Hasiera »
Kimetz Aranaren bloga - Meatzaldetik mundura
Kimetz Arana Butroe
Periferietan; Euskaldunak gara inguru erdaldunean. Euskal Herriaren baitan berriz artxipelagoaren urruneko irla txikia da gurea. Langile artean nekazari eta orkestraren ondoan kaleko musikari. Beti gutxiengoan baina elkarturik gehiengo gara gure herrietan. Baratza eta ardiak, hango eta hemengo jendeak, orain eta lehengoak. Mundua gure herritik eta nire egunerokotik kontatzen saiatuko naiz, nire begietatik: Meatzaldea far west.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iñaki(e)k Abertzale herrizale bidalketan
- Iruñerritarra naiz(e)k CARRASCOLIENDAS: hirietan identitate kolektiboa sortzeak duen garrantziaz. bidalketan
- Endika Cuesta(e)k Euskara ala ez gara. bidalketan
- Josema(e)k Muskizeko gazte lokala martxan! bidalketan
- karana(e)k Periferiatik bidalketan
Artxiboak
- 2019(e)ko apirila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko apirila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
Abertzale herrizale
2019-04-15 // meatzaldea // Iruzkin bat
Maiatzeko udal hauteskundetara aurkezten den pertsona taldea guztiz berritu du Trapagaranen ehbilduk. Modu honetan aire freskoz alaiago, anitzago, zabalago eta indartsuago aurkezten da ezkerreko aukera abertzalea gure herrian.
Herrian eraginkorra izango zen egiazko ezker mugimendu bat sortzea jarri genuen helburu. Bagenekien historikoki sozialismoak sustrai sakona zuela gure herrian eta PSOEk herri proiekturik gabe, balore sozial guztiak aspaldi abandonaturik zituela. Horregatik ikuspegi soziala zuten auzotarren artean handitzeko aukera posible ikusten genuen. Horretarako maila lokalean zentratu genuen gure jarduna. Errepresio – erantzun manifa dinamikak bigarren mailan utzi eta herriko arazoei erantzuten hasi ginen.
Katakunbatik atera eta mugimendua zabaltzeari ekin genion. Auzo eta kaletan lagunak bilatu genituen, herria hobeto ezagutu eta gehiago maitatzen ikasi genuen. Konpromezu maila desberdinak onartu genituen, bakoitzari nahi edo ahal duen eran parte hartzeko aukera luzatuz.
Honekin batera iritsi zen Bildu, jende berri gehiago eta borroka armaturik gabeko egoerak gure bidean sakontzeko aukera eman zigun. Sartu ginen udaletxera eta askoz gehiago garatu genuen gure herriarekiko begirada. Ondorioz herri proiektu bat daukagu orain Trapagaranentzat. Gure bizi behar gehienei erantzuteko ikuspegi sozialez eginiko proposamenak ditugu eta askoz indartsuago gara.
Hamarkada batean asko aldatu eta berritu da gure herrian mugimendu abertzalearen oinarria. Gaur ez dira ikurrina, erabaki eskubidea, independentzia edo sozialismoa gure ezaugarri nagusi. Orain eskolako jantokien kudeaketa, genero berdintasuna, familia-haurren heziketa, hirigintza inklusiboa, auzoetan bizia mantentzea, euskarari arnas ematea edo herriko komertzioaren biziraupena dira gure lan ardatzak.
Etorkizunean, ezkerreko ahal den sektore guztiekin elkarlana sakondu nahi dugu eta gazteriarengan badugu esperantza. Ikusten baitugu berau dela planteatzen ditugun aldaketak gauzatzeko prestatuen izango den sektorea.
Beraz baikor eta ilusioz goaz udal hauteskundetara. Abertzale-herrizale, guretzat herriaren eraikuntzatik pizten baita Euskal Herria.
Abantoko Parke Teknologikoa. Ezkerrak badu eredurik?
2018-07-20 // meatzaldea // Iruzkinik ez
Eskualdeko udal guztietan alkatetza duen PNVko agintarientzat hori izango da gure inguruko langabezia tasa izugarriak amaitzeko antidotoa. Ikerkuntza eta balore erantsi handiko jardun garbia. Alkateek beraz, besoak zabalik egin diote men Sabin Etxeko nagusien proiektu berriari.
Ezkerreko oposizioak berriz, Ehbildu eta Podemosek, parke teknologikoa bai baina kokapenarekin ezadostasunak adierazi ditu. Landa lurrak mantentzearen garrantzia nabarmendu. Horrela Abantotik 4kmra, lehengo industriako lur abandonatuak proposatu du parkea eraikitzeko leku egoki gisa.
Langabezia egoera estrukturala da Bilbotik mendebalderako herrietan. 80.eko industri krisialditik %15etik gorako tasak betikotuak daude gurean. Hau da ikasketa eta prestakuntza apalena dituen Bizkaiko eskualdea eta milaka pertsona dira, emakumeak gehienak, lan baldintza ez onetan merkatalgunetako multinazionalen langile direnak. Horrela, jendeak begi onez hartzen du gaurko lan mundua hobetuko duen edozer proposamen. Hori delako egoeraren larrian, norberaren eguneroko estutasunen gakoa. Horregatik kezkaz ikusten dut aldaketaren indarrek parkearen kokapenaz gain beste proposamenik plazaratu ez izana.
