Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Altonagaren idazlan dibulgaziozkoak
Atalak: bAst
Altonagaren idazlan dibulgaziozkoak
Liburu interesgarri, ulergarri, eta atseginak. Nornahik irakurtzeko modukoak. Horrelakoak dira Kepa Altonagak idatzitako dibulgaziozko lanak. Estimatuak. Onetsiak. Gomendagarriak oso.
Hemen duzue aukera, nahi duzuena hautatzeko.
Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa
Arnaut Abadia jaun kalonjea (Bithiriña, 1843; Beloke, 1916) munta handiko gizona dugu Ipar Euskal Herriko historian. Larresoroko Seminarioko zuzendaria izan zen ia berrogei bat urtez, eta, halaber, Eskualduna astekariko Laborarier sailaren ardura eduki zuen 1892-1908 tartean. Zazpi ehunetik gora zutabe plazaratu zituen bertan laborarientzat, eta gure zientzia-dibulgazioaren lehen orduko aurrendari urregorrikoa bilakatu zen, idazle bikain eta oparoa izateaz gainera.
Halandaze, egileak ahanzturaren hauts artetik erreskatatu gura izan du Arnaut Abadia klasiko ezezaguna: berrogeita bost zutabe antologiko bildu ditu Arnaut Abadiaren zoo ilogiko honetan, laborarien munduko animaliei buruzkoak, Asiskoren marrazkiz egoki hornituak. Horretaz gain, Abadia eta garaia behar bezala testuinguratze aldera, sarrera ezinago mamitsua ondu du Kepa Altonagak, ohi duen modura.
Arnaut Abadiaren testuok, xumeak baina pitxiak diren heinean, gure behialako letretako lekukotasun aparta dira, eta bai oso interesgarriak gaurko irakurlearentzat ere.
Ezin sinetsizkoa, baina, zinezkoa oso. Arnaut Abadia erabateko ezezagun bilakatu zaigu, eta hori bai irakurle arruntarentzat, ez baitzaio inolako antologiarik bildu, eta bai ere adituentzat –Villasanterentzat kasu- Eskualduna astekaria ez da egon-eta inoren helmenean. Zorionez, Josu Landa aspaldiko lagunak jarri zuen nire esku Baionako astekari horren bilduma digitala, eta bizpahiru urtez horixe izan dut gaueroko irakurgaia. Zenbakirik zenbaki arakatu ditut Eskualduna preziatu horiek, eta, banan-banan, jakituz bezala dastatu ditut Arnaut Abadiaren zutabeak. Ez dago esan beharrik, guztiz bete dira Jean Etxepareren idazlanetan sortu zitzaizkidan itxaropenak, besteak beste zutabe horietan begietaratu baitut balio handiko idazle bat, gure prosa zientifikoaren lehen orduko aurrendari urregorrikoa dena, eta, beraz, neuri ere txit egokia begitandu zait haren antologia bat prestatzeko komenentzia.
Okila
Burua handi, kaskoa gorri, mokoa luze, gogor eta zorrotz, papoa eta sabelpea zuhail, bizkarra aitzinean berde, gibelerat hori, hegoetako lumak eta orobat buztanekoak beltx eta xuri, horra nolakotsua den okila.
Hura baino apaindura ederragoko xori guti da gure eskualdeetan. Baina, ez baitute soinekoek egiten gizona, ez eta apaindurek berenaz itsusi dena edertzen. Orobat, nahiz den ederki apaindua, nehork ez du erranen xori eder bat dela okila. Ezen, hala da gorputzez egina non edergailu horiek guztiak gaizki baitoazkio, bertze batentzat egin soineko batzu bezala.
Bertze alde, itxura guztiez, tontoaren eitea du. Diote hain azkarra uste duela bere mokoa, non arbola lodi bati hirur edo lau kaska eman eta lasterka baitoa bertze aldera, ikusteko haraino zilatu ote duenez.
Egia dena da okila ardura ikusten ohi dela, arbola mokoaz leku batean jo eta, lasterrez doala bertze alderat. Baina, zertako ote hori? Nekez sartuko zait gogoan ziloa hara heldu duenez jakin nahiz dabilela. Den lekutik ere ikus dezake ez dela oraino hartan. Bertze alde, zer joan zaio hala izanik ala ez?
Okila ez da jostatzeko ari arbola zilatzen. Lan horri lotzen zaionean, edo nahi du bere ohantzea egin, edo bere hazkurriaren ondotik dabil. Bi xede bakar horietarat doaz haren lanak, bertze ihizi guztienak bezala.
