Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Bat batean nobelatto azalgorri hura etorri zen gure eskuetara… [KOLDO GOITIAren idazlana]
Atalak: bAst, Koldo Goitia
Harribitxien gordetegia ireki dut. Duela hirurogei urte neurrira egindako armairu mueblebar kutrevintage batean Xabier Gereñok idatzitako liburutxo kuttuna loxorroan daukat: `Xantaia kontesari´. Nobela laburra, maneiagarria eta arina benetan, Hermanotan nenbilela leiarazi zidatena eta betirako oroitzapen ona uzteaz gain, nére irakurzaletasunean mugarria jarriko zuena. Liburu lapurtua da, aitortu behar dut, edo hobe esanda, maileguan hartu nuena eta erreklamatu ez zidatena. Kanposantu ondoko etxe zaharretik ekarri genuena aspaldiko mudantza zalapartatsu batean. Gure etxe berrian, zuri-beltzezko Phillips telebista eta EXIN Castillosekin, kalefakzio zentralizatuaren epelean, etxekotu zen Pipa Saileko hirugarren zenbakia zuen ale hura.
Exin castillos -gaztelu bat eraikitzen ikasteko-.
Liburutto azalgorridunak, jangelako armairu dotorearen gainaldean, zintzo-zintzo, guardiak eginez, urteak emango zituen Disney faktoriako gomazko orein faltsifikatu batekin zelata-orduak txandatuz. Minbiziak jo zuen osabari laguntzeko etxe “berritik” alde egin genuen arte…
Xantaia Kontesari liburua, Xabier Gereño-rena, edari-altzariko lagunekin. Argazkia: Koldo Goitia 2020
Amnesia kolektiboaren gau eta lainoetan ia erabat amatatua dagoen Xabier Gereño bilbotar idazle, editore eta kultura-gizon nekaezinaren oroitzapena gogora ekarri nahi dut une batez; 1978an plazaratu zuen `Xantaia kontesari´ eleberri poliziakoan mehatxuak, izen onaren itzala eta manipulazio psikologikoa uztarturik aurkituko ditugu trama geroz eta korapilatsuago batean. Protagonisten ustezko sendotasunak eta barreneko ahuldadeak modu makiavelikoan ustiatuko dituzte bilbotar egilearen eskutik ezagutuko ditugun pertsonai bitxiek.
Nobelaren oinarrian dagoen azpijokoa tentsioz beteriko agertokian garatuko du idazleak. Hala, Gereñok Iruñera garamatza; Francisco Franco caudilloa ohean hil dela hiru urte igaro dira eta aurreneko hauteskundeak gobernu berria ezarri dute.
Baina agintaritza osatzen duten instantzia desberdinen artean, erreformistak demokratekin batera inboluzionista eta erreakzionarioak ez dira falta. Eta errepresioa kaleetan ere antzemango da han eta hemen. Horren adibide izango dira 1978ko Sanfermin odoltsuak.
Beraz, leku eta egun horietan kokatzea eleberriaren kontakizuna ez da ekintza inozentea. Nafarroako hiriburuan antolatu zen Emilio Molaren zuzendaritzapean Bigarren Errepublika deuseztatzeko kolpe militarra 40 urte lehenago. Beraz, ez da ez agertoki nolanahikoa jukutriak eta xantaia erabiliz aristokrata ultraeskuindar batzuei diru lapurtu, eta bide batez, hilketak eskrupulorik gabe burutzeko. Paralelismoa ikusteko aukera bakoitzak ikusiko du ikusi nahi badu.
Ez da ahaztu behar Berun Urteak zirela haiek: jendea beldur zen, gerra zibilaren mamua berriro aske zebilen eta fanatismoa zabalduz zihoan; Adolfo Suárezen gobernuari sistemaren sotoetatik bertatik boikot eta jazarpen kanpaina antolatzen zioten bitartean, Europa osoan talde armatu ugarik etengabeko tiroketak, lehergailuen eztandak eta bahiketak burutzen zituzten, burgesia eta kapitalismoaren kontrako borrokaren aitzakiaz gizarte ia osoa Stockholmeko sindromepean murgilduz.
