erori… Eguna argitu, gabetu, argitu… dena dabil biraka. Ilargia lurraren bueltan ere bai, eta lurra eguzkiaren bueltan.

Gizakiok ere beharrak eta GOGOak gidatuta gabiltza, memoria (gogora ekarri) eta borondatea (gogotsu egin) lagun, kontzientzia (gogoa bera) osotuz.

Arriskuaren jabetzaz

2020-05-23  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Bizi dugun arrisku egoerak gogoeta eragin dit. Nork kudeatzen ditu arriskuak egokien? Goikoak? Behekoak? Behekoak ez dauka behar besteko ikuspegirik, eta goikoari, errealitatearen detaileak falta zaizkio. Eta badakigu detaileak zein garrantzizkoak diren. Beraz, ondorioztatu dezakegu arrisku kudeaketarik egokiena, eraginkorrena, arazoa bera dagoen mailan ematen dela.

Arriskuak arduraz hartzekoak dira. Bizia bera egon daiteke jokoan. Burugabea da arriskuak ikusi nahi ez dituena. Burujabea, bere egiten dituena. Kulturaren baitan doa arazoak dauden tokian arduraz konpontzearena, gora ala behera desbideratu gabe.

Kezka daukat euskaldunok, mailako inor ez, eta behera bideratzen ote dugun ondoren azaldutako arriskua. Eta eraginkortasun ezaren ondorioz, frustrazioak jota dabil euskalgintzan franko.

Gure kulturari egindako hainbat urratu ikusi ditugu krisialdian: BBVAren ‘euskarazko’ web orria, ETB1en gainbehera, erdarazko komunikatu ofizial elebakarrak, ordezkariak euskara traketsean komunikatu ezinik… Euskarari 155 bat aplikatu diote krisiaren kudeatzaileek.

Baina nago, gertakariok ez direla krisiak eragindakoak izan. Bistaratutakoak baino. Bejondeizula, Covid, gauzak diren bezala erakustearren, makillajerik gabe. Erakundeek eta ETBk ez dute euskeraz sortzen. Jasotzen duguna, itzulitakoa da: diferituan bizi gaituzte. Gure autogobernua, Madrilek nahi duenaren araberakoa da, eta ez gobernutik saltzen diguten adinakoa. Makillatua eta makilatua dago euskaldunon aldeko konpromezua. Makillaje gabe ikusi dugunak izutu egin gaitu: osasun eskaseko kultura, menperakuntza birusak larriki eritua, heriotzera bidean.

Ba al daukagu erakunderik honetaz arduratuko denik? Euskal Herria zatikatuta daukagu, mendeetako konkistaren eraginez. Zatietako erakundeak, arrotzei menpekotuta. Arrotzei bost gure kulturak.

Zer espero dezakegu gure omen diren erakundeongandik? Izango dira hitzarmenak, argazkiak, titularrak, hirurak bat eginda dabiltzala erakusteko. Eragina baina, hutsala da hilzorian dagoen gure kultura biziberritzeko. Txantxangorria mutu dago. Euskaraldia proposatu digute, etxetik hasita. Ez dago soberan, baina ez da nahikoa. Ez al da ardura behekoei pasatzea?

Zer espero dezakegu alderdi politikoengandik? EAJ-k begirada lausoz gogoratzen ditu bere JEL-eko ‘lege zaharra’ defendatu zuten arbasoak. ‘Lege zaharra’ gure Foruak ziren. Ebatsitako Konstituzioa. Karlistaldietan eskumen guztiak kendu zizkiguten, inposatutako zergak -hortik ‘impuesto’- batzekoa izan ezik. Zertatako, eta batutakoa beraiei, espainiarrei emateko, militar, tribunal eta gartzelak finantzatzeko. Hortik dator egungo Kontzertu Ekonomikoa. Honen txin-txin soinuak liluratuta bizi dira gure omen diren erakundeen kudeatzaileak. Kontzertua zuzentzen duena Madrilen dagoela jakinda; hark aukeraturako partitura joko duten instrumentu soil direla jakinda, AHT gora behera. EH Bildu berriz, EAJren gobernuari laguntzen dioten alderdi espainiar berekin ardatz ezkertiar euskalduna (sic) osatu nahian dabil, norgehiagokan. Ez dago batasunik. Zatituta hemen ere, ikuspegi nazional murritzarekin.

Ez dut ikusten ez erakunde ez eta alderdirik ataka honetan bizi dugun arrisku egoerari aurre egiteko behar den ardurarik hartuko duenik. Behar den maila -nazionala- eta boterea falta dute. Konplexuz beteak sumatzen ditut, erderaz franko. Ez ote ligukete mesede egingo aldarri soberanistak bazterrean utzita? Horrela, herritarroi antolatzeko beharra eta gogoa piztuko litzaigukeelakoan nago. Burujabetza erdiesteko.

Ardura kolektiboz helduko diogu aferari, iraungo badugu. Lehen ere, krisi egoeran, eraso frankoen meatxupean, altxatu zuten Eneko Aritza erresistentzia antolatzeko. Erresumak balio izan zuen zenbait mendez, Espainiak 1200 eta 1512an eta Frantziak 1620an menpeko hartu gintuzten arte. Ez genuen baina, likidazio agiririk sinatu.