Ohantzearen egiten ari denean ez du arbolaren aldetik bertze zilatzerik. Orok dakitena da, behin xiloa xuxen daramala barnerat sar arte, eta gero gain behera. Ez du, bada, orduan bertze alderaino heltzeko ez gutiziarik ez beldurrik.
Ortobat da okila jatekoaren ondotik dabilenean. Okila bizi da har eta xinaurri janez. Arboletako har eta marmutxak bertze edozein baino laketago zaizkio. Horra zertako dugun ikusten ardurenik arboletan dabilela. Eta nola arboletako harrak baitira edo azalaren azpian, edo mamian barnago sartuak, mokoaz zilatuz behar du okilak haietaraino heldu.
https://somriures-naturals.webnode.cat/
Gertatzen da ardura, azala jauzarazi duenean, haren azpiko harrak, eta bereziki marmutxak, ihesi baitoazkio. Orduan okila, haien ondotik lasterka joateko orde, itzuli egiten du bertze aldetik, eta horrela ahora heldu zaizkio ihesi zihoazen marmutxak. Horra zertara, arbola leku batean jo eta, okilak laster egiten duen bertzera. Ez zait iduri horretan tontoki dabilela. Gorago aipatu dugun zorakeria okilaren gain eman duena da, egiazki, bera zozo agertu aldi honetan.
Arboletako harrik gizenenak mamian barnago sartuak dira. Haien atzemateko, okilak, kaska eta kaska, zilatzen du zura, harrak berak egin bideari jarraikitzen zaiolarik. Baina, ziloa ez darama harra dagoen lekuraino. Lana luzeegi litzateke, eta bertze alde, hola ariz, arbolari on baino gehiago kalte egin liezaioke. Okila ez da aski tontoa, alferretan lanean aritzeko.
Ikusi duenean, bada, harra helmenean duela, sartzen du, harrak berak egin ziloari behera, mihia. Okilak anitz luzea du mihia, eta, bertze alde, mihi haren burua bizar gogor batzuez egina. Bizar haiek sartzen dizkio harrari gorputzean, eta mihiarekin batean badakarke ahorat.
Aitortu behar da okila ez dela lan horretan ere hain tontoa, ez eta ere moldakaitza.
Ez da gutiago trebe xinaurri atzematen. Banazka behar balitu bildu ihizi xehe horiek, baluke behingo lan, sabela bete ez lukeeno.
Bilatzen ditu, beraz, xinaurrien ohantzeak eta han bere mihi luzea hedatzen die erdiz erdi, mihi hura bikearen pareko leka batez estalia dago beti. Hura hunkitzen duten xinaurri guztiak loturik gelditzen zaizkio. Ikusi duenean okilak baduela ahotara bat ona, sartzen ohi du mihia eta ehunka irensten ditu xinaurriak.
Bertze batzuetan xinaurriak atzematen ditu okilak alharat doazela, batzu bertzeen ondotik, lerroan. Haien bidean, harat-honat, ematen du mihia. Traba beltz hura ikusi eta, lehenik gibelerat egiten dute xinaurriek, baina, laster ausartzen dira aitzina joatera. Eta hunki duteneko okilaren mihia atzemanak dira aztaparretarik. Haien ikusterat badakartza leku berera ondotik heldu direnak, eta okilak egiten du, lan handirik gabe, ase bat ederra.
Ez da, beraz, iduri bezain tontoa okila. Badaki bere jatekoaren biltzen ederki. Badaki bere ohantzearen egiten aterpe onean. Laborariari buruz okila adiskide bat da. Zilo zenbait egiten abdu arboletan, jaten ditu arbolak ustelarazten dituzten harrak, eta buru horretarik ongia anitzez kaltearen nagusi da.
Utz, bada, okila, haz ditzan bakean bere kumeak; arbola batean hartzen badu bere ohantzearen lekua, bertze anitz arbola begiratzen ditu harretarik.
Duvoisin kapitainaren malura
Bonaparte printzearen itzalean
Ohikoa da Duvoisin kapitaina heroi handia bailitzan aurkeztea Biblia osoa itzuli baitzuen lapurterara, eta, halaber, Bonaparte printzea aipatzea euskal kulturaren bultzatzaile probidentzial gisa. Betiko irakurketa hori kuestionatzea izan da Duvoisin kapitainaren malura liburu honen abiapuntua.
