Hasiera »
JJ Agirreren bloga - Arian-arian
JJ Agirre
Lekutan jaiotako Bakiotarra. Halako baten euskaldunak euskaraz behar zuela jabetu nintzenetik, bidean aurkitutako aldatzak, bihurrak, atsedenguneak eta bestelakoak hustutzeko idazten dut, amen.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Mad Horse(e)k “Tenéis todo el derecho a hablar en euskera, pero…” bidalketan
- Juan(e)k Gainekoak eta azpikoak edo espainiarrekiko “alde bikotasuna” kristauei azaldua bidalketan
- Ige(e)k BBVA-k ez dauka dirurik! bidalketan
- Agirre(e)ko JJ(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
- Izena *(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko abendua
- 2024(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abendua
- 2023(e)ko maiatza
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko abuztua
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko apirila
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko urtarrila
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
Hemen dena da “euskal”, aisuec!
2022-08-19 // Españolizazioa // Iruzkinik ez
“Euskal” sukaldaritzak milaka aurpegi. Biba anístasuna!
Kultura sailburuorde ohiak, Joxean Muñozek, Berrian egindako adierazpenak irakurtzetik nator.
Jaurlaritzaren hizkuntz politikaz eta kultur politikaz argi mintzatu da, konplexurik gabe. Bagenekiena berretsi du patxadaz: ez dago euskal kulturaren aldeko politika berariazkorik. Ez dut nik esaten, berak baizik:
“Azken urteetan egin diren politiketan ez dago beren-beregi lan ildo bat euskarazko kulturaren inguruan”
Bistakoa da, bai, eta emaitzak ere agerikoak dira. Euskal kultura gero eta ikusezinagoa da erdal kulturek itota, Jaurlaritzaren laguntzarekin, portzierto.
Pantailak euskaraz
Elkarrizketan zehar aipu mamitsuak aurki daitezke. Honako hau, berbarako:
“Erabilera ez da arauekin neurtzen, borondatea da. Lortu da Netflixek zati bat euskaraz egitea. Baina nork ikusiko du gero?”
Arduradun politiko batek jakin behar luke erabilera ez dela borondate kontua soilik. Euskara ez da orain baino gehiago erabiliko erabilera-baldintzak hobetzen ez badira. Besteak beste, Netflix bezalako streaming plataformetan eta pantailetan oro har (Eitb, mugikorrak, etab) euskarazko eskaintza kalitatezkoa eta nahikoa eskaintzen ez bada. Etsigarria da ikustea Pantailak euskaraz bezalako ekimen ezinbesteko batek ez duela Jaurlariotzaren laguntzarik oraindik ere, eta herritar euskaltzaleon babesaren eta bultzadaren baitan egingo duela aurrera, ez bestela.
Euskal Herrian egiten den guztia omen da “euskal”
“Hemen erdaraz idazten, antzezten, kantatzen… dutenak ere gure kulturaren parte dira”, dio Muñozek. Arrakasta handiko adagioa da hori, baina galdera asko eragiten dizkit, neuri behintzat.
Hala, katalanez, españolez, ingelesez, frantsesez, japonieraz, arabieraz, portugesez… jardun arren, EHn sortzen dena, “euskal kultura” da guztia?
Mikel Erenchunek eta Sara Zozaiak euskal musika egiten dute biek ala biek? “Los cinco bilbaínos” eta “Puro relajo” taldeek?
Fernando Aramburu “patriotak” literatura alemaniarra ekoizten du, han bizi denez gero?
Tapachula jatetxe “mexikarra” euskal sukaldaritzaren parte da?
Tokyoko ehunka flamenkozaleek kultura japoniarra sustatzen dihardute?
Idahoko bertsolariak kultura iparamerrikarraren enbaxadore dira?
Gaztelera eta frantsesa euskal hizkuntzak dira?
Euskal Herrian “lan” eginagatik, guardia zibila “euskal segurtasun indarren” parte da?
Menpekotasunetik ez dago euskara berreskuratzerik
2022-08-01 // Menpekotasuna // Iruzkinik ez
Azkenaurreko pasartea Zizur Nagusian jazo da (Alkatea Geroa Baikoa, EHBilduren babesarekin). 2021eko apirilean, udalak ez zuen euskara jakitea baloratu atezainen bi zerrendetako bat eratzeko deialdian, Zizurko euskararen ordenantzari muzin eginez. Herritar batek errekurtsoa jarri zuen orduan Nafarroako Administrazio Auzitegian (NAA), eta honek arrazoia eman zion, euskarari % 10eko balioa eman behar zitzaiola ebatziz, lanpostuok jendearekin harreman zuzena dutelako. Baina, Zizur Nagusiko Udalak, Geroa Bairen, EH Bilduren eta PSNren aldeko botoekin, errekurtsoa jarri du ebazpenaren aurka! Aurretik, 2021ean, NAAk Zizurko udaleko idazkari edota gazteria arloko teknikari izateko, euskara jakiiteko baldintza ezetsi zuela jakitea komeni da (ez da epaitegi euskaltzalea presezki).
Esan gabe doa, espainar estatu osoan bezala, lanpostu guztietarako gazteleraz jakitea derrigorrezkoa dela, deialdietan aipatzen ez bada ere. Ez gara gauza espainieraren derrigortasuna inon auzitan jartzeko, baina gehiegizkoa iruditzen zaigu atezain izateko euskara %10arekin saritzea! Gizagaixoak…
Nafarroan egoera lazgarria da, Iparraldean hil ala bizikoa, baina EAEn be ez da batere ona, menpekotasun zantzuak oso agerikoak dira “Euskadi” lepatuan ere.
EiTBren adibidea oso esanguratsua da.
