Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Txomin Peilleni elkarrizketa: sinesteak mintzagai
Atalak: bAst, Koldo Goitia
Txomin Peilleni elkarrizketa: sinesteak mintzagai
Lazzaretto Vecchioko blogari Koldo Goitiak & Iñaki Bastarrikak prestatutako elkarrizketa duzue hau, Sabin Oregi “dakit” argitaldariko editorearen laguntzaz, etxe honek argitaratu berri duen liburuaz: El imaginario en las creencias populares y cultas. (Imaginarioa herri-sinesteetan eta sineste kultuetan), Txomin Peillenek idatzia.
Txomin Peillen bideoa alberdania (Sabin Oregi)
Sinesteak kulturen parte garrantzizko bat dira. Sinesteen aniztasunak eutsi egiten dio bereari, monopolizazio mendebaldar eta euroamerikarraren aldean eta munduaz beste ikusmolde bat ematen du. Joan den mendean hasi nintzen bidaiatzen Europa, Asia, Afrika eta Amerikan eta errituak behatu nituen eta herri horietako kondairak entzun, eta hala, ohar eta argazkiekin, zenbait herriren kultur-mamira hurreratu nintzen; orain, hainbat irakurketekin alderatuz, bidaia bat proposatzen dizuet, Euskal Herritik abiaturik, beste mundu batzuetara. Ene ibilerek aukera eman zidaten sineste unibertsal batzuk aztertzeko, eta ikuspegi anitz, giza irudimen aberatsaren emaitza baitira.
Imaginarioa herri-sinesteetan eta sineste kultuetan.
Hemen hasten da elkarrizketa
LAZZARETTO VECCHIO: Zuberoan herensugea hiltzen dutenak bertako jaunak dira (Zaro eta Irigaraiko jaunak); gurean berriz San Migel eta San Jorgeren laguntza behar dugu. Zuberoan polbora darabilte, gainera… eta hartz ugari zituzten mendian, herritik gertu. Herri germaniarrek islandiarrak dituzte eredu, hemen zuberotarrak apur bat enpoderatuak lirateke?
TXOMIN PEILLEN: Zuok Hegoaldean ipurtxuri edo beatoak zarete eta gu Iparraldean ipurgorri edo laikoak. Laikotasun goiena Iparraldean Zuberoan ematen da protestantismoak fedegabetasuna erein digulako.
LAZZARETTO VECCHIO: Hartzak izaki mitologiko gisa, izaera onbera eta gaiztoa ditu aldi berean? Hartzarekin inoiz topo egin duzu? Eta zure etxeko norbaitek?
TXOMIN PEILLEN: Hartza ez da gizonen etsaia, ardiena baino. Hartz ehiztariek “basagizon” horren hiltzeko kalteak aitzakitzat hartzen dituzte, baina haren trebetasunak, haren sotiltasunak eta gizonetik hurbilago den beste animaliarik ez dagoela kontutan hartuz, hau da gure darwinismoaren izakia. Antzinatean gaur lehoiak daukan errege tronua hartzari kendu zion. Kristautasunak deabrutu du. Biblian ez da aipatzen eta.
Ez dut mendietan hartzik ikusi, nahiz gau batez artzainik gabeko artaldea baitzegoen gure Santa Graziko etxe atzera etorri zen. Ardi bat eroan eta beste bat zauritu joan zen. Gu harria bezala lo ginen eta ez ginen atera haren izena galdetzera. Garai hartan Camille eta Canelle bazebiltzan herrian lokatz batzuetan beren “eskalapoi” handien aztarnak utziz.
Hogeita hamazortzi urtez gutxi edo anitz Basabürüan bizitu naiz. Ikusi ditut bide ederrak egiten artzainen olha delakoetara joateko. Etxetan gizon gazte bat baizik ez zegoen areago. Udaberriko eta udako belarrak egiten zituen egunaz, arratsean kotxea hartu eta ardien ikustera joaten eta etxera erretiratzen beheko lanek biharamun goizean itxoegiten zutelako. Beraz hartza gau osoan lasai ardi gizen baten hautatzeko eta eramateko.
