Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Katigatu ninduzun librea nintzena
Atalak: bAst
Irakurri gabeko liburu bat beti da ezezaguna, misterio txiki bat. Zer ote dio? Azalean zisne zuri bat dakarren liburua dugu esku artean, Laura Uruburu-ren Katigatu ninduzun librea nintzena eleberria. Labayru etxeak argitaratua. Berrehun eta berrogeita hamar orrialde inguru dauzkana. Ama bati bere umetxoa hil zaio eta une horretan hasten da berealdiko gogoeta saioa.
“Konprenitu zuen, ezin zuela haurraren heriotza jasan ez onartu, zergatik goizegi iritsi baitzitzaion azkena. Lotalditxo bat egiten balego legez begiratzen zion amak hilkutxan. “Eguzki-galdatan zimelduriko lorea antzematen du. Orain hilda dago, baina hala ere, berriro jaioko da neure txikitxo laztana; euri lanbroak lore zimeldua berpizten duen gisara berpiztuko du egunsentiko argiak lotan datzana”, bere artean eginez”.
[…]
“Zer dela-eta zituen gogoeta haiek, bera ere ez zen kapaz esateko. Nondik eta nora heldu zitzaizkion zisnearen irudiak burura jakiterik ez zegoela esan zuen bere barrurako. Gehien atsegin zuen animalia zelako zisnea, dotoretasunean goren-gorengo zegoela uste zuelako edo…, agian horregatik, umearen betikotasuna zisne zuri baten itxuran nahi zuela. Betikoz iraunarazi nahi zion umeari, berpiztean sinesten zuen ala ez ordura arte sekula argi izan ez bazuen ere, baina jazoerek eraginda sinestera behartuta zegoen. Gura eta gura ez, hartu beharra baino ez zuen eduki sinesmen-bide hori, barru-barrurengo zurkuluetatik irteten zitzaion, ama denak zer den ongi dakien amatasunak bultza eginik. Agian, desioak egia bihurtuko ziren itxaropenean”.
[…]
“Sekula ez dela jakiten noraino heldu daitekeen bat sufrimenduan, zalantzak zituen, ezta zauriturik abandonaturiko emakumea zenbaterainoko izan litekeen arriskutsua. Augustok, harroa eta handiputza izateagatik, harroarren maite izan zuela bera, ez beste ezergatik, eta harroaren harroaz sufritu zuela horrenbeste, egin zuena egitera heltzeraino, mendekuz, bere erraietako haurra hil, arrazoitu zuen Elbak. Augustoren gorputz zaharkitu gaixo makalaren sustraietatik, Elbaren aurka egiteko, gogoz eta kementsu erasotzeko bultza egiten zion sinestezineko indar bortitz bat jalgitzen zela”.
Azaleko marrazkia, Markel Urrutiarena baita, deigarria da. Zisne zuri bat uhin artean. Arbola-hosto batzuk aidean inguruan dabilzkiola. Kontrazalean oso-oso tamaina ttikian, ia oharkabean pasatzeko moduan, bertze animalia bat dago. Zuria da, baina ez da zisnea. Aurkituko duzu.
Liburuaren hasiera.
[…] Orduantxe momentuan jabetu zen Elba bere bizitzan lehendabizikoz senarraren etxetik kanpoko bizimoduaz; Consolación Vilchesek begiak argitu zizkionean. Eta orduan, argi eta garbi, zuzen-zuzen egiaztatu zituen ordura arteko susmo guztiak. Ez zegoen, ez, zoratuta, senarrak behin eta berriro, bere andantzetatik etxeratzean, emazteak zerbait esaten zion bakoitzean, leporatzen zion bezala. Erotuta zegoela esatearena, senarrak bere zapokeriak tapatzeko zeukan beste azpijoko maltzur bat baizik ez zela ohartu zen orduan.
[…] “Etsipenak irentsi behar nau zorigaiztoko etxe honetan” esan zuen ozenki. Berba sorta motz haren ondoko isiltasunak izutu egin zuen.
[…] Abrozimentuzko ezkontz-bizitza aspergarria aurkitzen zuen, jasanezina, hormako kukuak markatzen zuen denboraren joana, min eramanezina; eta lur jotzearen tristezia, bukatu gabearen intziria, eragiten zion bihotzean hautsia. Menderatu-bizimodu mugagabea egiten zitzaion mugarria.
[…]Ilusioa, bizitasuna eta magia sortzen ziren Edhen nirekin laztankiro besarkaturik izaten zenetan; orduz geroztik, dakidalarik, Edhen barik ez litzatekeela argirik, dena legokeela ilunik.