EAEko agintariek erdarazko kateen aldeko apustu sendoa egin dute, euskarazkoen kaltetan. Nabari da irratietan, baina oso agerikoa da telebistan. Urte luzeak dira, ETB1eko ikusleria %2 inguruan dabilela, saio duin batzuen artean, betegarri asko eta saio iraingarriak ere programatzen dituztelako batik bat. Ikusleria maila hori espainierazko ETB2 katean izan balitz aspaldi ziren kalean arduradunak, baina menpekotasuna hezurretaraino sarturik, ez dago egoera iraularazteko pultsurik antza, telebistak eta irratiek (des)euskalduntzean sekulako eragina izaten jaraitzen duten arren: Euskal Herriko biztanleriaren %98 inguruk erdaraz kontsumitzen du telebista, hiru bat orduz egunean batez beste, baina ez dirudi inor gehiegi kezkatzen denik horregatik. Harrigarri samarra bada…
Lanbide Heziketan, euskara paroan
Goiburu egokia aukeratu zuen Mikel Basabek Lanbide-heziketaren anabasa laburbiltzeko, iaz berrian argitaratutako artrikuluan. Izan ere, 2021/22 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketan matrikulatutako 4.669 ikasleetatik, soilik %1.5ek ikasi zuten D ereduan, %8k “B” ereduan eta ia %91k “A” ereduan.
Erdi Mailako Lanbide Heziketako 16.139 ikasleetatik, %23k ikasi zuten D ereduan, %26k “B” ereduan eta %51k “A” ereduan.
Goi Mailako Lanbide Heziketako 23.613 ikasleetatik, %26k ikasi zuten D ereduan, %20k “B” ereduan eta %54k “A” ereduan.
Aintzat hartu behar da B eredua “A” eredu indartu bat dela, eta “A” ereduan euskara ikasgai ere ez dela.
Matrikulazio datu penagarri horietan gabiltza 2010etik. Eta zergatik? Bada, Lanbide-heziketan, taldea osatzeko nahikoa ikasle izan arren, ez delako talderik sortuko Hezkuntza Sailaren aginduz lehenagotik “planifikaturik” ez badago. Sozialisten agintaldian hasi eta Jeltzaleen eskutik gero, horrela mugatu du Jaurlaritzak Legeak ezartzen duen euskaraz ikasteko eskubidea, ebazpen bidezko esaldi labur honekin: «Hizkuntza-eredu bat baino planifikatzen ez bada, eredu hori ezarriko da». Salbuespenezko arau hori, taldeak osatzeko ustezko planifikazio hori, lanbide-heziketari baino ez zaio aplikatzen. Soilik LHn mugatzen da D ereduan ikasteko eskubidea. LHn, DBH, edota Batxillergoan, taldea osatzeko nahikoa ikasle badago, taldea osatuko da. Gero salduko dizkigute lan mundua euskalduntzeko egitasmoak…
Adibide hauek eta aipa ditzakegun beste askok, ezaugarri bat dute komunean: euskaldun gehienen eta euskaltzale askoren menpekotasun egoerari esker gertatzen direla neurri handi batean.
Menpekotasunean hezita eta horretara ohituta ez bageunde, inolaz ere ez genituen egoera horiek onartuko. Horretaz jabetu, jazoera horiek salatu eta duintasuna berreskuratzea dugu erronkarik behinena; jai dugu bestela.
40 urte eta gero, hau: Euskal telebistatik, Erdal telebistara!
2022-07-19 // Españolizazioa // Iruzkinik ez
Euskal Telebista 1982an eratu zen, Gernikako Estatutuaren itzalean. Hiru eginkizun bete behar zituela jaso zen sorrerako legean: herritarrei informaziorako eta parte-hartze politikorako baliabide bat eskaintzea; bertoko hezkuntza-sistemarekin lankidetzan jardutea, eta euskara eta euskal kultura sustatzea eta zabaltzea. Artean Carlos Garaikoetxea zen Lehendakaria.
40 urte geroago, orduko asmoak lausotu ez eze, itzulikatu ere egin dira, zoritxarrez. Hezkuntza sistema erdi-propioarekiko lankidetza ez da inondik ageri, eta euskara sustatu ordez, gaztelera sustatzeko ahalegin betean dihardu EiTBk. Erdarazko kateetan jartzen dute indarra zuzendaritzak (eta Jaurlaritzak), euskarazko kateak bigarren mailan edo zuzenean bazterrera utzita.
Hondamendia agerikoagoa da ETB1en. Urte luzeak dira ez duela ikusleen % 2ko langa atzean uzten, eta batez besteko hori saio oso jakinei esker lortzen du, gainera. Saio duin bakanen ondoan, betegarria eta errepikapenen errepikak dira nagusi, saio iraingarriak ez direnean (Mariachiak, bilbainadak etab. españolez, besteak beste), maila eta modalitate guztietako pilota, laugarren mailako futbola… Edonor “erakartzeko” moduko programazioa alegia. Lerrook idatzi bitartean,Sanferminetako su artifizialak, eta “sabor navarro”, españolezko jota saioa eskaini digute EiTBko arduradunek.
Erdal kateak euskal kateekiko lehiakide desleial bihurtu ditu EiTBk
ETB2ren ikusleria % 9 ingurukoa da eta bere programazio osoa gaztelera hutsezkoa. Josu Amezaga irakaslearen esanetan, ETB2 ikusten dutenen % 72 (14 urtez beherakoak kontuan hartu gabe) edota “El conquis” saioaren ikusleen % 80 euskara ulertzeko gai izan arren. “El conquis” behin eta berriz sustatzen da euskarazko kateetan (Gaztea-irratian tarte finkoa dauka), ikus-entzule euskaldunak ETB2 kontsumitzera bultzatuz, erdarazko telebista areago indartu eta euskarazkoa bazterrera utzita. Ez da istripu bat, EAJ-PSE gobernuaren hizkuntz politikaren isla baizik.
