Hasiera »
Josune Azurmendiren bloga - Irrizbizi
Josune Azurmendi Telleria
Gizartea eta gizakia. Horren zaila ote da bizitza? Ba ote dakigu bizitzen? Egunerokotasunean ikusten eta ikasten ditudan gaien inguruko hausnarketa zorroztua, gaur egun horrenbeste behar dugun irri egiteko arrazoi batekin. Bizitzeko beste modu bat, irri egiteko beste arrazoi bat.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- BOST MINUTUKO IKASTAROA! -tu(a)z joan / -tzen joan / Josune Azurmendi / Zugazart, Zaldieroa | Eskolaegunezegun(e)k Ondo nago, lasai! bidalketan
- Rosa Rojo(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
- Josune Azurmendi(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
- Nerea Altolagirre(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
- Taupa-Taupa | Zergatik ez diegu haurrei aserratzen uzten?(e)k Zergatik ez diegu haurrei haserretzen uzten? bidalketan
Artxiboak
- 2026(e)ko urtarrila
- 2025(e)ko abendua
- 2025(e)ko ekaina
- 2024(e)ko uztaila
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko abendua
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko apirila
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko martxoa
- 2019(e)ko abuztua
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko apirila
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko iraila
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria


Zergatik ez diegu haurrei haserretzen uzten?
2017-01-19 // Gizakia, Gizartea, Hezkuntza // Iruzkinik ez
Sarritan entzun ditugu “ez zaitez tontakeria horregatik haserretu” edo “ez zaitez horregatik triste egon” bezalakoak, baita “ez du pena merezi horregatik negar egiteak” ere. Horregatik, horregatik, horregatik… Baina joder, ni haserretu banaiz zer? nik triste egon nahi badut eta arrazoi horregatik negar egin nahi badut zer? Zer gertatzen da?
Txikitatik behartu gaituzte haserreak konpontzera. Gogoan dut umetan ikaskideren batekin haserretzean, bakoitza beste jolas talde batean sartu izana, edota irakaslea haserreaz ez ohartzeko amorruaren malkoei sabel barruan eutsi izana ere. Izan ere irakaslea, edo ikasgelatik kanpo izandako kasuetan gurasoak ohartzen baziren, haserrea berehala konpontzera behartuak geunden. Guk haserre egon nahi genuen ordea! Ez dakit haserreak debekatuta zeuden eta oraindik hala diharduten edo zer!
Lehenengo pausua honakoa, irakaslea edo gurasoa zugana hurbildu eta: “Zer gertatzen zaizu?, haserre al zaude?”. Guk berriz, estuasun honetan gezurrik ezin ezkutatu: “Bai, baina utzi bakean!” erantzuten genuen askotan. Orduan hasten ziren, haserrea inoiz konponduko ez ote genuen beldurrez edo ez dakit; “baina zer gertatu da?”, “norekin haserretu zara?”, “zer egin diozu?” edota “zer egin dizu?” bezalako galderak, ia bat erantzuteko betarik gabe hurrengoa entzuten genuenekoak. Eta nik pentsatzen dut, benetan? benetan axola al zaizkigu erantzun guztiak, entzundakoa entzunda ere “eskatu barkamena” edo “barkatu iezaiozu” esan behar badiegu haurrei? “Horrek ez du garrantzirik maitea”,”ziur ez duela zu mintzeko egin”, “esaiozu hurrengoan ez duzula horrela jokatuko”, “ez al da ba zure laguna?”, “lagunek beti barkatzen dute elkar” … bla bla bla, bla bla bla!
Ez naiz barkamena ez eskatzearen aldekoa, ezta ez barkatzearen aldekoa ere. Are gehiago esango dut, barkamena eskatzearen eta barkatzearen aldekoa naiz, baina pertsona bakoitzak prozesu hau bere erritmoan egiten duenean. Izan ere, iruditzen zait, modu honetan haurren emozio “negatiboak” edo zailak ezkutatzen ditugula, eta horrela itzaltzen ditugula haurrek haserre une horietan izaten dituzten sentimenduen garrak. Barkamena eskatu edota barkatzea ur balde bat bailitzan! Helduok badakigu hori ez dela horrela, guk gure artean ditugun haserreen arrazoiak askotan tontakeriak izaten direlako eta guk ere gure denbora behar dugulako hau ikusteko. Helduoi emozio hauek kudeatzea zaila egiten zaigu askotan… Norberak bere prozesua behar du, izan duen jokabideaz ohartu eta haserrea konpontzeko. Zergaitik ez diegu haurrei haserretzen uzten? Haserreak konpontzeko askatasuna ematen?