[…] Ez nintzen hari begira nekatzen; erraldoia zela esan zitekeen, oso altua ikusi bainuen, gordin, sendo eta gihartsua. Atzea ere altua zuen, eta irtena; jaiki eta tente sendoa berriz, aurreko kirtena. Bizitzen ari nintzen egoera sinesgaitza bazen ere, erreala zen; D&G modeloa nuen neurekin, pozez zoratzen nengoelarik. Ekarri zizkidan almedradun txokolatezko bonboiak gozo-gozoak ziren eta gozogarria iritzi zitzaidan baita ere, entzuteko jarri zuen Fayrouz kantari libanotarraren musika.
[…]Atzo ostegun eguerdi beluan, hiri honetara iritsi eta gero, ez nuen sinetsi ere egiten hain urrunean, horren urruti!, egon nintekeenik. Ez nuen uste nik, pare bat ordutan bizitza modu honetan, nabarmen alda zekidakeenik. Ordu biko tartean, umea une batetik bestera hegan zerura betiko joan zitzaidan antzera, neu ere, ordu pare batean, laino guztien gainetik hegaldi labur baten ostean, beste mundu batera etortzean eta beste bizimodu batean buru-belarri sartuan, beste pertsona batean eraldatu nintzela konturatu nintzen. Horrela, umea eta biok zeruetatik ibilian, berraragitzea jasaten ari ginela jarri nintzen total sinetsian, aurkitzen nintzelarik Divina Pastorari arrazoia eman beharrean, bizitza kolorez ikusiko nuela esaten zidanean.
[…] Christianen jadezko so eztitsuak tinkatu ninduenetik, buru-bihotzak zeta-tximeleta bihurtu zizkidan uneaz geroztik, magal-zabal jarri nintzaion; bueltara arte berea izan natzaiolarik. Ongi jakin du ni irabazten; biok eskuz esku, ez gara banatu, harik eta abioiak gure arteko distantzia puztu duen arteraino, mundu dongea bion erdian mugan ezarri den arte.
Liburuaren barne hegaletako batean azalpen hau dakar:
“Katigatu ninduzun librea nintzena, amodiozko euskal kanta zahar baten bertso eder bi horiek ematen diote izenburua Laura Uruburu idazlearen nobela berriari. Umetxo baten heriotzarekin hasten da istorioa eta gertaera triste eta lazgarri horrek, amaren, eleberriko protagonista, bizitza erabat asaldarazten du, eta bihotza eta barne-emozioen mundua astintzen dizkio era bortitz batean. Noraezean ikusten du bere burua herstura eta egonezinean; ahalmenik gabe modu galduan, zorigaitzezko zirrara eta hunkipenen ekaitzean.
Orduan, bizi duen zoritxarraren zergati baten bila, baina batez ere, grina gogorraz bihotz-barruko baretasun eta lasaitasun bilaketan, bere bizitzako haritik tiratzen hasten da lehenari ateak zabalduz, eta atzera eta aurrera oroitzapenetan murgilduz.
Oraina eta lehena, sentimendu eta bizipen-olatu handietan gora eta behera, ametsean nahiz izarrean, denboralean eta barean, libre eta katigaturik aldi berean, amodioan eta desamodioan. Amets eta errealitate, aurre eta atze, gau eta egun zenbait argi-ilun; maitasunean eta maitasun ezean negar eta barre, hodei eta ostarte; tentaldian eroriz, ahal bezainbat haragizko-jolasetan euri eta ateri, lehor edo berde bizi, agor edo busti.
Aurreak erakusten duelako atzean zelan ibili… istorioaren sekulako aurre bikain zoragarri bat erakutsiko digu nobelak lehenbizi, eta hala beharrez, ustekabeko atze erogarria azkenez.
Irakurle; irakurtzen hasi, eta egiatan ezin izango diozu irrikaz azkena ezagutu arte irakurtzeari inolaz ere utzi, bukatu arte”.
Egile beraren Dalila irakurri nuenean, txit liluraturik geratu nintzen bizkai-euskeraren beraren barne trinkotasunarekin. La trinchera infinita filma erdera batuan egitea bezalatsu iruditu zait Katigatu ninduzun hau, Dalila hura gogoan. Baina horrek ez dit eragotzi liburu honetaz gozatzea.
Liburuko aipu bat, Yasunari Kawatarena.
“Katigatu ninduzun librea nintzena” eleberria.
Leidu ta esangostazu! Hurren arte!