LAZZARETTO VECCHIO: Hartza eta otsoa; bi animalia oso garrantzitsu gure mitologian; orain artzain eta ekologisten arteko tirabiren erdian berriz… Artzaina bera ere babestu behar genuke ez?
TXOMIN PEILLEN: Otsoa itxuraz gizonetik urrutiago da eta zuzenean halere hartzaren alderantziz jende izenak eman ditu Ochoa, Otxoa eta zaharrena Oxso. Otsoa ez da gure mendietan artzainari jokatzen. Bizidun guztientzat hotz eta gosete hirien aldirietan talde handietan dabiltza zer nahi jale, batik bat andreak eta haurrak.
Otsoak Zuberoatik XIX. mende azkenean desagertu ziren. Behin Gaskoinian sei hil zituzten Alemaniatik zetozenak. Agian Santiagoraino erromes ibiltzeko.
LAZZARETTO VECCHIO: Espainian bazen Jimenez del oso izeneko kazetari “esoteriko” famatua, telebistan arrakasta itzela izan zuena; ezaguna egiten zaizu? Gai hauek telebistan eta gaueko ordu txikietan ia beti arrakasta izan dute, nolabait sutondoko kontakizunak oraindik faltan botatzen ditugu? Eta suak gaueko izakien aurrean ematen digun babesa elektrizitateak pantailen bidez emango ote digu?
TXOMIN PEILLEN: Frantzian otsoa neska gazte batek gizon batekin harremanak izan dituela adierazteko irudi bat da (elle a vu le loup) eta bestalde haurren izutzen erabilia. Zuberoan otsoa! oihuak karabinero edo garden etorreraz abisatzen du.
LAZZARETTO VECCHIO: Zuberoak eta bide batez Pirinio guztiak, despopulazioa sofritzen du, prozesu horrek atzera bueltarik badu?
TXOMIN PEILLEN: Neoliberalismoaren eskua hor ikusten da eskualde antolaketarekin bultzatzen dena“organisation territorile” izenarekin. Erresilentzia hobeki lortzen dute Behe Nafarroan laborantza irtenbide gehiago eta komunikazio hobeak dituelako. Aldiz, industria txikiak gehiago dira Zuberoan, baina oraingo baliabideekin jende gutxiago behar ekoizteko eta gazte formatuak joaten.
LAZZARETTO VECCHIO: Literaturak eta zinemak mitologia zerbait fribolo bihurtzen dute ala ezagutza sakonago bati ateak irekitzeko aukera ematen dute?
TXOMIN PEILLEN: Literaturak lagundu dezake gure mitologiako ekarpenen baliatzen. Zoritxarrez gure numenak batzuetan inauteriko karikaturak bilakatzen dira. Zinemak ere gure herriaren funtsa eta arketipoak erakuts ditzake eta AmaLur pelikulak abiatu lana jarraikiz.
LAZZARETTO VECCHIO: Zonbiak, banpiroak, giza-otsoak, berpizturiko sasi-gizakiak, zergatik dira hain erakargarriak eta errentagarriak mitoen inguruan eraiki diren xelebrekeria anitz? Zein da zure izaki mitologiko kuttunena?
TXOMIN PEILLEN: Pantaila baten babespean apur bat izutzea erraza da. Zonbi eta beste, haurrei ekaintzen zaie eta otsoarekin bezala beldurra galtzen. Kultura batzuen funtsa den hor ere sarritan karikatura bilakatzen da, beren kontestutik aterata ez dute esangurarik. Modak dira. Euskal sinestan arima herratuak, Eate eta ingumak baizik ez ditugu. Enetzat kuttunenak Mari andrea (Amalur) Eki eta Ilargi, gero laminak eta basajendeak (basajaun, basander).
LAZZARETTO VECCHIO: Hainbat sektei buruzko informazioa ere eman duzu zure EL IMAGINARIO EN LAS CREENCIAS POPULARES Y CULTAS liburuan; zein giza ahalbide garatu beharko zenituzke jendea ez dadin talde itxi eta arriskutsu hauetan eror?
TXOMIN PEILLEN: Etnopsikiatria eta gizarte bakartasunaren ikerketak bultzatu. Benetako sektez dakidana bideo, film eta liburuetarik hartu ditut.
