Hasiera »
Jon Ander Galarragaren bloga - Konpostazank!
Jon Ander Galarraga Zubeldia
Biologoa titulazioz, ikertzailea bokazioz eta konpostaje teknikaria ofizioz. Konpostajea bizidunen zientzia bat delako, ikertu eta hobetu dezagun. Konpostaje prozesu efiziente batek, hondakin organikoen kudeaketa merke eta egoki batera eraman gaitzakeelako… konpostazank!!!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- luis Mari Olaizola(e)k Jon Ander Galarragaren bloga bidalketan
- Ia beterik dugu gure lehen konpostagailua! | Uliako Lore-Baratzak(e)k Tenperatura bidalketan
- Albiste bilduma, urtarrilak 01 – 31 | Zero Zabor(e)k Konpostaren sekretua ez dago dituen elikagaietan. bidalketan
- Jon Ander Galarraga(e)k Konpostazank!!!! bidalketan
- Karlos(e)k Konpostazank!!!! bidalketan
Artxiboak
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
Pixa, ximaurra eta konpostajea
2015-07-27 // hobekuntzak, iritzia, Konpostatze berezia // 2 iruzkin
Aspaldian lozorroan egon ostean berriro gatoz indar apur batzuk hartuta. Eta berriro trilogia bat ekarriko dugu gurera. Trilogia honetan, pixa, ximaurra eta konpostajeaz arituko gara. Nola, konpostajearen bidez, gure animalien gorotz hondakinak kudeatzea posible den eta berau gauzatu den lekuetan nola egin duten azalduz.
Izan ere, benetako tripako mina egiten dit gure zelai berdeak nola marroitzen diren ikusteak. Ehunka aldiz ikusi dut, zelai berde baten alboan kamioi bat nola kokatzen den eta bapatean, berebiziko animali gorotz-pixa nahaste iguingarri bat botatzen hasten den, zelai guztia marrroituz eta inguruko erakarpen turistiko-paisajistikoa pikutara bidaliz.
Praktika hau oso ohikoa da gurean, izan ere, animali pixa eta gorotza soberan dauzkagu, hauek ongarri omen dira eta zelaiak ongarritzeko erabiltzen ditugu.
Froga pare bat egingo nituzke, ea kamioien zisternetatik ateratzen den ur-miragarri honek, benetan ongarritzen duen edo honen beharrik ba ote duten gure zelaiek.
Frogatuko nuke ere, ongarritze sistema honen ostean, lurpeko erreken uren kalitatea eta inguruko jendearen osasunean duen eragina.
Asko esango dute ea nola kudeatu bestela horrenbeste biohondakin. Biohondakinak kudeatzeko metodo asko daude, hoien artean konpostajea. Esperientzi ugari daude, konpostaje bidez behi, oilo eta txerri gorotz eta pixak modu efizientean kudeatu direnak eta funtzionatu dutenak. Hilera bidezko konpostajea da, materia egituratzailearekin ongi nahastua eta lixibiatuak ez galtzeko sistemak dituena, erraza da.
Ea noizbait, zisterna erraldoi hauek, gure zelaietara joan ordez, gure konpostatze guneetara iristen diren.
Konpostajea nekazaritzaren erreskatean
2015-06-22 // hobekuntzak, iritzia, Konpostatze berezia, orokorra // Iruzkinik ez
Ehunka aldiz aipatu dut konpostajeak duen balio didaktiko eta soziala, gaurkoan ordea, konpostajeak edo organikoaren autokudeaketak sortzen dituen lan aukerez arituko naiz, benetako esperientzia bat ekarriz gurera, Buadella herriarena (Katalunia).
Buadella, Gironako probintzian kokatzen da eta 200 biztanle inguru dituen herria da. Beste herri askotan bezala, edukiontzien bidezko bilketa sistemak (organikoaren bilketa gabe) %20eko bilketa-tasa zuen, oso baxua. Gainera, sortzen zen errefusa guztiaren %80a organikoa zen, batez ere bertako bi jatetxeek sortzen zutena. Zabor kantitate handi hauek, Figereseko zabortegira garraiatzen ziren egunero.