Beldur gara haurrek haserreak kudeatzeko guk ditugun zailtasunak izango dituztelakoan? Haserreak guk konpontzen badizkiegu ez dugu ezer konpontzen ordea!
Ai, aria galdu dut! Ba hori, utzi haurrei haserretzen. Utzi triste egoten eta negar egiten, agian guretzat tristea eta negargarria ez den horrek gure albokoari tristura eta negargura sortzen dizkio! Haserretzea, triste egotea eta negar egitea ezin ditugu inoiz debekatu; haserre edo triste dagoenari eta negarrez ari denari entzun egin behar zaio. Entzun soilik eta ez behartu.
E, aizu! Gora borroka feminista!
2016-11-25 // Gizakia, Gizartea // Iruzkinik ez
E, aizu! Ez pentsa lizunkeria bat ohiukatzeagatik ausartagoa zarenik. Izan ere, edonork ohiuka lezake halako zerbait, baina badakizu, ERRESPETUA existitzen ei da.
Jakin ez duzula mutil lagun hobea izatea lortuko bikotekidea kontrolpean izan nahi duzulako. Lasai egon txo! gai gara nahi duguna egiteko eta ASKE bizi nahi dugu.
Ez pentsa gorputza gehiago estaliz gero pentsamendu puritanoak sortuko zaizkizunik, ezta gona motza eta eskotea janztean zu probokatzeko egiten dugunik ere. Beraz, mesedez, utzi PERTSONALITATEZ janzten eta eranzten.
Egin negar lasai polit hori, negar egiteak ez gaitu ahultzen, ez gaitu txikitzen. Agian gaizki ikasi duzu, baina negarra ez da ahulen armadura soila, negarra indartsuen arma ere bada. Ez duzu inoren BABESLEKU izan behar, negarrak babesten gaitu askotan.
Emakumeak nahi izan gabe zuk bera ukitzeak ez zaitu indartsuago bilakatzen, ez zaitu super heroi baten pare jartzen. Zuk ere bi belarri badituzu, beraz, ENTZUN esaten dugun hori eta BARNERATU gure nahiak.
Lanetik nekatuta iritsi eta etxean ezer egin gabe barrabilak ikutuz egoteak ez zaitu boteretsu bilakatzen, eta benetan diot, erratza edo lapikoa hartzean lasai egon, zaila da baina eginez ikasiko duzu! Gu ere ez ginen ETXEKO LANAK egiteko jaio, baina oraindik ere ez dira gauez galtzagorriak etortzen gure lanak egitera.
Hasi barneratzen emakume orok ez duela zertan amatasun sena izan beharrik, ez ikaratu emakume batek hau aitortzen badizu, halaber, emakume guztioi ez zaizkigu ZAINTZArekin lotutako lanak gustatzen, eta ez gara AMA izateko jaio.
Haserretzean ez pentsa gu jipoitzeko eskubidea duzunik, modu honetan indartsuago zarenik, zure ausardia min ematean azaleratzen denik, maite gaituzula sinetsiko dugunik. Modu honetan maitatzea ez da gaizki maitatzea, modu honetan EZ gaitzazu MAITATU, besterik ez.
Ez itzazu eredu patriarkalak ezarritako rolak jarraitu, ez dizute laguntzen, ez dizute zoriontsu egiten, ez dizute mesede egiten, ez dizute errespetatzen.
Baina tira, zuk ikusiko duzu gure errespetua, askatasuna, pertsonalitatea, eskubideak… urratzen jarraitu nahi duzun. Zuk pentsatu zuri bizitza eman zizun horri min eman nahi diozun edo min ematen jarraitu nahi duzun. Jakin zu ez bezala gu batuta gaudela, hots:
Ez gaituzu isilaraziko.