LAZZARETTO VECCHIO: Zure gazte denboran, Parisen, hainbeste jende desberdin biltzen zituen megapolis hartan, baziren zirkulu esoterikoak, druidismoaren inguruko taldeak, espiritistak? Noiz izan zenuen halakoen berri estreinakoz?
TXOMIN PEILLEN: Espiritismoa pratikatzen zuen Yannick ene emaztearen Normandiako lehengusinak. Familia bilera batean, berriki galdu umekiarekin hitz egiteko mahai biribil baten inguruan jarri gintuen, eskuak hatz batekin ukitzen genituelarik. Mahaia mugitu zen baina berehalaxe nire gainera erori. Nirekin ezin zen ezer egin, mediumari indarra kentzen nion ez nuelako sinesten. Beste behin lau hatzekin lau lagunok Andima Ibinagabeitia euskal idazlea altxatu behar genuen. Hor ere porrota apur bat altxatu eta nire fedegabekoaren gainera erori zen.
Druidismoan ez nintzen sartu, Jon Mirandek kontatzen zizkidan nola bere burua Druida Handi izendatzen. Artista batek oihanetan benetako errituak ematen zituen, baina Miranderen druida taldea umorista zen. Behin Parise alboko Meudon Oihanera kazetariak deitu zituzten “le pissement des celtes” edo Kelten txisaldia ikus zezaten. Druida handiak ohoratzen zuen menhirraren inguruan kokaturik lau lagunek, sasi keltikoa mintzatuz, pixa egin zuten.
Behin Comte frantses filosofoaren dizipuluak zirela erranik ‘positibista positiboki erreformatuek’ hinduismo kutsuko saltsa bat zerbitzatu ziguten.
LAZZARETTO VECCHIO: Pariseko katakunba misteriotsuen inguruan ere hainbat eta hainbat legenda eta istorio ilun sortu ziren; inoiz informazio zehatz bat argitara eman zen komunikabideetan edo?
TXOMIN PEILLEN: Horretaz ez dakit ezer eta katakunbak ez ditut inoiz bisitatu.
LAZZARETTO VECCHIO: Berriki suntsiturik geratu den Notre Dameko katedralak ere sinbologia eta legenda ugari ditu… ez dira ba Victor Hugok haizatutako fantasiazko istorio hutsak izango?
TXOMIN PEILLEN: Victor Hugok segurrik edertu zituen herrian bizi ziren sinesteak, ezen ermitan hasita katedraleraino irudimenak zernahi asma dezakeelako, baina orain horien bereiztea eta sailkatzea Todorovek ipuinen aztertzeko bidetik egin daiteke.
LAZZARETTO VECCHIO: Zuk gertutik ezagutu zenuen Jon Mirande eta bere obra ezagutzera eman duzu; aingeru goardakoa baino deabru goardakoa zuela ere aitatu zenigun Urretxun 1997an eman zenuen hitzaldi batean… Euskal idazle gutxi ziren garai hartan Parisko gau giroa ezagutzen zutenak…
TXOMIN PEILLEN: Baziren beste bi euskaltzale gauaz irtetzen zirenak Miranderekin, Inaki Errenteria bat eta Andima Ibinagabeitia. Bi aldiz haiekin gauaz ibili nintzen poetak entzuten Lucernaire antzokian eta kabarete batean ‘chansons gauloises‘ delako kantu erotikoak. Jon Miranderen deabru guardakoa Geoirges Pinault, Goulvenn Pennaod nazi kapitaina eta keltika hizkuntzen aditu hoberenetarik bat, izan zen.
LAZZARETTO VECCHIO: Beldurrezko eta misteriozko istorio bitxiak bildu zituen, itzulpen ugari burutu eta Pariseko pertsonaia asko ezagutu, batzuk estremistak, beste batzuk abertzale, bretoiak, eta abar. Horrelako idazle berezi talentutsu eta aldi berean oldarkor eta bipolar bat gurean izan zela onartzea oraindik zaila egiten zaigu euskaldunoi?
