Hasiera »
Jon Ander Galarragaren bloga - Konpostazank!
Jon Ander Galarraga Zubeldia
Biologoa titulazioz, ikertzailea bokazioz eta konpostaje teknikaria ofizioz. Konpostajea bizidunen zientzia bat delako, ikertu eta hobetu dezagun. Konpostaje prozesu efiziente batek, hondakin organikoen kudeaketa merke eta egoki batera eraman gaitzakeelako… konpostazank!!!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- luis Mari Olaizola(e)k Jon Ander Galarragaren bloga bidalketan
- Ia beterik dugu gure lehen konpostagailua! | Uliako Lore-Baratzak(e)k Tenperatura bidalketan
- Albiste bilduma, urtarrilak 01 – 31 | Zero Zabor(e)k Konpostaren sekretua ez dago dituen elikagaietan. bidalketan
- Jon Ander Galarraga(e)k Konpostazank!!!! bidalketan
- Karlos(e)k Konpostazank!!!! bidalketan
Artxiboak
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
Beldarrak, konpostagailuko gakoa
2014-07-01 // xomorroak // Iruzkinik ez
Konpostajea deritzon pelikula honen protagonistak dira xomorroak, baina hauen artean Grammy edo Oscar bat lortuko luketeenak, intsektuen beldarrak dira.
Laburki esanda, beldarra edo larba, intsektu baten kumetxoa da. Intsektu baten arrautza batetik ez da intsektu hegalari bat ateratzen, beldar bat baizik. Beldar honek misio bat edukiko du: jatea. Bere beldar bizitzan jan eta jan egongo da ahal duen energia gehien lortu, pupa deritzon zetazko zakutxo bat egin eta bertatik heldu hegalari bezala ihes egiteko, bikotekidea bilatu eta ugaltzeko. Beldar hauek, jatun bikainak izanik, gure konpostagailuko materia organiko mordoa jango dute.
Soldadu euliaren beldarra
Intsektu espezie askotako beldarrak elkartzen dira gure konpostagailuko ekosistema honetan, baina batez ere euli beldarrak izan hoi dira: soldadu eulia, euli arrunta, fruta eulia, haragi eulia… Baina badaude labezomorroen beldarrak, adibidez, urrezko labezomorroarena, non, handi xamarra den eta kako baten formakoa den, zihur inoiz ikusi duzuela. Beldar mota ezberdinen artean, nolabaiteko lehia dago, adibidez, euli arruntaren beldarrak dauden konpostagailuetan, fruta eulien beldarrak oso gutxi daudela ohartu naiz, edo soldadu euliaren beladarrak daudenean, bestelako beldarrik ez dela agertzen.
Dudarik ez egin, beldar askoko konpostagailuetako materia organikoa, oso azkar konpostatzen dela eta beldar hauek prozesua azkartzen dutela. Baina arazoa, beldar hauek heldu bihurtzen direnean dator, konpostagailuko tapa ireki eta euli hodei bat iresten dugunean. Eskuliburu eta adituen web orrietan, arazo hau ekiditeko material hezea egituratzailearekin tapatzea gomendatzen dute, honekin eta maiz aireztatzeak eulien kopurua jeitsi dezake.
Urrezko labezomorro beldarra
Esperientziak, hau egia dela esaten dit, baina hala ere ez pentsa euli hosei hauek 100%ean ekidin ahal direla, eta gure konpostagailua eulirik gabeko gune lirain bat izango denik. Beldarrak badaude, goiz edo berandu euliak egongo dira. Hala eta guztiz ere, bi motatako euliak bereizten ditut: gogaikarriak direnak eta ez direnak.
Gogaikarrien artean gogaikarriena fruta eulia da, beldarra, oso txikia dena, heldu bihurtzen denean, euli txiki txikia izanik mordoa irteten baita konpostagailutik hodei baten moduan. Haragi eulia aldiz ez da batere gogaikarria, bere beldarra oso erasokorra da eta soilik hamarnakako talde txikietan egoten dira, beraz, heldua ateratzen denean, ez da fruta eulia bezain ugaria.
Nere gustukoenak, soldadu euliak dira. Euli polit honen beldarrak talde oso handiak eratzen dituzte eta sarritan, konpostagailuko materia organikoa mugitu egiten dute. Askotan atzaparkadaka atera izan ditut konpostagailutik. Helduak segituan ihes egiten dute konpostagailutik eta normalean ez dira etxeetan sartzen, beraz, zorionak zure konpostagailuan soldadu eulia baldin baduzu.