EiTBk euskaldunak gutxiesten ditu.. ETB1 eta ETB2ko programazioak alderatuz gero (irratienak ere bai), argi ikusten da EiTBk erdaldunak lehenesten dituela, horrek dakartzan ondorio guztiekin: erdaraz elikatzen gara, euskaraz elikatu ordez; gutxietsiak gara hiztun komunitate eta herri gisa, kalitatea eta gozamena erdararekin baina arrunkeria eta txokokeria euskararekin lotuarazten digute agintariek… Normalizazioa bainoago, euskararen ordezkapena da EiTBk sustatzen duena, gaur gaurkoz.
EiTBko arduradunen jarreraz
Bingen Zupiria da Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua. Publikoki adierazi izan du “bera ez dela EiTBren arduraduna”, ez dakiela EiTBko zuzendari orokorrak “euskaraz maila nahikoa ba ote duen”, edota “EiTB ez zela sortu euskararen normalizazioa sustatzeko”.
Andoni Aldekoak, EiTBko Zuzendari Orokorrak, ez du euskara menperatzen. Bururatzen zaio inori RTVEk, A3-ek, Tele5-k… gaztelera menperatzen ez duen Zuzendari Orokor bat izatea?
Unai Iparragirrek, ETBko zuzendariak, honakoak adierazi zituen ardura hartu berritan:
“Ikusle datu aldetik ETB1 (% 2) eta ETB2 (% 9) nahiko ongi daude”, edota “Gustatuko litzaidake, hizkuntza zein den ere, ETB, euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko ekoizpenik onenen konbinazioa bilakatzea”.
Hirukote horren esku dago egun EiTBren etorkizuna neurri handi batean, EAJren erabakiz.
Euskal Herriko ikusleriaren % 98 inguruk erdaraz ikusi ohi du telebista. Egunean hiru ordu t’erdiz batez beste. Ikaratzekoa da. Bestalde, ezin ditugu aipatu gabe utzi plataformen eta mugikor bidezko bestelako edukien kontsumoaren datu beldurgarriak: euskarak ia ez du presentziarik gazteen artean arrakasta gehien duten hedabide horietan, baina oraindik ere, Eusko Jaurlaritzak ez du ekimenik abiarazi, adin guztietan aisialdi-denboraren tarte gero eta handiagoa hartzen duten eremu horietan. Pantailak eta uhinak euskaraz behar ditugu, askotarikoak eta kalitatezkoak, arlo digitala eta bestelakoak ahaztu barik.
Normalizaziorako ardatz baino gehiago, egiturazko arazo bihurtu da EiTB euskararentzat. Eragile euskaltzale eta abertzaleek ez dute ezer esateko?
Oso bestelako hizkuntz politika bati ekin beharra dago. Euskaldunok aintzat hartuko gaituzten agintariak eta arduradunak behar ditugu, premiaz.
Jon Aleman eta JJ Agirre (Plazara gatoz!)
Euskal politikagintzaren usteltzea: hezkuntzaren adibidea
2022-04-15 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Ingurukoekin euskal politikari buruz jardutean, degradazioa, urardotzea edo iruzurra sarri aipatzen dira. Hezkuntzan azken hilabeteotan bizitzen ari garena da horren adibide. Hezkuntza-lege berrirako itunak ahoa bete hagin utzi gaitu euskaltzale asko. Alderdi abertzaleen jokabideak eta adierazpenek bereziki. Azkenak, Bildarratz sailburuarenak. Berrian apirilaren 14an egin dizkioten galderen erdiei ihes, eta beste erdiei “oker” erantzun die. Horra adibide batzuk (sailburuaren hitzak kakotx artean):
“Ikasleen %80 baino gehiago D ereduan badago, hori da gure sistema, baina, aldi berean, gaztelaniarekin eta gutxienez beste hizkuntza batekin”.
Ikasleen %60 pasatxo dago D ereduan osotara (%80 Lehen Hezkuntzan). Eta D ereduari gaztelera eta beste hizkuntza bat gehitzen bazaizkio irakas-hizkuntza gisa, EZ da D eredua.
“Nik nire zalantzak ditut (D ereduarekin euskaraz aski gaitasun) lortzen den edo ez den: selektibitatean bi herenek euskara hautatzen dute azterketa egiteko, eta %99k gainditu”.
Behin eta berriz auzitan jartzen du sailburuak ISEIren, Hezkuntza Saileko Irakas Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko erakundearen lana. ISEIren ebaluazio-diagnostikoak dio, DBH bukatutakoan ikasleen erdiek ez dutela euskarazko aski gaitasun. Bildarratzek bere ardurapeko erakunde baten ospea horrela lorrintzea harrigarria da zinez.
“Zer da murgiltzea edo ez murgiltzea?… D eredua murgiltze eredua bada, ia dena murgiltze eredu batean dago. Alderdi politikoen artean hain zaila izan zitekeen gaia gatazkatik baztertu da. Murgiltzea eta beste hainbat kontzeptutatik ihes egin da, sinesten delako ikastetxeen ahalduntzean, autonomian eta irteera profilean.”
Bada, D ereduan daude matrikulatuta Unibertsitate aurreko ikasleen %60 pasatxo (Lanbide Heziketaren kasuan, soilik %20). Beraz, ez da egia “ia dena murgiltze ereduan” dagoela.
Bestalde, Hezkuntza legerako oinarrien itunean “murgiltzea eta beste kontzeptu batzuetatik ihes egin da”, PSEk eta Podemosek hori exijitu, eta alderdi abertzaleak makurtu direlako.