Kepa Altonagak era konbentzigarrian eztabaidatu du usadiozko interpretazio hori, eta irauli egin du, uzkaili. Uste denaz kontrara soka-tira gogorra gertatu zen Bonaparte printzearen eta Duvoisin kapitainaren artean, gure itzultzaileak argi ikusten baitzuen ezinbestekoa zela prosa supradialektala, euskarari proiekzio kulturalik txertatzekotan. Printzeak orratzez entomologikoki fixatu nahi du aniztasun dialektala; Duvoisinek, ostera, literatura egin nahi du euskaraz. Soka-tira horixe bera bizi izan zuten printzearen gainerako korrespontsalek ere, hala nola Klaudio Otaegik, Johane Arxuk eta Uriarte frantziskotarrak.
Nolanahi ere, Bonaparte printzearen itzala luzea da, eta bizi-bizirik igar dezakezu euskararen munduan ugaritzen ari diren hainbat adierazpide antikulturaletan.
Patagoniara Hazparnen barrena
Lotilandiakoak herri birlandatuan
Oroitzapen batetik abiatuta eta Obaban zehar, Lotilandiako garaietaraino hurbilduko gara Kepa Altonagaren eskutik. Aldamenean daukagu mundu hori, baina guztiz ezezagun bilakatu zaizkigu horko parajeak eta biztanleak, eta ahaztu egin dugu bere historia.
Gizakume bi gailentzen dira Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan honetan. Florentzio Basaldua (1853-1932) bilbotarrak du protagonismo nagusia: Ameriketara doa oso gazterik, eta bertan eraiki nahi du Euskal Herri berri bat, hango zabaldi haindi gaitzetan. Janpierre Arbelbide (1841-1905) garaztarra da kontrapuntua: «hori ez da amets bat beizik» idatzi zuen, baina predikatu nahi die Ameriketara joandako euskaldunei.
Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan liburu intrigagarri eta mamitsua da, zeinean aurkituko baititugu bai Ameriketara turrustatu zen jende-uholde ikaragarri hura –tartean Daniel Lizarralde medikua, Juana Canut maistra lapurtarra, Otaño eta Mendiaga bertsolariak, edota Agnes Souret ezpeletarra, lehen miss Frantzia izandakoa–, eta bai, bestalde, Betiri Santsen negar-herri honetan geratu zirenak ere.
Back to Leizarraga
Back to Leiçarraga da Gabriel Arestik orain berrogeitaka urte proposatu irtenbidea, euskarazko prosaren paradero etsigarria ikusita. Arestiren begietarako prosa leizarragatarra ez zen behinolako leinurua aspaldian amatatua, ezpada gure geroko gerorako modelo bat ezinbestekoa, baitezpadakoa. Hala ere, begi-bistakoa denez, basamortu kiskalian galdu da idazle bilbotarraren orduko aldarria, profeta zaharren iragarpenen gisa berean-edo.
Back to Leizarraga titulupean bildu ditu Kepa Altonagak euskarazko prosaren argi-itzalak. Gogoeta horretan irakurle baten oroitzapenak eta oharrak aurkeztu dizkigu, bere iritziak ondo substantziatuta eta estilo pindartsu eta bizkorrean. Ahalegindu da gure egungo prosaren argaltasunak ikusgarri egiten, begien aurrean agerian uzten, haren ustez gibelondo eskasak utzi dizkigu-eta ostrukarena egiteak.
Back to Leizarraga honek, zer esanik ez, hausnarketa patxadatsurako gonbita darama bere baitan: inflexio-puntu bat izan nahi du, gure prosa beste begi batzuekin irakurtzen lagun dezakeena.
Darwin geurean
Hain zuzen 1838ko irailean, Charles Darwini bururatu zitzaion inoizko ideiarik onena: hautespen natural bidezko eboluzioa. Hautespen naturalak zientifikoki azaldu zuen gure presentzia unibertsoan, eta, bide batez, jainkoen edota diseinatzaileren baten beharra ezabatu zuen, eta beren patuaren jabe bihurtu zituen gizon-emakumeak. Ordura arte sinetsi egiten zen, bibliak esan bezala, bizidun guztiak jainkoak kreatuak zirela, eta mudaezinak. Darwinen ideia iraultzaileak eragindako kommozioa, esparru zientifikoa gainditu eta, gizartearen alor guztietaraino zabaldu zen Europa osoan. Euskal Herrian ere bai, jakina. Hain zuzen, darwinismoak Euskal Herrian bizi izandako gorabeherak nahi dizkizu kontatu Darwin geurean honek, haren aldekoak eta kontrakoak aurkeztuz, eta harrera-prozesua hobeto ulertzeko hariak nabarmenduz.