Euli arruntaren beldarra
Beraz, utzi lasai zure konpostagailuan beldarrei nahi adina jaten eta kontutan eduki noizbait heldu bihurtu eta agian gogaikarri izango direla aste baten buruan. Horregatik saiatu material hezea egituratzailearekin tapatzen beti, fruta eulia ekiditeko batez ere. Aireztatu gogotik konpostagailua eta inoiz, urrezko labezomorroaren beldarra ikusten baduzue… zorionekoak zuek, bere heldua, arraroa eta oso polita baita.
Konpostagailuaren kokapena
2014-06-24 // orokorra // Iruzkin bat
Konpostajearen hasiera konpostagailuaren kokapenarekin abiatzen da. Sekula ez ipini konpostagailua presaka, pentsatu ongi non joango den. Bi egunean behin egingo diogu bisita, beraz, ezin dugu edozelako lekutan ipini.
Itzaletan, eguzkitan, zuhaitz baten azpian… mila eta hiru gomendio daude konpostagailu bat kokatzeko garaian, baina guztiaren gainetik erosotasunak egon behar du eta erosotasun hau bermatzeko, hona gomendio pertsonal batzuk.
Ez ipini sukaldetik oso urrun: badakit usainen, euli hiltzaileen eta xagu gudalosteen bildurra dagoela. 300 litroko konpostagailu txiki batek, konpostajearen hiru printzipioak jarraituta, ez luke usain txarri izan behar, gainera konpostagailuan elikatzen gustura dauden animalitxoek, ez dute interesik gure etxera sartzeko. Ate alboan ipintzea ez dut gomendatzen, baina ez eta ere 200 metrora.
Bilatu edo egin eremu lau bat: konpostagailuak azpian ez du zorurik, lurrarekin kontaktu zuzenean dago. Ez badugu lautua dagoen lur baten gainean ipintzen, hanka bat txikiago duen mahai bat bezala okertua geratuko da, azpian zirrikitu ugari irekita utziz, eta xagutxoren batentzako atetxoa irekiz. Ikusi dudanez, aldapan dauden konpostagailuek forma galtzeko joera dute, honekin, tapa ez da ongi egokitzen konpostagailuaren formara eta ura sartzeko joera dago.
Konpostagailurako bidea egokitu: konpostagailuak lurraren gainean egon behar duen arren, bertara iristeko bidea etxeko oinetakoekin joateko modukoa izan behar du. Konpostagailura iristeko bidetxo bat egiten baduzue edo konpostagailua zementuzko bide baten alboan badago, hobe. Konpostagailura joan behar dugun bakoitzean, katiuskak jazten hasi behar badugu, bere erabilpena gutxituko dugu.
Mantentze materialak eskura: aireztagailua eta material egituratzailea, konpostagailutik gertu eduki, bestela mantentze lanak egitea ahaztu egiten zaigu. Metro karratu batean, konpostagailua eta bere mantzentze materialak, erraz sartzen dira.
Sarea: nohizean behin, xagutxoren batek gure konpostagailua bisita lezake tunel bat eginez. 13 mm-ko argia duen burdinezko sare bat konpostagailu azpian ipiniz, bisitari hauek ekidin daitezke.
Guzti hauek gomendio pertsonalak dira, ikusi eta ikasitakoa kontutan hartuta eginak. Beste inork gomendio gehiago baditu, idatz dezala, ea guztien artean, konpostaje guida egunertau bat egiten dugu.
Esaldi konpostagarriak
2014-06-16 // esaldi konpostagarriak // Iruzkin bat
Konpostajeari 100%ean eskeinitako txoko xume bakar honetan, atal berri bat zabalduko dugu: esaldi konpostagarriak.
Atal honetan, konpostatzaileen esaldiak bildu eta aztertu egingo ditugu. Izan ere, konpostatzaile asko ez dira adituak, baina egunero darabilte konpostagailua eta askotan, nahi gabe, informazio oso baliagarria biltzen dute. Noizbehinka, bat edo beste inguratzen zaizkit beraien bizipenak kontatzera eta benetan informazio oso interesgarria ematen dute eta ene ordenagailuko zokoren batean garatzen ari den konpostajearen kudeaketa eta maneiurako eskuliburu baten oinarri izango dira.