Juridikoki bizirik dira erakundeok. Badugu nondik birsortu. Zatiketak de facto gaindituz, ‘elkartuta, aterako gara’ esango dugu geuk ere. Gaitz hilkorra analizatu, tratatu eta erregistroa eramanez. Amildegian behera garamatzan kurba motelduko dugu, lautada aurkitu eta apurka goraka ekiteko, normalitate zaharberritura.

Herri honen misterioa iraunkortasuna bada, ez dezagun katea orain eten. Sahiestu dezagun Herri europar honen suizidioa. Belaunaldiak beharko ditugu, bai. Geureari, aurrekoei bezalaxe, erresistentzian aritzea dagokigu, etenik gabeko lan arduratsuan.

Horrela baino ez dugu euskaldunok munduko aniztasunaren mapa koloreztatzen jarraituko. Europaren baitan argi propioz ñir-ñir egingo dugun ondare zahar-berritu izan gaitezen, osasuntsu eta bizi. Badiraugu, eta izan gogo gara.

Bildu Elizara

2019-11-08  //  beldurtuta, emozioz  //  Iruzkinik ez

Jesusek iraultza ekarri zuen. Erromatarren zapalkuntzari intsumisioz erantzun zion. Biolentzia gabeko konfrontazioz. Erahil egin zuten, eta herriari bere hilotza erakutsi, halako jarrerak nola zigortuko zituzten eredugarri. Herriak ez zuen Jesusen gogoa ahaztuko.

Historia errepikatu egiten da, forman bederen. Menperatzailea, menperatua, askatasun gogoa, ekina eta zigorra. Menperatzailea inoren gaindi, lege. Herriak baina, gogoan izan, eta berriro ere, gogora ekarriaz, gogotik ekin askatasun borrokari. Zigorra berriro, eta buelta. Gogoa, memoria, baden bitartean, errepikatzen den zikloa, menperatzailea ahul aurkitu arte. Eta orduan, menperatuaren garaipena. Askatasuna.

Menperatzailea baina, zitala da, eta badaki bere burua berrasmatzen. Nola ekidin zuen Erromak porrota? Inperio militarra iltzear zela, menperatuen gogoaren baitan erein zuen hazia: gogo hura, kristautasun deitua, ofizializatu egin zuen. Bere egin. Instituzionalizatu. Estrukturatu. Eta estrukturaren gorenean, Aita Santua. Inperio erlijiosoaren burua.

Erabakigune ziren lekuetan, auzo batzarrak egiten ziren horietan, elizak eraiki zituzten. Haritzaren pean eta zutik, borobilean parez-pare elkartzetik, pulpituari behetik gora begiratu eta goitik behera zetorrena aditzera pasa ginen, elizen handitasunak eta mezuen ederrek itsututa. Pentsamentu kritikoa alboratu eta etortizun espirituala ‘goiko’ apaizen esku utziz. Trukean, elizari ordaina: sosak, eta apaizaren jatekoa,sexua barne.

Elizak, berak esandakoa eginez gero askatasun espirutuala promestu zigun. Hil ondorenerako, bistan da, kontrakorik frogatu ahal ez izateko.

Ez al dira gure alderdi politikoak Elizaren pare? Elizak jarraitzaileen espiritualtasunarekin bezala, alderdiek gure erabakimenarekin jokatuz? ‘Bozka niri, nik eramango zaituztet eta ongizatera’.

Orduko kristauenak bezala, gogo askatzaile batek bultzatu zuen oraingo alderdien jatorrizko mugimendua. Gero baina, beren burua arriskuan ikusten zuten inperio zaharrek hazia erein zuten mugimendu askatzaile haietan, beren sistemara erakarriz, alderdi eran. Lurraldeak instituzionalizatu, sistema estrukturatu, botere kuota eman, eta gure sosak, kupora, erdibana. 

Elizako sapaian nekez irekiko zaigu zerurik. Nekez gorpuztuko askatasun gogorik, alderdien jarraitzaile izanik. Elizalako izateaz gain, bildu ezinezko alde erdi direlako. Eta askatasunak, osotasuna ezinbesteko. Orduan, auzo batzarretan bilduko gara berriro, zutik, borobilean eta parekidetasunean, burujabe.

2 / 4«Aurrekoa1234Hurrengoa»

Iñaki Idigoras

Azken bidalketak

  • Artistei esker, bizi
  • Genozidioaren ispiluan, begiak bixi
  • Bakeaz zintzo mintzo, mesedez
  • Inshallah, Anas
  • Ama ahaztu arazia

Iruzkin berriak

  • Lander Arbelaitz(e)k Memoriadun euskara bidalketan
  • iñaki bastarrika izagirre(e)k Espezie inbasoreak bidalketan
  • Iñaki Idigoras(e)k Lehen notak bidalketan
  • iñaki(e)k Lehen notak bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko urria
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza

Kategoriak

  • beldurtuta
  • emozioz
  • estatugintza
  • euskara
  • feminismoa
  • haserre
  • haserre
  • humanismoa
  • intentzioa
  • partaidetza
  • pozik
  • Sailkatu gabea
  • Sailkatu gabea
  • triste

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA