Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Lafontaine Escondrille-ren Ur biren artean
Atalak: bAst
Sinopsia
Ur biren artean. Iturregi Escondrillas, Patxi.
Orain dela 100 urte, 1914 eta 1919 bitartean, munduak ordura arte ezagututako gerrarik gogorrena bizi izan zuen, gerora Lehen Mundu Gerra deituko zitzaiona, Europako lurralde gehienak ez ezik ozeano guztiak ere hartu zituena. Bilboko itsasontziak, bandera neutrala dutenez, ez daude ofizialki gerran, baina gatazka orokorrak ondorio nabarmenak ditu hirian, ontzioletan, barkuetan… Potentzia lehiakideek lehengaiak behar dituzte eta ondo ordaintzeko gertu daude, baita hornigai horiek etsaiarengana iristea eragozteko prest ere.
Giro nabar eta nahasi hori fikzio bihurtu du Patxi Iturregik dozena bat ipuinetan: alde bateko eta besteko espioiak, portuko eta ontzioletako langileak, kontrabando ilegalean dabiltzan merkantzia-ontziak, saltzaileen larriak, langabetuen estutasunak, jauntxoen dibertimenduak… Hiriaren eta itsasadar osoaren taupada biziak jasotzen ditu Iturregik, teknika, gai eta erregistroen ugaritasuna eta kontagintzarako trebezia erakusten duten istorioetan.
Linograbatua bAst 2020. Ur biren artean liburuaren azaleko argazkia aintzat hartuta.
Patxi Iturregi idazlea
Lafontaine Escondrille idazleak liburu txit erakargarri bat idatzi du. Ur biren artean. Hamabi kontakizun dakartza eta bakoitzetik lagin bat hartu dugu, erakusgarri. Itsas girokoak dira, itsas arloko hitz berariazkoez eratuak.
Erri bero
[…] Garai hartan, Mari Urtiaga 18 urteko gaztea zen, aldi baterako telefonista Sota y Aznar itsas konpainian. Aita galdu berria zuen sei hilabete lehenago, Bakio baporeak Bristoleko kanalean izan zuen zoritxarreko naufragioan, zantzu guztien arabera itsaspeko aleman batek erasota. Ustekabeko ezbeharrak premia gorrian utzi zuen Mariren familia ugaria eta, aita ibilitako ontzi-enpresaren laguntza jasoagatik –inoiz aldizkako lana eskaini baitzioten telefonogunean-, artean ez iren galeraren kolpe latzetik errekuperatu. Horiek horrela, udazkeneko goiz batean, bulegoko nagusiak atzerritar kutsu nabarmenez mintzatzen zen adin ertaineko gentleman kopetilun bat aurkeztu zion neskari eta, diskreziorik handiena eskatu ondoren, aliatuen alde lan egiteko proposatu zioten biek ala biek.
Urpekaria
[…] Erdi jantzita oraindik, urpekaria popako eskotilatik altxatu eta istriborreko eskalara abiatu da pauso traketsean, aldean daraman pisu estraren eraginez. Lehenengo bost mailak jaitsi orduko, Arroitak bizi-lokarria gerri bueltan lotu eta berrogei librako eskafandra ezarri dio buruan. Tutua konektatu ostean, Txankartek sutsu eragin dio aire ponpako biraderari. Mekanismoaren triki-traka hotsa berehala nagusitu zaio teknikarien berbaro etenari.
Herioa zelatan
[…] Horregatik edo besteagatik, kapitainak gero eta pisuago sentitzen du erantzukizunaren zama. Agian oker jokatu zuen Tangerretik gizon gaixo batekin abiatu zenean. Nork igarriko zuen, ordea, Afrikako kostaldean garrantzirik gabea zirudienak hain itxura tragikoa hartuko zuela gero? Hala ere, zaila da guztiei gustua egitea: armadoreei, kontsignatarioei, aseguru-etxeei… Eta ez zaio ahazten baporea, ikatzaz ez ezik, barrukoen odolaz ere baliatzen dela merkatu-lege asegaitzak betetzeko. Beraz, gerora lotsaraziko ez duen irtenbide bat topatu nahi du. Ez du bere kontzientzia zikindu nahi heriotza saihesgarri baten orbanarekin, ez bere esku badago behintzat.
