Hasiera »
Jon Ander Galarragaren bloga - Konpostazank!
Jon Ander Galarraga Zubeldia
Biologoa titulazioz, ikertzailea bokazioz eta konpostaje teknikaria ofizioz. Konpostajea bizidunen zientzia bat delako, ikertu eta hobetu dezagun. Konpostaje prozesu efiziente batek, hondakin organikoen kudeaketa merke eta egoki batera eraman gaitzakeelako… konpostazank!!!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- luis Mari Olaizola(e)k Jon Ander Galarragaren bloga bidalketan
- Ia beterik dugu gure lehen konpostagailua! | Uliako Lore-Baratzak(e)k Tenperatura bidalketan
- Albiste bilduma, urtarrilak 01 – 31 | Zero Zabor(e)k Konpostaren sekretua ez dago dituen elikagaietan. bidalketan
- Jon Ander Galarraga(e)k Konpostazank!!!! bidalketan
- Karlos(e)k Konpostazank!!!! bidalketan
Artxiboak
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
Tenperatura
2014-10-14 // bideoak, orokorra, tenperatura // Iruzkinik ez
Tenperatura, hezetasunarekin eta Phrekin batera, faktore fisiko ezinbestekoa da konpostajean. Prozesua aurrera beharrezko erreakzio kimikoak azkartzeaz gain, patogeno eta haziak ezabatzen baititu.
Konpostagailu huts batean, biohondakinak botatzean, inguruan dauden mikroorganismoak biohondakin hauek degradatzen hasten dira erreakzio kimikoen bidez eta erreakzio kimiko hauek dira tenperatura igotzen dutenak.
Tenperaturaren arabera, konpostagailuan hiru fase bereizten dira denboran zehar.
1- Fase mesofilikoa. Tenperatura 40ºCtik behera dagoenean. Hasieran.
2- Fase termofilikoa. Tenperatura 40 ºCtik gorakoa denean.
3- Heltze fasea. Berriro tenperatura beheraka dohanean giro tenperaturara iritsi arte. Amaieran.
Beraz, konpostaje prozesuan tenperatura igotzen joaten da, maximo batera iritsiz eta ostean berriro giro tenperaturaino jeisten da.
Barne nahastearen bolumena zenbat eta handiagoa izan, lortuko diren tenperatura maximoak altuagoak dira. Ez da harritzekoa beraz, auzokonpostean, autokonpostean baino tenperatura handiagoak egotea.
Tenperatura aldaketa hauekin, konpostagailu barnean “lanean” dauden mikroorganismo motak ere aldatu egiten dira, izan ere, mikroorganismo mota bakoitzak du bere tenperatura tarte “gogokoa”, non, hau aldatzen bada hil egiten dira.
Hasieran (fase mesofilikoan), tenperatura ertaina atsegin duten mikroorganismoak daude, fase honetan, deskonposatzeko errazenak diren elementuak deskonposatzen dira, hala nola, azukreak (frutak), proteina sinpleak (haragi eta arraina). Mterial erraz hauen deskonpostaketaz sorzten den beroak, tenperatura igotzea ahalbidetuko du, non 40ºC iristean, fase mesofilikoa amaitu eta termofilikoa hasten delarik. Eta hemen mikroorganismoen txandaketa dator. Fase mesofilo zaleak direnak hiltzen joaten dira eta fase termofilokoak kolonizatzen dute konpostagailua.
Fase termofilikoa nahiko bortitza da, aldaketak oso azkar ematen dira, izan ere tenperatura altuek erreakzio kimikoak azkartzen baitituzte. Gainera, deskonposatzen zailenak diren elementuak desegiten dira, adibidez, egur izaerako elementua gehienak. Behin deskonposatzen zailak diren elementu hauek amaitzen direnean eta barne nahasteaz elikatu zitekeen guztiaz elikatzen direnean, mikroorganismo berozale hauek gosez hiltzen doaz eta, erreakzio kimikorik ezean, konpostagailuko tenperatura jeisten joango da giro tenperaturara iritsi arte, Heltze fasean sartzen gara.
Eta orain dator konpostatzaile guztiek ikastaroetan botatzen didaten galdera.
Baina nire konpostagailura etengabe ari banaiz biohondakinak botatzen, orduan prozesua ez da sekula amaitu, beti egongo da fase termofiliko batean… ezta?
Oso galdera ona eta egia borobila konpostagailu bat dugunean esku artean.
Konpostagailu batekin jokatzen dugunean, bi gune bereiztu behar dira: goiko zatia, biohondakin berriak gehitzen direna eta beti lehen fase mesofiliko eta termofilikoetan egongo dena, eta beheko zatia, ahal bada aireztatzean pakean utziko dioguna eta fase mesofiliko eta termofilikotik igaro ostean, heltzen fasean sartuko dena eta konposta lortu ahal duguna. Erraza azaltzen, ez hain erraza praktikan ipintzen.
Modu honetara, behean konpost heldua izango dugu eta goiko zatian heltzen doan konposta. Beheko zatia heltzean, azpiko atetik aterako dugu eta goikoa beherantza erortzen denean, heltzen hasiko da. Esan beharra dago, aditu askok azken esaldi hau oso gustuko dutela eta gidaliburuetan oso polit, ilustratibo eta ponpoxo agertzen dela, konpostagailua bat azpiko zatia zabalik eta berebiziko konposta heldu eta zoragarria dariola. Gidaliburu eta bizitza errealiri buruz, beste batean idatziko dugu, badago eta zer esan!
Konpostagailuen merkatua
2014-10-03 // konpostagailuak, orokorra // Iruzkinik ez
Konpostajerako nahiko beharrezkoak dira konpostagailuak, baina ba al dakigu benetan zein konpostagailu mota dauden merkatuan eta zer duten aldeko eta kontrako? Ba horixe argituko dugu aste hontan.
