Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Gabriel Korta, existitu [ez] zen olerkaria
Atalak: bAst
Gabriel Korta, existitu [ez] zen olerkaria
“Harri hautsiak” izeneko poema-bilduma prestatzen ari zela ezagutu genuen Gabriel Korta Rekarte poeta. Egunero idazten zuen, horretara emana zegoen, pentsio txiki bat jasotzen baitzuen eta bizimodu apal batean, indarrak idaztera eta irakurtzera zuzentzen zituen.
Beti poesiari emana, hitz lauz apenas idatzi zuen. Auden poetaren euskal itzulpena astiro, oso astiro, irakurri zuen, eta benetan zirrara eragin zion. Era berean, Paul Eluard, Andre Breton, eta beste poeta batzuk gogo handiz irakurri zituen. Euskal poeten artean Joxean Artze, Xabier Lete, Gabriel Aresti aipatzen zituen, besteak beste. Joxean Artzerekin harremana izan zuen eta asko miresten zuen Kortak usurbildar olerkaria eta honen lana. Jakina, ez zen aipatutako egile horietara mugatzen, maiteak zituen klasikoak ere, Dao de Jing, Lao Zi-rena, eta Epikuro-ren lan guztiak, arretaz eta xehe irakurriak zeuzkan, esaterako. Aldiro irakurtzen zuen bere oso gustuko filosofoa ere, Friedrich Nietzsche, beti sakona iruditzen zitzaiona. Maiz itzultzen zen harengana, haren idatzietara.
Bere burua komunistatzat zeukan, gaztetan militantea izana zen, eta gizarte-auziaren kontzientzia handia zeukan. Gizartearen maila-banaketa argi zekusan: Lunpena, herri xehea, burgesia txikia eta burgesia handia. Baita ere, gizartean eragina duten beste eragileak aztertuak zituen: sexua, arraza, ideologia, adina…
“Estigma” hitza maiz aipatzen zuen, berarengan bizi izan baitzuen. Bizitzan zehar gaixotasuna izan zuen, denborarik gehienean medikamentuekin ongi kontrolatua, baina batzuetan osasun-etxean ingresatzera eraman zuena. Gaixotasunaren eraginez harreman asko aldatu zitzaizkion. “Psikiatrizatuen” taldean egon zen hainbat urtez, eta bazterkin kontzientzia izan zuen beti, pertsona markatua zela, eta jendeak bazter uzten zuela. Berak onartzen zuen, halere, bakartzeko joera zeukala, bere baitan egotekoa, eta aldi berean “nola behar ditudan besteak” zioen.
BADAGO HARITZ BAT/Bideak narama/nire mendira,/badago haritz bat;/lore txiki eta ezkurren artean,/bere gerizpea/ez da niretzako soilik./Oi! Nola behar ditudan besteak…
Bakartze eta gizarteratze horren arteko kontraesana garbi-garbi aitortzen zuen, bazekien kontraesankorra zela, denok garen bezala.
Gabriel Kortaren idazkera soila da, hitz zailik gabea, eta ulergarria. Irakurle batzuen aburuz, erabiltzen zituen gaiak tristeak ziren, eta idazlearen bizitzaren isla izanik, ez da harritzekoa ere. Gai mamitsuak erabiltzen zituen bere olerkietan, erroetara jotzen zuen, eta muinetik mintzo zitzaion munduari. Gaztetako lehen liburuak (Isiletik eta Okaranak 1986) Lur eta Susa argitaletxeekin atera zituen, hurrenez hurren, eta gero urte mordoxka argitaratu gabe egon ostean, bera autore-editore aritu zen lan guztietan. Bere pentsio txikitik pixkanaka aurrezten zuen dirua eta behar adina biltzen zuenean liburua egiteko, aurrekontua eskatzen zuen inprimategian. Zarauzko Itxaropena inprimategira gustura egiten zuen itzulia; beti ongi hitz egiten zuen hango jendeaz. Ondoren liburua aurkeztu, elkarrizketa bakan batzuk egin eta kritikarien erantzunari itxaroten zion, egunkarietan.
Harri Hautsiak liburuan bi olerki musikaturik atera zituen (Bertsotxo batzuen hazkureak -ezkur aletxo bati- eta Mendi, lahar eta baso), partiturekin, Jon Goenagak eginak eta aurkezpenean pianoan emanak. Ondoren errezital batzuk etorri ziren. Jose Luis Padronen hitzaurrea dakar liburu horrek.
2017an “Maitasunaren indarra” liburua aurkeztu zuenean, Donostiako Garoa liburu-dendan, Itziar Navarro gitarra-jotzaileak lagundu zion errezitaldi hartan.