Boadella-ko konpostatzen gunearen kribatzailea
Gaur egun, bertako biztanleen organikoaren %100a, herriak autokudeatzen du konpostaje gune txiki baten bidez, honen ardura bertako nekazari batena delarik. Kalkuluen arabera, urtean 180 tonelada organiko kudeatzen da.
Gune honek ez ditu berebiziko azpiegitura garestirik, gune zabal eta lau bat da, lixibiatuak biltzeko sistema batekin eta aireztapen konstantea ahalbidetzen duen hodi sistema batekin, azken hau, badaezpadako usain txarrak ekiditeko sistema gehigarri bat bezala ipini zen, nahiz eta ez zen guztiz beharrezkoa.
Konpostaje gunean dauden makina guztiak gurpildunak eta eramangarriak dira, beste herri batean antzeko konpostaje gune bat egin nahi bada, tresneria hau ere inguruko herrientzat eskuragarri egon dadin.
Herriko organikoaren bilketa kalean dauden 120 litroko edukiontzi eta poltsa konpostagarrien bidez egiten da, astean hirutan bilduz. Organikoaren gehiengoa sortzen duten bi jatetxeek berriz, beraiek eramaten dituzte beren biohondakinak konpostatze gunera.
Honekin lortu dena da, Boadellako biriklapen tasa %20tik %68ra igotzea, zabortegira zijoazen zabor toneladak %40ra jeistea, lan arazoak zituen nekazari bati lana ematea eta herriarentzat eskuragarri dagoen A kalitatea duen konposta lortzea, urtean 12 tonelada inguru.
Boadellako esperientzia hau ikusita eta Gipuzkoako herriek dituzten ezaugarriak kontutan hartuta, deitu nazazue zoroa, baina litekeena da gure herri txikietako organikoaren kudeaketa bide egoki, merke eta bideragarri baten eredu Boadella izatea.
Jar ezank konpostatze gune bat hire herrian!!!
ZIZARE-LURRA
2015-06-04 // iritzia, konpostagailuak, Konpostatze berezia, Vermicompost, xomorroak, Zizarea // Iruzkinik ez
Konpostaje guztiak ez dira berdinak, biohondakinak modu ezberdinetan kudea daitezke, honek konposta mota ezberdinak ematen dituelarik. Zizare-lurra edo vermicomposta, zizareen bidezko konpostajea da, zizareen hazkuntza faboratzen duena batipat. Noski, zizareekin batera beste animalitxoak ere hazi eta biziko dira, baina gure helburua, zizareek gure materia organikoaren ehuneko handi bat kontsumi dezatela da.
Zizare-lurrean, nolabaiteko faktoria bat prestatzen da, non, bertako langileak zizareak izango diren. Langile hauek efizienteak izatea komeni da eta horretarako zizare hibrido berezi bat erabiltzen da, Kaliforniako zizare-gorria (Eisenia fetida), nonbait gure lur-zizarea (Lumbricus terrestris) ez da egokia.
Kaliforniako zizare gorriaren abantailetako bat da, handiagoa dela eta gehiago jaten duela da, gainera oso ugalkorra da eta faktore guzti hauek konpostatze abiadura azkartzen dute. Zizare-gorria hazteko, etxeko balkoian kokatu genezaken ontzi berezi bat ipini dezakegu edo lurrarekin zuzenean kontaktuan ipini ontzi irekietan, hala ere, bizi den ontziaren ezaugarriak ez badira egonokor mantentzen nahiko errez hiltzen da.
Lur-zizareak konpostagailu arrunt batean ere egoten dira
Balkoi eta terrazetan ipintzeko egokia den arren eta beraz, gutako edozeinek egin dezakeen arren zizare-lurra, arazotxo bat dauka. Zizare-gorriaren dietan ez dira gomendagarriak haragi-arrain eta azidotasun handiko begetalak (limoi, laranja…). Honek esan nahi du, gure biohondakinen portzentai nahiko handi bat ezin dugula kudeatu edo ez dela komenigarria kudeatzea.