Aldez aurretik esan, inork neure lepoan labana bat jarri aurretik, neure esperientzi pertsonalean oinarrituriko iritziak direla guztiak.
Aztertuko ditugun konpostagailu hauek, 300 litro ingurukoak dira, autokonpostajea egiteko balio dutenak. Auzokonpostek eta sortzaile bereziek erabiltzen dituztenak, 700 litro ingurukoak dira, hauei buruz aurrerago hitzegingo dugu.
Argitu ere, orokorrean bi motatako konpostagailuak ditugula, beraien alboak elkartzeko moduaren arabera bereizten dira. Batzuk, erlaitz edo “pestaña” batzuekin lotzen dira, besteak, lau haga edo zotz goitik behera sartuta. Erlaitzak dituzten konpostagailuak, ez dira aztertu sarrea honetan.
Konpostagailuak baloratzeko, ondoko parametroetan egingo dugu so: forma, muntatze erreztasuna, konposta ateratzeko modua eta erresistentzia.
Combox 300
COMBOX 300
Kompostagailu kubikoa da guztiz, haga bidez lotzen dena eta erabat modularra, azken hau saltzen da bere birtude nagusi bezala, izan ere, Combox-ak elkartuz, nahi adinako handia den konpostagailua eraiki dezakegu. Konpostagailu honen hoberena, nire ustez, tapa da, atzera bota ezkero tente geratzen baita eta oso erosoa da erabiltzailearentzako. Arazoen artean ordea, taparen forma da, duen erliebeagatik euri ura metatzen baitzaio eta irekitzean, euri ur gutzia konpostagailu barrura erortzen da. Bestetik, muntatzeo nahiko deserosoa da eta konposta ateratzeko azpiko irekiunea, nahiko zaila da irekitzeko. Erresistentzia ertain baxukoa da, nahiko plastiko ahulez egina. Web orria
BULBEO 360
Bulbeo
Plasticomnium plastiko enpresaren konpostagailua. Azpian tripa modukoa ateratzen ziaon konpostagailu famatua da, non, orain 4-5 urte Foru Aldundiak atera zuen kanpaina batean banatu zena. Tapa nahiko erosoa dauka, baina ez da Combox-a bezala tente geratzen, haga bidez muntatzen da, nahiko errez, baina azpiko aldeek, goiko aldeekin parekatzeko arazoak izaten dituzte eta sarritan, irekiuneak sortzen dira, gustuko ez ditugun karraskarientzako sarrera bikainak sortuz. Plastikoa ere nahiko ahula da, arratoiek atsegin dute, eta ez bada hasieratik oso leku leun eta zapal batean muntatzen, oso erraz okertzen da eta lau urte inguruan asko okertzen da. Web orria
CONTAINER 340
Orain hamar urte Foru Aldundiak oparitu zituzten haga bidezko konpostagailuak dira. Kolore gris ilun berezia dute eta 300 litro inguruko kapazitatea duten arren, beste konpostagailuak baino altuagoak eta meheagoak dira. Plastiko oso zurruna eta iraunkorra da, bizitza luzea dauka, 10 urtetik gora dituzten Container 340ak ikusi izan ditut. Tapa erosoa dute (nahiz eta ez den tente geratzen) eta muntatzeko oso errazak dira, gainera, oso ongi lotzen dira konpostagailuaren zati ezberdinak, eta azpiko aldea erraz irekitzen da konposta ateratzeko. Benetan konpostagailu gomendagarriak.
HORTO 300
Gaur egun Tolosaldeako Mankomunitateak autokonpostajerako ezartzen ari diren haga bidezko konpostagailuak dira. Container
Horto 300
340aren antza handia dute, hau bezalaxe zurrunak dira, plastikoa oso erresistentea da eta muntaketa oso erraza da. Gainera, atal ezberdinak ongi lotzen dira elkarren artean, ez da irekiunerik sortzen eta konposta ateratzeko modua oso erraza da. Konpostagailu honen arazo nagusia, bi modelo daudela da: azpiko irekiunea lau aldetara ireki daitekena edo soilik alde batera irekitzen dena. Honek, garrantzirik gabeko ezaugarria ematen duen arren, konposta ateratzeko, beti ere hobea da alde bat baino gehiago irekitzeko aukera izatea, honela eskuragarriagoa da konpostagailuaren atzean geratu den konposta. Begiratu zeuena nolakoa den. Web orria
Eta hementxe konpostagailuen mundu izkutua, zuen bistara, urrengo zutabean, konpostajea eta legediari buruz arituko gara.
Egituratzailea
2014-09-25 // egituratzailea, orokorra // Iruzkin bat
Zati txikiak, egituratzailea eta aireztapena, konpostatze perfektu baten osagaiak. Baina osagai hauen artean, bada bat ez zaiona garrantzi handiegirik ematen, eta berau dugu gaurko protagonista: egituratzailea.
Egituratzaile on bat guztiz beharrezkoa da konpostajean eta ez du edozein materialek balio, hare gehiago, esfortzu gehigarri bat egin beharko genuke egituratzaile perfektu bat aurkitu eta modu masiboan banatu eta erabiltzeko.
Egituratzailearekin, terminologi arazo bat dago, erabiltzaile eta aditu asko dira: material lehorra edo lehortzailea deitzen diotenak eta gaizki ulertuetara eramaten gaituenak. Izan ere, egituratzaileak ez du zertan guztiz lehor egon beharrik, hare gehiago, gustuko ditut hezetasun apur bat duten egituratzaileak. Oso egituratzaile lehorra erabili izan duten konpostagailuek, tenperatura oso altuak hartzeko joera dute (75ºC), honek, erabat erraustu dezake barne nahastea eta konposta guztia ezereztu. Egituratzailearen hezetasun honek, onddoen hazkundea faboratzen du, eta kontuan izan, onddoak direla (besteak beste), konpostatzen hain zail diren material begetal gogorrak desegiten dituzten bizidunak.