Estatu Batuak eta Sobietar Batasunaren arteko ika-mika geopolitikoaren ondorioz,
bi potentziek urteak zeramatzaten zeharkako gerrak egiten, kolpe militarrak sustatzen eta gerrillak, sabotajeak eta talde armatu anitz antolatzen, batez ere nazio txiroenetan.
Arma atomikoek bien arteko buruz buruko gerra irekia ezinezkoa egiten zutenez, estrategia konplikatuak abian jarri ziren, kontuan izan gabe lekuan lekuko gizarteek zuten erresistentzia ahalmena eta borroka egiteko fanatismo maila. Washingtongo agintariek Vietnameko Gerran izugarrizko sarraskia eragin arren ezin izan zituzten gerrilla komunistak suntsitu; Moskuk ez zuen Vietnameko gerratik asko ikasi eta laster sartuko zen Afganistango liztor-habian.
Panorama goibela oraindik gehiago iluntzeko, 1973an hasi zen Petrolioaren Krisiaren ondorenak eta langileriaren soldata eskasak igoarazteko antolatu ziren greba-aldi luzeek -pesimismo orokorra, drogazaletasuna eta apokalipsi atomiko baten mehatxua ahaztu gabe- nolabaiteko egunean eguneko carpe diem existentziala modan jarri zuten. Irrati libreetan musika punk eta “erradikala” ipintzen zuten, nahiz eta zortzietako arrosarioa ere entzungai egon Segura Irratia eta antzeko irrati-etxe katolikoetan. Modan jarri ziren baita ere etxean egindako ogia eta esnea kefir bihurtzen zuen “perretxiko” martziano hura, geroz eta handiagoa egiten zena.
Gu zoriontsuak izatera ere ailegatu ginen kanposantu ondoko etxean: bigarren eskuko jostailu mordoa oparitu zizkiguten eta horretaz gain kalean jolas egiteko ohitura genuen -oraindik ez ziren ezagunak gurean Estatu Batuetako haur desagertuen kasuak- eta kanpotar barrio-kumeak auzoan sar ez zitezen, harriak jaurtitzeko usadio neanderthalari tinko eusten genion. Bizirik irauteko kankailua, astapotroa, kaikua edo hiru gauzak aldi berean izan behar zinen. Brutalismoa ez zen soilik doktrina arkitektoniko bat…
Xabier Gereñok 1978ko atmosfera politiko itogarria adierazteko, liburuan literalki aitatzen den “no os importe matar” esaldi ospetsu bezain izugarria gaztelaniaz idatzirik ageri da. Hala, fikziozko lan batean, Gereñok urte hartako Sanferminetako errepresioa ez ezik, Gasteizen urte pare bat lehenago gertaturiko langile hilketa ere denuntziatu nahi zuela antzeman daiteke.
Nobelaren hariari helduz, festen atarian gaude, kalean jendea dibertitzeko irrikaz dabil eta gure bi protagonistak –Fausto eta Hektor– libre geratu dira kartzelaldi baten ostean. Kalera aldi berean atera diren arren, etorkizunera begira egitasmo desberdinak dituzte: bata indartsua eta oldarkorra da, bestea gizontxo apala baina buru argikoa. Faustok aurpegia azidoz errea du, Hektor “epotxa” da -Gereñok hala deskribatzen du, zorioneko xuxenkeria oraindik ezartzeke zegoen seinale-. Bi protagonistek dute, beraz, Kaligari doktorearen kabinetarako look egokiagoa, sanferminetan neskatan egiteko baino. Fausto, lapurra ez ezik, bortxatzaile frustratua eta sumindua dugu (emakume batek lixiba jaurti zion bere burua defenditzeko ahaleginean).
Bi gaizkileek, barren barrenean erresuminaren gogo iluna borborka dute eta horrek tentsio berezia ematen dio narrazioari, thriller baten ukitu artega.