Areago, oso ondo datorkie agintariei, hezkuntza-ereduaren nolakoa ikastetxeen “autonomiaren” esku uztea, hemendik urte batzuetara, lau alderdiok adostu duten eredu eleaniztuna aplikatzearen ondorioak agerikoak egitean, eskuak garbitu eta porrotaren ardura ikastetxeei egotzi ahalko baitzaie.
Hezkuntza-itunean Euskal Herriaren aipamenik ez dagoela gogorazi dio kazetariak sailburuari, eta galdera zuzena egin: ez zaizu beharrezkoa iruditzen? Horra sailburuaren erantzuna: “Ez diot garrantzirik ematen legebiltzarrak bidali digun horretan, gure legerian, eta martxan dauden curriculumetan eta liburuetan eta materialetan badagoelako”.
Ez da egia, baina. Hego Euskal Herriko ikastetxe gehienetako testuliburuetan, “Euskadi” edo “Nafarroa” ikasten dira, Euskal Herriaren ordez (ikastolak eta herri-eskola batzuk salbuespen). EAEko legerian nahiz Eusko Jaurlaritzaren ekimenetan gero eta urriagoa da Euskal Herria izendapenaren erabilera, horren ordez, “euskararen lurraldeak” eufemismoaren erabilera hedatuz doa. Izan ere, EAJ-PSE koalizioa trinkotu ahala. “Euskal Herriaren” kontzeptua eta izena bera, lausotuz eta desagertuz joan da.
Azken batean, akordionismoa, itxurakeria eta profil politikoen lausotzea dira politikagintza abertzalearen ezaugarririk behinenak egun. Garai nahasi hauetan, agintariek edozer esan eta egin dezakete ganorazko erantzunik jaso gabe, erantzuten lehenak izan behar luketen alderdiak, agintean daudenen ikasle aurreratu bilakatu direlarik, antza denez. Uste dut, Hezkuntza legerako oinarrien akordioa eta ondoren etorri diren ordezkari abertzaleen adierazpenak, esandakoaren adibide garbia direla.
Oso gutxi aldatu dira gauzak, kamarada estimatuok…
2022-01-03 // Hizkuntza eskubideak // Iruzkinik ez
Neurrigabea da eta izan da espainiazaleen harrokeria eta handinahia, oso aspaldidanik. Euren hizkuntza eta kultura, euren mugak, euren legeak inposatzen dizkigute, espainiar armada berme, gutxienez 500 urtetik hona. Ezker-eskuin, harro daude ezarri duten ordenaz. Apenas dagoen espainiarrik (Moreno Cabrera eta besteren bat salbu), Espainiak indarrez ezarritako politikak auzitan jarriko dituenik.
Euskaldun eta euskaltzale gehienak espainiazaleen antipodetan gaude, jarrerei dagokienez. Mendetako zapalkuntzak arrasto sakona utzi digu: lotsaz, beldurrez eta konplexuz jokatzen dugu sarri-askotan, ezin gure menpekotasunetik askatu, eta mugitzeko keinua egiten duenari mesfidantzaz begiratuz, ugazabak haserraraziko ote dituen beldur. Tratu txarrak luzaz jasandakoak, bere borreroari ihes ezin egin bizirauten duen bezalatsu.
Egunotan izan dugu batzuen eta besteen jarrera horien beste adibide adierazgarri bat. Izan ere, Miren Gorrotxategi Podemostarrak egundokoak bota zituen Euskadi Irratiko Faktorian, Arnas Dezagun egitasmoaz galdetuta, D ereduan haur euskaldunak ez sakabanatzeko proposamena klasistatzat, negargarritzat eta insolidariotzat (des)kalifikatuz.
Arnas Dezagunetik jaso du erantzuna (hona ekarri dut), baina bestelako euskalgintzako eragileen aldetik ez du erantzunik jaso, orain arte behintzat.
Oso esanguratsua iruditu zait isiltasun hori ere.
Horratx ADtarren erantzuna:
Miren Gorrotxategi andreari argibide batzuk eta urte berri on
Podemos alderdiko buruzagi zaren horrek, adierazpen zakarrak egin zenituen abenduaren 27an Arnas Dezagun (AD) ekimenari buruz, Euskadi irratiko Faktoria saioan. Pentsatu nahi dugu ez duzula ADren proposamena arretaz irakurri, eta aurreiritzietatik jardun zenuela, baina ez fede txarrez, ezjakintasunez baizik. Beste inork baino gehiago, politikariek ondo neurtu behar zenituzkete zeuon hitzak, eta batez ere jakinaren gainean hitz egin, hedabideetan oihartzuna izaten baituzue, batetik, eta zuen jarraitzaileen iritzian zuzenean eragiten duzuelako, bestetik.
ADren proposamena “negargarri eta klasistatzat” jo zenuen. Harrapazan! Inondik ere ez. Izan ere, ADrena proposamen landua eta neurritsua da, arretaz hausnartutakoa eta irakaskuntzan nahiz soziolinguistikan adituak diren zenbait euskaltzalerekin kontrastatua. Bestalde, “klasistatzat” jotzean agerian geratu da ez duzula proposamena irakurri, edo ez duzula ulertu. ADren proposamenak berariaz aipatzen eta aintzat hartzen ditu haur guztiak, goiburutik bertatik “euskara ume guztientzat” aldarrikatzen delarik.
Manifestua irakurtzeko bost minutu hartzen badituzu, horrelako pasarteak aurkituko dituzu:“…ama hizkuntza gaztelania (frantsesa Iparraldean) ez duten umeak lehenetsi daitezke, euskara komunikazioan ardatz izatea, eta haur etorkin atzerritar horien inklusioa errazteko…Haur erdaldunei (erdara zein den ere) berariazko laguntza eskaini behar zaie ikastetxeotan, euren euskara maila indartu eta euskalduntze prozesua azkartzeko…”
Non ikusten duzu zuk “klasismoa”?