Bestalde, zizareen mantenua maskota baten antzekoa da, hezetasunaren kontrola, janaria oso xehetua botatzea… Konpostagailua gutxienez astean behin aireztatzea komeni da, eta hau nahiko lana bada erabiltzaileentzako. Zizare-lurrari bi egunean behin kontrol bat pasa behar zaio eta beharrezko kudeaketa egin, herritar arrunt batentzat agian lan gehiegi. Gainera, behin zizareak akabatzen badira edo ugaltzeari uzten badiote, berriro erosi eta birpopulatu egin behar da ontzia, kostu bat gehituz.
Ez dut esan nahi zizare-lurra ez denik bideragarria, baina bere aireztapenarekin, egituratzailea gehitu beharrarekin eta dituen “arazo” gehigarriekin, konpostagailu bat kudeatzea sinpleagoa izango delakoan nago.
Tenperaturaren geruzak konpostagailuan
2015-05-22 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Tenperatura oso faktore garrantzitsua da konpostajean, tenperaturak mugatzen du deskonposizioaren abiadura eta tenperatura altuek bermatzen digute konpostak ez dezala inongo hazi edo bakterio kaltegarririk eduki.
300 litroko konpostagailu txiki bat, 40-45 gradutara iritsi daiteke eta bolumen handiagoko 700 litroko konpostagailu bat aldiz (auzokonpostak), 65 gradutaraino. Konpostajearen arauetako bat da, zenbat eta bolumen handiagoa, orduan eta tenperatura altuagoak, horregatik, konpostatze gune handietan edo txaboletan 80 gradutara irits daiteke.
Tenperatura ordea ez da banatzen uniformeki konpostagailu guztian. Konpostagailuaren nukleoa deitzen diogunean dago tenperaturarik handiena, justu konpostagailuaren erdigunea da eta gainazalera, lurrerantza edo konpostagailuaren paretetara goazen heinean, tenperatura baxuagoa da, inguruko tenperaturarekin harreman zuzenagoa baitu eta bero galera handiagoa baita.
Konpostajearen mekanika ikertzen ari den biologoa banintza, fenomeno honi, “Konpostaren estratifikazio termikoa” deituko nioke. Baina urrengo astean pala bat hartu eta zortzi orduz jarraian, edozein langile xumeren moduan euripean eta bizkarra bustita, konposta birrintzen egongo naizen… agian izerdi usain gehiegi edukiko dut, alkondara xuriz aurkezten diren eta berebiziko harrera ona duten teoriak planteatzeko, beraz teorien planteamentu ponpoxoak beste adituei utziko dizkiegu, izerdi usian gabe eta alkondara xuri-xuria dutenei.
Nukleoko tenperatura 330 litroko konpostagailuan
Estratifikazio termiko hau oso erabilgarri zaigu txabola moduko auzokonpostean fruta-eulia ekiditeko. Txabola erako konpostagailuetan, bolumen handia dagoenez, 70-75 gradutara egoten da nukleoa, baina gainazala, 25-30 gradutan, fruta eulia ugaltzeko tenperatura egokiena. Txabola hauen aireztapen erregular batek, estratifikazio termiko hau apurtu egiten du, beroa modu berean banatuz barren guztian, honek esan nahi du, nukleoko tenperatura 65-70 gradutara jeisten dela, baina azalekoa (fruta eulia hazten ari den eremukoa), 30 gradutik gora igotzen dela. tenperatura erabat hilgarria fruta-euliarentzako.
Beraz, estratifikazio termikoaren teoria aplikatuz, fruta-eulia ugari den sasoi hauetan, txabola moduko konpostagailuak astean hiru aldiz aireztatzen badira, gainazaleko tenperatura igo egiten da eta fruta euliarentzat hilgarrri diren tenperaturetara iritsi. Askoz ere fruta-euli gogaingarri gutxiago agertuz konpstagailuan.