Ez gaituzu beldurtuko.
Ez gaituzu behartuko.
Ez gaituzu umilduko.
Ez gaituzu jipoituko.
Ez gaituzu hilko.
E, AIZU! GORA BORROKA FEMINISTA!
Noizbait nitaz oroitzen ez bazara…
2016-09-21 // Gizakia // Iruzkinik ez
Zure sustraiak ditut nire barnean, haiei esker jaio nintzen, hauek eusten naute. Akaso hori da betidanik zu mirestera eraman nauen sekretua, edo agian bizitzan zehar nik eman beharrik gabe zugandik jaso dudanak bultzatu nau zu modu honetan maitatzera. Ez dakit.
Ez dakit zer egingo nukeen zure etxean sartzean zure usaina antzemango ez banu, zure betiko usain berezi hori. Zugana hurbildu eta masailak estutu ostean muxu goxo bezain potolo bat jasoko ez banu, nigana zuzendutako zure hitzek sukaldea maitasunez beteko ez balute. Minutu batean mundu osoan inor baina maitatuago sentituko ez banintz.
Ez dakit zer egingo nukeen zure aurpegiko zimurrek emandako aholku gehiagorik jasoko ez banu, munduan gerra piztuta ere zuk ematen didazun babesik izango ez banu. Hotzetik zein berotik, argitasunetik edo iluntasunetik irteteko zure eskuen laguntzarik izango ez banu. Zure betaurreko horien atzean ezkutatzen diren begi maitekorrek nire bihotzari begirada goxo bat egingo ez baliote.
Ez dakit zer egingo nukeen nire otorduetako platera inork toperaino betetzeko nahirik izango ez balu, otorduak aspaldiko istorio eta komeriaz bizituko ez balitu, ondoezetatik babesteko hamar erremedio natural izango eta egingo ez balitu. Inork altxor baten moduan begiratuko ez banindu, altxor baten pare ikusten dudan pertsona batek begiratu eta ezagutuko ez banindu.
Ez dakit zer egingo nukeen Alzheimerra izango balu.
Ez dakit zer egingo nukeen, baina noizbait nitaz oroitzen ez bazara gogoratu asko maite zaitudala. Eskerrikasko guztiagatik.
Momentu oro sentitzen duena bizi delaz jabetzen da.
2015-09-01 // Gizakia, Hausnartzekoak // Iruzkinik ez
Egunonak jasotzea, ematea, irri bat egitea, sortzea, muxu goxoaren usaina, begirada beroen zaporea, lagunartean egotea, lagunak izatea, laguntzea, familiaren gertutasuna, besarkadetan dagoen maitasuna, maitatua sentitzea, ingurukoak eta geure burua maitatzea, elkar ukitzea, gozatzea, eskerrak ematea, jasotzea, aspaldiko argazkiak ikustea, ozen abestea, zoro modura dantzatzea, sekretuak kontatzea, gordetzea, haserretzeko arrazoiak izatea, barkatzea, lotsa sentitzea, gustuko zerbait dastatzea, betekada izan arte jatea, irakurtzea, beldurrei aurre egitea, ogi egin berriaren usaina antzematea, gure herriko paisaiak ikustea, iratzargailua itzali eta lotan jarraitu ahal izatea, aspertuta egotea, korapiloak negarrez askatzea, gu geu izan ahal izatea, emozionatzea, barrez lehertzea, musika entzutea, sortzea, gorputzean kilimak egitea, ume izatera jolastea, ohe gainean salto egitea, elkarrengandik ikastea, irakastea, oroitzapen gazi- gozoak gure baitan izatea, nahi dugunagatik borrokatzea, erokeriak egitea, amaigabeko elkarrizketak izatea, inoiz burutuko ez diren plan idealak imaginatzea, ohetik trumoien burrunbak entzutea, ozen abestuz gidatzea, elkarbanatzea, bizitzea… bizirik gaudela sentitzea.
Bizitzako gauza onenek ez dute preziorik, goza itzazu!