Egituratzaile ugari konpost helduan
Egituratzaile batek bi funtzio bete behar ditu konpostagailuan.
1- Hezetasuna kontrolatu: gure hondakin organikoen gehiengoa oso hezea da eta hezetasun gehiegik, oxigenazio egokia oztopa dezakete, urak barne nahasketako aire poroak betetzen baititu. Beraz, hezetasuna kontrolatzeko, komeni da, gure hondakinak baino lehorragoa den egituratzailea nahastea.
2- Egitura bat eman: egituratzailea andamio bat da. Gure hondakin organikoek, masa amorfo bat sortzeko joera dute konpostagailuan eta egituratzaileak, nolabaiteko arrotasuna ematen dio nahaste honi, aireztapena ahalbidetuz eta usain txarrak ekidinez.
Beraz, egituratzaile batek izaera gogorra izan behar du, egitura funtzioa egiteko eta ezaugarri hauek betetzen dituzten material ugari dauden arren, esperientziagatik, birrindutako inausketa (poda triturada) oso egokia da, batez ere, hezetasun apur bat duenean eta berau ere konpostatzen hasita dagoenean. Hala ere, besterik ezean: zerrautsa, txirbila, belar lehor txikitua eta hostoak (txikiak badira hobe) ere erabili ahal dira egituratzailetarako.
Konpostajea bide bakartzat ezarri duten herrietan, oso beharrezko ikusten dut betiko edukiontziekin batera, material egituratzailearen edukiontzia. Izan ere, egituratzaileak eskuragarria izan behar du erabiltzaileentzat, honek, konpostagailuaren erabilera errazten baitu. Erabiltzaileak ez badu egituratzailerik eskuragarri edo egituratzaile ezegoki bat erabiltzen badu, konpostagailuak arazoak emango dizkio eta konpostatzeari utziko dio.
Kopuru aldetik, egituratzaile kopurua zehatz bat erabili behar da. Orokorrean, %50 egituratzaile gomendatzen dute adituek: “hainbeste organiko, hainbeste egituratzaile”. Hasiera batean proportzio hau egokia da, gehiago ere bota ezkero ez dago gaizki, baina jakin, egituratzailearen konpostatze-tasa, sukaldeko hondakinena baino askoz ere geldoagoa dela eta poliki poliki egituratzailea metatzen joango dela gure konpostagailuan, konpostagailu guztia egituratzailez bete arte.
Beraz, hasiera batean %50a egituratzaile gomendatzen den arren, behin konpostagailua erdiraino betetzen denean, hobe egituratzaile geruza mehe bat botatzea hondakinak azpiratzeko. Honela konpostagailua betetzea gehiago kostako da eta bide batez, fruta-eulia ere ekidingo dugu.
Egituratzailea, aireztapena eta zati txikiak erabiltzea bezalaxe, konpostajearen zati da, beraz, ondo aukeratu eta ez erabili edozelako belar puska. Zuen konpostagailuak eskertuko dizue.
Bide batez esan, Larunbat honetan Usurbilen izango naizela ARGIA EGUNEAN, Jakoba Errekondo eta Josu Tellabiderekin ibiladi entretenigarri batean. Ibilbidearen amaieran, Usurbilgo auzokonpostako gunea ikusi eta bertako xomorroei bisitatxo bat eginez.
Lurraldetasuna konpostagailuan
2014-09-15 // bideoak, orokorra, xomorroak // Iruzkinik ez
Konpostagailu barruan, materia organikoa jaten, milioika izaki bizidun mota elkarbizitzen dira. Batzuek elkarren beharra dute, besteak elkar toleratzen dira eta asko, elkar ezin dira ikusi.
Aurreko paragrafoan, zentzu gabeko esaldi mordoa dagoela dirudien arren, elkarrekintza hauek gakoak dira gure konpostagailuan xomorro ezerosoak ekiditeko.
Orokorrean, konpostagailuan arazoak sortzen dituzten xomorroak, bi dira: euli arrunta eta fruta eulia, beraietaz luze eta zabal hitzegin dut ondoko sarrera honetan.
Euli hauek, intsektuak izanik, kume direnean beldar forman egoten dira konpostagailuko materia organiko asko kontsumituz, beraz egokiak dira konpostatzeko. Heldu bihurtzean ordea, gogaingarriak dira, Fruta euliak, hodeiak sortzen ditu eta euli arrunta, bere zarata eta guzti, nahiko deserosoa da eta gainera etxeetara sartzeko joera du.
Nire “ikerketetan” ikusi dudanez ordea, eulien beldarrak oso lurraldekoiak dira. Fruta euliaren beldarra ugari den konpostagailuan ez da euli arruntik agertuko eta alderantziz. Eta irakurri dudanez, oso arrunta da fenomeno hau beldarren munduan, “hi hor eta ni hemen”. Ba ote da beraz, beldar oso jatuna duen euli bat, baina heldua denean ez dena gogaingarria? Bai!
Bada konpostagailurako euli perfektu bat, non beldarra oso jatuna duena, baina heldua ez dena gogaingarria, segituan alde egiten baitu konpostagailutik eta ez ditu euli hodei nazkagarririk sortzen eta ez da etxera sartzen. Euli maitagarri hau, soldadu eulia da, eta bere beldarra (beldar guztiak bezala), oso lurraldekoia da eta berau dagoen lekuan ez dago ez fruta eulirik eta ezta euli arruntik.