TXOMIN PEILLEN: Behin idatzi nuen Mirande ez zela goregi ez beheregi ipini behar, horretan jarraitzen dut. Ez da urterik Mirandez edo haren obraz aipatu gabe joaten denik. Jarraitzaileak baditu eta gustuko dutenak Euskal Herritik kanpo ere, Katalunian, Italian eta Ingalaterran.
LAZZARETTO VECCHIO: Bere burua nazi gisa definitzera heldu zen Jon; bestetik argitara eman diren kartetan oso tratu goxoa ageri zuen zureganako eta Andima Ibiñagabeitia eta Jon Etxaiderenganako. Aita zaintzen ere denbora luzez aritu zen eta aldi berean bere barreneko mamuak eta joera suntsikorra ez zituen ezkutatzen… Beldurra ematen zizun? Arreta deitu nahi zuen, indiferentzia saihestu?
TXOMIN PEILLEN: Izutzen ninduen bi aldetarik, mozkor zikin baten moduan ibilki arlote ikusten nuenean, baita esaten zituenak obratuko zituelakoan. Bera izpiritualista zen eta halere materialista ziren naziekin ibiltzen; bera sexu askatasunaren alde eta naziak kontra.
LAZZARETTO VECCHIO: Bere heriotza gertatu eta gero zu izan zara Miranderen “berpizlea” eta bere obraren hedatzailea. Gaur egungo Trump, Bolsonaro eta gisa bereko buruzagi populistekin gustura sentituko zen 95 urteko Jon Mirande gure artean balitz?
TXOMIN PEILLEN: Inolaz ere inolako ideologiarekin dabiltzan jende horiekin ez zuen harremanik ere izanen.
LAZZARETTO VECCHIO: Andimarekin topo egingo bazenu kaleko izkina baten bueltan, zuk 54 liburu idatzi ondoren, hura munduko gizon zoriontsuena litzateke ez? Zintzo asko bete dituzu hark emandako aholku eta agindu aginduak?
TXOMIN PEILLEN: Bai. Andimaren hiztegian gauzak argi ziren abertzaleak bere aberria maite du eta horretarako bere hizkuntza euskara da, aldiz nazionalistak independentzia aldarrikatzen du eta alderdikoekin ia beti gaztelaniaz hitz egiten (Orixe) edo idazten (Justo Garate).
LAZZARETTO VECCHIO: Piarres Laffite berpiztuko balitz egun batez, berarekin solasaldia egiteko gogorik izango zenuke? Zein gaien inguruan? “Framazoneriak” badu sos eta Frantzian indar zerbait egin gogo du”, zioen 1950ean; hain eraginkorrak ziren framazoiak benetan ala zenbait eskuindarrek puztutako mamua zen kontu hori? Liburu debekatuen Indizea berrezarri nahi zuen.
TXOMIN PEILLEN: Lafitteren gaztaroan, liburu eta pelikula debekatuen indizea bazen. Zerrenda eliza atetan irakur zitekeen. Gerrra ondoren ez zen debekatzen, baina esaten hogeita urtez peko gazteek ez zezaten ikus aholkatzen. Lafitte maltzurrago izan zen gerra aurrean. Etxepare medikuaren obratik abortuari eta ezkontzazkanpoko bikoteak egotea kenarazi. Gai berdinaz Xarritonek kontatu zidan euskaldun mediku batek liburuxka bat argitaratu zuela sexualitateari buruz, eta Lafitteren ekipa bat ibili zela idazki madarikatu horren biltzen. Apaizgai mintegian berak sexuari buruzko informazioa ematea liberalismotzat eman da, baina kofesatzeko, aitortzeko apaizak bekatua zer eta nola egiten zen jakin behar zuen.
Berrikiago, Aita Mokoroa, Aita Chabagno eta Lafittek Miranderi sekulako gerra egin zioten, Lafitte buru, Miranderen olerkiak 1953. urtean argitara ez zitezen, baitzekiten olerki erotikoak izanen zirela eta gazteria usteltzen zutela. Propaganda horrek liburuxka Miangolarrak Caracasen argitaratzea ongi oztopatu zuen. 1977. urtean baizik ez zen agertu.
