Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria
Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria
Ismael Manterolak arrazoi du, Kultura aro berrian izenburu duen artikuluan (Berria, aurtengo sanjuanbezpera) esaten dituen gauzetan. Begi ernez atzeman eta deskribatu du bizi dugun egoera. Ia guztiz ados nago egin dituen hausnarketa horiekin.
[…] jendeak ez du erantzun, eta onartu beharko dugu museoetara joaten direnak gutxiengoa garela, eta beste gutxiengo asko bezala, ez gaude gobernatzen gaituztenen lehentasunen artean. Euskarak ez du saltzen, arteak ere ez. Euskarak ez du errentagarritasun elektoralik, arteak ere ez. Horregatik gure agintariek ez dute bi minutu baino gehiago galduko kultura COVIDaren ondorengo garaira nola egokitu pentsatzen, bi minutu baino gehiago galdu ez duten bezala hezkuntza nola egokitu pentsatzen.
Okerrena da jendeari ez zaiola inporta. Tabernak noiz eta nola zabaldu behar zituzten, futbolak noiz eta nola hasi behar zuen, eta oporrak noiz eta nola egin behar zituzten ziren gizartearen benetako kezkak. Kantabriara joateko aukera noiz izango duten jakiteak Bilboko Arte Ederren Museoa bisitatzeak baino kezka handiagoa eragiten die bizkaitar gehienei.
[…] Norbaiten bizitzan musikak edo zinemak adin jakin bateko urteak bete ditzake. Seguru asko, ikus-entzunezkoak kontsumitzen jarraituko dugu bizitza osoan, baina literaturak, arte plastikoak, musika eta zinema ez komertzialak ez dute toki handirik beteko gure egunerokotasunean. Hain zuzen, artea gizartean nagusi den kontsumo eredura ez delako gehiegi egokitzen. «Erabili eta bota», «dirua gastatu eta ondo pasatu», ez dira kulturak proposatzen dituen leloak.
Baina zergatik gertatzen da hori? Kasu ihardukimenduari!
Ihardukimendu (orotariko euskal hiztegia)
- (Dv→A (s.v. ihardukimen)).
Relación, trato. “Liaisons, commerce, relations, rapports, entretien” Dv (s.v. ihardukipen).
Ez dire gaixtaginekin zure ihardukimenduak. Dv Imit IV 13, 2 (ap. DRA; SP, Mst konse(i)llu, Ch ariarik eta egitekorik, Ip hantazione).
VINCULO-LOTURA-LIAISON teoria (Ihardukimendua)
Museoekin zer nolako lotura dugu, zein da haiekin dugun binkuloa edo liasonea ? Bertara joan eta sarrera ordaintzea al da haiekiko dugun ihardukimendu bakarra? Dirua gastatu eta gaizki pasa behar ote dugu? Museoen arazoetako bat fidelizazioa da, nola egin ikuslea berriro etor dadin? Erakusketa berriak egin,…tailerrak muntatu… eta hori aski ote? Ziurrenik ez.
- Has gaitezen adibide batekin. Bilboko Arte Ederren Museoa. Ordutegia. Ekaina: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Herrira itzultzen den azken autobusa 16:30etan irteten da Bilbotik, esate baterako. Eman dezagun arratsaldea bakarrik dugula libre, museora hurreratzeko. Nola ederretsi hango artelanak? Bilborako joan-etorria busez 10-15€ da gutxienik. Museora sarrera 5 €. Bazkaria,… Ez gaitezen engaina: Hego Euskal Herria = Bilbao + periferia. Periferikook modu onean behar genituzke zerbitzuak hurian. Gogoratzen duzue euskal hiria deitzen zen kontu hura?
- Auto bat erosteko Renove Plana baldin badago, zergatik ez proportzioan laguntza bera bizikleta bat eta akuarela bat erosteko? Autoa erosten baduzu, eta laguntza nahi baduzu, artelan bat eta bizikleta bat ere erosi behar dituzu. Bizi-arte renove.