Soldadu euliaren beldarra
Hautagairik hoberena da gure konpostagailurako. Zorionekoak, soldadu eulia duten konpostagailuak!!!
Soldadu eulia, ikusi izan dut konpostagailu askotan, baina ez da oso ohikoa. Baina soldadu eulia nahiko erraz hazi daiteke kutxa sinple batzuetan, beraz, erraza izango zen euli honen haztegiak egitea eta euliekin arazoak dituzten konpostagailuetara botatzea, batez ere jatetxeko konpostagailu eta auzokonpostagailuetan.
Neurri hau, mendian xomorro bila dabilen biologo bizardun baten erokeria dirudien arren, esan, nire lanaren arazorik nagusienak, konpostagailu handietan agertzen diren euli mota ezberdinek ematen dituztenak direla. Ez da eroso eta higienikoa, zure auzokonpostagailua milioika eulitzarrez beteta egotea eta ez da erosoa ere, tapa ireki eta fruta eulien hodei bat zure arnas-bideetatik barrena sartzea.
Hementxe bideo batzuk, soldadu euliaren haztegietan ateratakoak. Ikusi, materia organiko arrunta erabiltzen dutela hazteko eta behin heldu bihurtu behar dutenean, beraien kasa joaten direla leku lehor baten bila.
Eta hemen, etxean egindako haztegi bat
Aukerak hor daude… eta gogoratu, Konpostajeak ere I+D beharko luke, eta I+D guztiak ez dira probeta eta bata zuriarekin egiten.
Auzokonpostakeriak
2014-09-08 // auzokonposta, iritzia // Iruzkinik ez
Auzokonposta izan da konpostajea gizarte mailan gehien bultzatu duen ekintzetako bat. Konpostajea, mendi punta batean dagoen etxe bakan batetako ekintza alboratu bat izatetik, herri eta hiri mailako aktibitate bat bihurtu du.
Pixkana, gero eta herri eta hiri gehiago izan dira experientzia hau martxan ipini nahi izan dutenak eta gero eta gehiago, experientzia hau benetan zer den ikasi duten pertsonak… eta teknikariak.
Auzokonposta gune bat ipintzea ez da bi arratsaldeetako lana, beharrezkoa ikusten da, pauso batzuk jarraitzea gunea sortu eta bideragarria izan dadin. Beraz, hona hemen musutruk (nahi duenak kaso egin) auzokonposta gune bat ipintzeko gida txiki eta xume bat, neure kriterio soilez eginda.
Lehenik, galdera hauei erantzun behar zaie.
Konpostajea, bide bakarra ala bide osagarria?
Ez da berdina herri batean konpostajeaz kudeatzea materia organikoaren 100%a (bide bakarra) edo konpostajea, organikoaren zati bat kudeatzeko moduetako bat izatea (bide osagarria). Lehen adibidean, DEBEKATUA dago errefusaren edukiontzira materia organikoa botatzea, bigarrenean ez edo beste alternatibak daude organikoa jasotzeko, beraz, etxeetako organiko GUZTIA ez da konpostagailura joango.
Honekin esan nahi dudana da, bide bakarra den udalerrietan, auzokonpostguneak topera daudela, bide osagarria denetan ez hainbeste. Zeren, gure udalerrian organikoa biltzeko beste moduak egon daitezke, ala ez… oso legal eta kontzientziatuak izango gara, baina edukiontzi berdea irekia ikusten denean… zail da bertara materia organikorik ez botatzea! Horregatik, bide osagarria den herri eta hirietan, auzokonpostguneak, nahiko txikiak eta familia mordoa biltzen dituztenak dira, ez dute normalean arazo handiegirik izaten, baina ezta erabilera ere.
Bide bakarreko herrietako auzokonpostguneak ordea, topera egoten dira, 700 litroko konpostagailuak hilabete batean betetzen dira eta hor nonbaitetik esan ziguten “700 litroko konpostagailu bat, 8-10 familientzako eta 6-8 hilabete irauten du” lege sakratua… ez da betetzen! 5 euskal familitik gora, 700 litroko konpostagailuari egur ederra emeaten zaio hilabete batean. Horrelakoxeak gara!!!
Mantentzea, erabiltzaileek ala udalak?
Auzokonpostgune bat irekitzen denean, dena da irrifarre eta eko-berde-biosentibera. Gero, astean hirutan, 700 litroko mounstrotzarra aireztatu behar bada… irrifarre gutxi! Eta urtean behin, konposta bahetu behar bada, egun horretan, erabiltzaileen laurdena agertzen da auzokonpost gunetik, guztiei amona gaixotu zaie azken orduan!
Auzokonposta guneak mantentzea ez da broma. Batez ere, bide bakarreko udalerria bada. Ongien funtzionatzen duten auzokonposta guneak, udalak kudeatuta edo KONPOSTBROCKER deritzan jendeak kudeatutakoak dira. Jende hauek, konpostajean benetan sinisten duten jendea da, eta bikain kudeatzen dute beraien auzokonpost gunea. Ni, konpostaje teknikaria ofizioz, KONPOSTBROCKER hauen aurrean belaunikatzen naiz. Batzuekin kontaktu zuzena badut eta… harrigarriak zarete, aupa zuek!!!
Auzokonposta gunean, KONPOSTBROCKERrik ez bada, udalak kudeatzea hoberena.
Behin galdera hauen erantzunda, gunea diseinatu behar da.