Azken 150 urtean kanpoko enpresa handien langile-morroi izan gara gurean. Ildo beretik dator PNVren proposamena. Unibertsitateko ikerkuntza publikoa enpresa pribatuen zerbitzuko utziz. Bertako ikertzaile eta teknikariak goraki estutu eta baliatuz, berriz ere bertokoen lanaz sortuko den aberastasuna eskualde kanpokoek eramateko.
Horren aurrean gure parke teknologikoak autonomo eta langile txikien beharrei erantzun behar lieke. Bere ardatzetan elikadura eta lurraldea barneratu, eskualdeko erresidentzia eta eskolentzako sukaldea proposatu. Koperatibagintza zein merkataritza txikia indarberritu. Ikuspegi sozial, inklusibo eta generokoa landu eta horren inguruan jardun ekonomikoa sortu.
Gure eskualdeak badu muinean bihotz eraldatzailea, jendartea Bizkaiko beste eskualdeen bestelakoa da. Hemen PNVk irabazten du bera delako jendearentzako bizi proposamena gauzatzen duen bakarra. Has gaitezen pentsamenduak zorrozten, ahal ditugun bezala gauzatzen. Noizbait morrontzatik kanpo, bihotz eraldatzaile ezkertiarrak gailen daitezen berriz gure udaletan ere.
Gerra galdua?
2017-04-06 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Larunbatean Baionara joango gara, iraganetik etorkizunerako bidean mugarri, Bakearen Artisauen deialdia herri deiadar bezala sentitu dugulako geurean ere. Aurrera doa gure herria, garai berri batera. Horrela ipar eta hego elkarturik bi aldetako herritarrek emango diogu bultzada ireki nahi dugun aro berriari. Etorkizunaz itxaropentsu, historia egingo duen egunaz jabedun eta gure baitako sentimentuei kasu eginez, musika tresnekin joateko asmoa azaldu dugu gure artean. Egun triste edo alaia izango den, musika jotzea egoki ala desegokia den, zenbat bihotz hainbat sentimen, zenbat buru hainbat aburu, berehala hasi dugu eztabaida.
“Los años de la revolución vasca” deitzen dio gure extremadurako bizilagunak ETAk jardun zuen urteei. Triste dauden lagunen tesiarekin bat, “gure herriak emango duen azken gerra” izan da 80 urteko hemen inguruko mendiko baserritar zaharrarentzat orain zikloz aldatzera doan hau. Izan ere gure herriak 3 konfrontazio aro gataskatsu bizi baititu azken mende eta erdian eta horrela izan da gure mendiko lagun honen etxean ere. Karlistadetan aritua zuen aitite, 36ko gerran miliziano komunista izan zen aita eta ezker bidetik abertzaletasunera hurbildu zen frankismoan gure laguna. Denak izan ziren galtzaile eta denek jasan zituzten erbeste, kartzela edo zigorrak.
Ez da dudarik beraz, azken 50 urtetako konfrontazio armatuak hondar sakona utzia duela jendartean. Gure herriaren historian tendentzia eta kolore guztietakoak izan dira uneren batean edo bestean armen bidez erakunde klandestino edo legalago batean gauzak aldatzen saiatu diren herritar, militante eta ekintzaileak. Meatzaldean bertan azken mende eta erdian asko eta asko izan dira estatuen ordenari oldartzeagatik preso, hil edo zigortuak izan diren, karlista, komunista, sozialista, anarkista, antifaxista edo abertzaleak. Horregatik agian, gure historia borrokalariagatik edo bere atzetik etorritako sufrimenduagatik, armen existentzia sinbolo bihurtua zen erresitentziako sektore sektore askorentzat. Gure mitoen artean mito, etengabe zapaldu arren behin eta berriz altxatzen den herri baten ikur.
Sinboloen gainetik ordea itxaropentsu ikusten dugu askok etorkizuna. Itxaropentsu gizarte aldaketa zein gure herriaren askatasun prozesua zegoen ataka estutik irteera bilatzen jakin izan dugulako. Agian ez modurik onenean, agian ez amesten genuenean baina bai ahal izan dugunean. Osotasunean, modu egiaztagarrian, aldebakartasunez, preso asko kartzelan izanik eta kontrapartidarik gabe, baina bizirik eta etorkizunean gure herria eraikitzeko aukeraz. Hori da irabazi duguna.
Horregatik kantatuko diogu larunbatean iraganari baina bereziki etorkizunari. Popo, Uda, Txabi edo Txikiari, eta ere sufrimentu gutxiagoz sortuko diren biharko kantu berriei. Gure etxeko ordu txikitako parlamentuan, azken unean batek esan zuen agian garai berrian sortuko diren molde berri ez hain maskulinoek eramango dutela gure herria askatasunera. Aukerak mila, bideak beste hainbeste, ez dugu lan makala, hala bedi.