Folin Markesa
1996an bete zen Folin markesaren heriotzaren mendeurrena (1817-1896). Natur zientzien alorrean Folin-ek berebiziko garrantzia izan zuen, Euskal Herriko azterketa faunistikoari dagokionez, XIX. mendearen amaieran. Iparraldeko lehen ikasketa metodikoak burutzeaz gainera, bere inguruan giro ezin hobea lortu zuen hainbat lagun zientzia-kontuez ardura zedin bultzatuz. Atlantida, marraskiloak eta euskaldunak dira lan honetako hiru ardatz nagusiak. Itxuraz elkartezinak diruditen hiru elementu hauek batera erabili zituen Folin-ek lan-hipotesi gisa eta hiruen arteko lotura azaltzen saiatu zen bere ikerketa eta idazkietan.
Etxepare, Aldudeko medikua
AITZINSOLASA –Kepa Altonaga-
Jean Etxepare guztiz intrigagarria da. Halaxe iruditu zait betidanik ia. Aspaldi baten egin nuen topo berarekin. Luis Villasanteren Historia de la Literatura Vasca irakurriz deskubritu nuen euskararen Parnaso txikia, eta han aurkitu nuen Jean Etxepare medikua, 336-338 zenbakidun pasarte mamitsuetan. Ez dago esan beharrik, fraide- eta apaiz-segida kolorebakoa da Villasantek erakutsi zigun historia hori: bertan ez dago emakumerik, eta era berean ozta-ozta aurkitzen da elizgizon ez den idazlerik. Jean Etxepareri buruz diharduela, Villasantek berak azpimarratua da Aldudeko medikuaren kontraste hori: uno de los pocos escritores laicos.
Beste ohar bi ere deigarri begitandu zitzaizkidan Villasanteren pasarte horietan. Jean Etxepareren idazlanak azaltzean, lehenengo eta behin Buruxkak dakar. Villasantek laburki aipatzen du: En 1910 publicó su libro “Buruchkak” (“Espigas”).En el libro había dos capítulos un tanto comprometidos. Uno […] en el que se pronunciaba contra la enseñanza religiosa; otro, en torno al sexto mandamiento. Por lo demás, el libroes una colección de artículos. Eta lerro batzuk beherago Beribilez aurkezten du: “Beri-bilez” apareció primeramente en las páginas de “Gure Herria”. Aunque de apariencia inocente, si se repara un poco, también tiene su veneno. Egia esateko, ematen du Villasantek ez zituela irakurri ez bata eta ez bestea: irakurriz gero bere kolkoko zeozer erantsiko zukeen, artikulu-bilduma txatxarra dela esateaz gainera edota Piarres Lafitteren usteak itsu-itsuan bereganatu beharrean.
Nolanahi, Villasanteren oharrok jakin gura sortarazi zidaten: zelakoa izango ote zen, benetan, Aldudeko mediku ezezagun hura? Eta batxilergoko urteetan literaturako irakaslearen azalpenek erreakzioz Pio Baroja galgarria irakurtzera bideratu gintuzten bezala –kasik bultzatu esango nuke–, Villasantek guztiz erakargarri bihurtu zidan delako mediku laikoa. Zer idatziko zuen, bada, euskal letretako giro santujalean horrelako konmozioa pizteko? Zein veneno zabalduko zuen euskal literaturaren zain anemikoetan barrena? Noraino ausarta izango zen Etxepare hori?
Zorionez, handik laster Buruxkak berrargitaratu egin zen, eta horrenbestez aukera izan genuen Aldudeko idazle fina dastatzeko. Bai, 1980an plazaratu zen liburu malerus horren hirugarren edizioa. Lehenengoa, 1910ean, banatu barik gorde behar izan zuen egileak, eskandalagarria baitzen dirudienez. Hogeita hamar urte geroago bigarren edizio bat kaleratu zuen aita Lafittek, baina ondo zentsuratuta. Zorionez, irendubakoa izan zen irakurri genuen hirugarren edizio hori. Kargutu egilea hil eta ia mende-erdi igaro behar izan zela jatorrizko testua arazorik gabe publikatu ahal izateko.
Irakurleak goza beza!