Gunea, oinarrizko diseinua
Errektangularra izan behar du, bi konpostagailu errenkada, ezker eskuin. Errenkada bakoitzeko konpostagailu bat eta bestearen artean, material egituratzailea gordetzeko kutxa edo konposagailu txiki bat egongo da. Zoru iragazkorra baina etxeko zapatekin ibiltzekoa izan behar du eta iturri bat badago askoz hobe. Mantentzerako gailuak bertan egon behar dute, aireztagailuaz gain, ikuiluko atxurra edo sarde bat ere oso ondo etortzen da eta baita ere eskularru batzuk.
Konpostagailu guztiak enumerazioz ongi identifikatuta egongo dira, 5-8 familiako bi konpostagailu, bat errenkada bakoitzean eta elkarren parean. Konpostagailuetan giltzarraporik edo kandadurik ipini behar bada, hoberena kode bidezkoa izatea, honela erabiltzaileei ez zaie giltza ahaztuko.
Auzokonposta gune baten diseinua
Irudian, eskertuko nuke diseinatzaile baten laguntza, auzokonpostgune batek bete beharko lukeen diseinua. Ezkerretik sarrera, hexagonoak konpostagailuak dira, karratuak materia egituratzailea gordetzeko kutxak, amaieran, iturri alde batean eta mantenurako materiala, hauek, kutxa batean egotea hoberena.
Auzokonposta gune honi, konpostagailuak gehitu ahal dira, amaierako hesi zatia kenduz eta luzatuz.
Gogoratu, auzokonposta bideragarria da, baina autonkonpostajeak baino koordinazio apur bat gehixeago eskatzen du udal eta erabiltzeileen aldetik. Oso ongi funtzionatzen duten auzokonpostguneak badaude gurean eta hauek erakusten digute egunero, ongi ari garela eta bideragarria dela. Hondakin organikoak… konpostagailura!
Konposteko xomorroak: xaguak
2014-09-02 // xomorroak // Iruzkinik ez
Fruta euliak, konpostagailuko animalia ezerosoak badira, xaguak, konpostagailuko animalia iguingarrienak dira. Experientziak esaten dit, konpostagailu batean xagu bat agertzen bada, konpostaje prozesua bertan bukatzen dela, erabiltzaileek ez bai dute konpostagailu horretako taparik irekiko. Eta sexu bietako erabiltzaileetaz ari naiz.
Zin egiten dut, nere esperientziatik, ez dela ohikoa konpostagailuan xaguak topatzea. Nohizean behin bat edo beste agertzen da eta ia gehieneatn erabiltzailea ohartu ere egin gabe!
Gure konpostagailuan xagurik badagoen jakiteko modurik errazena, barne nahastean galeria eta zulotxorik badagoen ikustea da.
Xagu bat, konpostagailutik irten nahiean
Behin, xaguen presentzia atzeman da, nondik sartu diren jakitea beharrezkoa da. Honetarako metodo bat asmatu dut: xagua zirikatu. Izutzen den xaguak, konpostagailura sartzeko erabili duen zuloaren bila joango da ihes egiteko, eta hor dugu gure arazoaren jatorria. Urrengo pausoa zulo hau ixtea da, noski.
Gertatu leike, xagua zoro moduan ezin irtenda ibiltzea edo irudian ikus daitekeen bezala, gorantza ihes egiten hastea. Honek beste pista bat ematen digu, xagutxo hau, taparen irekigune batetik sartu edo erori da zoriz.
Garrantzitsua da, xaguen habiarik ez egitea gure konpostagailuan. Konpostagailura iritsi, zirikatu eta metala metalaren aurka zorroztean ateratzen duen zarata bixi bat entzuten baduzue, bertan xagu kumeak daude.
Beharrezkoa da habia topatu eta kumeak ezabatzea, kentzea… zergatik? Hau ez delako, Bambi oreinaren baso zoriontsua.
Xagu kume oso gaztea
Irakurleak galtzen jarraitu baino lehen, gauzatxo pare bat xaguei buruz. Lehenik eta behin, berriro esango dut ez dela ohikoa xaguak konpostagailu batean topatzea, ezta egia ere xaguak ugaritu egiten direla konpostagailu barruan. Gure konpostagailuan sartu den xagutxoa, inguruko belardian dabilen berdina da, han ibili ordez, gurera etorri dena.
Normalean pare bat xagu egon ohi dira eta oso ohikoa da xagu bera, konpostagailu baten barruan behin eta berriz korrika agertzea eta ehunka xagu dauden itxura ematea. Ez utzi xaguek engainatzen!
Bigarrenik, ongi aireztatutako konpostagailuetan arazoa hau ez da ematen, izan ere, xaguen konpostagailurik gogokoenak, geldirik, eroso eta pakean daudenak dira. Beraz, aireztapena oso garrantzitsua da.
Beste aipamen bat sareari buruz: oso eraginkorra da. Konpostagailuek oinarria irekita dutenez, xaguek lurpeko galerak egiten dituzte bertara sartzeko, beraz, 13 mm karratuko argia duen metalezko sare bat konpostagailuaren oinarrian, guztiz gomendagarria da. Eta gogoratu konpostagailua zuzen muntatzea eta leku lau batean kokatzea, aldapetan okertzen diren konpostagailuek, irekiguneak dituzte eta hauek xaguen sarrera leku dira.
Urrengo argitalpenean, xaguen lehengusu-lehengusina handiei buruz arituko naiz: arratoiak eta konpostagailuetaz. Ziur bait nago, batenbatek esan duela: “Ta? Arratoiangatik ez al dik zeoze esan behar?”
Konpostagailuko Erresistentzia Taldea
2014-08-25 // orokorra // 6 iruzkin
Lurraldea, hondakinen kudeaketa mota eta agintarien erabakien arabera, materia organiko batzuk konpostagarriak dira eta besteak ez.Tolosaldean adibidez guztia da konpostagarria, Bizkaian soilik sukaldatu gabeko hondakin begetalak, orain bost urte debekatua zegoen haragi-arrain eta zitrikoak konpostagailura botatzea, orain ez… guzti honengatik ez da harritzekoa konpostatzaileek dudak izatea.