Teoria hau ez da atera soilik nere burutik, beste mota bateko adituen laguntza ezinbesteko izan da. Aupa zuek!
Konpostajearen etorkizuneko erronkak (AZKENA)
2015-05-13 // iritzia, konpostagailuak, orokorra // Iruzkinik ez
Trilogia izan behar zuena kuatrilogia bihurtu da, baina hau esan gabe ezin geratu. Laugarren eta azken atal hau, konpostatze teknikariei buruzkoa da.
Lehenik eta behin esan, konpstaje teknikariak gutxi garela, eta garenok ezin dugu frogatu akademikoki garenik. Konpostaje teknikariak, direnaren eta ez direnaren gris horretan gabiltza… bueltaka. Ea nohizbait konpostajea serioago hartzen den eta konpostaren kudeatzaile titulu akademikoa sortzen duten.
Konpostaje teknikariak baldintza bat bete behar du, gutxienez urte betez aireztagailua eskuan eta burua konpostagailuan sartuta egon behar duela. Baina ez da soilik begiratu, usaitu eta aireztatzea, ondorioak ateratzen jakin egin behar da. Oso polita da usain txarra duen konpostagailu bat aireztatzea eta konpostatze teknikaria zarela esatea. Oso erraza da power point baten babesean, “master composter” bat zarela erakustea. Oso “cool” da ere konpostajeari buruzko blog bat egitea.
www.seattletilth.org
Zailena konpostaje prozesua erabiltzaileari bideragarri egitea da, bistaz eta barne nahastea ikusirik konpostagailu baten erabilpen maila jakitea, jatetxe batean konpostaje bidezko organikoaren kudeaketa gauzatzea, sagu bat konpostagailura nolaz sartu den ikusi eta berriro sar ez dadin konpostagailuari hobekuntzak egitea.
Ezin da konpostajea edozein “adituri” utzi, konpostagailua traidorea baita. Fruta eta berdura apur batzuk boluntarioki botata dauden konpostagailuen teknikari izatea, sagardotegia txotx egitea bezala da, erraza! Baina lepo eta usain txarrarekin dagoen konpostagailu bat aireztatzea eta ostean usain txarrik botako ez duela bermatzea, hori Txindoki puntara hanka baten gainean igotzea bezala da… gogorra.
Konpostagailuak “adituen” eskuan uzten badira, konpostajeak fama txara izaten jarraituko du, ez baitira ongi kudeatuak egongo eta beti izango dute, usain txarra edo fruta euli hodeiak. Konpostagailua amorante zaila da, mantenu minimoa ez bazaio bermatzen, akabo. Horregatik behar dute mantenu erregularra eta benetan prozesua ulertzen duen baten esku egotea, ez dela izan, beste lan baten gehigarri edo kudeatuko ez duen erabiltzaile baten ardura.
Hau ez da prozesu natural xalo eta polit bat, hau konpostajea da! Abentura xalo eta politak xixareen munduan egiten dira, etxeko balkoian, lau laranja azal eta zotz batzuekin.
Konpostajearen etorkizuneko erronkak (HIRU)
2015-04-30 // hobekuntzak, iritzia, orokorra, xomorroak // Iruzkinik ez
Artikulu bat izan behar zuen honek, jada hirugarrena eman du. Lehenengoan egituratzaileaz hitzegin genuen, bigarrenean erabiltzaileetaz eta orain hirugarren honetan, konpostatzearen metodologiaz arituko gara.
Konpostatze mota guztiak behar du mantentze-metodo bat: gehitu behar zaion egituratzaile kopurua, konpostagailuaren kokapena, arazoen aurreko erantzunak. Gaur egun ditugun gidak ordea ez daude konpostajean egun egiten ari den apustuari aurre egiteko mailan, orain arteko konpostatzea ez baita benetako biohondakinen autokudeaketa bat bezala planteatu, materia organikoa kudeatzeko modu arin bat bezala hartu da. Zitriko, haragi-arrain, sukaldatutako biohondakinik gabe, aireztapenari garrantzirik eman gabe eta konpostaren faunarik kasurik egin gabe. Apur bat, gaur egun energia berriztagarriekin egiten ari den antzera, petroleoaren zurrunbilo beltzaren atzetik eta aurpegi beltzak berdetzeko balio duen energia mota.