Trapagarango euskaldunak
2016-12-22 // euskara, kultura, meatzaldea // Iruzkinik ez
Ez nuen inondik inora uste euskararen problematika gure auzotarren arteko kezketako bat zenik, abenduaren hasieran hainbat auzotarren artean antolatu duten 12 ordu euskaraz ekimenak ordea euskarekiko herriaz nuen pertzepzioa aldatu dit eta nago inflexio puntu izan dela gutako askorentzat.
12 orduz euskaraz hitzegin eta zabaltzeko irrati emisora muntatu zuten herriko plazan ekimena antolatzen hilabeteak zeramaten herritarrek. Kale nagusian bozgorailuz, etxeko irratian FMz eta ordenagailuan streaming bidez jarraitu zitekeen goizeko 9tan hasi eta iluntzeko 21:00ak arte iraun zuen ekimena. Adinez orotarikoak, elkarte eta auzo guztietako jendea aritu zen bere arazo, etorkizuneko proiektu, errealitate edo ilusioei buruz hizketan. Kirol taldeetakoak, eskoletako haur eta gurasoak, auzo elkarte edo jai batzordeetakoak, jubilatuen elkartekoak, poesia egiten duten emakumeak, musika taldetakoak edo RAPero gazteak, bakoitza berean, gure herriaz eta euskeraz.
Aitortu beharra dut malkoetaraino hunkitu ninduela nekazal kooperatibatik baratzara nindoala kotxean gure herriari buruz euskaraz ezaguna nuen jendea entzuteak eta pilako irrati txikiz segitu nuela egun osoan saioa baratzan. Ondorengo egunetan ere, beste zenbait lagunek antzerako sentipenak deskribatu zizkidaten, norbere etxean egun osoa irratiaren inguruan eman zutela, guraso eta haurrak edo bikoteak elkarturik, nork zer esan herriko kontuetaz adi eta plazerez loriatzen gure txokoetan jarririk.
Txikitan lagunengandik hainbeste entzundako eta erantzunik ez zuen “porque hablas en euskera” galdera etorri zitzaidan gogora, haurtzaroan hainbatetan jasandako jendearen begiradak, edo nire ibilean konplejuengatik duda egoeretan isilarazitako euskarak.
Ziur nago herriko kale nagusian 12 orduz euskara entzuteak gure hizkuntzarekiko autoestima indartu digula bertoko euskaldunei, elkartzeko balio izan du eta bagarela ikustarazteko. Are gehiago, hizkuntzaz haratagoko balio berezia aitortuko nioke ere ekimenari, ez baita egon gure herriaren historian bertoko jendartearen erradiografia, elkartegintza eta jendearen iritzia hain modu zabal eta orokorrean jasoz, egin duen ekimenik.
Orain ez dut dudarik gure herrian badela euskararen aldeko masa kritikorik eta bere haurrei gure hizkuntza eta berak dakarren mundua berpiztu eta transmititu nahi dionik. Gure aurreko belaunaldiek ahal izan duten moduan bilatu dituzte erak haien euskaltasuna mantendu edo berreskuratzeko. Dantza taldeak sortu zituzten, euskara jakin gabe euskarazko kantuak ikasi eta kantatu, euskaltegiak ireki, ikastola ireki eta irakaskuntza osoa euskaldundu. Bide guzti horren ondorengo ulertzen dut joan den eguneko 12 ordu euskaraz ekimena.
Zorionak bihotzez ekimenaren egileei, herria eta hizkuntza lotu dituzue eta hortan dago etorkizuneko urratsetako gakoa. Aurrera jarrai dezagun bide horretan, belaunaldi berriez egoera berrietara egokituz, berton gure nortasuna indartuz. Bagara eta baldintzak baditugu. Trapagaranen euskaraz, bai noski.
Arboledan madalena. Meatzaldeko egunik handiena.
2016-07-22 // kultura, meatzaldea // Iruzkinik ez
Uztailak 22 dugu gaur eta urtero bezala, egun handia da Arboledan. Madalena eguna. Goizean goiz esnatu, hamaiketakoa lagunekin egin, mendian gora abiatzekoa. Meatoki ohien arrastoen artetik, zulo handi, harroka zahar, zelai um
el iritsiko gara Galdameseko Uraiaga ingurura. Mendiak elkartzen gaitu bi aldeetako lagunak, duela ez hain aspaldi gain hauetan elkarrekin bizi izan ziren langile meatzari haien haien oroigarri. Topatuko ditugu jatorri tradizionalez lorez apainduriko lastoko kapelaz heldu diren lagunak, westerrean bezala Texasko sonbrero, praka estu, larruzko jaka eta botak jantzirik zaldiz etorri direnak, rantxera zaharrak abestu edo bertako jotak kantatzen dituzten zaharrak, herrietako gazteak, dantzariak, okupa trobadoreak, abeltzain sasi-klandestinoak edo lehen aldiz iritsi diren lagun berriak.
Meatokien garaian hasi ziren gure mendietako biztanleak ospakizun hau egiten. Esaten dutenez meatzariak goizez lanera joaten ziren, asko Uraiga ingurura. Eguerdian bertaratzen ziren haur, emazte, gazte eta familiak, bertan, Uraiagako kobazuloan baitzegoen eraikita Madalena baseliza. Elkarrekin bazkaldu ondoren, arrats partean batera sartzen zen jendea herrira eta pizten zen festa.