Faktoriako elkarrizketan aitortu zenuenez “… nire azalean ikusi dut nola gertatzen den, ume bat, euskaldun osoa dena, eta gazteleraz gaizki egiten duena, nola joaten den gaztelera bereganatzen, eta nola euskara gelditzen den pixka bat… beno, nola pisua galtzen duen”. Hala da, bai. Hainbesteko pisua galtzen du euskarak, ze, haur euskaldun askok bazterrera ere uzten dute-eta, ikastetxean bertan pairatutako egoeren ondorioz. Ondorio tamalgarri horri konponbide (bat) proposatzera dator Arnas Dezagun. Zureak dira ondoko hitzok ere: “…baina aldi berean, ikusi dut nola nire umeek lagundu dieten beste batzuei euskara ikasten…”
Horrela gertatu bada, zorionak! Kosta egiten zaigu sinistea, baina. AD ekimenean bildutako guraso guztion eskarmentua oso bestelakoa da: gure haurrek euskaraz jarduteko oztopo handiekin egin dute topo beste haur euskaldunengandik sakabanatu dituztelarik, eta gainera ezin izan diete haur erdaldunei euskara ikasten lagundu, gaztelera gertatu baita euren arteko harremanetarako hizkuntza bakar, eta euskara, ezkutatu beharreko “gelako hizkuntza” kasurik onenean.
Hurrengo pasarte honek ere, aditzera ematen du berriro ez duzula manifestua irakurri ere egin: “islak sortzea, gure umeek dituzten pribilegioei eusteko, ez dauka batere zentzunik, ez da batere solidarioa eta negargarria da proposamen bezala”.
Batetik, ADen proposamenak EZ du “islak” sortzea proposatzen. Haur euskaldunak EZ sakabanatzea proposatzen du soilik, euron artean eta beste haurrekin (D ereduaz ari gara) euskaraz jarduteko aukera izan dezaten sikiera. Bestetik, jakin behar zenuke euskaldunak ez garela pribilegiatuak Euskal Herrian, bigarren edo hirugarren mailako herritarrak baizik. Gure haurrek D ereduko ikastetxe askotan jasan behar izaten dutena da bazterketa horren beste adibide, hau bai, negargarri bat.
Arnas Dezagunek eskola-eredu inklusiboa eta guztiz solidarioa proposatzen du, euskara ardatz (eta ez gaztelera edo frantsesa, orain gertatu bezala), inklusioa eta elkartasuna etxetik hasten baitira, eta ez etxekoak (ez beste inor) baztertuz eta zokoratuz.
Edonola ere, argibide hauei nahikoa iritzi ez eta azalpen zehatzagoak beharko bazenitu, prest gauzkazu zurekin biltzeko. Lehenago ere helarazi dizugu gonbitea.
Aro berriarekin ADren manifestua irakurtzeko lan xumea hartuko duzulako esperantzaz, urte berri on!
Erkuden Barandiaran Goñi
Arnas Dezagun ekimenaren izenean
D ereduan haur euskaldunak sakabanatzearen onurak zein dira?
2021-12-17 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Aizarnako Herri-eskolako blogetik
Arnas Dezagun ekimenak, hainbat kritika eta eraso jasan ditu bere sorreratik bertatik, desenfokatuak, injustuak eta ulergaitzak gehienak, nire ustez. Ez naiz hasiko ekimenaren aldeko argudioak zerrendatzen. Ederki ari dira eurak, aukera ematen dietenean, proposamena azaltzen eta aletzen. Baina uste dut sortu den eztabaidan atalik garrantzitsuena ez dela aipatzen, ezkutatu egiten dela iritzi kritikoa zabaltzen dutenen aldetik. Izan ere, zein dira D ereduan haur euskaldunak sakabanatzearen onurak(onurarik balekar)?
D ereduan haur euskaldunen sakabanatze sistematikoa oso hedatuta dago, eta badira hogei bat urte orokortu zenetik. Bitxia bada ere, ez da praktika horren ondorioen gaineko azterketarik egin, edo egin bada, ez da argitara eman. Dena dela, guraso euskaltzaleen testigantzak ugariak dira, eta ez sakabanatze horren aldekoak, prezeski.
Sareko beste hedabide batetik jasoa da ondokoa adibidez:
“Gure hiru seme-alabak D ereduan eskolatu genituen euskaldun ia elebakar zirelarik.
Oso denbora gutxianikasi zuten españolez, ikasturte bakarrean, eta DBHn españolez hitz egiten hasi ziren lehen euskaraz egiten zuten lagunekin. Nafarroa “baskofonoan” hori guztia. Esango didazu onurak non dauden?”
Eta hari berean, erabiltzaile batek beste bati erantzunez:
“Haur euskaldunak sakabanatzeak ez dizu zalantzarik / dudarik eragiten?
Haur euskaldunak sakabanatzeak ez ote ditu haurren erlazioak desnaturalizatuko eta españolez (frantsesez bestaldean) jardutera behartuko?
Haur euskaldunak sakabanatzeak inor euskalduntzea lortu ote du?
Haur euskaldunak sakabanatzeak, hauen erdalduntze azkarra eragiten du, noren mesedetan?
Horrelako sakabanaketa batek (haur euskaldunena) ondorio larriak izaten ditu haur euskaldun askoren izaeran, baina ez dirudi inori ardura zaionik. Zuri ere ez?
Ez ditut zalantzan jarri nahi zure intentzio garbiak, baina haur euskaldunen sakabanaketak eragin duen desastrea ikusirik, ez genuke beste 30 urtez zain egon behar zentzuz jokatu eta neurri egokiak hartzeko, D ereduan haurrak (guztiak) euskaldundu daitezen, erabat erdaldundu beharrean.”
