Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Sapiens eta untxi fluoreszentea
Atalak: bAst
Sapiens eta untxi fluoreszentea
Yuval Noah Harari historialari israeldarraren lana da Sapiens liburua, azpititulutzat Gizadiaren historia labur bat duena. Munduan hizkuntza askotara itzuli den liburua dugu.
Beti da tentagarria “guztia” jasotzen duen liburu bat irakurtzea, “Munduaren historia” erako bat eskuetan hartzea. Horietakoa dugu Sapiens izeneko hau. Zure senitartekoak ez dira agertuko, baina ikuspegi orokorra ez zaizu faltako. Laurehun orrialde pasatxokoa da. Liburu honek lau atal dauzka. Lehena: Iraultza kognitiboa. Bigarrena: Laborantzaren iraultza. Hirugarrena: Gizadia bateratzea. Eta laugarrena: Iraultza zientifikoa. Asko-asko laburtuz: Burua, aitzurra, kultura, zientzia, dira aztergaiak, hurrenez hurren.
Hiru iraultza garrantzitsuk markatu zuten historiaren garapena: Iraultza kognitiboak historia abiarazi zuen, duela 70.000 urte inguru. Laborantzaren iraultzak lastertu egin zuen, duela 12.000 urte inguru. Iraultza zientifikoak, orain dela 500 urte arte hasi ez zenak, amaitu dezake historia, eta beste zerbait arras desberdina abiarazi. Liburu honek kontatzen du hiru iraultza horiek gizakiengan eta haien bizikide izan diren organismoetan nolako eragina izan duten.
“Historiako iruzurrik handiena” izeneko atalean hau defendatzen da, biltzaile-ehiztariak laborari bihurtu zirela, bai, baina ez zela hainbesteko aurrerapena izan hori. Hau da, fruituak bilduz eta basoan ehizatuz zebiltzan haiek lurra lantzen hasi zirenean, aldaketa handia etorri zitzaiela, baina ez beti onerako. Erosoago eta oparoago bizitzen hasi zirela, baina beharbada ez hobeto. Ume gehiago zituzten, behar handiagoak, uzta-ezaldietan gorriak ikusi beharra,…
Paradoxaz, bizimodua errazteko asmoz egin zen “hobekuntza” sail batek errotarri bat ezarri zien laborari haiei lepoaren inguruan.(…) Jendeak benetan lan gehiago egiten zuen. Baina jendeak ez zuen aurreikusi haurren kopurua handituko zela, eta, horren ondorioz, gari-soberakina haur gehiagoren artean banatu beharko zela.(…) Ez zuten aurreikusi janari-iturri bakar batekiko mendekotasuna handituz, lehortearen atzaparretan jausteko arrisku handiagoa zutela. Laborariek ez zuten aurreikusi, ezta ere, urte onetan gainezka izango zituzten aletegiek lapurrak eta etsaiak tentatuko zituztela, eta horrek behartuko zituela harresiak eraikitzera eta zaintza egitera.
Eta hirugarren atalean, Gizadia bateratzea izenekoan, “kultura” zer den esaten zaigu.
Laborantzaren iraultzaren ondoren, gizarteak are gehiago hazi ziren eta konplexuagotu egin ziren, eta ordena soziala sostengatzen zuten konstruktu imajinatuak, aldi berean, landuagoak bihurtu ziren. Mitoek eta fikzioek jendea modu jakin batzuetan pentsatzera, arau jakin batzuen arabera portatzera, zenbait gauza nahi izatera, eta zenbait erregela errespetatzera ohitzen zuten, ia jaiotzen ziren unetik beretik. Haien bitartez sen artifizialak sortzen zituzten, eta sen horiek ahalbidetzen zuten elkar ezagutzen ez zuten milioika pertsonak modu eraginkorrean lankidetzan jardutea. Sen artifizialez osaturiko sare horri “kultura” deritzo.
Laugarren atalean, iraultza zientifikoa baita, honela esaten da:
Azken bost mendeotan, gizakiek gero eta gehiago uste izan dute beren ahalmenak handiago egin zitzaketela, ikerkuntza zientifikoan inbertituz gero. Hori ez zen fede itsuaren kontu hutsa izan: behin eta berriz frogatua zen era enpirikoan. Zenbat eta froga gehiago izan, orduan eta gertuago zeuden pertsona aberatsak eta gobernuak zientzian inbertitzeko. Ez ginen inoiz gai izango Ilargiaren gainean ibiltzeko, mikroorganismoak aldatzeko eta atomoa zatitzeko, inbertsio horiek egin gabe. AEBetako gobernuak, adibidez, azken hamarkadetan milaka milioi dolar xedatu ditu fisika nuklearra ikertzeko, eta ikerketa horiek ekarri dituzten ezaguerek ahalbidetu dute energia nuklearra sortzeko zentralak eraikitzea. Estatubatuar industriei elektrizitate merkea eskaintzen diete zentral horiek, eta zergak ordaintzen dizkiote AEBetako gobernuari, eta honek zerga horietako batzuk fisika nuklearreko are ikerketa gehiago finantzatzeko erabiltzen ditu.