- Hamar museo bisitatzen badituzu urtean, eskubidea izango duzu hamar kontzertutara joateko eta artelan bat eskuratzeko.
- Itzul gaitezen LOTURAra. Tabernan ezagutzen gaituzte, Kanpinean ere bai, eta museoan? Desiratzen al daude gu joan gaitezen, gure izenetik deitzeko? Eskulangileei dei egingo ote diete edo eskultoreei, museoan lanean ari daitezen, eta horren truk bazkari txukun bat emango al diete? Ismael Manterola sarituko ote dute museoen eta kulturaren alde egunkarian egiten duen lanagatik? Sarrera ordaindu eta dendan erosten dugun gizaki soilak ote gara bisitari xumeok?
- Ariketa erraz bat. Atsegin dugun egoera bat hautatu. Dituen ezaugarri onak Ezaugarri horiek museo batean zenbateraino dauden begiratu. Ezaugarri on horiek txertatzen saiatu.
- Joan den abuztuan herria hustu zen, urtero legez. Hemen oporrak pasatzea azkena da! Sikiera bizpahiru egun mediterraneoan, baina hemen geratu, si no hay nadie. Uf. Gaintxo batean jolasleku ederra dago, mahaiak, itzala, iturria, taberna, erretzeko parrilak, arratsa da, egurasteko giro ezin hobea, ez dago inortxo ere, … ah bai, han han kuadrilla bat, kantari gainera, gitarrekin. Ijitoak! Horiek badakite zer den vínculo, lotura, liaison. Pueblo edo herririk gabeak izanik… Camarón, potro de rabia y miel.
- Hiriburuetara noanean, payes itxurako jantziren bat eraman ohi dut. Azken aldian mahoizko prakak. Zalantzarik egon ez dadin. Josep Plak hori egiten zuen, txapela janzten zuen, “idazten duen payes bat naiz”. Zigarroa erretzen zuen pasieran, “adjetiboak bilatzeko”. Nik ere erretzen dut pixka bat. Estankoan puruak erosten ditut, badakit estankoarekin dudan lotura zein den. Nik dirua ematen diot eta hark nire gustuko erregaia ematen dit. Txartelarekin pagatzen diot koroaldi honetan, payes izan arren ni.
- Lagun batek adierazi dit epel samar ote nabilen blogean eta bota dit: inor ez duk ausartzen esatera Kantabriara edo bertze nonbaitera doala jendea, euskal herriaz nazkatuta dagoelako! Ba errana dago!
- Ez ote dira herriak lanerako tokiak bakarrik, lana bukatu orduko handik hanka egiteko? Olaz haraindi joateko? Ola, egurrola, ikastola,… Tabernako pattar-laketa bakarrik ote dugu? Zetarako izan ditu gaztetasun gordiña, askatasun ederra, dirua eta laket-aukera zabala? Erkiag BatB 203. Artze olerkariak kontatua: Ezagun batek galdetu zion “Joxean, ez al zoaz oporretara? Eta erantzuna: “Nik hemen egiten dixkit oporrak, moteil!”. Joxean gustura bizi zen bere etxolan, noiznahi laketuz eta egurastuz.
- Osasuna! Gero arte, geroak nahi badu.
- Berria egunkariko Jose Mari Pastor-en ‘Veranea en Euzkadi’ artikulua ere txit gomendagarria iruditzen zait.
- Ikus halaber Pako Aristiren “Idazleen zahartzaroa” artikulua.
- Denok ez gara hirietan bizi. Eta herrietan bizi garenok, ez beti herri handietan. Eta herri txikietakoak, ez beti herrigunean.
- Bilboko Arte Ederren Museoa bisitatu genuen azken aldian, areto-zaintzaile batekin solas pixka bat egin genuen, euskaraz. Nongoak ginen galdetu zigun. Herri batekoak ginela ihardetsi genion. Merezi zuela bisita gure herrira ere. Ez zait ahantziko haren aitorpen zintzoa: Asteburu honetan Londresera noa.