Gero, bere buruari aureola bat ipintzeko errepublikar eta alegia gerra garaian antifazista izan zelako maskara jantzi zuen abadeak. Bestalde, euskalari gisan ona zen. Euskaraz eta frantsesez oso ondo zekien. Nire tesi egunean kostatu zitzaidan harekin euskaraz hitz egitea, beti frantsesera lerratzen, baina hori haren belaunaldiko denen akatsa zen, Haritschelhareta zuberotarrak izan ezik.
LAZZARETTO VECCHIO: Axular kontakizun mitologiko bateko protagonista da, non Zugarramurdiko behizain batek paketea helarazten dion Sorginen Koban azaldu zaion gizon elegante eta misteriotsu baten mandatuz; Axular apaizak txamanaren papera edo betetzen du eta aztikeria gaiztoa desegiten du. Hor sinkretismoaren zantzuak antzeman daitezke? Egun ba al dira exorzismoak egiten dituzten apaizak Euskal Herrian?
TXOMIN PEILLEN: Exorzismo egileak balitezke, diozesis bakoitzean bat normalean. Euskal Herrikoa nor den ez dakit. Biarnoko lekukotasunak izan ditut irratian, eta batek psikiatrarengana bidaltzen zituen bezeroak.
LAZZARETTO VECCHIO: Gaskoia ere, beste hizkuntza anitzen artean, zure bizitza intelektualerako zutabeetako bat izan da; ari al da berpizten? Itxaropentsu zaude Okzitaniako kultur mugimenduaren eboluzioarekin?
TXOMIN PEILLEN: Bearnesak gutaz trufatzen dira talde elkartu edo saldo baten egiten dakigulako ipar euskaldunok ere. Berak oso berenkoi eta indibidualistak dira. Gainera, errepublikaren eskola maisuek azpi hizkuntza eta ezhizkuntza konplexua sartu diete patois izena ipiniz haien ama hizkuntzari (lengomayrana). Nahiz idazle onik izan gaskoia oso gutxi hitz egiten da eta bretoia baino gaizkiago dago.
LAZZARETTO VECCHIO: Pandemiak batu ote gaitu?
TXOMIN PEILLEN: Beharbada. Baina igurikatu behar da. Ez da bukatua. Real politikatik ikusita Europa guztian estatu nazioek beren mugak eta lege bereziak gogortu dituzte.
Peillenen Minotauro edo nola erran “sekulan jagoitik”
Txomin Peillen idazlea Minotauro eleberria aurkezten. bideoa alberdania (Sabin Oregi)
Aspaldiko mendeetako Euskal Herrian aita pedofilo intzestu egileari gertatua harilkatzen du eleberri honetan Peillenek. Erdi elezahar hori oraingo leinu bati egozten dio, eta, horregatik, Hego Amerikako herri batean, asmatu toki izenekin, kokatzen du kontakizuna, nahiz horrelakoak mundu osoan gertatzen diren eta mundu osoko literatur tradizioak jasotzen dituen.
Horrenbestez, hamaika urteko neska baten bortxaketa jartzen zaio irakurleari begien aurrean, baina, bereziki, eraso lazgarriaren ondoren neskatoak bere burua berreraikitzeko ibili beharko duen bide malkarra, eta bide horretan bi neska lagunen adiskidantzak izango duen garrantzia.
Eleberri moral bat josi du Peillenek, gizon batentzat batere eroso ez diren lehengaiak erabiliz, eta begien bistan jarriz gizonek desegite/berreraikitze dialektika horretatik atera ditzaketen ikaspideak.
Txomin Peillen Karrikaburu idazle saiatuaren kaleratzen den azken eleberria dugu Minotauro. Aipu batzuk egin ditugu, zizka-mizka gisa balio dezaten, lan erakargarri honen dastatzeko. Liburuak Laura Mintegi Lakarra idazlearen hitzaurrea dakar. Hemen hasiera: Minotauro nobelak euskal letretan oraindik ere polemikoa den gai bati heldu dio. Batetik pedofilia agertzen du, bestetik intzestua eta, guztiaren gainetik, gizarte patriarkalak emakumeei erreserbatzen dien menpeko estatusa edo espazioa. […]
Aipuak
Arminda lagunari kontatu nizkionean itsuskeria horiek hark iradoki zidan etxetik joan eta izeba baten edo beste askazi baten etxera ihes joan nendin. Saiatu nuela erantzun nion. Giza abere batekin zer egin? Nork sinetsiko aitak bortxatu ninduela eta bere puta bilakatu nahi ninduela?