Konposta ongi funtziona dezan, biohondakinen %100a konpostatzea beharrezkoa da, bestela zertarako konpostatu? Gainera, konpostagailu barruan biohondakinek ahal den denbora gutxien egon behar dute aktibatu gabe, horregatik, deskonposizio tasa altuko konpostaje bat burutu behar da. sartzen den biohondakina urrengo egunerako deskonposizio fasean egon behar du eta ahal duen azkarren konposta bihurtu. Modu azkar honetan konpostatzean, espazio txikian biohondakin bolumen handiak konpostatu ahal ditugu.
Tenperatura, metodologiaren oinarrietako bat.
Azken kontzeptu hau oso garrantzitsua da, izan ere, konpostagailuak behin aktibatzen direnean eta beharrezko tenperaturak hartu, prozesuan arazoak izateko aukera jeisten da eta erabiltzaileak konpostatzearekiko duen jarrera askoz ere hobeagoa da.
Eta nola igo dezakegu gure konpostagailuen deskonposizio tasa? Konpostaren azeleratzaileak badaude gaur egun merkatuan, bolumen handiko eta espazio gutxiko konpostatze motatan, adibidez jatetxeetan, azeleratzaileen erabilera egoki batek eta aireztapen erregular batek gauzak asko erraztuko lituzke eta hasieran ezinezko konpostajea zena, errealitate bihurtu.
Bestetik badago alternatiba “naturalago” bat. Soldadu-eulia izena du eta oso erraza eta merkea da etxean edo haztegietan hazi ahal ditugunak eta konpostagailuetan inokulatu, prozesua azkartu dezaten.
Oraindik asko dugu ikasteko, baina azken bi urte hauetan asko ikasi dugu, eredu gara. Beste lekuetan aholkuak emateko gai gara. Eta hoberena, inbertsio gutxireki eta metologia garatu batekin, posible dela.
Konpostajearen etorkizuneko erronkak (BI)
2015-04-23 // auzokonposta, hobekuntzak, iritzia, konpostagailuak, orokorra // Iruzkinik ez
Aurreko astean, “konpostajearen etorkizuneko erronkak” deritzon atikulu sail bat hasi genuen. Aste hontan, sail honen bigarren atala dugu.
Lehen artikulua egituratzaileari eskeini genion, bigarrengoa erabiltzaileei.
Izan ere erabiltzaileak dira konpostajearen oinarrian dauden aktore-aktoresak. Etorkizunean konpostajearekin apustu egiten jarraitu nahi badugu, erabiltzaileei konpostaje prozesua guztiz erraztu behar zaie, honek, konpostagailuen erabilera handitu eta kudeaketa-sistemaren egonkortasuna bermatzen baitu.
Erabiltzaileengana iritsi behar den lehen mezua, konpostagailuak mantenu bat eskatzen duenarena da, hau ez da biohondakinak botatzeko kaxa bat, konpostagailuak lan bat eskatzen du, lan konstante bat. Lan hau aurrera eramateko ordea ezinbestekoa da erabiltzailearen esku kalitate honeko materialak ipintzea, kasu honetan, konpostagailu sendoak, aireztagailu on bat eta nola ez, sagutxoak ekiditeko sarea.
Horto 300. Gaur egun Tolosaldean erabiltzen den konpostagailua
Baina material hauekin batera, egituratzaile on eta egoki bat eskura eta gertu egotea ezinbestekoa da, egituratzailearen bila 5 kilometrotara joan behar bada, erabiltzaileek ez dute erabiliko, konpostagailuan arazoak sortzen hasiko dira eta erabilpena zerora jeitsiko da.