(hiztegi batua)
xantaia
kondesa
Behin kalean libre eta pobre direla, Fausto etsita dago eta espetxea bizileku naturaltzat hartu duenez, ziegara bueltatu aurretik lapurretaz lapurreta hala moduz aurrera egiteko asmoa baino ez du. Bestalde, Faustok Hektorren beharra ere badauka: dendetan espropiazioak ezustekorik gabe burutzeko bizkarra gordeko dion zelataria behar du; beraz, “epotxa” manipulatzen saiatzen da, liskarra bilatuz batzuetan, mehatxuaren mamuaz ikaratuz besteetan, hain gixajoa ere ez den gizon ttipia konpromisoan jarriz. Hala, biak gaueko lantegi batean ari direla, atxilotuak izatetik txiripaz libratuko dira.
Faustorekin gauza onik ez duela egingo ikusita, Hektorrek aspalditik buruan bueltaka darabiltzan akzioak behingoz abian jartzea xede hartuko du. Hirian ez da falta jende diruduna, aristokratikoa eta eskrupulorik gabea. Horien artean Campofrioko kondea aurkitzen da, enpresa munduan langileen eskubideak -eta bide batez proletariotzaren tabernazalekeria- errotik mozteko garaian, kontzientzia kargurik gabe, lepoak mozten dituen morroia. Horrez gain, gauza bitxia, kondea euskararen kontra badago ere, Axularren hizkuntza perfekzioz darabil nobelako hainbat pasarteetan: “Zuen bizioak nik ezin ordain diezazkizueket, irten zaitezte kalera eta ikus itzazue bar guztiak nola dauden langilez gainezka”.
Xabier Gereño idazle bilbotarra
Gereñok modu esplizituan ez ezik, zeharka ere Euskal Herriaren izate konplexuaren berri ematen digu; pertsonaia antieuskaldunen makurkeriak bere horretan azaltzen badira ere, –Campofrioko kondeak bere idazkaria kaleratzen du telefonotik euskaraz ari delako-, pertsonaia zintzoen papera jokatzen duten protagonistak, hiritar normalak izanik -leialak, sinpatikoak, itxurosoak, eta abar…- susmagarri bihur daitezke gutxien espero dutenean; hala Jurgi kapitaina eta Peru Alika lankidea Iruñeko festetan Bilboko matrikula duen autoan dabiltzanez poliziaren beldur dira. Ikertzaileak eta poliziak ez dira gauza bera, ez daude bando berdinetan… Ohar bat dirudi: e! Gaztetxo euskalduna! Erne ibil hadi aurrerantzean detaile txiki horiekin. Nobela berrirakurtzeak Lucio Urtubia anarkista nafar ospetsuak zioena ekarri dit gogora: “Nik lagun asko ditut CNT-n, baina ni ez naiz CNT-koa; organizazio guztiak berdinak dira alde guztietan, dena jakin nahi dute, dena kontrolatu!”. Jurgi kapitainak loturarik gabe jardun nahi du, nahiz eta Gereñok Ikertzaile Pribatuen Elkarteko kide bezala aurkeztu. Eta Peru lankideak, ikerketako gorabeherak komentatzean, agerian uzten digu Jurgiri ez zaiola atsegin beste norbaitek izatea ekimen-grina.
Elkarrizketetan bilbotar egileak euskara batuaz mintzarazten die Fausto eta Hektorri. Gereñok ez dio kaleko hizkerari lekurik ematen, lunpenproletariotzaren ahots berezitua ez da ageri; aldiz bi delinkuenteek euskara dotorea, akademikoa eta Euskaltzaindiak berehala onetsiko lukeena darabilte. Euskara hura, 1978an txundigarria zen gu bezalako fraideetako ikasle xaloentzat: hain fin hitz egiten bazuten bilau makur haiek, ze euskara klase erabili beharko ote genuen etorkizuneko euskaldun peto petoak izan nahi bagenuen? Etxean ere gure eskolako euskarari ez zioten fede gehiegirik; “nik ez dakit ze erakusten dizueten zuei eskolan, inorako modukoak ez zarete zuek izango!” esaldi dinamiteroa beti dabilkit meningeetatik itzulinguruka.