Gainera, askaziek auzirik eta desohorerik ez izateko aita minotauro haren atzaparretara itzuliko al ninduten, neska lagunak dudatu bezala?
Armindak beldurtu eta lotsatu ninduen aipatu zidanean hamabi urte bete ondoren aitarekin haurra izatea arriskatzen nuela. Zer mamutzar edukiko nuen eta hor zetozen nire hamabi urteak.
-Bart, goganbehartsu, satiro horren logelara joan gaitun. Ohea desegin gabe, eguneko arropak oro aurtikiak. Hire gelara joan.
Anaiok guardiak deitu zituzten eta hiruek aita kondenatu eta aizkoraz lepoa moztu ziotela aitortu. Polizia anaiez arduratu zen. Azkenik, forentsea, sartu zen eskuak plastiko esku-zorroz jantziak. Maleta poltsa eta zorro mota askorekin laguntzaile bat zetorren ondotik.
Prokuradore horrek azpimarratu zuen: adin txikiko haur batekin ezin jasaneko bortxaketa egin ondoren, intzestuarekin jarraitu zuelako, anaiaren kondena eztitu litekeela; gainera, aintzat hartu zuten, erailketa ez zela aitzinetik antolatua izan, bat bateko anaien haserre ekintza baizik.
–Arminda, bazekinat zer ez dudan nahi, baina zer nahi dudanaren nahaste-borraste korapiloak deslotzen lagundu behar naun.
Ikasketa egiten jarraitzen dun hire gisara satiro lakatzaz mendekatzeko: honela behin esan zian “puta edo neskame izateko baizik ez haiz ona!”.
Labanen ondotik armekin tiroka gaiztotu zen, narkoak zirela kausa. Borroka horiek, bizitu nituen Cerro Grande-koak baino gogorragoak, gertatu ziren, marihuana eta kokaina narkotrafikanteak tartekaturik. Zorionez gure auzunetik apur bat urrin.
Txomin Peillenek emakumearen ahalduntzea hartu du ardatz azken eleberrian. bideoa alberdania (Sabin Oregi)
Atzo, eguraldi tzarra egin du. Eurite aroan sartu gara. Kaletan gaindi urak lohitsu dabiltza. Nire bizitzaren itxura dute. Oroitzapenen lohia urtero itzuliko al zait? Ezerk ez du gogotik irainaren errabia lohitsua kentzen nahiz iraintzailea, satiroa hilik izan. Halatan ere, gogoaren lehorte aroak luzatu behar ditun.
Gaur, zerua goibel izanik ere bat batean gomuta onak ere tartekatu zaizkin oi! Erreka ur garbia osaba Juanen baserrian egon hintzenean! Mendi ur gaitza zen, harriz harri dantzatzen zena.
Aurten, lehendabizikoz konturatu haiz barakuilu maskorretik irten haizela. Orain arte kalean ez huen inor ikusten agurtzeko. Kirolean trukatuz jendarteratu haizela dirudi. Jakina, ez haiz oraino lagunekin kalean kalakan egoteko mailara heldu; barakuiluak eta dortokak mantsoak izan arren, xede zailenera heltzen ditun. Martinek esan din goizero zeruari begiratzen ikasi dunala eta haizeak nondik datozen iruzkintzen dunala. Hik osaba Juanekin baserrian ikasia.
“Azken bilera batean kikara bana tekilaz berriro gure ikustea ospatu genuen eta begiak bustirik bizitu genituen gertaerak, berresanez, Ella Fitzeralden musika batekin bukatu”. VIII. Urte hitsak
Lazzaretto Vecchioko blogariak Txomin Peillenekin Sarako Biltzarrean (2020) Argazkia: Beronika Zamora