Aipaturiko guzti hauek oinarrizko neurriak dira, baina konpostajearen aldeko benetako apustua egin nahi bada, ezin gara oinarri soil batean geratu. Konpostatzearen metodologia egoki bat garatu behar da, geurea dena, izan ere, munduko beste inon ez baitago geurean egiten ari den apustua. Beste herrialdeetan berebiziko mirariak egiten dira konpostagailuekin: egituratzaile gabe, aireztapenik gabe… gurean aireztapena egin behar da, egituratzailea erabili behar da, zergatik? Gurean dena konpostatzen delako, konpostatzea biohondakinen kudeaketa metodo global bat delako, ez baratza txiki bat eta organikoa astean behin ateratzen duten erabiltzaileen aisialdirako modu bat.
Baina metodologia on bat garatzeko adituak behar dira eta adituen artean sinergiak bultzatu behar dira. Eta ez joan aditu bila blogak idazten dituzten edo oholtzatik, power point batez, berebiziko hitzaldiak eta ikastaroak ematen dituzten jendearengana. Adituak erabiltzaileak dira, adituak udaletxeetan auzokonpostak egunero aireztatzen dituzten udal-langile eta teknikariak dira, adituak bere jatetxeko biohondakinen 100%a konpostatzen duten sukaldariak dira. Bakoitza ezberdina, baina emaitza beraren bila. Noizko konpostajearen adituen kongresu bat?
Konpostaje prozesua erraztu, errazteko metodologia bat garatu, metodologia lortzeko adiatuak elkartu. Hortxe etorkizuneko biohondakinen kudeaketaren katea.
Modu honetara lortuko dugu edozelako izaera duen bihondakinak modu azkar, merke eta eroso batean kudeatzea.
Konpostajearen etorkizuneko erronkak. (BAT)
2015-04-13 // egituratzailea, hobekuntzak, iritzia, orokorra // Iruzkinik ez
Orain urte gutxi da konpostajearen benetako apustua egin zena Tolosaldean. Konpostajea, eko-berde-alternatiboen noizbehinkako zaletasun bat izatetik, etxeko biohondakinen benetako kudeaketa modu bat bihurtu zen. Konpostagailu baten jabea jada ez da etxeko baratzan lau porru ekologiko dituen gizaseme/alaba, bere biohondakinen autokudeatzaile bat baizik.Ikusi da konpostajeak funtzionatzen duela biohondainen kudeaketa merke eta efiziente bezala, lehen edukiontzi berdera eta ostean zabortegira zihoazten tonaka biohondakin, gure konpostagailuetan ari dira konpostatzen, inongo elektrizitate edo bestelako azpiegiturarik gabe.
Baina hau ez da nahi dugun konpostajea, pauso bat gehiago eman beharra dago, erabiltzaileei konpostatzea erraztuz eta arlo ezberdinetara zabalduz. Urrengo artikuluetan, etorkizunari begira konpostajeak egin beharko lituzkeen hobekuntzak proposatuko ditut, neure experientzia eta iritzi xumetik habiatuta beti ere. Iritzi guztiz kritikagarriak eta ideia berriei guztiz irekiak, hemen inor ez gara “adituak”. Izan ere gaur egun konpostajeaz ikasi duguna izeberg-aren punta da, asko dago oraindik ikasteko: konpostagailuen hobekuntzak, metodologia efizienteago eta malguagoa, behar ezberdinetarako konpostatze sistemak, egituratzaile mota ezberdinen sorrera, konpostaren kalitate eta erabilera berriak…
Artikulu sail hauei hasiera emateko, etorkizuneko egituratzaileaz pare bat iritzi.
Inausketa birrindua
Egituratzailea ezinbestekoa da konpostatze mota guztietan, hezetasuna erregulatuz gainera, usain txarrak ekidin eta aireztapenean funtzio garrantzitsuak betetzen ditu.