Printzipioz, hondakin organiko guztia da konpostagarria, baina hondakin organiko mota batzuk denbora gehiago behar dute konpostatzen… eta denbora hau urteak izan daitezke. Gainera, ezberdinatasun handia dago, etxeko konpostagailu txiki batean konpostatu edo konpostatze gune erraldoi batean egitea. Konpostatze gune handi batean konpostatzen diren material asko, ez dira batere erraz konpostatzen etxeko konpostagailu txikian.
Gure etxeko konpostagailuetan ikusi dudanez sei hondakin organiko dira konpostatzea asko kostatzen zaienak, guztiak talde batean sartu ditut eta “Konpostagailuko Erresistentzia Taldea (KET)” deitu diot talde honi, hona hemen bertako partaideak.
Talde honen gidari, ugaztun eta hegaztien hezurrak dira (txekor, txerri, oilasko…). Hondakin hauek urte betean ere ez dira konpostatzen, beraz, konpostean agertu egingo dira, hori bai, haragi eta gantzik gabe, garbi garbiak. Arrain hezurrak nahiko erraz konpostatzen dira, arrain handien baraileko hezur edo bizkarrezurreko ornoren bat salbu. Adibidez, zapo edo rape baten baraileko hezurrak eta ornoak topatu izan ditut zenbait konpostagailutan.
Hondakin organikoak konpostatu gabe
Bigarrenik, oliba, koko, melokotoi eta bestelako fruten hezurrak edo haziak daude, hondakin begetal oso gogorrak dira eta konpostean agertu egiten dira, beraz, ez dut sinisten, soilik begetal hutsez egindako konpostan, ez dela konpostatu gabeko hondakinik ateratzen eta planteatzen den bezain “garbia” den.
K.E.T-ko hirugarren partaideak, itsaski edo mariskoen oskolak dira. Nahiz eta Tolosaldeko konpostagailuetan ez diren oso ohikoak, Urola Kostako auzokonpostagailuetan ugari ikusten dira.
Laugarren partaidea, arrautza azala da. Konpostan asko agertzen da,hala ere, beste partaideek ez bezala, arrautza azalek badute errmedioa: txikituta bota konpostagailura. Modu honetara, konposta ateratzen denean, arrautza zati txikiz josita egongo da eta ez du inongo arazorik ematen, konpostaren zati bat gehiago bezala bait doa.
Hurrengo partadaidea, kortxoa da. Materia organikoa da, baina zuhaitzen azala denez, liginina ugari ditu eta gu bizi garen artean behintzak, ez da konpostatuko.
Seigarren eta azken E.K.T-ko partaidea, papera da. Gidaliburuek eta konpostajean adituak diren pertsonek, “zikindutako eta birziklatu ezin daitekeen papera” konpostatu ahal dela dioten arren… ez-aditu honek ikusi duenez, zenbait paperek denbora asko behar dute konpostatzen. Kapa bateko sukaldeko paper soila nahiko erraz konpostatzen da, konpostagailu barruan busti egiten baita eta mehea denez, desagertu egiten da. Baina kontuz zapi baten itxura duten sukaldeko paper moñoñoekin! Paper hauek oso lodiak dira, mahaia apaintzeko balio dute eta oso erresistentak dira. Nahiz eta zatikatuta bota, konpostan zati txiki eta txuri txurietan (oso ikuskorrak) agertzen dira. Beraz ez dut gomendatzen sukaldeko paper mota hau botatzea. Argi elkarteetan mahaierako erabiltzen den paperarekin, ez bota konpostagailura, nahiz eta paper mehea izan, asko sortzen da eta ez da konpostatzen, aurkitu alternatibak, badaude eta!
Poltsa konpostagarriak konpostagailu batean
Bukatzeko, nahiz eta K.E.T.-ko partaide zuzena ez izan, kide independiente bat bezala sailkatu ditut: poltsa konpostagarriak. Poltsa hauek, zenbait zereal eta paoaten fekularekin egiten dira, beraz begetala da, ez plastikoa. Atez ate organikoa biltzen duten zenbait herritan edo bostgarren edukiontzia dagoenetan, organikoarekin batera botatzen dira. Baina modu honetara biltzen den organiko hau, konpostaje gune batera doa eta birrindu egiten da behin eta berriz, honen ondorioz poltsa konpostagarriak konpostatu egiten dira. Gure etxeko konpostagailuan ez dugu birrintzeko aukerarik, eta konpostatze gune batean poltsa hauek onartzen diren arren, ezinezkoa da gure etxeko konpostagailu txikiak konpostatzea.
Eta orain galdera ezerosoa: zer egin dezakegu K.E.T-ko partaide hauekin?
Material hauek behin konpostagailutik igaro ostean, inolako material organikorik gabe geratzen dira, garbi garbiak, beraz, ez dut astakeria ikusten, konposta bahetu eta hondakin ez konpostatu hauek errefusara botatzea. Azken finean ez dira bolumen handiegiak eta ez dute ez lixibiaturik ixurtzen ingurunera, inerteak dira. Baina hau, ez-aditu baten iritzi soila da.
Konpostajearen kimika
2014-07-24 // kimika, orokorra // Iruzkinik ez
Konpostagailu batek, kimikaren oinarriak ikasteko ere balio du, izan ere, konpostagailu baten barruan gertatzen dena prozesu kimiko hutsa baita. Hala ere ez bildurtu, gaurkoan ez dugu zientzia hutsezko zutabe gogor eta tekniko bat idatziko, oinarrizko kimikaz hitzegingo dugu, garagardo bat hartzen dugun bitartean.