Narbalaren gaua
[…] Gaua ilun eta heze zegoen eta apenas zen izarrik zeruan, baina guk ongi ezagutzen genuen bidea eta ez gintuen hontzaren uluak erraz kikilduko. Berehala iritsi nahi genuenez, estrata amaitu baino lehen ospitaleko pinudia zeharkatzen zuen hareazko bidezidorrean gora hasi ginen rapa-rapa. Laster entzun genuen itsasoaren arnasa pausatua. Marea gora bazetorren ere, ura bare-bare zegoen. Lekuaren egokitasunaz eztabaidatu ondoren, hondartza gaineko duna batean etzan ginen, badiaren zabaldi iluna aurrez aurre genuela. Ordu hartan bat ziren zerua eta itsasoa. Urrutira, Labe Garaien gorritasuna sumatzen zen mendebaletik eta, aldika-aldika, Galeako faroaren argi-bristada. Antonen galdera zirikatzaileak atera ninduen kontenplazio-une gozo hartatik: -Zer? Ez duzu linterna piztu behar?
Txanpona airean
-Ez da aski, ez da aski, adiskideak. Zerbait gehiago behar da. Premia gorria aurreneko pizgarria izan daiteke. Ados. Baina, behin hasierako gabeziak asez gero, berehala desagertzen da mugiarazten gaituen barne-bulkada hori. Anbizioa eta malezia dira, nik uste, enpresa sortzailearen ezinbesteko dohainak; horiek gabe ez dago aurrera egiterik.
Aurrerapenaren taupada
Euforiazko giro horretan, euria hasi du. Zaparrada txiki bat besterik ez, baina aski, gonbidatuen artean egonezina sortzeko, ez baitituzte gala-jantziak eta kapela dotoreak alferrik galdu nahi. Antolatzaileak, bestalde, berehala kontsideratu du ondoko arriskua: “Guztiak batera mugituz gero, kolokan jarriko duk zurezko egituren segurtasuna”. Gauzak horrela, jaitsiera modu ordenatu batean antolatzea erabaki du: “Emakumeak eta haurrak lehenik!”, esan dio jostari bere inguruko taldetxoari. Baina horretan ari dela, dama baten euritakoarekin estropezu egin eta horra non erori zaion orain arte eskuan izan duen ordulari polita. Hasieran pirritaka ikusi du, baina makurtu denerako bi oholen arteko zirrikitu batetik pasa eta lurrerantz amildu da. Tamala!
Ur irazekiak (Neguriren uberan)
Dorre gainean eta brankako kanoiaren ondoan ageri ziren alemanek otso gosetien itxura zuten: argal, zikin, lander, azken boladan jasandako nekea, gabezia eta estutasunak begi handi arranpaloetan marraztuta. Asteak emango zituzten itsasoan alderrai zuek bezalako harrapakin errazak zapartaraztearren. Bizimodu gogorra zalantzarik gabe, beti urpean ihesi, sarkofago herdoildu haren barruan sartuta, burua tentetu ezinik, aire kutsatua arnastuz eta latako janari zaharmindua gogaitu arteraino janez.
Hotsa eta durundia
-Egoera jasanezina duk. Blokeoa estutu dutenetik, itsaspekoek gero eta ontzi gehiago hondoratzen ditiztek, eta orain beste pauso bat ematera ausartu dituk: portuko instalazioei erasotzea. Bide horretatik, laster itxiko zizkigutek lantegiak, eta orduan ahora zer eramanik gabe geldituko gaituk. Hortaz, sindikatua, neutraltasuna utzita, gerran sartzea hausnartzen ari duk, aliatuen alde, jakina. Baina horretarako langileon batasuna behar, derrigor.
