Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Aviraneta
Atalak: bAst
Aviraneta
Urte asko eman ditu liburu honek etxeko kaxoi batean sartuta, eta orain agerira atera nahi izan du. Pio Barojak idatzia da, eta pertsona ospetsu historiko bat du gaitzat, Eugenio de Aviranetaren bizitza baitakar. Lehen bi kapituluetatik pasarte batzuk hautatu ditugu hona ekartzeko. Eta baita karta bat ere. Cesárea de Goñi andrea Pío Barojaren izeba zen eta karta hau bidali zion ilobari:
CESAREA DE GOÑI ANDREAREN KARTA
Donostia, 1912ko martxoaren 1ean.
Pío iloba maitea: Poz handia eman dit zure karta jasotzeak, uste izanik hona etorriko zinela. Eugenio de Aviranetaren oroitzapen-liburua etxetik desagertu zen. Eugeniori buruz xehetasun hauek gogoratzen ditut: Frantziara erbesteratu zuten ez dakit noiz, Josefina izeneko batekin ezkondu zen, sortzez Tolosakoa, eta Lersundi jenerala izan zuen ezkontzan aitabitxi.
Ezkonduta, Josefinarekin batera etorri zen San Martin auzora bizitzera, Olasagastiren apopilo. Gure Carmenek urte gutxi zituen arren, gogoratuko da agian hartaz. Egunero, eguerdiko ordu batean, tertuliaz etortzen zen gu bisitatzera. Bi zakur zeuzkan, Píramo eta Tisbe. Mundu guztiaz trufatzen zen eta euskaraz hizketan ondo zekien. Josefina eta bera Madrilera joan ziren, eta han hil zen Eugenio. Alarguna berriro itzuli zen Olasagastiren etxera, eta gitarra jo eta kantatu ohi zuen. Etxe horretan hil zen bera, senarra zendu eta handik urte gutxira. Ez dakizkit datak. Utzi zituen paper guztiak erre zituztela esan zuten.
Aviraneta Irungoa zen, neure amaren lehengusua. Neure aita baino urte gutxi batzuk zaharragoa zen. Gogoan dut peluka eramaten zuela, Justo Lazcanoteguik egina, barberuak; zerbait ezkela zen, oso isekaria, ernaia inor ez bezala. Lorenzo de Alzate ene osabak esaten zuen politiko handia zela. Esan ohi zuen zenbait aldiz egon zela heriotz-zigorrarekin. Denei ene goraintzi goxoak. Besarkatzen zaitu, maite zaituen zure izebak,
CESÁREA DE GOÑI
Aviraneta o la vida de un conspirador
[Aviraneta edo azpikari baten bizitza]
Pío Baroja
I Pertsonaiaren jaiotza
Gure heroiaren izena Eugenio de Aviraneta e Ibargoyen Echegaray y Alzate zen.
Denbora askoan pentsatu nuen Irunen jaioa zela; Almudenako parrokian, Madrilen, jaiotza-agiria aurkitu nuen arte. (Agiria)
Ikusten denez, Aviraneta, jatorri euskotarrekoa izan arren, Madrilen jaioa zen. Aita gortera etorri zen ikasketak egitera eta hemen ezagutu zuen emaztea, militar baten alaba. Abokatua zen, izen on samarrekoa, eta oso bezero onak zeuzkana. Aviraneta jaio aurretik, auzi bat aldeztu zuen Sacramentuko mojen fabore, eta hauek, ordainetan, komentuaren jabetzako etxe bat utzi zioten bizitzeko, komentuaren ondoan, Estudio de la Villa kalean, 10. zenbakian. (…)
Aviranetak odol frantsesa zuen -aita normandiarra zuen, ene izeba Cesarea de Goñi-k esaten zuenez-. Alzateen aldetik (Berakoak) frantses nahasia zen, familia hau ahaidetua baitzegoen Pirinioaz haraindiko beste batzuekin. Alzate horietako bat Montaigne-ren amonarekin ezkondu zen.
Aviranetak bi arreba zeuzkan: Antonia Cecilia eta Antonia Juana; bata bera baino zaharragoa eta bestea gazteagoa. Neskato mardulak, altuak, izan ziren, eta mutila txikia eta kakanarrua; baina kakanarru izanagatik, ez zen sekula gaixo egon.
Hotz nahiz bero, egiten zuelarik abuztu madrildarreko eguzki galda harriak ere urtuko dituena, edo zeudelarik iturria eta putzuak izoztuak, Eugeniorentzat gauza bera zen; kalea maite zuen ororen gainetik.