Lehen bezala ariko gara gaur ere, mendian, musikan, dantzan zein oihuz. Kantatuko ditugu kantuak, hemengoak zein hurrunagokoak, hemengoek zein hurrunagokoek osatzen baitugu gure herria. Igoko dugu nekez itzulerako aldapa bortitza eta berriz pauso arinez jaitsi herrirantz. Denak eskutik helduta, zoratu arteko bueltaz, txarangarekin batera Arboledako plazara sartu eta arnasa galdurik, norberak ahal duela, saltoz amaitu arte.
Bitxia da, Arboleda izan baitzen gure inguruan sortu zen azken herria eta esango nuke bera dela nortasun handiena mantentzen duena. Foruen galerarekin batera etorri zen lur komunalen galeraren ondorioz hasi zen gure mendien ustiaketa basatia eta orain Afrikan gertatzen den bezala iritsi ziren bertoko mendietara burdina erauztera zetozen enpresa Ingles, Frantses zein Belgiarrak. Horrela konpainia haietara lanera etorritako milaka pertsonek eraiki zuten Arboleda.
Identitateaz ari garenez, duela ez asko, ustez ezkertiarra den herriko lagun batek esan zidan aurrerazaletasuna indibiduoan oinarritzen dela. Zernahi nortasun kolektibo txokokeri bihurtuz, ezerri ez inori lotzen ez den indibiduoa jartzen zuen unibertsaltasun oinarri. Onartu gabe Athleticekin igandero bizi duena, kotxeko irratian hunkitzen duten kanta komertzialak edo lagunekin harremantzeko erabiltzen duen zernahi kode, nortasun hegemoniko baten parte direla.
Abertzaleak berriz saiatu gara nola edo hala nortasun kolektiboa sortu eta mantentzen, berpiztu genituen eta zabaldu dantzak, folklorea sortu, kantuak ikasi eta belaunaldi gazteei euskara eman, ez da gutxi. Batzutan ordea urrutiko beste euskal herrietako ereduak hartuz tematu gara euskal nortasun bat bultzatzen, zenbaitetan geure burua baztertuz edo geurea ukatuz, ahaztuz berton duguna.
Gu ez gara Bermeo eta Elantxobe, ez gara ETBren jaien kroniketan azalduko baina Ezkerraldea eta Meatzaldeko herri eta hirietan bagara nor. Gure izaera joan den mendeko burdin meatz eta industria arteko hirietan eraikia da, gure kantuak, historiak, kaleek, eta bereziki jendeen bizipen zein borrokak batzen gaitu. Gure nortasuna anitza da jatorri desberdinez elkartu baiziren lur honetan gure aurrekoak, baina asko gara, bizirik gaude eta horrek egiten gaitu edozein aldaketarako eragile indartsu.
Talde izakiak gara eta elkarrekin konpartitzen dugun nortasunak lotzen gaitu herriari. Nortasun horrek egiten gaitu nor, milaka eurotako jai prefabrikatuen aurrean, kontsumoaren norezean murgildurik nahi gaituen indibidualismoaren aurrean gal ez gaitezen. Arboledan gutxi izango gara gaur madalena eguna hutsegingo dutenak. 85 urtekoa zein jaio berria, langile zein langabetua, herrikoa zein kanpokoa… hartuko diogu eskua elkarri eta sartuko gara plazan, sokan tiraka, bultzaka, balantzaka, sentituz elkarturik dugun izugarrizko indarra. Kamiseta txuria soinean “sangre minera, semilla guerrillera” oihukatuko dugu gauean. Herri moduan bizi garen gizartean antolatzeko ditugun zailtasunez oharturik, baina erakutsiz globalizazio eta kapitalismoaren zurrunbiloaren erdiagunean, gure barne barnetik, gure berezko nortasunetik sortzen zaigula erresistentzia garraxia. Gure ingurua ezagutzeko, niretzat Meatzaldean egunik handiena, uztailak 22, madalena eguna Arboledan. Ongi etorri. Lurra, herria eta pertsonak. Garena eta egunero eraikitzen duguna, mundua, Euskal Herria, Meatzaldea.
Euskal Herria Kantabria berdin da. Hauteskundeei buruz.
2016-06-29 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Ezin uka igandeko emaitzek aho bete hortz utzi gintuela edozein hobekuntza humano desiratzen genuen oro. Eskuin kontserbadorea sendo, estatutik etor zitekeen edozein aldaketa itxaropen bertan behera utzi du igandeko emaitzak. Horrela ustelekeria kasuz jositako Espainiako PPren sendotasunak, Podemosen Euskal Herri zein Catalunyako arrakastak eta ehBILDUk jasotako kolpe latzak hartu dute analisien ardatzen nagusitasuna.
