Berriz Irigoien
Berriz Irigoien
Juan Goytisolo idazlea kalean zihoan batean irakurle bat hurreratu zitzaion eta esan zion azken liburua asko gustatu zitzaiola. Goytisolok galdetu zion ea zenbat aldiz irakurria zuen liburua. Irakurleak erantzun zion behin irakurria zuela. Orduan Goytisolok: “Bietako bat, edo zu irakurle txarra zara edo ni oso idazle txarra”. Berrirakurketaren aldekoa zen. Berak urtero gustuko pare bat autore hartzen zituen eta obra osoa berrirakurtzen zien.
Irigoien berrirakurtzen hasteko ordua dut. Batetik, Joan Mari Irigoienen Lur bat haratago eleberria, eta bertzetik, Imanol Irigoienen Argiaren barne-distantziak olerki liburua.
Argiaren barne distantziak. Laburpena (liburuaren kontrazala)
“Nahiago dut ilunpea argiaren infernuetan galduta ibiltzea baino” idatzi zuen behin Maria Zambranok eta hitz horiexek jarri ditu Imanol Irigoienek bere saio poetikoaren atarian. Irigoienek, pintore ere baden aldetik, badaki gizonaren destinoa dela ilunpetan bizitzea, baina gizonagotzen gaituena argiaren bila saiatzea dela. Gizonagotzen gaituena da etsipenik gabe sinestea ikusten dugun argia dela gure benetako infernu, eta adimenezkoak bakarrik, begiek harrapa ezin dezaketen horrek bihurtzen duela “argiaren itzala, itzal argi”. Argi hori atrapa nahiaren fruitu da Eusko Jaurlaritzaren 1988ko “Lizardi Saria” irabazi zuen poema liburu hau, eta, Camille Corot-i parafreaseatuz, poemario honetan “badira poemak, zeinetan ezer ez egon arren, oro dagoen”. Jakina da gauzen esentziak ihesi doazela beti, “Herioaren itzal more luzeagoan izkutu arteraino”, honela argiari buruzko erreflexioa bizitzaren azken sentiduari buruzkoa ere bihurtze zaigularik. Irigoienen poema batek abisatzen digun bezala, “zenbaitetan, ametsak, heriotzaren tramoiak izan ohi dira”.
Argia aldizkarian 1989an Imanol Irigoieni egindako elkarrizketatik pasarte batzuk hartu ditugu:
“Nigan, pintura eta literatura uztarturik baino gehiago, uste dut bat direla; bi espresamolde desberdin, bata kolore eta plastikaren bitartez datorrena, eta hitzak eta beren arteko loturetatik datozen imajinez bestea. Pinturagatik arduratuago nagoen neurrian, konposizioa, koloreak eta argi eta itzalen arteko dialektika eta halakoek kezkatzen naute. Orduan konturatu nintzen plastikaren bitartez adierazi daitezkeen horiek ere hitzen bitartez, espresamolde desberdinez ere adieraz nitzakeela”.
“Nik uste dut bastante zentratzen naizela kolore zurian; ilunak eta zuriak, argiak eta itzalak. Zuria ere, finean, kolore guztien bilduma bait da”.
“Poesian ere ez zait interesatzen erretorika, eta piska bat jo dut esentziara, ahalik eta hitz gutxienekin adieraztera, poesia esentzialera edo. Joera eliminaziokoa izan dut, eta Juan Mari ere esaten nion: ‘ahal dugun gehiena kendu behar dugu; jartzea, jartzea erraza duk’. Aholku onak izan dira neretzat bereak”.
ORBELAK EREIN HAZIAK
“..que el ciervo vulnerado por el otero asoma…” san juan de la cruz
Udaberriko bide zidorrek
eguratsaraino daramate
ihintzarekin zabalduriko argia.
Eguerdiko euri goibelaren
logura hezea arnastuko du
lurrak, lur bareak, astiro.
Lanbroak hartz zuriaren kexak
bilduko ditu eta
oihanetako makal geziek
oreinkumeen nigarrak zulatuko.
Baina basazaina nekez beterik
eror dadinerako,
orbelak erein haziak
lur barearen ildoetan
lehertuko dira emankor.
EURIPEAN
Eurizko urmahela
euripean,
harro dabiltza
zisneak,
tente dabiltza
kometa txuriei
begira.
Nenufarezko
skietan,
distiratsu.
HEGAPEAN
Itzal bat hire hegapean:
Pentsamenduren batek
habia eginen din
hire burmuineko
ardaska beltzetan.
