Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Lafitte-ren kazetari-lanak
Atalak: bAst
Pako Sudupe filologoari zor diogu, neurri handi batean, argitalpen hau. Berak egina baita Piarres Lafitte abade eta idazlearen kazetari-lan hautatuen bilduma. Aldizkari eta egunkarietan miatu, idatziak sailkatu eta hitzaurre oparo bat idaztea, irakurleok eskertu behar dugun lana da. Sudupek berak, liburuaren hasieran, argibide interesgarriak ematen ditu liburu honi buruz.
Nola hasi nintzen Lafitte irakurtzen eta haren artikuluak biltzen azaldu dudanean, parez pare jarri ditut Aitzol eta Lafitte. Beste batzuk ere entzun ditut bi idazleok elkarrekin lotzen. Izan ere, hurbiltasun handiak dituzte tolosarrak eta uztariztarrak –Luhuson jaioa Lafitte, baina inon kokatu bazen Uztaritzen kokatua eta laketua-, baina hurbiltasunekin batean baita urruntasunak ere.
Bientzat garrantzizkoena arima salbatzea zen, eurena eta anaia-arrebena, hots, guztiona, denok ere Jainkoaren seme-alabatzat ginduzkatenez gero. Baina hau apaizengan arrunta bada, bazuten berezitasun nabarmen bat, gizadia salbatzeko lehenbizi euren etxetik, euren aberritik hasi behar zutela zeritzoten, eta hau Euskal Herria zen. Aitzol Hegoaldean bezala Lafitte Iparraldean Euskal Herriaren kultur pizkundea sortzen ahalegindu ziren, Euskal Herria zenbat ere bere buruaz ohartuago, historian zehar izan denaz zenbat eta kontzienteago, orduan eta askeago, fededunago eta katolikoago zatekeelakoan, egungo egunean bezala etorkizunean.
Urruntasunak ere bazituzten. Lafitte gutxiago bereizi zen Eliza frantsesetik, batez ere jesuita frantsesetarik, maisu eta gidari izan zituen jesuitengandik. Aitzol, aldiz, Sabino Aranaren eiteko nazionalismoak eraginda, gehiago urrundu zen Espainiako apaizetarik, garbikiago hartu zuen Euskal Herria bere lan kultural erlijiosoaren esparru autonomotzat, eta esan liteke hortik etorri zirela bien arteko mesfidantzak, izaerazko desberdintasunak alde bat, nahiz zenbait alderdi oraindik erabat argitu gabe dauden.
Begira nola adierazi zuen bere guztizko ametsa Lafittek, Luhuson, 1933an egindako Euskaltzaleen Biltzarrean: Ikusten duzue nola aspaldiko ohidurak eta oraiko urhats berriak elgarrekin joaiten ahal diren, zahar-gazteen arteko deus berechkunderik gabe. Behar ere. Bertzenaz zer bilhaka litake denak bat girelako errankizuna? Bai bat gira, ez bakharrik herriko eta herriz kanpoko eskualdun guziak, bainan gisa berean hobirat aitzinatu gituztenak eta gu. Eta lur gaixo hau, beren azken itzulia eginik, behin bethikotz geldituko delarik, agian Eskualdunak oro bat eta dohatsu aurkituko gira, edertasun bethi zahar eta bethi berria den Jainkoaren aitzinean.
(…) Hizkuntzaz den bezainbatean, bildutako artikuluetan hamarretik zazpi euskarazkoak dira eta hiru frantsesez idatziak. Baliteke, Lafitteren ekoizpen guztia kontuan hartuz gero, erlazioa zazpi eta hiru ez baizik sei eta lau edo izatea; baina, nolanahi ere, egingo nuke euskaraz gehiago idatzi zuela frantsesez baino.
(…) Lafittek asko eman dio euskarari, eta euskal kulturari. Euskarari buruzko lanetan Grammaire Basque, Iparraldeko literatur tradizioa aztertuz bururatua, eta Lhanderen hiztegia esanda ulertzen dena, euskara-frantses hiztegia, Lhandek baino gehiago Lafittek eta Philippe Aranartek apailatu zutena. Hauekin batean Euskaldunen Loretegia (1545-1800) edo Gure Herria-n, eta Herria-n egindakoa gogora ekartzea aski da Lafitteren ekarriaren handiaz jabetzeko.
Hemen duzue, adibide gisa, Piarres Lafitteren artikulu bat. (Gure Almanaka, 1946)
1945 urthea
1945 ez da entrabaleko urthea izan. Zer ez da gerthatu hamabi ilabethez.
1944-eko abendoak halako hits batekin utzi gintuen. Alamanek entsegu handi bat eginik Amerikanoen kontra, aintzinatu ziren puska bat Belgikan, eta jende minkor batzuek zioetn: “Horra, Angles eta Amerikanoak, iduripenezko bitoria ereman dute eta Frantzian gaindi, orai hor dira garhaituak eta gu heiekin!”
Bainan etsaiaren azken uztarrak ziren.
Emeki-emeki ihesari eman ziren Belgikako alaman tropak eta primaderarekin armada guzia kraskatzen hasi alde guzietarik.