Iraultza etengabea izeneko kapituluan, industria-iraultzari buruz, hau aurkitzen dugu:
Industria-iraultzak energia eraldatzeko eta salgaiak ekoizteko era berriak urratu zituen, gizadia bere inguruko ekosistematik neurri handi batean askatuz. Gizakiek oihanetako zuhaitzak moztu, padurak drainatu, ibaiak presez eutsi, lautadak urez bete, dozenaka mila kilometro trenbide ezarri eta etxe orratzez betetako metropoliak eraiki zituzten. Homo sapiensak, mundua bere premietara egokitzeko moldatzen zuen neurrian, habitatak suntsitu eta espezieak desagerrarazi zituen. Gure planeta, behiala berdea eta urdina zena, hormigoi eta plastikozko merkataritza-gune bihurtzen ari da.
Aurrerago, bakea gure garaian azpiatalean hau dakar: Jende gehiena ez da konturatzen bizi garen garaia zein baketsua den. Gutako inor ez zegoen bizirik orain 1.000 urte, eta horregatik erraz ahanzten dugu lehenagoko mundua askoz ere bortitzagoa izan ohi zela. Eta gerrek, zenbat eta bakanagoak izan, are arreta handiagoa erakartzen dute. Pertsona askoz gehiagok pentsatzen dute gaur Afganistan eta Irak astintzen dituzten gerretan, brasildar eta hindu gehienek bizi duten bakean baino.
Badago, hausnarketarik, zorionari buruz ere.
Baina zoriontsuagoak al gara? Azken bost mendeotan zehar gizadiak metatu duen aberastasunak gogobetetze berriak ekarri al ditu? Energia-baliabide ezin agortuzkoak aurkitzeak zorion-biltegi ezin agortuzkoak ireki al ditu gure aurrean? Denboran atzerago joanez, Iraultza kognitibotik gutxi gorabehera iragan diren 70 mila urteek mundua bizitzeko leku hobea izatea egin al dute? Zoriontsuagoa izan al zen duela gutxi zendu den Neil Armstrong, zeinen oinatzak Ilargiaren azal haizegabearen gainean ukitu gabe dirautenak, Chauveteko haitzuloaren horma batean duela 30.000 urte bere eskuaren hatzak utzi zituen.
Gaur egungo aurrerapen eta ikerketek, harridura eragiten dute maiz, eta beldurra askotan.
Gaur egun, hautespen naturalaren erregimenak, 4.000 milioi urte dituenak, aurrean desafio erabat bestelakoa du. Mundu guztiko laborategietan, zientzialariek izaki biziak genetikoki manipulatzen dihardute. Hautespen naturalaren legeak inolako inpunitatez hausten dituzte, organismo baten jatorrizko ezaugarrien mugak ere aintzat hartu gabe. Eduardo Kac-ek, brasildar bioartistak, 2000. Urtean artelan berri bat sortzea erabaki zuen; untxi berde fluoreszente bat. Kac-ek, frantses laborategi batekin harremanetan jarri, eta kopuru bat eskaini zien untxi berde fluoreszente bat bere xehetasunen arabera ekoizteko. Frantses zientzialariek untxi zuri arrunt baten enbrioia hartu, haren DNAn marmoka berde fluoreszente batetik harturiko genea ezarri eta voilà! Untxi berde fluoreszente bat monsieur-entzat. Kacek untxia Alba izenaz bataiatu zuen.
Hamaika ikusteko jaioak gara. Hala dirudi, orain artekoa eta datorkiguna ikusirik. Liburu mardul honek errepaso ederra ematen dio gizadiaren historiari eta benetan eskertzekoa da horrelako lan bat gure eskumenean jartzea. Dibulgazio lan bat izanik, hitz tekniko gehiegirik ez du eta ulergarriak dira hor esaten direnak. Argazki batzuk ere badakartza liburuak, osagarri onak inondik ere. Liburuaren gabezien artean aipa daitezke, gure ustez, honako hauek: Itsasoak eta itsasertzetako jendeen bizimoduak liburuan duen aipamen arina, izan ere, ehiztari-biltzaileak egon baziren -orkatzak ehizatu eta ezkurrak biltzen zituztenak esaterako-, egon ziren eta badaude orain ere, arrantzale-biltzaileak -antxoak arrantzatu eta txirlak biltzen dituztenak esaterako-. Halaber, Afrikako herrialdeek eta Txinak, adibidez, pisu gutxi dute liburu honetan, gure uste apalean. Kontuan izan behar dugu Jerusalem eta Oxford-eko unibertsitateetan aritu dela Yuval Noah Harari historialaria, eta horrek beti eragingo zuela informazioa biltzean. Ez legoke gaizki liburuaz ikazkinek, arrantzaleek, emaginek zer dioten jakitea. Zorionez arkeologiak datu zehatz jakinak ematen ditu, eta mugarri horiek esanguratsuak izan daitezke, gertaera-katearen kontakizuna osatzerakoan. Aurki guk ere azal fluoreszentea izango dugu. Ai, sapiens sapiens!