Atal hau zabaltzeko, Berastegin esan zidaten esaldi bat ekarri dut gurera.
“Udaberrian, konpostagailuko materia organiko freskoak beheraka segituan egiten du, neguan berriz, konpostagailua bete egiten zaigu”
Erabiltzaile honek, udaberri eta udan konpostagailua %75 inguruan zuen beteta, materia organiko berria botagatik ere, beti neurri berean zuen. Neguan ordea, konpostagailua ia goraino betetzen zitzaion, materia organiko berria ez zen edonola desagertzen konpostagailutik. Gertaera hau oso ohikoa da eta udako sasoi honetan nabaritzen da gehien.
Konpostagailu barreneko aktibitatea, zuzenenan erlazionatuta dago inguruko tenperaturarekin eta garaiarekin. Tenperatura altuetan, konpostagailuko aktibitatea handiago da eta botatzen den materia organikoaren konpostatze abiadura ere handiago da.
Mikroorganismoak, beroarekin aktiboagoak dira, baina, udaberri eta udan, tenperatura altuagoak izateaz gain, gure konpostagailu barrenean bizi diren intsektu, kukurutxa eta zizareen ugal garia da. Beraien arrautzetatik, milaka beldar ateratzen da, etengabe jaten daudenak eta konpostagailuko materia organikoaren desagerpenaren arduradun direnak. Milioika aho txiki, tonaka materia organiko kudeatzen.
Udazken eta neguan, tenperatura baxuagoak izateaz gain, udaberrian jan eta jan ibili diren xomorro guztia hauek urrengo udaberriaren zain geratzen dira lozorroan. Horregatikk pilatzen zaigu materia organikoa konpostagailuan, ez baitago materia organikoa jango duten xomorrotik.
Honela, honpostatzeak bi garai ditu, modako denboraldiak bezala: udazken-negua eta udaberri-uda. Konpostatzen hasteko garairik hoberena, udaberri-uda da, hemen konpostagailua azkarrago aktibatuko zaigu eta negua iristean, konpostagailuak barrenean aktibitatea izango du, geldoagoa, baina aktibo egongo da.
Udazken edo neguan hasten diren konpostagailuetan aldiz, aktibatzea gehiago kostatzen da, tenperatura baxu eta sasoiarengatik, eta ondorioz materia organiko geldoago desagertzen da.
Honekin, konpostatzen hasteko saosirik hoberena, udaberri-uda delakoan nago, batez ere hondakin organiko asko sortzen duten konpostatzaileentzat. Hala ere, urte guztian… konpostazank!!!
Konpostajearen 3 printzipioak
2014-06-10 // orokorra // 7 iruzkin
Aurreko sarreran aipatu genuen bezala, konpostagailua ez da edukiontzi soil bat, konpostagailuak, konpostaje prozesu egoki bat burutu behar badu, mantenu eta zergatik ez, mimo apur bat eskeini behar zaio. Bestela betiko arazoak datoz: usain txarrak, euliak, konpostarik eza…
Horregatik, sarrera honetan, konpostajearen 3 printzipioak erakustera natorkizue eta, nola ez diren printzipio unibertsalak, eta ni ez naizen inongo konpostajearen zientzialari aditua… “nahi baek kaso in ta bestela ez“.
Printzipio hauek ez zizkidan Konpostajearen Jainkoak Txindokiko puntan eman, printzipio hauek aurrez ere bazeuden eta esperientziarekin gurera apur bat egokitzea izan da, batez ere gure klimatologiari, beste klima bat duten lurraldeetan, agian printzipio hauetako bat soberan legoke.
KONPOSTAJEA = ZATI TXIKIAK + EGITURATZAILEA + AIREZTAPENA
1. Printzipioa.
Zati txikiak: konpostagailura botako dugun materia organiko guztiak, AHAL DEN zatituena botako dugu. Ez izan Argiñanotarreneko Karlox bezala, ez ibili labana hartu eta dena xehe-xehe egiten, baina ez bota sagar osoak, oilasko eskeleto osoak… logika baten barruan dena, mesedez. Lehenik logika, gero konpostajea.