Esango nuke Hektor dela trebeena aditz laguntzaile bihurrienak trebezia dotorez konjugatzerakoan, Fausto kankailuak azkar ikasten badu ere. Hona lagin bat:
<< Faustok begirada sakon eta maltzur bat bota zion:
-Zergatik ez zatzaizkit argi mintzatzen? Zer da arazo hori?
Hektorrek atzera egin zuen:
-Esan nizun hori ezin esan diezazukedala, fida zaitez nitaz!>>.
Argi dago egileak euskara normatiboa, estandarra, txukuna, aberatsa eta inguruko “kultur hizkuntzekin” homologagarria izan zitekeena aldarrikatzen zuela. Tamalez, gure sukaldeko euskara nahiko motz geratzen zen eskolan exijitzen ziguten maila emateko, eta nahikoa lan izan genuen ikasgai ditxosozko hura gainditzen.
Bestalde, ez dago esan beharrik, akidura ezagutzen ez zuen bilbotar idazleari esker, nobela beltz “serioak” irakurtzeko lehen urratsa emana genuela. Frankismo bukaerako garai haietan, baby boom-eko morrosko-kumeon artean `Los cinco´ edota `Los tres investigadores´ –Alfred Hitchcock-ek ustiatutako frankizia- genituen irakurketa nagusi. Eta misteriozko literatura zuriaz geure buruak drogatu ondoren, Sherlock Holmes, Poirot eta antzekoen ildotik jarraitzea izango zen aukera logikoena. Eskolan ere nahiko litterattura zintzoaz elikatzen gintuzten; asko jota Zalakainen abenturekin edo Jack Londonen ibilera bikainekin arintzen ziguten eguneroko idorreria mentala.
Enid Blyton idazlearen Los cinco saileko liburu bat
Nobelan ageri den bortizkeria eta jukutria intelektualaren arteko dilema, giro mefistofelikoa (festetan alegera zegoen hiria hutsik eta ke-laino artean geratuko da bat batean istiluak direla eta), Jurgi kapitainaren Evarenganako desira sexuala, Faustoren joera bortxatzailea, Campofrioko konde ultraeskuindarraren pultsio tiranikoak… oktanaje dezenteko koktela osatzen dute. Zalantzarik gabe gizartearen ikuspegi akongojagarria eskaintzen zion Gereñok OHOko umemoko bati.
Acongojar (elhuyar)
1 v.prnl./v.tr. larritu, estutu, kezkatu
Baina pertsonaiarik sofistikatu eta enigmatikoena kondesa da: bere senarrak ez dio plazer nahikorik ematen, maitalea etxean bertan hartzen du -zerbitzarien indiskrezioei beldurrik ez baitie- eta bere enkantuak eskrupulorik gabe erabiltzera ohitua dago, baita itxuraz higuingarriak izan daitezkeen gizonengandik ere onurak jaso ahal baditu sexu truke. Femme fatale eredugarria.
Euskaldungoaren hipokrisia sexualarekin hain kontrajarria zegoen figura benetan haragizko hark, guztiz deskolokaturik utzi gintuen, geroz eta korapilatsuagoa izango zen xantaia joko batean endredatuz doan heinean. Hil arteko matrimonio katolikoaren sakramentua buruan ondotxo txertatua genuen babalore melindros batzuentzat shock itzela izan zen kondesaren
jarrera liberala. Orain, nire zalantza hau da: ze irakaslek gomendatu zigun -edo behartu- `Xantaia kontesari´ irakurtzea? Fraideetan, beharbada, ez genuen hain heziketa kontserbadorea jaso…
actor ramsay ames [The French phrase meaning “fatal woman” has become a stock character in Hollywood, reaching peak popularity in film noirs of the 1940’s and 50’s. Characterized by their sensuality, promiscuity, and elusive motivations, femme fatales are often villainous, serving themselves rather than the protagonist. Their fate is often tragic. But this archetype isn’t new; it was around long before the 20th century, and embodies some of our oldest, most deeply rooted prejudices and fears surrounding women.]