Momentu oro sentitzen duena bizi delaz jabetzen da. Izan zoriontsu, irriz bizi!
Lasaitasunera heltzeko.
2015-07-07 // Gizakia, Hausnartzekoak // Iruzkinik ez
Norbere barreneko sustraiak ukitzen dituzten arnasek betetzen dute besteak- beste gure sentimenduen kutxa. Arnasteak dakarren lasaitasunaz jabetzeko betarik gabe hartzen dugu hau, honen erritmoaz jabetu gabe, honi jaramonik egin gabe. Irrien zein malkoen jariakortasuna erregulatzen dituela kontuan hartu gabe, sentimenduen arabera aldatzen zaigulaz ohartu gabe. Arnastean bizi garelaz oroitu gabe.
Demagun gizakiok sentimenduen kutxa bat dugula gure sabelean, urduri gaudenean tximeletak ateratzen zaizkigun lekua hain zuzen ere. Kutxa hau irekita dago uneoro, gizakiok sentitzen ditugun gauzatxoak bertan gordetzen ditugularik, eta honek honela gure emozioak, jarrerak, arnasketak… aldatzen ditu, besteak- beste.
Lasaitasunera heltzeko; hartu ezazu arnasa, zure kutxan gehiago sartzen ez zaizulaz ohartu arte. Lasai. Itxaron apur batean.
Bota ezazu poliki- poliki, kutxa hau hustuta sentitu arte. Ez hitz egin, eta kutxan dituzun sentimendu hauek askatuz joan, emozioen bidez hauek adieraziz.
Hasi berriz hasieratik, eta jarraitu askotan ohartu ez zaren arnasketaz gozatzen, honen bitartez lasaitzen.
Egin behar duzun aldi guztietan. Begiak itxi ditzakezu honela hobeto sentitzen bazara.
Gogora itzazu egunean zehar eginiko gauza onak, eta zerbaitetan hanka sartu baduzu barkamena eskatu, inor ez da perfektua. Gaizki sentitzen bazara malkoen bidez kutxa honetako sentimendu ezkorrak atera ditzakezu, eta onak irrien bidez oroitu. Besteak maitatzeko zeu maita zaitez.
Egiozu irri zure inperfekzio perfektuari, arnasketa honi, barkamena eskatu dizunari, irri bat oparitzen dizunari, bizitzari, sekula ahaztuko ez duzun begirada horri, lasaitasunari, gaur izandako haserre inozoari, maite zaituen horri, maite duzun horri.
Hain zaila ote da bizitza? bizitzea?
Borrokan jarraitu behar.
2015-05-13 // Gizartea, Hausnartzekoak, Politika // Iruzkinik ez
Izango al gara inoiz gu geu, gure bidea finkatzen badute?
Izango al gara inoiz aske, gure sentimenduak preso badaude?
Izango al gara inoiz libre, mugitzean loturik gaudelaz ohartzen bagara?
Izango al gara inoiz zoriontsu, hitza ere mugatuta badugu?
Izango al dugu inoiz ozen oihukatzeko aukera, ixilarazten bagaituzte?
Izango al gara inoiz ausart, mehatxuen menpe bagaude?
Izango al gara inoiz irabazle, borrokatzean zigortzen bagaituzte?
Izango al gara inoiz handi, gure txikitasuna errespetatzen ez badute?
Izango al gara inoiz herri bat, geure artean bananduak bagaude?
Izango al gara inoiz Euskal Herri, herri honen nortasuna zapaltzen badute?
Izango al gara inoiz Euskal Herri, hau maitatzea delitutzat badute?
Izango al gara inoiz Euskal Herri?
Ba al gara? Izango al gara inoiz?
Borrokan jarraitu behar.
Ama
2015-05-03 // Gizakia // Iruzkinik ez
Ohiu ozenak lo sakon bihurtu izana,
bizitzako ikasle izan eta gurekin hartu zenuen irakasle lana,
gaizki egonik ere gugatik atera zenuen indarra,
ozen aitortu nahi dut eskaini didazun dana.
Noraezaren oinetan beti jo izan dut zugana,
eta beti jaso dut zure aholku bikaina,
ez dakit nola eskertu nigatik egindako ahalegina,
zuretzat beraz gaurko nire irririk handiena.