PIKONDOA
“Bertakoa, lekuan lekukoa da benetan
unibertsala, basatiek, artistek eta
laborariek dakitenez”
william carlos williams
Ene baratzeko pikuak
lau itzal bete ditu:
goizean, itzal urre,
itzal gorri, arratsaldez,
ilunabarrean, makal morearen
itzal luze,
eta gauean, itsasoaren itzal,
untzi hondoratuen itzal hila,
itzalaren itzal geldo.
Astiro irakurtzeko liburua dugu “Argiaren barne-distantziak” olerki-lan hau. Aldiko bizpahiru olerki irakurtzea aski dut, neuk bederen. Olerki batzuk ez zaizkit errazak egiten, baina berriro ere irakurriko ditut. Goytisolori kasu egingo diot. Nire gomendio apala: Hirugarren ataletik aurrera irakurtzen hasi, neuri samurragoa egin zait horrela.
Eta orain, orai, bertze liburutik, Lur bat haratago baita, pasarte batzuk. Joan Mari iriogoien zuekin.
Aitzin-solas gisa (Jaun Andre Larralderi)
(…) Bertze egun batean aitzinatu nizun bezala, neure bizitzaren gaineko liburua egiten ari nintzaizun –neure joan-etorriena eta bertze hainbat gorabeherarena-, eta, honako honetan, berriz, argi eta garbi afirma diezazuket ezen akabatu dudala trabailua eta bete dudala, halatan, neure xedea : aspaldi nerabilen asmo hori buruan, Axular handiaren antzera « gerotik gerora » utzia, batean honegatik, bertzean hargatik, estakuruz estakuru eta desenkusaz desenkusa : hondar bi urteotan, alabaina, ohikundeak eta usantzak alde baterat utzi, egiteko gibela-ezinari zimendutik eta erroetarik lotu eta, borondateari behingoz leku egiten niola, gogor bezain gotor ekin nion lanari, sukar meneraezin batek hartua bezala, Plinio Zaharraren erranari nerraiola: Nulla dies sine linea, jaun Burugogor eta andere Pazientzia lankide. Eta, horrela, egun batek hurrengorat ninderamala, eta hitz batek bertzerat, halaxe bildu ahal izan dut, hitzez hitz, neure trabailuaren ondoko uzta, zeina baita eskuan daukazuna: ene bizitzaren fruitu hitzek ondua… edo, hobeki, hitzek galdua, zeren, dakizun bezala, zenbat begi, hainbat ikuspegi, eta zeren Erromak behiala deliberatu baitzuen ezen disidenteok eta herese ustezkook aldarrikatu edo skribaturikako hitzei, mihitik edo lumatik sortu bezain fite, hatsa eta kiratsa zeriela, ustelkeriaren ustelkeriaz. Baina ez zaitez kezka, ez antsia eta ez asalda horregatik, zeren mundu honetan ez baitago gaitzik kontsolagarririk ez duenik, eta gureak ere badu: aski duzu, horretarakotz, ene hitzen fruitua mizpiren idurikotzat hartzea, zenbatenaz ustelago, hainbatenaz apetitosago eta zaporetsuago.
(…)
Honainokoan ederki ohartuko zinen bezala, Axularren skribatzeko moldeen eta stiloaren oihartzunak nabarituko dituzu enean, eta horrek ez zaitu gehiegi harrituko, beharbada, zeren, nahiz eta aitzinetik ere aditua nuen, geure prezeptore jaun Marcel izan zenaren eskutik, erretore saratarraren fama on famatua, zuhaurk egin baininduzun, bertzalde, haren miresle, Salamancako Unibertsitatean irakasle izan zintudanean, ongi dakizun bezala. Baina Axularren prosaren ederra eta haren erretorika miresten zenituen zuk artean, ez hainbertze haren dotrina, eta nihaur ere –zer bertzerik iguriki zenezakeen, bada, eneganik?-, halatsu naukazu, hark adierazi zituenetarik gero eta apartatuago eta urrunago, halako moldez, non gezurra erranen bainizuke, baldin aitortuko ez banizu ezen Gero-ren aldikako berrirakurraldiek, liburuaren mezuaz eta sgifikantzaz denaz bezainbatean, irri maltzur eta maliziosik eragin izan didatela, zeren eta, bertzenaz, betiko dotorezia eta elegantzia edireiten baitiot, neuretzat anitzetan amestu izan dudan prosaren etsenplu eta jarraibide.
(…)
Libertatea ez omen den lurra da,
eta, halatan, deus ere ez da ausaz,
zeren beti baita lur bat haratago.
- or.