Nola nahi ere harrigarri egin zait igandeko ajeak utzitako lagunen mezu zaparradak. Besteek “gure aukera” hautatu ez dutelako ez omen dagoelako Espainian zer egin, Ebrotik beherako lurretan kulturarik ez dagoela, jauntxoak nagusi diren tokian jendea morroi dela, merezi duena jasotzen duela bakoitzak…. etengabeko mezuen uholdean. Bereziki harritu nau Estatuko barnekaldeko lurraldeekin hainbesteko harreman humano, pertsonal eta familiarra duen gure eskualdean.
Herri bakoitzak bere istoriaren zama dauka gainean
Ardi mozketan aritu gara Kantabria aldean joan den astean, izan gara Bizkaiarekin muga egiten duen Castro, Samano, Santullán inguruan, egin ditugu etxeak hamarnaka, ibili gara bide txikietatik batetik bestera, harrapatu ditugu ardiak eta moztu ileak eta bidean ezagutu dugu jendea. Jendearekin egotea, ezagutzea eta ikastea baita ardi mozketaren gogortasunean dagoen gauza maiteenetako bat. Ezagutu ditugu mendiko artzain salbaiak, artalde txikiak dituzten txaletetako jendeak, edo harrobia mendia jaten ari den oinetako belaunaldiz balaunaldiko nekazari familia tradizionalak. Jende humila, azpiko jendea, PP, PSOE edo Podemos bozkatu gurekin bizitzari buruz sakoneko gogoeta asko konpartitzen dituztenak, uraren prezioari buruz, harrobiaren inpunitateari buruz, edo haien bizimoduak jasaten dituen zapalkuntzei buruz.
Ez da aspaldi Castillan barna Badajozeraino herririk herri musika joz joan ginenekoa. Errepide txikietan barneratuz, herri txikiak eta bideko jendea ezagutuz. Ikusi genuen herri txikietako jauntxokeria, sentitu genituen gu ikustera meatzarien Santa Barbara kantatzeko gogoz baina beldurrez zeuden lagunak, ezagutu frankismotik datorren kontrol soziala eta dultzaina soinuarekin lehengo herritarren elkartasuna gogoan begietan malko egiten zuten zaharrak. Haien bozak bat ala beste izan, oinarrizko planteamentutan egiazki hurbil sentitzen garen jende xumeak.
Herri bakoitzak bere istoria du gainean eta Espainian zama da 1936ko gerran ezkertiar jendearen kontra egin zen sarraskia, transizioan ezkerrak monarkia onartu eta bere ideal guztiak saldu izana, borrokatzen ez duten sindikatu ustelen nagusitasuna eta Frankismoko jauntxoen ondorengoen boterea. Kritikotasunik eta ahots desberdinik gabe beraz ez da arraro Espainian izan diren emaitzak ikustea.
Zer alda lezake Pablo Iglesiasek?
Gehiago harritu nau lagun askoren aldaketa nahia Pablo Iglesiasen baitan irudikatua ikusteak. Egia da pizu zela Rajoy gu guztiontzat, guztiz beharrezkoa zela PP boteretik kanporatzea eta bere lege atzerakoi eta anti-sozialak geldiaraztea. Arnasa baino Euskal Herrian oxigeno pixka bat besterik eskatzen ez genuela ez dut dudarik. Baina frustazioa norainokoa den ikusita, duda daukat merkatuen aurrean gobernuen erabakitzeko ahalmena gero eta mugatuago den gizartean benetan zer ahalmen lukeen agintari batek Espainian egiazko aldaketak egiteko. Amaituko litzateke monarkia? Irauli politika sozialak? Gelditu Europatik agindutako murrizketak? Zail. Nago ilusio baten aurrean egon garela, ere gehiago jakinik estatuan eskuinaren botere faktikoek duten indar eta eragin handia, kanpainan eta ondoren emaitzetan ikusi den moduan.
Ez da bandera kontua. sistema da arazoa.
Eta horrela amorraturik EHxit esan dezakegu mila bider, baina hau ez da bandera kontua. Espainiar estatua bere barneko oligarkia, erdi aroko familia notable eta eliteen interesen zerbitzurako egitura da. Horrela ezagutu dugu gure bidaietan jabetuz nola Espainiar estatuak ukatu dituen bere baitako herriak eta kasik hil arte ahuldu jatorrizko herri haien ikusmolde, bizimodu eta kultura (Castillan, Extremaduran, Andaluzian...). Nola odolustu bere barneko herri txikiak, etorkizuna ukatu, hustuarazi eta exodora bidali gazteak. Nola ezarri multinazionalen menpeko eredu neoliberal basatia. Nola mantendu latifundioa eta morrontza. Eta nola zapaldu gaituen erresitenteago izan garen beste herriak, eskubideak ukatuz, txokoratuz, baztertuz eta garena izatea galeraziz. Hori guztia da Espainiako Estatua.
Ez da bandera kontua, horregatik da Espainiako estatua haustea da Espainia barnean bizi garen azpiko jende guztientzako irtenbidea. Euskal Herria eta Catalunyako indar korrelazioak ahalbidetu baitezake gizarte aldaketan oinarritutako etorkizun bat marraztea geurean eta horrek eraitsi hainbat harresi estatuan.