Nire irriak aberastu dizkidazu zure nortasun adoretsuz,
nire malkoak lehortu dira zu gertu izanak lasaituz,
beti babestu izan nauzu ixil- ixilik besarkatuz,
honela poliki- poliki nire nortasuna eraikitzen lagunduz.
Nire sustraiak zureekin lotuz,
nigan pertsona on bat sortuz,
nire itzalak zure argiarekin argiztatuz,
aholku onak nire erabaki bihurtuz,
maitatzen erakutsi didazu zuk ni maitatuz.
Hitz batzuk geratu zaizkit ahoan,
askotan lotsaz gordeak nere barruan,
gaurkoan utzi nahi ditut agerian,
gutxitan esatea barkatuko didazulakoan,
eskerrak eman nahi dizkizut gaurkoan,
ia amaren papera zu bezain ongi egiten dudan,
zutaz arro nagoela idatzi dut argian,
denek irakur dezaten zenbait maite zaitudan.
Ez dakit kontatu edo ez.
2015-04-13 // Gizakia, Hausnartzekoak // Iruzkinik ez
Ez dakit kontatu edo ez. Askotan gizakiok izan dugun eta izaten dugun zalantzan erori naiz gaurkoan. Izan ere ez gaude ohituak kirolaren, liburuen, pelikulen, politikaren… inguruko gogoeta bat ez den zerbait irakurtzera edo idaztera. Geure barnean gertatzen diren arazoez hitz egiten dutenez ari naiz zehazki. Aurretik aipatuta gogoetek gehiago laguntzen digutelako? hauek irakurrita gure errutinan hobeto sentitzen garelako? hauek axola ez zaizkigulako? edo horrela ohitu garelako? egia esan ez dakit galdera hauen erantzunik. Hau idazten ari naizen heinean ordea, ohartzen naiz norbanako guztioi egunerokotasunean gertatzen zaizkigun arazoek ez dutela inon lekurik, geure ingurukoekin esertzen garen mahai inguruan soilik, baina ez dut hau ona edo txarra den epaituko.
Ausartu egingo naiz. Askotan galdu izan naiz nire pentsamendu ezkorren artean, hauetatik nola irten jakin gabe, eta galdu egin naiz gaurkoan ere. Agerikoa da gainera pentsamendu ezkor bat dudan unean beste mila txar etorriko zaizkidala burura, edo bestela nik bihurtuko ditudala onak txarrean. Hauei aurre nola egin jakin gabe hasi naiz gaurkoan idazten, idatzita ez dagoen oro pentsamenduetan galdu egiten delako, ahaztu, eta nik ez dut nahi niri eta guztioi gertatzen zaizkigun eguneroko sentimendu ezkorrak izkutuan geratzerik.
Askotan zalantzan egon ohi naiz hauek kontatu edo niretzat gorde nahi ditudan, baina ondoren zera pentsatu dut, zergaitik ezkutatu guztioi gertatu ohi zaizkigun sentimendu edota kezkak? Hitz egiteak on egiten duen moduan idazteak ere on egiten dit niri. Ez dakit nola azaldu gertatzen zaidana, ez dakit azaldu nahi dudanik ere, baina argi dut geure barrua husteko modu onena barruan duguna askatzea dela. Eta orain, askok “zer axola zaigu guri?” pentsatuko duzue, baina edonori kontatuta ere bakarren batek beti izango du pentsamendu hau, baita gure gertukoa bada ere, norbanako asko zoriontsu diren bitartean gainontzekoen penek garrantzirik ez dutelako hauentzat. Bestalde, beti pentsatu ohi izan dut entzuna edo kasu honetan irakurria sentitzeak asko laguntzen diola kontatzen ari den horri; izan ere, entzuten ez dakienak ezin baitu lagundu. Azken finean, gizatasuna ez du hezur- haragizko gorputza izateak soilik ematen.
Egia esan ez dakit ongi egin dudan, baina guztioi gertatu ohi zaigun moduan batzuetan kontatu izanak lasaituko nau eta besteetan ez.
