Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Moroak behelaino artean: esperantzaren gramatika
Atalak: bAst
Denok ezagutzen duzue Joseba Sarrionandia. Neuretzat kiromantzidxa olerkia idatzi zuena izanen da betiko. Lagun izoztua eleberria ere gustatu zitzaidan, Xabier Leteri ez bezala. Olerkari estimatzen zuen. Horretaz landara, liburu asko izkiriatu ditu (landara hau idazle honi ikasia diot). Gaur bat aipatuko dugu: Moroak gara behelaino artean? Pasarte batzuk hautatu ditugu, dastaketa egin ahal izateko. Hamar urte bete ditu liburuak.
Ni gramatika baten bila sartu nintzen kasba honetara. Gerla egitera ere bai, gerla hitzari Joannes Etcheberri Sarakoak eman zion zentzuan, non gerlak erran nahi duen inorantzia uxatzeko jarduna. Lauzpabost liburutan aurkez nezakeen: xelha gramatika egin zuen fraidearen biografia, Arrifeko errepublika artegaren historia, inperialismoaren kritika entsegua, amazigeraren edestia edota Espainiaren eta Frantziaren mendean euskaldunok egin beharreko protesta. Gaiak mugatuz gero, akademikoagoa litzateke dena, elementu diskordanteak kanpoan geratuko lirateke, ordea. Eta nik diskordantziei buruz idatzi nahi izan dut. Diskordantziek elkarri argi apur bat emateko, konstelazioetan izar batek bestea argitzen duen moduan…
Berberea edo amaziga
Etnozentrismo greko-latindarrak zabaldutako izena konkistatzaile arabiarrek berentzat hartu zuten. Hauek ere al-barbar deitu zieten bertakoei eta al-barbariia haien hizkuntzari. Izen horren etimologia arabiartzat zuen Abderraman ibn Khaldunek, jakina, ‘marmarrean jardun’ edo ‘modu ulertezinean hitz egin’ adierazten zuen berberat arabierazko aditzetik zetorrelakoan. Ibn Khaldun, 1332. urtean Tunisian jaiotako kronista eta historialari arabiarrak, berbereen hizketa berezia zela idatzi zuen, beste hizkuntzetatik zeharo desberdina, eta modu arraroan hitz egiten dutelako deitzen zaiela berbere.
Berberofonoek ez dute euren buruari deitzeko berbere hitza sekula erabili. Amazigh auto-etnonimo zaharra eta zabaldua da, dialektoen joera fonetikoen araberak aldaerak dituela: emazig, amahek, amaxek eta abar. Erdialdeko Marokon hitz egiten den dialektoan horrelaxe erabiltzen da, amazigh, halaxe idatzi zuten behintzat grafia latinoz ikerlari frantsesek. Eta Kabiliako berbereak izan ziren, 1945-1950 aldiko borroketan, izen zaharra berritu eta zentzu abertzalez bete zutenak, auto-etnonimo hori kabilierazkoa ez zen arren bereziki. Ekker a mmis umazigh! deitzen zen orduko kantu ezaguna, hau da, ‘Jaiki hadi, Mazigen seme hori!’, non eta Mazig, Abderraman ibn Khaldunek idatzi legez, amazig guzien arbasoa litzatekeen. Bide batez esanda, amazig askorentzat amazigh hitzak ‘librea’ edo ‘noblea’ esan nahi du.
Gutuna eta errebolberra
Pedro H. Sarrionandia 1902ko ekainaren 7an itzuli zen Tetuango misio-etxera. Ondo ezagutzen zuen hiri hartan, asaldura politikoen artean, ilusioz jarraitu zuen arrifera aztertzen. Ez zen erraza izango gramatika asmatzea. Informazioa metatzeko gaitasuna behar zen, erudizioa deitzen dena, eta, gainera, materiala antolatzeko zehaztasuna eta imajinazioa. Eta beste zerbait ere bai, agian, ezin baitzen halako lan nekezik hartu hizkuntza hura eta hizkuntza haren jabeak estimatu gabe.