- Ipar Euskal Herriarekiko harremanaz edo ihardukimenduaz zer erran…Galdera bat egin diot e-postaz frantses-euskaldun lagun bati. Orain dendan gereziak daude salgai, hemen bi mota, batzuk Aragoikoak eta bertze batzuk Jertekoak [Extremadura]. Zuen dendetan nongoak dira gereziak? Erantzuna edo ihardespena hauxe izan da: Gereziak Itsasun badituk! Baina dendetan saltzen dituztenak Frantzia hego-ekialdetik heldu dituk. Eguerditan jan ditiagu batzu eta Gard departamendutik heldu zituan. Bertzela Pyrénées-orientales edo Vaucluse departamenduetatik heldu dituk. Hara!
Le Vaucluse, premier producteur de cerises
Le groupe Carrefour, comme l’ensemble de la grande distribution, se fournit dans le Vaucluse. Le département apporte à lui seul près d’un tiers des cerises consommées en France. Beaucoup de petits producteurs se sont donc réunis en coopératives pour répondre à la demande. Dans la coopérative Paysans du Ventoux, basée à Mazan et qui réunit une cinquantaine de producteurs, les cagettes de cerises arrivent par dizaines. Il faut alors les trier et les mettre en barquette. (France bleu)
- Zein da hiriekin, herriekin, auzoekin, pertsonekin dugun lotura edo ihardukimendua?
- Lotura, vínculo, liaison. Hantazio ere esan liteke.
- Museoak ez bisitatzea baino larriagoa izanen litzateke sanjuansua galtzea.
- Miren Jone Azurza eta Xole Erviti. Ariketa: Idatz ezazu bost lerro kirolari bakoitzari buruz.
- Uria ala Basauria? Berandu gabe galdeketa eginen da. Nongoa izan nahi duzu, uritarra ala basauritarra? Loteslea izanen da. Banakakoa. Uritarra badiozu behin betiko uritar izango zara eta basauritarra badiozu, behin betiko basauritar. Uritarrak ez dira sartuko Basaurian eta basauritarrak ez dira sartuko Urian. Errazago sartuko da soka lodi bat jostorratzaren zulotik, basauritar bat Uriaren sarbidetik baino.
.
Arrazoi osoa du Ismaelek, bai. Nik arrazoia ematen diot. Baina idazleren batek dio arrazoia ez dagoela edukitzerik.
Liburua gogoeta laburren bilduma bat da, funtsean. Laburtasuna ez da, nolanahi ere, aforismoraino iristen, kasu bakan batzuetan izan ezik.
Autoreak berbatura deitzen dio (eta ez literatura) darabilen hizkuntza, mintzamolde edo estiloari: ahozkotasuna izeneko esparru horretaraino mugatu gabe ere, berba edo hitzetik abiatzen dela dio bere jarduna, letra hiletik baino areago.
Mamiari dagokion aldetik, arrazoiaren jabetasuna izan liteke, zerbait izatekotan, liburuaren muina; arrazoia eduki beharrak dakarren okerra edo ezina ere bai, nolazpait. Era guztietako zerei buruzko gogoetetan agertu nahi luke autoreak egiazko arrazoi baten jabe egin ezina.
SegurOLAren liburuak aintzat hartzekoak dira!
Mila esker Ismaeli eta haren begi erneari. Eta gerezi-arbolei. Hurren arte. Osasuna!
Manterola!
Googlen klikatuz gero “hordigarria” hitza agertzen den lehenengo artikua hauxe bera da. “Embriagador” edo, Elhuyarren begiratuz gero. Nire buru erdaldunak “hordigarekin” lotu du hitza, baina ziur aski inolako zentzurik gabe. Hordigarria: Alkoholak hordiga bat ematen dizunean sentitzen den sentzazioa…edo.
Edonola ere. oso gustura egon naiz lurralde honetatik buelta bat ematen . Ez da azkena izango.