2. Printzipioa.
Material egituratzailea: gure hondakin organikoen gehiengoa oso humela eta bustia da, gogoratu zuen zabor poltsak “antigoteo” direla, zergatik ote? Gure konpostagailuan soilik hondakin organiko hezea botako bagenu, usain txarreko masa nazkagarri bat eratuko genuke, eta hau ez da guk nahi genuena. Gure sukaldeko hondakin organiko hezeekin batera, BETI egituratzaile bat nahastu behar diogu. Egituratzaile honek, gehiegizko hezetasuna lehortuz gainera, egitura trenkadatu eta esponjoso bat emango dio gure konpostagailuko nahasteari. Orokorrean, hondakin organikoa botatzen diogunean, beste horrenbeste egituratzaile botako dugu konpostagailura. Nere iritziz, egituratzaile egokiena, inaustutako zotzak dira, baina horren faltan, txirbila, zerrautsa, hostoak eta belar lehorra erabili ahal dugu. Egituratzaileak ez dauka 100%ean lehor lehorra egon beharrik, beraz ez deitu “material lehorra”, deitu material egituratzailea. Urrengo atalean hitzegingo dugu honi buruz, luze eta zabal.
3. Printzipioa.
Aireztapena: Tenperatura erregulatzeaz gain, oxigenoa sartzen diogu konpostagailuari eta usain txarrak ekiditen dira. Konpostagailu baten alboan, egituratzailea gordetzeko ontzi batez gain, aireztagailu bat egon behar du. Aireztagailu deritzon, txerri buztan formako tramankulu honekin, GUTXIENEZ astean behin nahastu egin behar da konpostagailu barrena, bildurrik gabe, ez utzi gunerik aireztatu gabe, zeren usain txarrak sortzeko arriskua baitago. Aireztapen on bat duen konpostagilu batek, ez du usain txarrik. Aipatu izan didate, soilik gainazala aireztatu behar dela. Nere iritzi xumean, gguztia aireztatzea gomendatzen du, konpostagailu asko ikusi ditut, gainazalaren justu azpiko geruzak aireztatu gabe eta berebiziko kiratsa dariotenak.
Konpostagailu bat duen orok, hiru printzipio hauek jarraitzea gomendatzen dut. Gero bakoitzak nahi duena edo ahal duena egingo du. Ez da erraza, konpostagilua, umeak, lana eta hipoteka partekatzea, baina 3 printzipio hoiek hortxe daude eta esperientziak esaten dit, lagungarriak direla.
Zer da konpostajea?
2014-05-30 // orokorra // Iruzkinik ez
“Zer da konpostajea?” edo Gipuzkoa sakonean galdetzen didaten bezala “Hi… ta konpostajea ta hau dena, hoi ze krixto dek? Mote! Majiña komeri bazeuzkeau basurek ta kontu hoikin!” Ez al da euskara, benetan hizkuntza polita?
Logikoa den bezala, konpostajearen ikerketa eta teknifikazioaren txoko xume honek, galdera horrekin hasi behar zion bere blog-ibilbide zirraragari honi. Zer den konpostajea azalduz eta batez ere zertarako balio digun.
Inoiz, egunero ateratzen dugun kilo bat zaborrari begiratzen badiozu, erdia baino gehiago, hondakin organikoa dela konturatuko zara: haragi eta arrain hondakinak, sukaldatutako janaria, fruta eta barazkiak, arrautzak, fruitu lehorrak, mariskoak… azken hauek nahiko urriak gurean behintzat.
Guzti hauek guretzat hondakinak dira. Zorionekoak gu, zeren zenbait lurralde eta gizartetan hondakin hauek sortzera ere ez dira iristen, ez baitago janaririk. Eta janaririk ezean, hondakin organiko gutxi!
Guretzat hondakin organikoak diren kilo guzti hauek, lurpean eta airean bizi diren xomorroentzako elikagai oso baliagarriak dira. Horegatik, hondakin organiko hauek konpostagailura botatzen ditugu eta lurpean eta airean dauden xomorro txiki eta ez hain txiki hoiek, gure hondakinak jateari ekingo diote. Bai, gure konpostagailua xomorro mordo eta interesgarriz beteko da. Etorkizunean, luze eta zabal hitzegingo dugu beraietaz blog honetan.
300 litroko konpostagailuak
Xomorroek behin gure hondakin hoiek janda eta bizidunak izanik, beste hondakin bat sortzen dute: konposta. Baina aldi berean xomorroentzat hondakina den konposta, landareentzako elikagai oso baliagarria da, beraz konposta hau landareei ematen diogu eta beraiek erabili egiten dute. Landare hauek noski, letxuga edo belarra izan daiteke. Letxuga hau berriro gure platerera doa eta belarrarekin txuleta eder bat sortuko duen behi bat elikatzen dugu. Kitto! Ziklo itxi da. Hala ere, ez pentsa txuletajaleok begetarianoak garenik.