…
Hartara, jakin daiteke zein diren D ereduan haur euskaldunak sistematkoki sakabanatzearen onurak?
Eskubideak eta betebeharrak
2021-01-08 // Hizkuntza eskubideak // Iruzkinik ez
Dagoeneko ia inork (%1,7) ikusten ez duen ETB1n, Kontseiluko idazkari nagusia, Paul Bilbao, gonbidatu dute Ahoz-aho saiora eta elkarrizketan entzundakoak lerro hauek idaztera bultzatu gaitu.
Azken urteotan EAEko Euskalgintzan nagusitu den diskurtsoaren zenbait ezaugarri oso eztabaidagarriak iruditzen zaizkigu. Pandemiaren ondorioez diharduena berbarako. Batetik entzun behar izaten dugu pandemia garaian, euskara zaurgarria edo zaurgarriagoa dela. Euskara ez da ezer euskaldunok gabe; beraz, euskaldunok izango gara zaurgarriak, izatekotan?
Eta zer esan nahi du horrek: euskaldunok besteak baino ahulagoak garela?
Bai, badakigu ez dela hori aditzera eman nahi, baina gaude laguntzen duela lehendik ere badaukagun gizagaixo eta gajo konplexua areagotzen.
Haur askok euskararekin daukaten harreman bakarra eskolan dela esaten zaigu , eta nola aurrez aurreko eskolak mugatu edo kendu behar izan diren, bada, ingurune erdaldunean bizi diren haur eta gazte horiek bestela baino euskara dosi txikiagoa jaso dutela, eta, horrenbestez, atzendu / moteldu egin zaiela askori.
Ados, baina orduan, esan dezagun ingurune erdaldunetako eskola-ume edo gazteek hizkuntza-galera izan dutela pandemia dela medio. Eta ez dezagun hortik kanpora atera, diskurtso biktimista ustelean jausi gabe… errukiak predikamendu gutxi baitu.
Eta esan dezagun argi eta garbi, EiTBk ez duela betetzen bete beharko lukeen funtzioetako bat, hots, haur eta gazteei euskarazko helduleku eroso eta gustagarri bat eskaintzea, areago inguru erdaldunduetakoei.
Bestetik, eskubideak bakarrik aipatzen dira: euskaldunok euskaraz egiteko ditugun eskubideak. Baina inposizio kontuak ez dira aipatzen, ez baita hori diskurtso zuzena eta salgarria, antza denez. Baina hitz egiteko modu horrekin, kanpoko geruza mehea pittin bat urratu orduko, berehala egiten dugu topo eskubide eta betebeharren dialektikarekin.
Zeren eta, baldin eta guk eskubidea badugu euskaraz egiteko, gurean bizi den orok euskara jakiteko betebeharra du; bestela, ezinezkoa baita. Eta esan behar da era berean, EAEn indarrean dauden lege guztiek bermatzen dutela erdaraz egiteko eskubidea, bai pribatuki, bai administrazioetan, edonon eta edonoiz. Baina euskararekin ez dela gauza bera gertatzen; euskaldunok ez daukagula euskaraz egiteko eskubidea bermatuta eremu asko eta askotan, EAEn ez, baina are gutxiago Nafarroan eta Iparraldean.
Honaino ados egongo gara. Orduan, zergatik ez dugu aipatzen ez dakitenek ere euskaraz ikasteko betebeharra dutela, eta betebehar hori pertsonala eta kolektiboa dela, eta hala denez, erakunde publikoek neurriak hartu behar dituztela euskaldunok Euskal Herrian euskaraz egiteko dugun eskubidea arlo guztietan bermatua izan dadin. Eta, halaber, erdaraz egin nahi duenak dituen eskubide berberak izan behar ditugula gutxienez, eta horretarako ezinbestekoa da EAEn bizi garen guztiok euskara derrigorrez jakitea, euskaldun bat bera ere derrigortu gabe erdaraz egitera ezein arlotan. Laburbildurik, eta sinple-sinple esanda, euskaldunok Euskal Herrian euskaraz egiteko dugun eskubidea bermatzeko, argi esan behar da EAEko herritar guztiok dugula eskubidea eta betebeharra euskaraz jakiteko, españolez / frantsesez jakiteko betebeharra daukagun bezala.
Ez dela mezu sinpatikoa? Ez du zertan sinpatikoa izan!
Inposizio mozorrotua dela? Euskal Herrian euskaraz egiteko eskubidea bermatzea ez da inoiz inposizioa izango; Espainian espainiera erabiltzea ez den bezala, eta Frantzian frantsesa ez den bezala.
Gauzak argi esan ditzagun inor engainatu gabe eta eufemismo lauso eztietan galdu gabe. Euskaraz egiteko eskubideari denok jakiteko betebeharra datxekio, nola huntza hormari!
Eta hori bermatzeko neurri publikoak premiazkoak dira arlo guztietan, EiTBtik hasita!
Pako Sudupe eta JJ Agirre (Plazara gatoz!)
Elikagai-saltoki handiak, edo españolizazio sakona low-cost
2020-12-05 // Españolizazioa // Iruzkinik ez
EAEko Hizkuntza politika orokorraren adibide bikaina dira elikagai-saltoki handiak: euskaldunok bigarren mailakoak gara bertan ere, baina ele bietako afitxa handiak jarrita edota megafonia bidezko iragarki grabatuak ele bietan emanda disimulatzen dute.