Hatsa elkarteak, Senperen, antolatzen duen urteko poesia antologian parte hartzen zuen, oso gogo onez, eta beste olerkari batzuentzat bezala, Hatsa zen uharte bakarra, bakardade literarioaren itsasoan. Auxtin Zamorak gidatu eta artaz egindako liburuetan atsegin handiz parte hartzen zuen, eta ahal zuen heinean, urteko liburu aurkezpenera joaten saiatzen zen. Hatsa elkarteko kide asko ezagutu zituen eta horrek zabaldu zion bere harreman-sarea, besteak beste. Zumarragako ilunabar literarioan parte hartu zuen. Errenteriako Zintzilik irratian hainbat saio egin zituen, poesia errezitatzen bezala mahai-inguruan. Eta horri esker, grabaturik geratu dira, Gabrielen ahotsean, hainbat olerki eta kanta-hitz.
Neuk batzuetan, esan ohi nion, erdi-brometan: “Hiru zarete, hiru: Gabriel Aresti, Gabriel Celaya eta Gabriel Korta”. Eta irribarre egiten zuen. Baina existitu al zen benetan Gabriel Korta izeneko olerkaria? Gutxi batzuontzat asko existitu da Gabriel Korta, eta asko batzuentzat ez da existitu batere. Zorionez, hor dira haren liburuak, irakurri nahi dituenarentzat. Eta ondorengo belaunaldientzat.
Diot liburuaren aurkezpena Zintzilik Irratian egin zuenean eta olerkiak grabaturik utzi, honako sarrera hau egin zuen: Sinesten dut arima sentiberek badakitela non dagoen poesia eta non hautsa, apaletan eta altzarietan utziko dut oraingoz denboraren menpe oraingoz azkenengoa. Nik poesia eskaini nahi dizuet. Bizitzak ematen dizkigu poemak, berri onak bezala, ez naiz azpietan gordeko xomorroak bezala. Poema hauek ditut zuei eskaintzeko. Aurrerantzean zuek izango zarete epaileak. Ez dago nire esku, zeren nire iritzia oso subjektiboa baita, jakin irakasle gehienek ez zutela nigan ikasminik sortu. Beraien errua izan zen. Ez da zilegi. Nik nire borondatez ikasi dut dakidana, dakidan gehiena, traumatikoak izan ziren nire ikasketak. (gauza bat da homosexualitatea onartzea eta bestea da traumatizatuta egotea asunto horrekin, praile nazkagarri batek ez ninduelako bakean uzten, sexu-gehiegikeriak jasan nituen. Traumatsuak izan ziren neure ikasketak) Ni naiz izan nahi nuena, txarrerako eta onerako. Zorionezkoa ez zen poema bat egin nuen. Errekak eraman zuen musika eta guzti. Gero poesiari heldu nion, haur batek bere amaren eskuari heltzen dion bezala. Gaztea nintzen eta nire burua poeta bezala autodeterminatu nuen (autodeterminatu herriak egiten dira, baina ematen badizute lizentzia poetikoa, poeta bezala autodeterminatu nuen neure burua). Beti notatxoak jasotzen nituen karpetatxoan. Gehiago zen sentitzen nuena idazten nuena baino. Beste askok bezala, garaiak baitziren ziren bezalakoak, klandestinoa izatea erabaki nuen. Nik nire karpetatxoa nirekin neraman beti, poesiaz betea. Eta azkenik, espero ez nuen bide triste batetik iritsi nintzen poeta bat bezala bizitzera. Hamazazpi urte nituenean poesia izan zen nire nortasun eta nire askatasun espazio propioa. Ez al da ba horrela? Ni, hasi nintzen kantak egiten, eta konturatu nintzen neuk kantatzea baino nahiago nuela beste batek kantatzea eta nik letrak egitea. Ez dakit zergatik hori buruan sartu zitzaidan eta nire musika egin nuen momentu horretan, utzi bakean, musika galdu egin nuen. Nik bakarrik ezin nituen kantak egin. Hori izan zen nire lehen poesia pausoa. Gero poesiari jarraitzeko, sakontzeko eta aurrera jarraitzeko. Hori nahi nuelako. Poesia arma bat dela esaten dute, ez desestimatu poetak, ez desestimatu inor, poesia aberastasuna da eta, karisma izatea, hori beste kontu bat da.
Azken urteotan Hurkoa elkarteak lagundu dio egunerokoa kudeatzen. Esan gabe doa senitartekoek pazientzia handiz lagundu diotela beti, ez baita izan erraza Gabrielekiko harremana inorentzat. Ezta lagun izan garenontzat ere.
Oh, Gabriel, hire poemako siriarra bezala, denetatik, denengandik partitu haiz!
Gabrielen heriotzean, Zintzilik Irratiak, Errenteriakoak, bere webgunean, Diot audio-liburua entzuteko aukera ematen du, egileak bere ahotsez grabatua. Irrati librea, Gabriel bera bezala, hari batetik zintzilik, Gabriel bera bezala.
Hark oinordetzan utzi dizkigu liburu hauek: Isiletik (1980), Okaranak (1986), Harri hautsiak (2002), Laugarrenak lau –aurreko hiru liburuak gehi Testigantza- (2010), Diot (2013), Elurra galtza motzetan (2012), Maitasunaren indarra (2016). Mila esker, Gabriel.
Iñaki Bastarrika-Izagirre
kazetaria