Konpostatzeko ez du edozelako egituratzailea erabili behar eta gutxiago “hor topatu ahal den zerbait lehorra”, aurrera begira eta konpostajeaz apustu egin nahi bada, egituratzailea eraiki egin behar da. Hare gehiago, konpostaze mota ezberdinerako (auzokoa, banakakoa, sortzaile bereziak…) egituratzaile mota bat beharko litzateke, sortzen den biohondakin motaren arabera egokituko dena eta agian, konpostatze fase bakoitzerako zehaztua.
Egituratzaile hau birrindutako inausketa izan daiteke, hezetasun konkretu eta neurri zehatz batekin, ez edozelako inausketa birrinduarekin, sarritan lurrez josia egoten dena edo berebiziko adartzarrak dituena tartean. Kalitatezko egituratzaile bat urte guztian edukitzea ezinbestekoa da erabiltzaileentzat, gainera, eskura egon beharko luke, herri bakoitzak bere biltegitxoa edukiz.
Hemen, sail honetako hamaiketako edo “aperitiboa”, laster bazkari, merienda eta afariak.
Konpostajea eta paradisua
2015-03-27 // aireztapena, xomorroak // Iruzkinik ez
Imagina ezazue paradisua… ziur belardi zabal eta berde bat imaginatu dezutela, tarteka zuhaitz bat edo besterekin apaindua. Zeinen araroa, justu orain 4 milioi urte gure arbasoa zen Austrolopithecus afarensis-a bizi izan zen sabanaren berdina deskribatu duzue. Tximu bat izango baginake, zuhaitzez jositako ohian bat deskribatuko genukeen eta sugandila bat baginake, harriz, zuloz eta intsektuz jositako paradisu batean pentsatuko genuke.
Gure konpostagailuan dabiltzan xomorro bati edo besteari galdera berdina egin ahal bagenio, erantzun mota ezberdinak jasoko genituzke. Adibidez, fruta-euliarentzako, barazki-fruta fresko eta erdi deskonposatua dagoen leku bat du paradisua, zizare batek ordea, eremu ilun eta loitsu bat deskribatuko digu. Euli arruntrik galdetu ezkero, haragi eta arrain freskoa dagoen konpostagaiku eder bat esango liguke.
Paradisua bata edo bestea izan, hau topatzeko zortea duten bizidun guztiek gauza bera egingo dute bertan, ongi elikatu eta batez ere, neurrigabe ugaldu. Gure konpostagailuko barne nahastea ez bada ongi aireztatzen eta leku konkretuetan, biohondakinak kontzentratzen badira, hainbat xomorroen paradisuak sortzen dira eta xomorro hauen gehiegizko ugalketa ekarri.
Gure konpostagailuan paradisua topatu duena soldadu eulia bada, ez dio ardura handiegirik, ez baita gogaingarria eta egia esan, erabiltzaileei buruhauste gutxi ematen dizkie. Baina gure konpostagailua paradisutzat duena, euli arrunta bada adibidez, arazoak sortzen dira.
Euli arruntaren beldarrez betetako konpostagailua
Ez da batere erosoa konpostagailua ireki eta milioika eulitzarren “bzzzz!” zarata entzutea eta konpostagailua aireztatzean, beste milioika euli-beldar goseti mugitzen ikustea, Gaizka Izagirreri galdetu beharko diogu ea bildurrezko film bat egin ahal den beldar hauekin.
Horregatik, erabat ekidin behar dugu gure konpostagailuan biohondakinak puntu ezberdinetan kontzentratzea eta gure konpostagailua zenbait xomorroren paradisu bihurtzea, horregatik da ezinbestekoa aireztatzea eta barne nahastea homogeneoki banatzea, batez ere sasoi honetan, euliak ugaltzen hasten direnen garaiean.
Biohondakinak konpostagailuan homogeneoki banatzean, ez da fruta hutsez betetako txoko txikirik sortzen, fruta euliarentzat paradisua izango dena eta etengabe ugaltzen lagunduko diona. Ezta ere euli arruntarentzat paradisua izango den haragi eta arrainen kontzentrazio handiko eta hezetasun ugariko eremurik.