Ni ere herri unibertsitatearen alde.
2015-03-16 // Gizartea, Hezkuntza // Iruzkinik ez
Kritikotasuna helburu ez, baina hala bihurtzen gaituen hezkuntza baten partaide garelako, guk geuk sortutako herri unibertsitate bat eraiki nahi dugu.
Batetik, geure hezkuntza propio baten partaide izan nahi dugu, herritik eta herriarentzat sortutako hezkuntza batean. Honez gain, pedagogia berritzaile zein askatzailea nahi dugu, honelako gizarte bat sorrarazteko. Gainera, elkarrekin eta elkarrengandik ikasi nahi dugu, errealitatean geure ikaspenak honela lortzen ditugulako. Bestalde, geure hizkuntzan ikasi nahi dugu, geure hizkuntza propioa daukagulako. Azkenik, geure ezagutzak osatu nahi ditugu, elkarrekin eraikitako herri unibertsitate batean!
Ikasleak kontuan hartzen ez dituzten hezkuntza erreformez nazkatuta gaudelako! Ikasle kritikatuak izatea axola ez zaigulako, guk geure kritikak botako ditugu! Norberak berea defenditzen duenez, guk geure hezkuntza propioaren aldeko apustua egingo dugulako! eta herri unibertsitatea lortu arte, geure eskubideez baliatuz borrokan jarraituko dugulako!
Ni ere #herriunibertsitatea ren alde!
Lokarri moreak.
2015-03-09 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Beldurrez hasi zen, honen esku-arteko soka morea etengabe dar-darka dantzan ari zelarik. Gizarteak inposatzen zion beldurraren sentimendu hau, ondorioz, berak sinisten eta ezartzen zuen bere nortasunean.
Nola edo hala bere eskuek bidea hartu eta sokaren bi muturrak oinetakoaren zuloetan sartu zituen beldur hauei aurre eginik, aldi berean ordea, beldur honen islada zen dantzan jarduten zuten bere eskuek. Bere aldeko apostua egin zuen eta bere aldera egin zion tira sokari, honek leku berri bat hartzen zuelarik.
Lehenengo aldiz gurutzatu zituen sokaren bi muturrak, ordura arte arrosak izan ziren, baina egun horretan moreak zituen soka horren muturrak. Nortasun handikoak ziren, nekez lortuak, sentimenduz sortuak, sufrimendu eta malkoz elkartuak, nortasun eta ausardiaz josiak, eta indartsu hautatuak. Lehenengo ekisa eginda, sentimendu hauek bertan loturik utzi zituen.
Bigarrenez berdin, gurutzatu zituen kordaren bi muturrak, aldi honetan jasanda zituen minak sentimenduekin lotuz egin zuen. Tira egin zion soka honi, indartsu. Estutu honekin min hauei aurre eginez, sentimenduak indarra hartuz eta sentitutako min hauetatik ikasiz. Indarrez egin zion tira, min hauek barruan gordeta zituelarik, eta bere bihotza oinak bezain babestua sentitzen hasi zelarik. Bere nortasunaz harro sentitu zitekeelaz oharturik.
Iritsi zen unea, eta hirugarren honetan kordoien artean zortzi bat eratuz oinetakoa lotzea zen bere helburua. Lehenengo korapiloa, egunero egin eta aintzakotzat inoiz hartu ez zen lan horrengatik. Bigarren korapiloa, gizarteak oraindik ere gutxiesten dituen lan hoiengatik. Hirugarrena, borrokatuz lortzen ari zen guztiagatik. Laugarrena berriz, lortu nahi zuen berdintasunagatik… Baina korapiloak gehituz eta gehituz joanda ere ez zen soka amaitzen. Honela beraz, zortzia egiteko 364 korapilo burutu behar izan zituen lehenik, ondoren zortziarekin lokarria erabat lotuta geratu zelarik.
Harro harro atera zen etxetik, bere lokarri moreak, zortziaren korapiloa zenbaturik 365 korapiloen indarra zuelako, bere sentimendu, sufrimendu eta lanak indarrez lotuta utzi zituelako. Atzo nire irria merezi zuenez, gaur ere merezi duelako.