Lehenik jakin beharrekoa, konpostagailuaren barrenean ematen diren erreakzio kimikoen zati handi bat, bista hutsez ikusi ezin ditugun mikroorganismoek egiten dutela da. Mikroorganismo hauek, konpostagailu barruko animalitxoek bezala, jan egin behar dute eta konpostagailura botatzen dugun materia organikoaz elikatzen dira.
Baina, mikroorganismoek, animaliok ez bezala, prozesu kimiko ezberdinak erabiliz elikatu ahal dira, honek malgutasun handia ematen die elikatzeko moduarekiko. Beren barreneko prozesu kimikoak eta elikatze moduak alda ditzazkete inguruko egoeraren arabera. Edozer dela eta, konposatu kimiko batetaz ezin badira elikatu, beste batez elikatzen dira.
Honela, modu askotara elikatu ahal diren arren, beraientzat eraginkorrena eta energia gehien ematen diena, oxigenoa erabiltzea da, azken finean animaliok arnastean egiten dugun prozesu bera da. Prozesu honi oxidazio aerobikoa (“airearekin”) deritzo eta energia emanaz gainera, hondakin kimikoak ere sortzen dira, kasu honetan, ura eta CO2.
Hondakin hauek, animaliok sortzen ditugunaren berdinak direnez, ez dira usain txarrekoak gure sudurrarentzat. Beraz, konpostagailua ongi aireztatuta mantentzen badugu eta mikroorganismoei nahikoa oxigeno eman, mikroorganismoek oxidazioa eginez, ura eta CO2-a sortzen jarraituko dute eta ez da egongo orokorrean usain txarrik.
Konpostagailu barrenean oxigeno falta badago ordea, ez dugulako aireztatu edo amaitu egin delako, mikroorganismoek oxigenoa erabiltzeari utzi eta bestelako konposatuak erabiltzen dituzte elikatzeko, prozesu honi anaerobiosia (“airerik gabekoa”) deritzo eta hemen, usain txarra duten elementuak sortzen dira, hala nola, metanoak, sulfuroak… izena bera ere usain txarrekoa dute!
Oxigenoaz aparte, beste konposatu garrantzitsu bat nitrogenoa da. Orokorrean, itxura berdea duten hondakinetan ugaria dena: belar berdea, animali gorotzak… Nitrogenoa oso elementu preziatua da eta askotan, nitrogeno faltak gure konpostagailuko mikroorganismoen hazkuntza mugatzen du. Horregatik, belar berdea edo gorotza gure konpostagailuan botatzen dugunean, mikroorganismoen berebiziko hazkuntza ematen da eta bero handia sortzen da konpostagailuan.
Mikrorganismoen hazkuntza handi honek, oxigeno kontsumoa handitzen du eta momenturen batean, oxigenoa bukatu egin daiteke, anaerobiosia egitera behartuz eta usain txarrak sortuz.
Beraz, kontu belar berde eta gorotzak konpostagailura botatzearekin, haiseran ederki aktibatuko den arren, aireztapen exkax bat egiten badugu, berebiziko usain txarra eta barne nahasketaren sikatzea ekar dezake.
Aireztagailuen merkatua
2014-07-16 // aireztapena, orokorra // Iruzkinik ez
Behin eta berriz esan dugu konpostaje prozesu on batek, aireztapen on bat behar duela. Merkatuan badira aireztagailu mordoa, tamaina eta forma ezberdinetakoak. Gaurkoan beraien azterketa bat egingo dugu eta esperientzia pertsonaletik habiatuta, beraien balorazio bat emango dut.
Lehenik jakin beharrekoa da, aireztagailu batek hiru zati dituela: heldulekua, gorputza eta kiribilak. Zati hauen aldaerek aireztagailu mota ezberdinak sortzen dituzte.
Aireztagailuak aztertzeko hiru aldagai erabili ditut.
1- Luzera: aireztagailuak dituen kiribil kopuruak eta gorputzak definitzen du.
2- Heldulekua: ematen duen aireztatzeko erosotasunak definituta.
3- Pisua
Merkatuko lau aireztagailurik ohikoenak aztertu ditut eta hauek izan dira emaitzak, guztiak ikuspuntu subjetibotik eginak dira.
Makil berdea: hasierako kanpainetan oparitzen zen gorputz luzeko “aireztagailua”. Azken finean, plastikozko makil berde hauskor bat zen, gaur egun erlikia bat dena. Material hauskorra izateaz gainera, ez du kiribilik ezta heldulekurik ere, beraz aireztapena salda bat irabiatzen ari garenean bezala egin behar da. Zer esanik ez oso pisu gutxikoa dela baina funtzionalki guztiz ezegokia dela .
Hiru kiribileko motza
Hiru kiribilko motza: 50 zentimetroko gorputz txikiko aireztagailua da, T formako heldulekua du, beraz biratzeko, torloju bat sartzerakoan egin behar den mugimendua egin behar da besoarekin, oso ezerosoa. Tamainu oso txikia da eta nahiko pisu dauka, soilik, ongi beteta dagoen konpostagailu baten azalera aireztatzeko balio du.
Sei kiribileko luzea
Sei kiribileko luzea: orain lauzopabost urteko Tolosaldeako konpostaje kanpainan eman zen aireztagailua. Metro bat inguru neurtzen du eta sei kiribil dauzka, beraz, nahastean ongi barneratzen da. Heldulekua ez du erosoa, triangelu formakoa baitu eta berriro ere, biraketa torloju baten berdina da, ezerosoa. Nahiko arina da eta eramangarria.