Gobernuen eta administrazioen mugak gero eta ikusgarriagoak diren egunotan, aldaketa ez du ehBILDUk, ez Podemosek soilik ekarriko. Parte har dezagun hauteskundeetan ahal bezain indartsuen, bultzatu instituzioetatik gure indar guztiz eraldaketa prozesuak, baina indar ditzagun herrian borroka sozialak, klabe humanoetan errealitate berriak eraiki, jendea elkartu, eta aurrera egin. Etorkizunean izan dadin amesten dugun herria, askea, jende xumearentzat eta jende xumean oinarritua. Ez da bandera kontua, Euskal Herria eta Kantabria berdina da, gure borroka biziaren alde, munduko azpiko jende guztiaren borrokaren berdina baita.
Denbora
2015-10-02 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Antzekoa zen ere gure aititek bere zurgin-errementari lanean denborarekiko zuen ikuspegia. Izan gurdi, altzari edo mahaigintzan, zuhaitz mozketatik hasi, egurra landu, piezak egin eta elkar lotzen lanak hartzen zuen patxada. Faraoien piramideen antzera, noizbait egitasmoa bukatuko zuela jakitun, unean uneko operazio txikitan murgiltzen zen, gaur egurrari hemendik koxka bat eginez, bihar bestetik eraginez baina beti aurrera eginez.
Denbora beraz neur daiteke urtaro, hilabete, egun, ordu edo segundutan, pertsonek geure egunerokoa nola bizi dugun horrela eraikitzen baitugu geure buruetan denbora. Zenbaitzuek unibertsitate garaian erantzi genituen eskolatik eskumuturrean generamatzan erlojuak ulertzean ez genuela eguna ordu edo segundutan neurtzeko beharrik, askoz hobeto gabiltza ordutik.
Denborak ordea izan arin edo mantso, izan urtaro edo taupada kolpez bere bidea egiten du. Ez gara orain hain gazte, eta baditugu beste asmo, amets edo ideiak, etengabe aldatzen gara eta aurrera goaz. Erlojua erantzi genuenetik ordea bada zerbait gure herrian aldatzen ez dena, atxiloketak eta presondegiratzeak, azkenak Baigorrin. Horrela ezagutu izan dugu beti gure herria, zurrunbiloan. Luze doa ordea denbora guztiontzat eta gurasoak zaharrago, lagunak zaharrago, kilometroak eta kristalak tarteko, lagun berri gehiago eramanez barrura jarraitzen du labirintoak.
Erlojurik gabeko urte hauetan bakoitzak modu batez edo bestez bizi izan dugu gure herriko egoera, jardun batzuk sustengatuz, beste batzuekiko galderak azalaraziz, askotan beldurra edo noraeza sentituz baina beti gure ahalen arabera beti bide berri eta alternatiboak irekitzen saiatu gara. Urte hauetan guztietan jabetu gara gure herrietan minoria erabatekoa garela, sentitu dugu gure moduan adierazteko espaziorik ez dugula, barneratu dugu errespetableen mundu honen aurrean beste mundu berri bat eraiki nahi dugula, gure ametsa eta ekinbidearen muina hor dagoela eta bide horretan desberdin guztiak, kaleko baztertuak eta gu bezala gainontzeko zapalduak lagun ditugula. Horregatik ekintza batzuekin dudak izan ala ez izan beti egon gara presoekin, estatuak hildakoen senideekin, edo atxilotuen lagunekin, estatuen zapalkuntzak guri ere arnasik uzten ez digulako, estatuak bere tresna guztiekin gu ere pertsona eta kolektibo bezala zapaltzen gaituelako.
Horregatik egongo gara biharko manifestazioan eta ez alderdi batek edo besteak deitzen duelako, ez momentu historiko batean gaudelako, ez diskurtso handirik entzuteko. Erlojuak jotzen du, bada garaia errepresioa gainditu eta gure herria benetan auzo eta hirietatik eraikitzen hasteko. Aitite eta amamaren denbora ikuspegiz, mantso, motel baina sendo, azpiko jendearentzako herria, gehiengoarentzako herria, libreago, anitzago, burujabeago. Has dezagun benetan aro berria.
Periko.
2015-06-25 // meatzaldea // Iruzkinik ez
Periko joan da eta itzal luzea utziz Meatzaldea eta Ezkerraldeko jendearen bihotzetan. Arboleda eta Trianon apaiz izan zen eta bertan garatu zuen etxetik zekarren langile zapalkuntzaren kontzientzia. Meatzari familietako haurren eskolako maisu izan zen, gogortasunaren erdian , maitasuna, oinarrizko jakintzak eta autoestima bihurtuz bere eskolako ebangelio.
Meatzarien apaiz, hurbiletik bizi izan zuen gure herrietako mendietako familiek zuten behar gorria eta bere ideiekin bat eginez meatzariek bezala bizitzea erabaki zuen, behar zuenari zeukana emanez eta partekatuz. Periko “Don Pedro” da oraindik Arboleda eta Larreinetako adineko jendearentzat eta berehala somatzen da bere izena aipatzean ezagutu duten herritarrek dioten maitasuna.