Beste errotulazio guztia español hutsez dago: leche, pan, yogur, jamón, lechuga, pimiento morrón, manda güevos, eta abar…
Saltzaile euskalduna aurkitzen baduzu, bingo!, eta erdalduna bada baina erdaraz eginarazi nahi ez badizu, pozik, ze asko dira “egun on” zer den ere “ez dakitenak”.
Erdaldunak bermatua du españolaren erabilera %100. Euskaldunarentzat, eskupekoak onenean. Hego “Euskal” Herrian!
Eroski nuen nik salbuespentzat-edo. Euskaldun nahi nuen ikusi, oso nagusiki erdaldun jokatzen badu ere. Eroski ez baita Mercadona baino askoz hobea hizkuntzari dagokionez. Badira gaiztoago jokatzen dutenak: Carrefour, Dia, Lidl, Alcampo…, baina dagoeneko
@BMSupermerkatua adibidez, @EROSKI baino euskaldunagoa da. Ez da askorik behar horretarako.
Eroskik (edo Mercadonak), webgunea euskaraz baina Twitter eta Facebook español hutsez daukate. BM-k hirurak ele bietan. Euskaraldiarekin bat egin omen du BM-k, ergelak ez direlako seinale. Bestela, afitxa handiak eta iragarki grabatuak ez, baina errotulazio guztia español hutsez daukate, Eroskik bezala, eta saltzaileekin ere berdintsu, loteria…
“Gure” Eroskik, Nafarroan, probintziako produktuei Nafarroako ikurra jartzen die; “Euskadikoak” aldiz, ikurrik gabe gelditu dira, Albacetekoak edo Bordelekoak bailiran. Eta “Euskadin” alderantziz jokatzen du. Hau da, irizpide erabat unionista darabil.
Bai hizkuntzaren, bai ikurren erabileraren bitartez, espainieraren eta Espainiaren nagusitasuna eta euskaldunon menpekotasuna nabarmentzen dute saltoki handiok, goxo-goxo, diskurtsorik eskaini beharrik gabe, zaratarik alxa gabe. Gure egunerokotasunean txertatu da espainiazaletasun hori, ez soilik saltoki arrotzen eskutik, baizik eta “guretzat” ditugun saltokien eskutik ere.
Erabaki politikoak daude horren atzean. Ondo (anker) hausnartuak, Espainiako (a)normalizazioan gero eta gehiago urperatzen gaituztenak, erarik eraginkorrenean: gu horretaz konturatu gabe, matxismoarekin eta beste zapalkuntza molde batzuekin gertatu bezala.
Eroskiri, BMri eta areago beste saltoki handi horiei guztiei ere, gabonak “zoriontzeko” eta euskaldunak errespeta gaitzaten exijitzeko garai aproposa da hau, ezta?
Animatzen?
“Euskararen egunean”, euskaldunon egunaren zain
2020-12-03 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Abenduaren 3 honetan, laneko bilera telematikoa izan dugu goizean “Euskadiko” Administrazio Orokorreko ELAko liberatuek. Hamar bat lagun bildu gara, gehienak gehiago edo gutxiago elebidunak, eta bizpahiruk euskara ulertu bai, baina bilera izerdi patsetan eman ohi dutenak, gero eta gehiago euskaraz egiten baita bi / hiru ordu luzeko saiootan. Bihoakie nire esker ona lerroon bitartez.
Hilean behin egin ohi dugun bilera hau euskaraz burutzea pentsaezina zen duela urte bete, demagun. Baina aitortu behar dut, ELA, sindikatu erdaldun izatetik sindikatu euskaldun izatera heltzeko erabakiak hartzen ari dela, eta erabaki horiek betetzen ari dela, izerdiak izerdi, lan mundua (eta sindikalgintza) eremu oso erdaldundua den arren. Goitik behera eta bilgunetik bilgunera, gero eta ohiko bilera gehiagotan nagusitzen ari da euskara ELAn, gunetik gunerako aldeak alde. Harrituta eta eskertuta nago, nire begi-belarrien aurrean gertatzen ari den aldaketaren aurrean, oztopoak oztopo eta nahi baino motelago jazo arren. Aldaketa hori bizkortzeko probestu du ELAk Euskaraldia ere.
Askoz baliabide gehiago eta baldintza arean hobeak dituen Eusko Jaurlaritza baino ahalegin serioagoa egiten ari da ELA, zalantza izpirik gabe. Lakuako Euskaraldia horren lekuko.
Gatz gutxirekin joan da aurtengo ariketa Jaurlaritzaren egoitza nagusian. Lan zama, euskara teknikarien bizkar eta euskaldunez osatutako unitate jakinetako langileen borondatearen lepo utzi dute arduradun politikoek. Sindikatu euskaltzaleak ez gaituzte ezertara gonbidatu, ezta Euskaraldia sustatzeko eta bizkortzeko ere, ustez partehartzailea eta zeharkakoa den ahalegin kolektibo honetan. Nolako prozedura, emaitza halakoa.
“Euskararen egunean” telebista piztu dut arratsaldean.
Ustekaberik ez. Euskarazko kate bakarrean, ETB1 txirotuan, Euskaraldia gora eta behera ari ziren, oraindik euskarazko kate baztertuari eusten diogun euskaltzale temationtzako bazka. ETB2ra egin dut atoan salto, baina euskaldunak españolizatzeko kate aberastuan, berririk ez: ¿Qué me estás contando? kastillano garbian, eta ondotik “A bocados”, españolez. Herritarron euskaltzaletasuna elikatzeko modu bitxia…
Herri gogoa ez baitator zerutik
Ondo merezita Abadia saria jaso berri duen Pello Jauregiren hitzak dira: “Ez du zentzurik neurri politikorik hartzeak, edo plangintzak egiteak, gero ez badago hizkuntza praktika koherente bat. Eta hizkuntza praktika ez badago lotuta ezarritako planekin, neurri horiek zilegitasuna galtzen dute”. Eusko Jaurlaritza ispiluaren aurrean jarri duela ematen du.