Haurtzaro guztian bi eragin izan zituen: etxekoa eta kalekoa; eragin horiek hain ziren elkarren aurkakoak, hain kontraesankorrak, ez zegoen batez beste egiterik.
Haren aita, don Felipe, garai haietarako ideia modernoak zituena zen; baina hala ere, beti oso bena eta zeremoniatsua zen. Funtsean, errejimen zaharraren kezka guztiak zeuzkan, pixka bat bigunduak, beraren filosofia-joeraren eraginez.
Don Felipek gehien onesten zituen pertsonak, maiz etxera zetozen bi lagun ziren, don Domingo de Larrinaga, Eugenioren aita-pontekoa, eta don Juan Ignacio Arteaga. Hirurak Bergaran ikasiak ziren eta garai hartan herri horretako kolegioan ematen zen irakaskuntzaren oso aldekoak.
Pixka bat zentzugabea dirudi, Madrilen bizi den mutiko bati kulturgune eredu gisa bi herri koxkor jartzea: Azkoitia eta Bergara; baina kontuan hartu behar da, orduan Madril Espainiako lekurik atzeratuenetakoa eta arloteenetakoa zela. Hainbeste mintzatzen ziren aita eta lagunak bi herri horiez, mutikoak irudikatzen baitzuen han gizonik zaharrenak, bizar zuria okotzean, eskolara joaten zirela.
Etxean arnasten zen errespetuzko giro horrekin batera, kalean ipar-haizea zorrotz zebilen, Vistillas, Puerta de Moros, Cuesta de la Vega, Lavapies-en, bizarra egiteko labanak bezala ebakitzen zuena.
Madril zaharreko kalexka zaharretan zehar, orduan hats lodi bat aditzen zen, herri xehearena, manolotasun bortitz, lazgarri, lotsagabearena.
Garai hartan, Puerta de Moros eta Alamilloko plaza arriskutsuak ziren, Sierra Morenako mendiarteak bezain. Madrildar bidegurutzeetan, nagusi ziren maltzurkeria, zakarkeria, hitz gogorra, txiste isekari erasokorra. Labankada ematen zitzaion inori, di-da batean, eta goizeko artizarrari aurpegian ebaki bat egiten.
Orduan Madrileko jende txiroa guztiz basatia zen, eta auzo apaletako etxeetan ijito-leizeetan bezala bizi ziren.
Madril mirarien gorte handi bat zen.
Alde guztietatik eskaleek eta elbarriek beren deformazio eta zauriak erakusten zituzten; itsuek lelo etsigarriak kantatzen, prozesioak eta errosarioak. Katolizismoaren misteriorik metafisikoenek ere balio zuten bihuelaren doinuak lagunduta kantatzeko; eta bandidoen erromantzeak aldizkatzen ziren santuen bizitzekin eta harreman miraritsuekin.
(…)
Prestaketarik gabe, kulturarik gabe, bitartekorik gabe, hartu zuten orduko espainiarrek herrialdearentzako unerik zailena. Arbasoek utzitako eraikina pitzatzen ari zen, behera zetorren. Aberriaren krisia zen, inperio kolonialarena, eta aldi berean absolutismoarena, Inkisizioarena, bizitza antigual guztiarena.
(…)
(Eugenioren aitak) nahiago zuen semea merkataritzan aritzea (militar izatea baino).
Ordutik, Eugeniok merkatari izan behar zuenez, ikasketak aldatu zituen eta frantsesa praktikatzen eta liburu-jabetza ikasten hasi zen. Bidaiatzeko erabakiak abenturazalearen ustea eman zion, eta oldar handiagoa kaleko bihurrikerietan.
Haren amak erabaki zuen frantsesa hobeto ikasteko Irunera joan zedin, bere anaia baten etxera, Mexikora joateko behin-betiko data ezarri bitartean.
II Gazte-garaia
Haren osaba Fermin Esteban Ibargoyenek denda txiki bat zeukan Irunen, kale nagusian, herriko denda horietarik bat, denetarik aurkitzen denetako bat. Bi iloba andrazko ezkongabeekin bizi zen, hauek beti mostradorean.
Dendariak, berekoi guztizko, atsegintasun nausale batekin hartu zuen Aviraneta; adierazi zion espero zuela gaiztakeriarik ez egitea, eta zenbat eta zentzudunago aritu, orduan eta askatasun handiagoa emango ziola.