Gazteagoentzat ordea Periko Solabarria buru gainean txapela zuela, beti kaleko mobidetan edo egunkarietako argazkietan zegoen bidelaguna izan da. Gure ondoan Ezkerralde eta Meatzaldeko auzoetako aldarrikapenetan, emakumeen protestetan, imigrante lagunekin pankarta atzean, langabetu edo sindikalistekin hamaika borroketan. Periko kalean, beti jendez inguratuta, baztertuenekin, beti azken zuloko, azken izkinako lehen lerroko barrikadan, gazteagoek beti hor ezagutu dugu Periko.
Horrela jakin genuen, irakurriz, nagusiagoekin hitz eginez, geure baitan gogoetatuz, Periko fankismoan beste euskal apaiz batzuekin batera Zamoran izan zutela preso, Bizkaiko lehen apaiz iraultzailea izan zela, apaizgoa utzi eta Errontegiko zubian eraikuntzako langile bihurtu zela eta bertan zegoela Espainiako kongresuan HBko diputatu hautatu zutela.
Periko badoa eta horrekin batera pertsona handi bat galtzen du gure eskualdeak, baina Perikoren bideak, ikusmolde eta praktikak ikasgaiak uzten ditu gurean. (1) Gure herrietan sinistu, murgildu, ezagutu eta maitatu, (2) gure borroka eta eraikuntza bertan oinarritu, (3) bertotik geure eredu propioak sortu, (4) sektarismoak apurtu eta zapalduekin egon beti eta bereziki (5) gure ondoko auzotar eta pertsonak sentitu. Perikok askotan esaten zuen, iraultzaile guztiek beharrezko dutela injustizien aurrean norbere larruan sufrimentua eta zapalkuntza pairatzeko gogortasuna, baina aldi berean kaleko jendearekin, auzokoekin, lagunekin elkar ulertu eta konpartitzeko goxotasun eta maitasuna. Agian hortik etor daiteke Hasier Arraizek orain gutxi abertzaletasun ezkertiarrak Bilbo Handian garatzeko duen zailtasunei aurre egiteko bideetako bat: Txostenak eta politika ofizialak gaindituz, gure kaleetatik, gure egunerokotik, gure auzoetako jende eta pertsonetatik, Euskal Herrian behar handiena dagoen tokian, jendea elkartuz, ulertuz eta sentituz. Eskerrik asko Periko bihotz bihotzez!
Korrika meatzaldean. Badator eta badoa.
2015-03-24 // euskara, meatzaldea // Iruzkinik ez
Urepeletik ostegunean irtendako lekukoak gaur hartuko du Meatzaldea eta gurean ere beteko ditu bide eta kaleak jendez. Aurpegi ezagunak, ume, haur, heldu eta gazteak… nekaduraz furgonetaren ipurdia urruntzen ikusiz atzean gelditu arte. Badoa Korrika hurrengo arte! Eta zalapartaren ostean badator lasaitasuna eta nago, txanpain botilaren irekitzean bezala, astearteko euskal uholdea ez ote den gure inguruan asteazkenerako bihurtzen itsasoko tanta txiki. Euskararen basoa erdi hutsa edo erdi betea, gure herrietan nola ikusten dugun da gakoa.
(1) Asko aurreratu du euskarak gurean! Hala esan zidan frankismoaren amaieran Trapagarango gau eskolara etorritako lehen euskara irakasletako batek. Gipuzkoako baserri inguruan sortua, Arantzazuko fraide artean euskal kontzientzia harturik, sortu berria zen ETAko fronte kulturaletik misiolari bezala iritsi omen ziren lehen euskara irakasleak gurera. Gure herrian euskara erabat galdurik zegoen, ezkutuan ikurrina eta publikoan euskal dantzak ziren euskaltasunarekin lotura bakar. Berehala agertu omen ziren ordea euskara jakin ez baina ikasteko gogo handia zuten herritarrak eta orduan sortu ziren gau eskola eta ondoren Ikastola Trapagaranen, berreskuratu zuten Santa Ageda kantatzeko ohitura, hasi egiten Olentzero, euskal kantagintzako kontzertuak eta beste hainbat ekimen. Orduko begiez asko hobetu du euskarak gurean.
(2) Bagara baina oraindik ez dugu espaziorik herrian. Orain bagara milaka euskaldun herrian, zenbaitek naturaltasunez baliatzen dugu gure artean, beste batzuk familian ari dira haurrekin, besteak ikasten edo ahal dutenean. Zaila da ordea eta ahul gara Meatzaldean. Ahul gure herrietako gizartean euskarazko espazio naturalik ez dugulako. Nola sortu? Eta nola egin?
Kultura global uniformizatzailearen aurrean alternatiba ikaragarria da euskara. Euskara hizkuntza baino gehiago kultura baten ezaugarri nagusia da, bere mundu ikusmolde, literatura, umore, kantu eta kontuekin. Horrek gaurko gizarte komertzialak sortzen duen identitate krisian, munduari irekita gure ikuspegi propioa garatu, nor garen jakin eta gu geu sentitzea ahalbidetu diezaguke. Gainera kultura “ofizialean” galdurik indibiduoak hartzen duen indarraren aurrean komunitate-kolektibo sentimendua eskaintzen digu euskarak, korrikan bi urtero adierazten den moduan. Kolektibotasuna eta identitatea, hauek izan daitezke agian euskararen ezaugarri indartsuenak etorkizunari begira gaurko gizartean.