Energetikoki eta ekonomikoki oso merkea den prozesua da, bizidunek musutruk egiten baitute. Kostu ekonomikorik handiena, hondakin organikoa konpostagailura garraiatzea da. Hemen, merkeena, etxe alboko konpostagailu txikira eramatea delarik eta garestiena, hondakin organikoa bildu eta konpostaje planta batera eramatea. Horregatik da ekonomikoki eta ekologikoki interesgarria, ahal den heinean norberaren etxe alboan konpostagailu bat izatea, baina bi moduak dira bideragarri eta baliogarriak.
Konpostajearekin beraz, gure hondakin organikoak konpostagailuetan edo konpostaje plantan geratu arazten ditugu, ez doaz zabortegira eta bertan pilatu. Jakinda gure hondakin organikoak direla gure zaborraren erdia baino gehiago, erraz ikusten da konpostajeak ekarriko lukeen zabor kopuruaren jeitsiera ikaragarria, eta hau da konpostajearen helburua.
Guzti hau, sarrera honetan oso polita eta EKO-a geratu da… baina hemen errealitateaz hitzegin nahi da, ez gara bizi pottoka larrosez eta eguzkilore urdinez betetako belardi berde eta xalo batean, tximeletekin dantzan goazela txirula batekin “Pintto Pintto” abestia jotzen dugun bitartean. Konpostajeak eta konpostagailuak, erabiltzaileari lan apur bat ematen dio. Konpostagailua ez da edukiontzi bat: bota eta kitto. Konpostajea dibertigarria da, bian lan apur bat dauka.
Konpostagailuen mantenuaz eta konpostajeak dituen lan apurretaz, urrengo asteko sarreran hitzegingo dugu, konpostajearen 3 legeetaz hitzegiten dugunean.
Bitartean… konpostazank!!!
Konpostazank!!!!
2014-05-25 // Sailkatu gabea // 9 iruzkin
Blog xume honek bere adartxo txikiak atera ditu lurpetik, blog handiez jositako baso erraldoi honetan lekutxo bat egin nahiean. Blog hau, behar batetik sortua izan da. Konpostajea erabat gurean sartua dagoen garai honetan, eta konpostajea alternatiba egoki bat dela ohartu garen sasoietan, konpostajeaz ez dakigula deus ere ohartu gara.
Beste herrialdetako konpostaje metodo punteroenek, gure euskal kultura makro-gastronomiko honetan ez dutela guztiz balio ikusi dugu. Harriturik, etxean sofan gelditu ordez, kalera atera eta infomazioa biltzen hasi gara. Bada garaia euskal konpostaje metodo bat sortzeko, Basque Composting Research!!! Mundu mailan konpostatzeko modu ugari eta egoki dauden arren, euskaldun xume batek, munduko beste edozein herritarrek baino sei aldiz gehiago jaten duelakoan nago eta ondorioz hondakin organiko sorrera ere gehixeago da. Ez gara ez gu, sandwich, pomelo zuku eta txokolatinaz asetzen, ez horixe!
Konpostaje teknikari batek idatziko du blog xume hau. Azken bi urteak, Tolosaldean eta beste lekuetan barrena konpostagailuak muntatu, errebisatu, arazoak konpondu eta ikastaroak ematen dabilen biologo xume batek, besterik ez. Eta hementxe ipiniko dut ikasitako guztia. Hemen idatzitakoaren oinarri ez dago liburu garesti eta potolo horietan: esperientzietan, elkarrizketetan eta esperimentazioetan baizik. Azken finean, egunero konpostagailu batera doan pertsona batek, edozein liburuk baino gehiago esaten baitigu.
Konpostajeari buruzko artikuluak izango dira: gomendioak, materialak, xomorroak… baina baita ere bisita askoren artean, topatu ditudan arazo eta jendearen esaldiak.
Guzti honekin, euskal konpostajearen erreferentzia puntu bat sortu nahi da, konpostajea bizidunen zientzia bat delako eta bizidunek ez dutela On eta OFF botoirik.
Mila esker lurpetik ateratzen lagundu didazuenei, ea blogen baso erraldoi honetan blog xume honek baduen txokorik.