Hiru kiribileko luzea
Hiru kiribileko luzea: nere ustetan aireztagailurik hoberena eta azken konpostaje kanpainan oparitzen ari garena. L formako heldulekua du, gomaz estalia, oso erosoa. Aireztapena bi eskuekin egin behar da, batekin eutsi eta bestearekin manibela baten moduan emanez (erlojueran orratzen aurka). Kiribilen erradioak handiak dira, soilik hiru dituen arren oso erraz barneratzen da nahasketan eta indar gutxirekin aireztatzen ahalbidetzen du. Gainera, kiribilen erradio handiak, material ugari mugiarazten du.
Aireztagailua ez da guztiz beharrezkoa, bestelako gailuekin ere erraz airezta daiteke: atxurra, sardea… hala ere, lagun ezin hobea da gure konpostagailuarentzako.
Konpost hiztegia
2014-07-10 // hiztegia, orokorra // Iruzkinik ez
Konpostagailuetan barrena burua sartuta ibili naizen urte hauetan, hainbat gertaera amankomun ikusi ditut konpostagailu ezberdinetan zehar. Gertaera hauek biltzea erabaki dut, eta biologook, gauzei izena ipintzearen zale garenez, ezin geratu gertaera hauei ere izenik ipini gabe!
Ondorengo sarrera honetan, neuk eta soilik neuk asmatutako konpost-hiztegi txiki bat ekarri dut, ez dago zientifikoki ezer frogatua, soilik behaketa bidezkoa da. Horregatik, inork hitzen bat gehitu/eraldatu/zuzendu nahi badu, eskertua izango da. Hau ez da unibertsitateak ordaindutako ikertzaile baten tesia.
– Estratifikazioa: Konpostagailuko barne nahastea, mota ezberdineko geruzez osatua dagoenean gertatzen da. Oso erraz ikusten da alboko tapa ireki eta bere soslaia edo perfila ikustean. Oso ongi bereizten diren geruzak dira, aireztapen maila ezberdina izan ohi dutelarik. Mantentze gutxiko konpostagailuetan asko ikusten da. Estratifikazio hau, puntuala edo iraunkorra izan daiteke. Puntuala arrunta izan ohi da, astean behin aireztatzen bada, logikoa da, aireztatu aurreko egunetan estratifikazioa egotea eta honek ez luke arazorik eman behar… urrengo gunetan, aireztatzen ez bada behintza! Geruzapen iraunkorrak ordea (hilabeteetan zehar irauten duena), mantentze exkaxa erakusten du eta urrena deskribatzen dugun gertaera sortzen du.
Akaro ugari konpostagailu ertzean
– Tapoi anaerobikoa: oso estratifikatua dagoen konpostagailu batean, oxigenorik gabeko geruza bat dagoenean gertatzen da. Geruza honetara aireztagailua sartzen dugunean, berebiziko usain txarrak ateratzen dira. Tapoia izena ematen diot, zeren bizidunei behetik gorantzako migrazioa oztopatzen dietelakoan nago (frogatu gabea).
– Kontzentrazio bolak: hondakin organiko mota konkretu bat, konpostagailuaren puntu batean biltzen denean gertatzen da. Hondakin organiko honen zale diren xomorroen ugalketa handia sortzen da, hauentzako paradisu moduko bat sortzen baita eremu batean. Nahiko arrunta da haragi euliaren beldarrekin, izan ere, ez baita erraza aireztapenean haragia homogeneoki gure nahastean zabaltzea. hau ekiditeko, ongi aireztatu konpostagailu ertzak eta hondakin organikoaren zatiak txikiak badira, errazago zabalduko dira konpostagailuan, puntu konkretuetan kontzentratu ordez.
– Ileorde efektua: arrazoi ezberdinengatik, konpostagailuaren gainazala belar luze eta lehorrezko “kabi/ileorde” moduko batez tapatzen denean gertatzen. Aireztatzea erabat ezinezkoa egiten du, belarra aireztagailuan trabatu eta spagetti bat egiten baita. Ileordearen azpian, aireztatu gabeko nahaste heze egon ohi da eta ileordearen tartean, fruta-euliak elkartzen dira ugaltzeko. Gainazala tapatzeko, eta egituratzaile funtzioa burutzeko, hobe zerrautsa, inausketa birrindua edo belar zati txikiak erabiltzea.
Zizare kontzentrazio altuko konpostagailua
– Adreilu nahastea: aireztapen eta egituratzailerik gabeko nahastea, aireztagailua sartzean gogorra egoten da eta tiratzean, guztia batera altxatzen da berebiziko pisua duelarik. Beheko geruzak oso lohitsuak izan ohi dira eta zizare ugari egon ohi da. Nohizean behin erabiltzen diren konpostagailu askotan ikusten da, soilik organikoa bota eta aireztatzen ez denean. Gutxi erabiltzeagatik eta oxigenazio exkaxagatik, oso konpostagailu inaktiboak dira, tenperatura gutxirekin.
Ikusten duzuenez, ezaugarri guzti hauek, aireztapen faltagatik sortzen dira batipat, horregatik ez dut ulertzen zenbait ikastaroetan “gainazaleko geruza soilik aireztatu” esaten denean. Agian, mota hoietako neurriak, boluntarioki eta nohizean behin konpostagilua erabiltzen dutenei ongi datorkie. Baina beren hondakin organikoa kudeatzeko modu bakarra konpostagailua den familietan, konpostajearen LEHEN DIBISIOko taldeak jokatzen hasten dira, beraz, argi gidaliburu eta urrunetik emandako kontseilu eta ikastaroekin.
Konpostaje munduko aditu bakarrak, eguneroko erabiltzaileak dira.