Lehenik Rusian kraskatu eta nola! Halako irri batekin baziren baitzioten Rusiako armada laster helduko zela gure mugetaraino, karraskan!
Baina bet-betan Rusiari gogor eginik Alemanek han-harasko baitzauzkaten; Angles, Amerikano, Frantsesek aldiz zedarri-gerizak oro zilhatu zituzten. Martxoaren ondar egunak eta apirila zorigaitzezkoak izan zituzten Alemanek.
Entsegatu ziren bakearen egiterat Anglesekin eta Amerikanoekin, Rusiaren kontra gudua berriz segitzekotan.
Bainan hitz-hartua zuten nehork ez zuela gudurik geldituko bertze erresuma adixkidek ez bazuten elgarrekin onhartzen.
Maiatza hastean Italiako aleman armadek amor emaiten dute, eta gero bertze guziek ere bai uko egiten, ikusi eta Hitler etsiturik hil dela.
Orduan zer bozkarioa! Bizkitartean Frantziaren zauri guztiak ez ziren ez sendotuak, ez eta ere hetsiak: presonerak han nunbait izaki eta ez jakin noiz nola sartuko zitzaizkun.
Emeki-emeki jin zitzaizkun halere, gehienak hain luzaz sofriturik hainitz tristatuak, eta hemengo manerak ezin konprenituz askotan guti edo aski suminduak. Agintza hainitz eta gero guti ukan!
Bertze abantailik ez izanik ere, dantza eta musika bederen ausarki izan da bazterretan eta bazkari eder batzu ere bai heien ohoratzeko.
Erakusteko Frantzia bethi prest zagola denetarat, onhartu zuen de Gaullek Japoniako gerlan ere partzuer izanen ginela. Beharrik “bombe atomique” delakoa medio, ikaran jarri baitira Japonesak eta bakea galdegin baitute, uda hastean.
Bainan Frantziak ukan du asko pena. Bilkura handietan sendiarazi diote, erresuma ttipi-ttipi bat bilhakatua dela. Ez dute, bereziki Rusoek, aditu nahi ere.
Anglesek Syrian jendea lagundu dute itsuki Frantsesen kontra.
Indoxinan, lanak dira lehenagoko ontasunak ezin berriz bilduz: Xinak lur eremu batzu hartu nahi, Angleterrak hala-hala, goregi aithortu gabe!
Frantzian berean bozak hiru aldiz eman dituzte: lehenik herriko kontseiluen hautatzeko, gero kontseilari jeneralen, eta azkenean deputatuen.
Bozetan jendea agertu da de Gaullen alde, bainan denbora berean, boz hainitz joan zaizkote komunixteri. Zozializtek zonbaitño galdu dituzte. Aldiz M.R.P. (Mouvement R’epublicain Populaire) delakoa, sortu berria izanik ere, ederki jalgi da bozetarik.
Ganbara berri horrek eman behar dauku Frantzian gobernu bizi molde berri bat. Guk lerro hauk emaitean, ez dago oraino eginik. Bi lehen asteak kalapitan ereman ditu eta gutik egin du ez baitute de Gaulle haizatu.
Komuniztek nahiko zuten, bainan bertze nehor ez izanez, haren kalipuaz eta bertuteaz behar izan dute denek baliatu.
Orai berritan banko-etxe nausiak gobernuak beretu ditu. Ez dakigu zer eginen duen bertzerik.
Libertateari buruz segurik ez dugu gauza handirik ikusten: eskola libroeri laguntzak khendu dituzte eta mehatxu izigarriak badira.
Frantziaz kanpo, bakea ez da oraino jarria. Urrun da. Londres-en abiatua zuten biltzarre bat bakea egin nahiz. Ezin elgar-adituz biltzartiarrak joan dira nor bere alde, deus antolamendurik egin gabe.
Iranen gerla-itxindiak pizteko ponduan izan dira Rusoen eta Anglesen artean! Turkiarekin ere Rusoak ez adox!
Alta Xinan, Amerikanoak agerian ari dira komunixten kontra gobernuaren sustengatzen eta tresnatzen. Erran gabe doa Rusiak benedikatzen dituela, bereak golkoan.
Hitz batez, 1945-ean Alemanen eta japonesen kontrako gerla bururatu da, bainan ez dugu oraino bakerik ez barnean, ez kanpoan!
Ea urthe berriak zer erakarriko daukun!
Garbi erran behar da, Piarres Laffite abadea zela, katolikoa eta honelakoak idazten zituena (1924):
Euskaldunek ez dugu holakorik jasanen. Eskualdun eta fededun, hemen, gure Eskual-Herrian gure Fedea zainduko dugu. Berriz gerla piztu nahi dutenez geroz Elizari Framazonek eta framazonen kidekoek, guk, eskualdun katolikoek, gerla eginen dugu Elizaren alde.
Ez othe dute katolikoek, ez othe dugu Eskualdunek aski pairatu Frantziarentzat, aski eman Frantziari, Frantzian orai eta bethi libro, gure zuzenen jabe, bizitzeko??
Bon, hor duzue liburu mardul bat, garai baten lekuko eta gizon aipagarri honen pentsaeraren eta jokabidearen adierazgarri. Ondo izan eta hurren arte!