-Oker zaude, aita Bartolome, zeren eta ez mundu zaharra ez mundu berria baitira mundu zabala: izarrak dira mundu zabala, eta eguzkia eta ilargia dira; eta teleskopiotik kasik gauero izarrei beha egoiten naiz, eta izarrak ez dira, ez, gaztelaniaz mintzo, zuk bertzerik erran badezakezu ere… Zeren bada gaztelania eta latina ere baino hizkuntza ederragorik, eta hori geometria da. Eta aitortzen dizut ezen euskara gaztelania baino tipiagoa eta apalagoa izan daitekeela, baina ikusi al duzu sekula loreren bat lupa batekin? Ez? Bada, zatoz egunen batean enekin alorren baterat, eta ikusiko duzu nola lorerik tipiena ere, bere tipian, handia izan daitekeen, zeren geometria akasgabe batek strukturatua den. Eta, hala, infinituki tipia dena ere infinituki handi izan daiteke… baina, geometriatik gramatikarat gatozela, ezagutzen ote duzu euskal berboaren struktura… eta sinetsiko ote didazu ezen struktura horrek pentsarazten didala ezen euskara zinez izan zitekeela Paradisuko lengoia? (…)
- or.
Eta, Mignonekin bizi izan nuen lehen esperientziaren ondotik, zalantzak berriro bururat etorri bazitzaizkidan ere, zeren eta pentsatzen bainuen batzuetan ezen deabruak baizik ezin zitzakeela biderat ene urrats gaixto haiek, eraman nindutenak, alde batetik, engainamendu hartarat, zeinaz baliatu baitzen Mignon ni galtzoinik gabe eta poltsarik gabe uzteko, eta, bertzetik, estatu nigargarri hartarat, zeren ziria sar bainiezaiokeen honi, horri eta mundu guztiari, baina ez neure buruari, eta zeren, kontu hartaz denaz bezainbatean, ezin gaitzago eta ezin irrigarriago geratu bainintzen, neure kontzientziaren aitzinean bai bederen; halarik ere, bada, zalantza haiei bertze deliberamendu hura zerraien, bulkatzen ninduena, neure erroen erroetarik eta erraien erraietatik, iraganarekin hausterat… bai amari eta bai aita Bartolomeri ere mendekua hartzerat berriro, eta nehoiz baino gogarago gainera, zeren ene lehen ahaleginean, haien aurkako mendekua ene aurka bihurtu baitzen, baina bigarrenean ez, benturaz…
Eta itzuli ginen Amsterdametik Baionarat… eta, handik hilabeterat, Holanda eta Frantziaren arteko gerla piztu aitzin, Alemaniarantz abiatu ginen –barkatuko ahal didazu, jaun André, baldin, bertze anitzetan bezala, aipatu baizik egiten ez badizkizut hango hiriak, batetik, zeren, bertzenaz, gogaikarri bihurtu arteino luzatuko bainintzateke, eta bertzetik, zeren, liburu osoan bezala, neure burua eta neure kontzientziaren joan-etorriak nahi bainituzke kontakizunaren ardatz-, Hanburgo porturat lehenik eta Lübeckekorat gero, non ahantzirik hilabete batzuk lehenago Amsterdamen egin nuen promesa, Ama Birjinari eta saindu guztiei xuxendua –zertarat behartzen ninduen, izan ere, promesa hark, baldin ez Ama Birjinari ez sainduei ez erretauletako imajinei debozione partikularrik ez banien, eta baldin promes hura egin banien, bertzalde, ez konbentzimenduak konbentziturik, baina beharrak beharturik?-, pentsa dezakezun bidetik bideratu bainituen neure poltsako sosak eta gainezka nituen indarrak, bako eta Venus gidari nituela berriro ere, kurkaz kurka eta haragiz haragi. (…)
On egin!
Ni ere orain berean ari naiz berrirakurtzen Irigoienen Lur bat haratago liburua. Prosa izugarria, pisu handikoa, ederra.
Niretako euskal prosan eragin handiena izan duen liburua da, eta ez da gainera anitz irakurri delako, ondikotz!
Merezi luke oraingo kazetariek irakurriko baluteke. lexikoa, komuztadura… harrigarria. Dena da harrigarria.
Liburu iraultzailea.
OHARRA: “Aintzin solas gisa” lehen kapitularen aurretik datorrena ez irakurtzeko esanen nioke edozeini, lehen kapitulua irakurri artean, sobera filosofiko eta trinkoegia da. Irigoienen prosara ohitu ondoren irakurri beharrekoa, hori bai!