Gereño nahikoa jaun katxondoa ere bazela esatera ausartuko naiz. Liburuaren itxura inozentea saltzeko Pipa Sailaren “estalki” zintzoa asmatu zuen. Liburu azalaren behealdeko izkinan pipa bat ageri zen, sinbolo edo logotipo gisa. Anakronismo hutsa. Ikertzaileek jada tabako gorri amerikanoa erretzen zuten 1978an eta pipak berunarekin kargatzen ziren egun haietan… Starsky eta Hutch garaiko telebistako heroiak ezin ditut imajinatu pipatik erretzen, kuarteroiko tabako pikatua liatzen igoal bai, deportiboa arrankatu aurretik zigarreta erretzen playboy harroxkoarena eginez.
Milton Glaser grafistaren irudia.
Starsky & Hutch
Nobela, pulp sailean sar genezake, etiketa petralak jartzen hasi ezkero; berez kalitate eskaseko literatur lanei ematen bazaie ere goitizen hau, zer esatea nahi duzue, niretzat pulp dagoeneko xarmagarria ez ezik autoedizioaren epika gogora ekartzen didan kontzeptu heroikoa ere iruditzen zait. Gereñok bere Avenida del Ejercito 18ko kuartel nagusian idatzi, taxutu eta argitaratu zituen idazlanak euskal literatura arestiostekoaren pizkundearen fruitu duinak dira, literatura zeozer gertukoa eta maitagarria ere izan zitekeela frogatu zuen kultura-gizon sakrifikatu hark. Kultura patrikan eraman zitekeen, edonora eta edonoiz.
Big Aresti Bang bAst 2020
Gabriel Aresti, Barroeta Aldamarreko gizaseme bikaina -eta kopetagoia- hil eta gero, supernoba eztanda bortitza gertatu zen, tanpatako kosmiko fundazionala. Big Bang arestiarrak igorri zituen hauts eta partikula kuantikoetatik, mirakuluzko genesi hartatik gatoz gu, eta Gereño izan zen, bere apalean nahi baduzue, bere ekin nekaezinean, Bilbo hiperkutsatu eta porlandu hartan, itsasadarreko metal astunak urre bihurtu zituen heroia, behe-lainoak zekartzan dioxinak eta furanoak intsentsu purifikatzaile gisa destilatu zituena, Guggenheim eraiki aurretik “guk geuk egin” xedea duindu eta aldare laikoetara igo zuena. Eta hori, laguntto maiteak, fanzine eta egunkari xumeen itzalpean gaztaroko loreak (edo gaztainondo-loreak ziren?) nola ximeltzen zitzaizkion ikusi duen lekuko miope honek esaten dizue. Gora gure Gereño!!
Gabriel Aresti idazleari Xabier Gereñok ateratako argazkia. Behatxulotik.
Nafarroaren estatus politikoa, Euskal Herria erkidego autonomo bakar batean edo gehiagotan banatuko ote zuten, frankismoak ezarritako debekuen ondoren euskarak izan behar zuen garapena eta beste hainbat gai eztabaidagarri ere aitatzen ditu egile bilbotarrak bere eleberrian. Ezkertiar abertzaleei zuzenduriko akuilukadatxoak ere badira: liburuan duela 40 urte bolalumaz azpimarratu nituen hainbat hitz ezezagunen artean (dafaila, idun, txibierro…) niretzat oso deigarria zen esaldi bat ere ageri da: “kapitalismo batetatik burokratismo batetara pasatu“. Burokratismo bezalako kontzeptu politiko bitxia nobela beltz batean aurkitzeko Manuel Vázquez Montalban-en lanak leitu beharko nituen urte pila bat igaro eta gero; egile katalanak abilezia paregabea erakutsi zuen lexiko berezi eta pertsonala sortzeko orduan. Gereñok ere bazuen goi-arnas berezi hori kontzeptu berezituak nabarmentzeko; dudarik gabe, bilbotarrak nobela poliziako-politiko laburra, azpigenero gisa agian, euskal literaturan txertatu zuen.