Uholde handia
Etengabeko gainbehera haren erdian, 1914ko Gabonetako jaiak hurbil zirela, espero ez genuen gutun bat jaso genuen Filipinetatik, XX. gizaldiaren hasieratik yankien administrazioaren menpean zen itsasoz haraindiko uhartedi urrunetik, hain zuzen ere. Aitaren lehengusu txiki batek idazten zigun, Banco de Bilbaon lan egiten zuen jaun betaurrekodun batek izan ezik, inor gutxik gogoratze zuenak. Antza, Julian Andueza, huraxe baitzen ahaide ahaztuaren izena, gazte joan zen Asiako artxipelago hartara fortuna egin nahirik, eta urteen buruan, osaba baten eskutik hasi ondoren, dirutza bildu ez ezik, izen ona eta itzala ere lortu bide zuen bertako gizarte kolonialean. Estreinakoz idatzi zigun garaian, kautxu eta azukre plantazio handien jabe zen Iloiko aldean, eta ba omen zuen bapore-flota txiki bat, Manilako portutik abiatuta Hego Txinako Itsaso osoa korritzen zuena, Singapurretik hasi eta Taiwango itsasarteraino, paraje haietako irla ugarien eta kontinentearen artean salgaiak garraiatuz eta harreman komertzialak estutuz.
Aurpegi biko gizona
Neska maletaduna arratseko azken tranbian iritsi zen ontziralekuko geltokira. Gaua bertako ostatuan pasatzeko asmoa zuen, baina, barrura sartu aurretik, errepidea gurutzatu eta, kartoizko maleta zurruna nasako ertzean utzita, ibaiaz bestaldeko argi dardartiei beha gelditu zen. Begi nekatuak paisaiaren iluntasunera egokitu zitzaizkionean, zenbait itzal itxuragabe bereizi ahal izan zituen garabien silueta erraldoien azpian, hurrengo batelaren zain ziren langileenak seguruenik ere.
Sonderklassea
“Eguerdirako” bukatu ezean ez zegok lehorreratzeko baimenik”, bota digu gure sarjentu aluak korazatuaren bizkar nagusia zapaldu orduko. Antza, herdoila da aberri inperialaren etsai nagusia eta hementxe gaude deialdi berriko hogei marinel derrigortu –behialako heroiek odola bezala- izerdia azken tantaraino isurtzeko gertu. Gure aurrean, branka-gazteluko berrehun metro koadro pintura zartatu –pataska, bita eta dibidieten gainekoa barne-, guztia sakonki harraskatu eta txukundu beharrekoa. “Eta ez ahaztu gero! Erreginaren orinala baino garbiago gelditu behar dik denak!”
Alderraiak (Caprice basque)
Palawan ontzia ez zen ibili zorteko 1917ko uda tamalgarri hartan. Matxura asko eta kontratu gutxi, horra hor lau hilabete haietan egindako itsasaldi gorabeheratsuen laburpen gordina: hego-sartaldeko montzoiak gogor joz gero, inor ez baita libratzen astinaldi bortitzetik. Gainera, bi aste jitoan igaro ondoren, Macaora arribatu ginenean, irregulartasun administratibo batzuk zirela medio, ez ziguten aurrez hitzartutako deskarga baimendu. Antza, bertako aduanako agente arretatsuak salgai batzuen ontziratze-agiriak falta zitzaizkigula konturatu ziren eta, noski, haien iritziz, errakuntza deseroso hura ez zen huskeria soil bat, kontrabando-saioaren pareko delitu larria baizik. Espero izatekoa zenez, maila ahulenetik hautsi zen katea. Antzuak gertatu ziren gure desenkusak eta ofizial portugesen borondateak diruz erosteko maniobra guztiak. Azkenean, kanpoko portuan ainguratzeko agindu ziguten, eta bertatik ez mugitzeko, harik eta egoera behar bezala argitu arte.
Bertze liburu bat ere bada interesa dakizukeena, aurreko hori gustura irakurri baldin baduzu. Haize kontra.
Haize kontra (elkar 2014) liburuaren azala
Itsasoa izan da betidanik literaturako iturri oparoenetakoa: gure letretan ere ez dira falta arrantzale-giroko istorioak, baina horien aldean berria da Patxi Iturregik dakarkiguna; merkataritzako nabigazioan mundu zabaleko portuetan dabiltzan marinelak edo itsasbazter urrunetan galdutako petroliuntziak, esaterako. Giro erakargarri horren atzean, berriz, gizon-emakumeek gorpuzturiko istorio samin eta indartsuak kontatzen dizkigu egileak: andrazko bat gizonezkoen ontzi batera igo zenekoa, aspaldi ikusi gabeko marinelaren aurrean familiak sentitzen dituen gazi-gozoak, aspaldiko piraten gorabeherak eta itsasertzeko biztanleen larriminak.