Zentrotik urrun, putzu batera botatzen den harriak sortzen dituen uhinak aldentzean txikitzen diren bezala, euskararen kolektibo adierazpenak zein euskal kultur munduaren eraginak oso txikiak dira Meatzaldean. Horregatik sakondu beharko ditugu loturak gainontzeko euskal lurralde eta eskualdeetako jendeekin baldin eta euskal kultura jaso, sentitu, bizi eta haren parte izango bagara.
Herriari dagokionez gero eta euskaldun gehiago gara herrian. Elkar saretu beharko gara hizkuntzari erabilgarritasuna emateko eta espazioak irabazteko. Horrela euskara gehiago erabiltzen dugun neurrian, gure euskal identitate propioa sortuko dugu, Meatzaldekoa, jatorri anitzekoa, nahasketarena, meatzariena, langileena eta kalekoa eta gure jarduna herrian txertaturik naturalduko da.
Trapagarango belaunaldi berriei, guri, dagokigu euskarari heltzea, gogoetatzea, behar berriei erantzun, elkartzea eta aurrera egitea. Aurrekoek egindakoari esker gara gu euskaldun eta posible da orain Trapagaranen euskaraz bizitzea. Ez gaitzan kultura globalak bere barnean ito, ez dadin gaurko uholdea biharko itsasoko tanta bihurtu, ez dadin korrika bi urteroko folklore izan.
CARRASCOLIENDAS: hirietan identitate kolektiboa sortzeak duen garrantziaz.
2015-02-20 // meatzaldea // Iruzkin bat
Carrascoliendas edo carnestolendas da gure herriko inauteria. Herriko zaharrek kontatu zigutenez oilar beltz bat altzoan hartuta, carrascoliendas kantatuz eskean aritzen ziren etxez etxe lehenagoko garaietan haur eta gazteak gure herrian. Ohitura hau 1930.hamarkada arte Bizkaiko Meatzaldeko herrietan, Barakaldon zein Kadagua ibarrean ospatzen zuten, ordutik ordea ohitura honek indarra galdu zuen, frankismoan debekatuta desagertu zen arte.
Zaharrengandik kantua ikasiz, haien bizipenak jasoz eta oroitzapenetatik abiatuz berreskuratu genituen Carrascoliendas berriak duela 5 urte. Dantza bat sortu genuen, kantua mantendu, eta musikariz lagundurik traktore gainean auzoz auzo ibili. Ez dago gerra aurreko baserririk orain gure herrian, etxeak pisu bihurtu dira eta 600 biztanleko herria 12.000koa da gaur egunean. Horrela industrigune artean, langile auzoetako kale zein plazetan ibiliko gara larunbatean. Ez gara etxez etxe eskean arituko baina urteroko moduan bizilagun eta auzo elkarteek kalera aterako dituzte jan edanak. Euri zein eguzki, kantu, dantza eta kontu elkarrekin une polit bat pasatu, neguari aurre egin eta udaberriko indarrak esna daitezen eskatzeko.
Zaharrengandik gazteetara berreskuratu dugu gure inauteria, ez bereziki folklore edo tradizio ikuspegitik iraganeko ohitura bat berregitea helburu izan dugulako, baizik eta inauteriari funtsa, sustraia eta zentzua eman nahi izan diogulako. Herriko desfile inauteriak ez gintuen guztiz betetzen, herriarekin loturarik gabe ikusten genuen, uniformizatu nahi gaituen kultura globalaren menpe, indar gabe sentitzen genuen inauteri “ofiziala”· horregatik hasi ginen buruari eraginez beste aukera sortzen.
Zaila izaten da inauteri herrikoi bat inguru industrial batean irudikatzea, baina egin genuen, oinarrian pertsonen beharrak berdinak baitira izan baso edo kale, toki eta alde guztietan. Horregatik dugu inon baino beharrezkoago Euskal Herriko metropoli handienaren orbitan, kapitalak guztia erauzi eta jendearen arteko sareak desegituratuen diren tokietan; herriarekin, iraganarekin eta elkarren artean lotzen gaituzten esparru kolektiboak sortzea. Gure barne oreka topatzeko, erakustaldi zein emanaldi prefabrikatuetatik kanpo, dantza eta kantuak naturalki ondo sentiarazten gaituzten eran egiteko. Belaunaldi desberdinen topaleku diren guneak sortu, auzo zein arlo ezberdinetako jendeek elkar ezagutu eta azken finean herria indartzeko. Banaka isolatu nahi gaituen kontsumo gizartearen aurrean, baikara gu, norbait eta zerbait munduan. Gure herri identitatea eraikitzen ari gara, auzolagunen arteko harreman eta bizipenetatik; sormena, ametsak eta ekimena herritarren eskuetara itzul daitezen. Horretarako egiten dugu Carrascoliendas, industri inguruan ere, udaberria etor dadin eta bizia birsortu, oilar beltzak kukurruku egin dezala, ondo pasa larunbatean.