Primo de Riveraren diktadura
Annualeko desastreak berehalako krisi politikoa eraman zuen Espainiara. Alfonso XIIIak Antonio Maurari “kontzentrazio nazionaleko” gobernu bat antolatzeko eskatu zion 1921eko abuztuan. Gerla ministroak Marokon gertatutakoari buruzko informe bat osatzeko zeregina eman zion Juan Picasso jeneralari. Alderdi asko elkartu ziren Gobernuan, baina arras banaturik zeuden Marokon jarraitu ala Maroko abandonatu aukerei buruz. Krisia ez zen amaitu eta Antonio Maurak 1922ko martxoan utzi behar izan zuen gobernua.
Hassan II eta berun urteak
Liberazio Armadak eragin handia izan zuen Arrif aldean independentziaren aurretik -1955eko maiatzean Egiptotik Nadorrera armak heldu zirenetik Abdala Senhaji, Abdala el-Wakuti eta Abbas Massadiren eskuetara- baina batez ere ondoren. Independentziaren kontzeptu magikoarekin, erregearen eta Istiklal alderdiaren inguruan gertatu zen euforiaren ondoren, etsipen handia zabaldu zen. Estatu berriko funtzionarioak Hegoaldetik heldu ziren gehienak, marokoar frankofonoak, irizpide arabistekin, bertako egiturak ezagutu eta errespetatu gabe. Gainera, Marokoko gobernu berrian ez zegoen Arrifeko ordezkaririk. Istiklal alderdiak agintzen zuen, bere nazionalismo arabofonoarekin, arrifiekiko mesfidantza handiarekin.
Nazionalismoa ez da naturala edo berezkoa. Ez da artifiziala ere, ez zoritxarreko zerbait historian.Gizarte industrialaren logikari lotutako gertaera historikoa da, ernst gellnerren hipotesien arabera, baina aurrerantzean eta luzaroan ere nazio-estatuen eta kultura batasunen inperatibo nazionalistak aplikatuko dira.
Eta hatxea, gehien defenditzen genuen letra, metafora bihurtu zen, ahoskatzn ez zelako. Hala ere, gure belaunaldiak poesia balitz bezala egin zuen borroka “h” letraren alde. Eta poesiaren antzekoa zen guretzat, Paul Celanek poesia definitzen zuen modukoa: arnasak hizkuntzan uzten duen marka. Alfabetoko beste letra guztiak baino inportanteago bihurtu zen, horrexegatik, ia ez zelako. Erraza da konprenitzen. Euskal Herririk ere ez zen, eta horregatik zen ezinbestekoa. Ez zegoelako etxe bat nonbaiten egon daitekeen moduan, baizik eta basamortuan eraiki beharreko zerbait bezala, Etiopian. Ez zen genuen etxe bat defenditzeko borroka izan, baizik ez genuena egitekoa.
Liburuko 526. orrialdea. Hatxeaz mintzo dena.
Gure literatura hoberena indeterminazioaren eta ziurtasun ezaren produktua zen hizkuntza aldetik, estilo aldetik, gai aldetik. Irakurlerik ere ez zegoen eta, desinteres absolutuarekin, mamuentzat idazten zen.
Mamuentzat idazteko libertatearekin idazten genuen. Ez Elizarentzat, ez estatuarentzat, ez merkatuarentzat. Zeregin lekuz kanpokoa zen euskaraz idaztea hirian, eta anakronikoa, eta antiekonomikoa. Gela barruan bakarrik eta ahoa itxita, beste gela batean bakarrik eta ezpainak zabaldu gabe leituko zuen batentzat. Mamuentzat izkiriatzen genuen. Hildakoak eta jaiogabeak inguratzen zitzaizkigun bakarrik zer ari ginen idazten galdezka.
Non daude gure askatasun pertsonalak, gure igualitarismo politikoak eta gure autodeterminazioak? Antzinatean ahaide nagusien oligarkia zen soberanoa, gero erregea izan zen soberanoa, gero herriak izan behar zuen soberanoa. Baina, oligarkia monarkiko demokratiko honetan, soberania irrespontsablez funtzionatzen du denak.