Pellorenak dira ondoko hauek ere: “Aldi berean, herri gogo edo behar hori hizkuntza praktikatik sortzen denean, aukera eman beharko luke erabaki politiko instituzional edo sozioekonomiko ausartagoak hartzeko. Ez badago herri gogo bat, garbi ikusten da zailagoa dela neurri politiko sozial ausartagoak hartzea”.
Nire aburuz, ezin zaio mendetan eta gaur arte zigortua, zatitua eta baztertua izan den euskararen herriari eskatu, oro har hain aurkakoak diren baldintzetan, euskaraz jardun dezan kosta ahala kosta, herriaren baliabideak kudeatzen dituzten agintari ustez abertzaleek “neurri politiko sozial ausartagoak” har ditzaten baldintza gisa. Ez da bidezkoa, jakin badakigun arren, gure agintari “neurtuek” aski erakutsi dutelako, herritik eragin beste aukerarik ez zaigula geratzen. Gu geu antolatu eta geronek ekin, agintari hauekin ez dago beste biderik. Agintari ustez abertzaleek ez digute emango euskaldunoi, agintari unionistek espainiarrei edo frantsesei ematen dieten babesaren laurdenik ere.
Euskaldunon “herri gogoa” urtzeko ahaleginean, Espainiaren eta Frantziaren laguntzaile fidelak bihurtu baitziren aspaldi. Ikus EiTB, Noticias taldea, Onda vasca, eta EAJrenak ez diren beste hedabide “oso abertzale” bat edo beste.
Euskaldunon eguna noizbait helduko bada, ELAk, LABek eta beste eragile euskaltzale batzuek euskaldun izateko erabakia hartu, eta horretarako ekimen antolatua abiarazi dutelako izango da. Lakuako edota Ajuria Eneako Euskararen egunaren antolatzaileen eskutik, nekez.
Aski eskarmentu badaukagu.
https://www.ela.eus/eu/euskara/albisteak/euskaraldia-amaitzean-ela-eta-lab-ek-lan-mundua-euskalduntzeko-konpromisoa-berresten-dute
Eroski (ere) Espainiakoa da, unionista
2020-11-21 // Koxkorretaraino // Iruzkinik ez
Aski daukat. Ez naiz itzuliko. Ez behintzat politika españolizatzaile lotsagabea alde batera uzten ez duten arte.
Eroskin euskaldunak beti izan gara bigarren mailako bezeroak, katalanak edota galegoak bezala. Eta zer esan Espainiako erreinuan azkenetan dauden beste herrietako bezeroez… Horiek bigarren mailakoak ez, egon ere ez daude Eroskiren radarrean.
Eroskin erosten nuen sarri, Euskal Herriko enpresatzat neukalako, areago, euskaldunon enpresatzat irudikatzen nuen, ebidentziak kontrakoa esan arren. Luze jo du, baina agortu zait pazientzia. Eroski Espainiakoa bada, berdin dio beste edozein saltoki arrotzera jotzea.
Eta aukeran noski, bertoko saltoki txiki euskaldunetara, askoz hobeto.
Eroskin zelofana ele bietan, baina edukiak español hutsez daude. Produktu guztien izenak español hutsez, langileetako asko ez dira elkarrizketarik xinpleenak ere ulertzeko gauza, eta españolez eginarazten diete bezeroei. Eta azkena, banderitak jartzeko moda unionista…
Ikurriñak haizeak eraman ditu Nafarroako Eroskiren saltokietatik. Aldi batez, ikurriñak eta Nafarroako banderitak, biak zeuden (tristea hori ere), baina beste urrats bat eman du Eroskik españolizaziorantz. Ikurriñak erautsi ditu “Euskadiko” produktuetatik, eta Albacetekoei, Zamorakoei edo Madrilekoei ematen dien tratu bera ematen die. Banderatxoekin nabarmendutako produktu bakarrak Nafarroakoak dira.
“Euskadin” alderantziz. Nafarroako banderatxorik ez, ikurriñak soilik, eta bakarrik “Euskadiko” produktuetan.
Gipuzkoarrak, bizkaitarrak, arabarrak, eta zer esanik ez Bidasoaz besteladeko euskal herritarrak, kanpotar gisa hartuak dira Nafarroako Eroskin. EAEn aldiz, nafarrak (eta Bidasoaz bestaldekoak beti) dira arrotzak.
Despeditzera joan naiz gaur herriko Eroskira, eta kexa jartzera, baina esaten didate hemen ez, gisa horretako kexak “bezeroarekiko arreta” delakoaren bitartez kudeatzen direla, eta Bizkaiko telefono bat eman didate: 944.943.444. Deitu dut bertara, eta hara “ustekabea”, erantzungailu automatikoak españolez hartu nau, euskarazko arreta jasotzeko aukerarik eman gabe gainera. Robot castellanoaren atzetik telefonoa hartu duen pertsona ere, erdaldun elebakarra. Esan diot euskarazko arreta nahi nuela, eta erantzun dit telefonoa emateko, handik tarte batera euskaldun batek (zer daukate, bakarra?) deituko zidala. Eta handik ordu laurdenera edo deitu dit Eroskiko euskaldunak, emakume gazte jator askoa. Esan dizkiot gutxi gorabehera hemen idatzitakoak, eta barkamena eskatu dit, “Eroskiren izenean”. Eskertu diot barka eskea, baina uste dut berea zela, eta ez Eroskirena.
Sentitzen dut Eroskikide diren euskaldunengatik, baina banoa. Eta gure etxekoak ere bai, ziurrenik. Itzul gaitezen inongo interesik balute, badakite / badaukate zer egin.