Konpostagailu bat edo beste ikusi ditut sekula aireztatu bagekoak eta haragi-arrain eta sukaldatutako hondakin porportzio handikoak, dituzten biohondakinengatik eta egituratzailea ez erabiltzeagatik hezetasun handia kontzentratzen zaiena eta euli arruntarentzako paradisu direnak, hauen plaga handi bat sortuz konpostagailu inguruan.
Beti bezala, erabili aireztagailua, aireztatzeaz gain, arazo asko ekiditen baititu. Eta gaur egun, konpostajean “aditu” asko dagoen honetan, hauek erraz identifikatzeko modu bat asmatu berri dut.
Konpostajean aditua dela dioen orori ondokoa galdetu: Egunean zenbat konpostagailu aireztatzen dituzu? Erantzuna “zero” bada, ez da aditua.
Konposta, usaina eta erlatibismoa
2015-03-11 // auzokonposta, iritzia, konpostagailuak // Iruzkinik ez
Usaina, konpostajearen ezker aldeko sorbaldan kokatzen den deabrua da. Konpostajearen aurpegiari begiratu ordez, guztiak usainaren deabruaren begietan ipintzen ditugu begiak. Betiko galdera: “Konpostajeak ba al du usainik?” Noski baietz, gauza guztiek dute usain bat, adjetiboa eman behar: ona, txarra, freskoa, sakona…
Pena da usainaren adjetibazioa erabat subjetiboa izatea, nahiago nuke nere termometroarekin batera usain-metro bat edukiko banu, kaletik neregana eta konpostagailuetara gerturatzen diren eta “puaj ze usain txarra!!!” esan eta alde egiten duten espontaneoei usainaren txartasunaren balio zehatz bat emateko. “Hi espontaneo/espontanea, usain honen txartasunaren mailaren arabera, alboko eduki ontzi berde horrrek oraintxe bertan konpostagailuak baino usain txarragoa dauka”.
Baina zientzia ez da hainbeste aurreratu oraindik!
Usain txarrik gabeko eta oso ongi funtzionatzen zuten auzokonposta guneak itxi izan dira, ustezko usain txar batengatik.
Benetan egoera surrealistak gertatu zaizkit usainarekin. Nik burua konpostagailu barruan sartuta eta usainik aditzen ez, bitartean hamar metrora pertsona bat sudurra itxita, konpostagailu kirastun eta infekzioso batean janari bila dabilen leproso bat banintzeke begira. Beste batzuetan, alboko belazean zisterna bat milaka litro segunduko behi pix zabaltzen ari den bitartean, konpostagailuen usainataz kexuak entzunak ditut.
Denbora erlatiboa omen dela zioen Einsteinek, usaina ere bai.
Badakit konpostagailuek usaina dutela, eta usain hau ez dela inoiz bostgarren zenbakiko Txanel markako lurrun batena, badakit ere, ongi aireztatzen ez diren konpostagailuetatik usain txarra agertu ohi dela eta konpostaje teknikariak, aspaldian aireztatu gabeko eta tenperatura altuak dituen konpostagailu bat airetatzean, usain oso txarra ere agertzen dela. Baina usain txar hau, konpostagailu konkretu batean eta momentu zehatz batean gertatzen da, ez konpostagailu guztietan, ezta ere egun osoan zehar.
Usain txarreko konpostagailu asko topatu ditut, guztiak gaizki aireztatuak eta batere kasurik egin gabe utziak. Usain txar hau, mendi puntan dagoen etxe bateko konpostagailuan gertatzen bada, ez du eraginik izaten inguruko jendean, baina auzokonposta batek sortzen badu, hor komeriak eta kexuak!
Aireztatzeak garrantzi handia du konpostagailuaren usainean, baina baita ere aurreiritziek. Norberaren konpostagailuak aireztatzeak duen garrantziaz aparte, egin kasu auzokonpostei, ez utzi usain pitzik agertzen, konpostajearen izen ona eta funtzionamentu egokia bermatzeko, ezinbestekoa da.