Eta literaturarekin zer egin? Balio demokratikoen sostengutzat aipatzen dira Homeroren Iliada, Danteren Komedia edota Axularren Gero. Sakralizatu egiten da literatura, praktikatu gabe, demokrazia gurtzen den bezala, epidiktikoki, praktikatu gabe. Irakurri egin behar dutela esaten zaie umeei probetxuzko gizon-emakume izateko. Balekite gero Don Quijote irakurtzez erotu zela kontatuko diotela, eta Madame Bovaryk ez zuela ondo amaitu. Literatura berez monologikoa da, “erretorika” izatetik “erretolika” izatera pasatzeko arriskuan dago beti. Literatura kritikoa da, baina literatur kritikak ere ahantz dezake zergatik, zertarako eta zelan. Komunikazioa da, baina oso erraz bihur daiteke inkomunikazioa.
Liburuko orrialde bat
Ez gara moroak
Momoitioko antzinako hilobiak gogoratzen ditut, hezurdura haiek, Gerla Zibileko gorpezur desenterratuen antzekoak. Barrenku gainean IX. Mendean ehortzitakoak, Hoitarri, Munnio edo Anterazoni deitzen dira latinez hilarrietako izkribuetan.
Mendi barren hartatik nator ni ere, Garaizartik, Goiuritik, Amatzatik behera. Nondik natorren adierazteko ahalegina egitena ri naiz, konturatu bazarete. Gure ume denbora moroa izan zen, Pedro H. Sarrionandiarena bezala, Mohamed ben Abdelkrimena bezala, gaur egun Nafarroan eskolara sartzen den edozeinena bezala.
Orain berrogei urte kristaueraz hitz egiteko esaten ziguten Laidako hondartzan. Orain ez da hori gertatuko, blusa horiko emakume horrek presoren baten erretratua hormatik erauziz defendituko du Espainia. Aurrerapentzat har daiteke, dena dela, boterearen esku gaiztoa selektiboagoa izatea.
Moro onak eta moro gaiztoak daude, jakina. Interbentore berriak helduko omen dira, eta Mohamed ben Abdelkrimek garapen plan bat prestatuko du Idris ben Said eta Horacio Echevarrietarekin.
XIX. mendetik hona egon natzaie begira. Zer arraroa den askatasuna. Madalena Larralde eta Mohand Amezian. Egiten dutenaren egile direla ematen du, eta egindakoaren biktima dira gehiago. Miguel de Unamuno eta Mohamed Xukri. Zer arraoa den historia, haien historia zirriborratzea, haiek egindakoa aldatzeko eskumenik gabe.
Hala ere, gustatzen zait ezagutzea iragana, gauez kalera irten eta linterna pizturik ibiltzea, behelainotan. Eta munduaren pisua bizkarrean sentitzea. Eta lagunarekin bada hobe, munduaren pisuari aiseago eusteko.
-Ez da desira bat eskatzeko momentu egokia?
Moroa izan naiz, aditz denbora arraro batean. Eta jaio izanaren poza sentitu dut moro izanik ere.
Baina ez naiz moroa, ez delako mororik existitzen. Ez naiz euskalduna ere. Gizakia naiz, itsasora jaurtiriko botila huts bat bezalakoa. Arraina airean bezala arnasestuka. Ez naizela ezer, ez bada nork berak esaten duena eta egiten duena.
Eta kasba eta behelaino artetik ekarri dudan bakarra gramatika hau da, esperantzaren gramatika modu bat. Elkarrekin sortuko zaizkigun desirei eta esperantzei forma ematen lagunduko duena.
Etorkizuna ez dadin izan, O’Brienek 1984an esan bezala, giza aurpegia etengabe zapalduko duen bota.
-Begira-esan zidan lehengoan Aixak-, goiko gauzak jaustena ri dira eta behekoak igotzen!
Zigarro Puru Habanoak
Moroak ala Mairuak esan behar da? Galdetu Habanan.
Habanako gaukaria
Joseba Sarrionandiari omenaldia I bAst 2020
Joseba Sarrionandiari omenaldia II bAst 2020
Joseba Sarrionandiari omenaldia III (xehetasuna) bAst 2020