Eva neskamearen sufrimendu eta kezkak. bAst 2020
Errealismo sozialaren eragina ere ikus dezakegu. Emakumeen egoeraz hitz egiterakoan, adibidez, Gereñok Eva neskamearen sufrimendu eta kezkei lekua egiten dio nobelan; Fausto bortxatzailearen atzaparretatik ihes egin nahian, otseinak kondesaren etxea utzi nahi du eta lan bila hasiko da. Orduan krisi ekonomikoa aitatzen digu Evak, emakumeengan eragin bortitzagoa duen lan baldintzen gogorkeria eta diru eskasia. Jurgi kapitainak neska eder galant bezala ikusten badu ere, Evak ezinegona eta larritasuna islatzen du. Etxe on batean zerbitzari gisa lan egiteak badu bere alde sufritua, baditu ondorio sozio-ekonomikoak. Eva ez dago gehiegikeriei aurre egiteko posiziorik onenean, eta egoera horrek kontraste bikaina eskaintzen digu kondesaren eskrupulorik gabeko jarrera erdeinagarriarekin alderatzen badugu.
Krisia ere nobelaren amaiera aldera azaltzen den mamutzarra da; Damoklesen ezpata langileriaren buru gainean. Ume ginela, “krisi” hitza aditu orduko helduen aurpegi luzeak irudikatzen genituen, langileak kalean oihuka, auto ilarak bozina joz, sindikatuen paper hegalariak… Baina hitz topiko bezain iluna zen eta da. Gaitz bat izendatzeko modukoa -krisi asmatikoa nahiz “nerbioek heltzen zaituztenean” agertzen dena-. Hitz misteriotsua, zeozer ezkutatzen duena, agian iruzurraren sinonimoa, edo azpijokoarena. Eskolan, behintzat, inoiz ez ziguten argitu krisi ekonomikoaren barne mekanika; hala ere, garbi geratu zitzaigun krisiak beti jende txiroena egurtzen duela, salbuespenak salbuespen. Eta makilakada franko sufritu ondoren beti agertzen zela katxondo mentalen bat aholkuak emanez, kopetilea laranjaz tindaturik, “aberats egin zaitez eta arazoaren parte izateari utz iezaiozu” esanez. Ez alferrik, handik gutxira, 70. hamarkadaren bukaeran, Ronald eta Margaret azalduko ziren, Cowboya eta Burdindama, aurrerantzean bakoitzak bere burua salbatu beharko zuela iragarriz. Liberalismo berria espartina zaharrekin.
Ronald Reagan eta Margaret Tatcher, cowboya eta burdindama. Xabier Gereñorekin zuten hitzorduaren zain.
Eta nobelan doktrina ekonomiko ultraliberalaren urrezko garaiaren etorrera esplizituki iragartzen ez bada ere, Campofrioko kondeak bere langileekin erakusten duen jarrera feudalak zeozer adierazi nahi digu; hor Gereñok aristokrata ultraeskuindarrarekin akaso karikatura bat egin nahi zuen, baina gauzak nola joan diren ikusita, erretratu hiperrealista atera zitzaiola esan genezake 40 urte geroago.
Nobela poliziakoak hartzen dituen Pipa Sailean atera zen Xantaia Kontesari.
Gola bAst 2020
“Por las mañanas escribo mis novelas en castellano y por las tardes teatro en euskera. La pausa de la comida me sirve para desconectar de idioma y de estilo”. (El Mundo egunkaria, 1995) Xabier Gereñoren hitzak.