Esan zion, halaber, amak gomendatu bezala, eskola batera joan zedila, eta Mariano Arizmendi-renera eraman asmo zuela, adin horretako mutikoei erakusten baitzien matematika eta fisika hastapena, liburu-jabetza eta frantsesa, eta joan zitekeela eskolara edo ez joan, bera ez zela galdezka ibiliko nola jokatzen zuen.
Don Mariano Arizmendi maisua lagun bat izan zen Aviranetarentzat. Gizon erlijiosoa zen, baina ez itsutua, bazuen bizitzeko aski diru eta eskolak zaletasunez ematen zituen. Atsegin handia hartzen zuen familia pobreko mutikoren batek dohainik klasetara joateko eskea egiten zionean.
Irunen denbora bat eman ostean, gazte madrildarrak guztiz galdu zuen Vistillas auzoko azentua eta euskaldun baten hizketa eta ohiturak hartu zituen.
-Eugenio ari da Aviranetatzen- esaten zuen broman Mariano maisuak.
Irunen pasa zuen bigarren udan, Fermin Esteban osabak, Baionan ahaideak baitzeuzkan, mutikoa hiri horretara bidali zuen denboraldi bat pasa zezan.
Ahaide horiek, etxean hartu baitzuten, merkatari txikiak ziren, errealista erabatekoak; gau guztietan errezatzen zen Luis XVI.aren arimaren alde eta Maria Antonietarenaren alde eta Napoleoni Buonaparte esaten zioten.
Espainiaz ideia zentzugabea zuten, kondairako herrialdetzat zeukaten, eta Eugeniori egiten zizkioten galderekin, hau txundituta geratzen zen.
Han egin zen Eugenio masoi; logia Bourgneuf karrikaren eta gaur Lafitte deitzen denaren artean zegoen. Masonerian sartzeko zeremonia ez zuen apartekorik izan: buruzagiek galdera batzuk egin zizkioten eta ondoren zenbait pertsona aurkeztu zizkioten, horien artean espainiar batzuk. Egun hartatik Aviranetak adiskidetasuna izan zuen errepublikar frantses askorekin eta emigratutako aberkideekin, gauez logian elkartzen baitziren, eta egunez Gosse liburudendan.
Han ezagutu zuen Rafael Martinez, jesulagun ohia; Arrambide fraide ohia, El Amante de las Leyes y el Rey idatzi zuena; Hevia, Santibáñez, Eguía, Pedro Beunza eta honen aita, zeinaren etxera joaten baitziren kafea hartzera. Aita-semeak lanik gehien eta gogotsuen egin zutenetarik izan ziren 1814an eta 1823an zapuztutako Konstituzioaren alde.
Emigratutako horiek gogoan zeukaten gure aberkide batzuk, Terrore garaian Baionako Klub Jakobinoko kide izan zirenak. Marchena abadeaz kontatzen zituzten anekdota gehien.
Oso gustura bizi izango zen Eugenio emigratu espainiar haien artean, beraren joera eta politika grinak zituzten haien artean; baina oporrak amaitzear zeuden eta Irunera bueltatu behar zuen. Ordutik gogo handia izan zuen ikasteko, eta nola Irunen zaila baitzen liburuak eskuratzea, Baionara eskatzen zituen. Dendariaren etxeko bere koartoan Aviranetak irakurri eta gai politikoez pentsatzen zuen; egunetik egunera errepublikarragoa sentitzen zen; Danton eta Robespierre ziren haren heroi gogokoenak.
Orduan erabaki zuen Irunen Elkarte sekretu bat eratzea. Bost mutil elkartu ziren. Elkarteak El aventino izena izango zuen. Aviranetak kideei esplikatu behar izan zien zer esan nahi zuen Aventino horrek. Hogeita zazpi afiliatu izatera iritsi ziren, Irun, Donostia, Donibane Lohitzune eta Hondarrabia artean. El Aventino-k gauza graziadun batzuk egin zituen, ez ziren Historiara pasa, baina zeresan handia eman zioten jendeari.
(…)
Horrela kontatzen du Pio Baroja idazleak Aviranetaren bizitza joan-jineko aspergaitz gazdunaren hastapena.
Aviranetari buruz ikuspegi orokorra izateko, hemen duzue esteka hau: http://zm.gipuzkoakultura.net/19mendekohistoriamilitarra/biografia-aviraneta.php?titulo=EUGENIO%20ABIRANETA.%20(1792-1872)&negrita=eua